Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Zerutxo

Baserria 1910 aldean Polboroetxe izenez ezagutzen zen. Gudamendi mendiaren beheko aldean harrobia zegoen, hainbat urtez martxan egon zena. Baserria harrobiaren beheko aldean zegoen, bihurgune baten ondoan. Harrobirako erabiltzen zuten materiala, dinamita eta leherketak egiteko behar zituzten gainerako lehergaiak, baserritik jasotzen zuten. Huraxe zuten gordailua, eta hortik datorkio izena. Gerora, Zerutxo izena eman zioten, eta horrela azaltzen da. Bi etxebizitzako baserria izan zen.

Etxebizitza batera Manuel Garmendia eta Josefa Izagirre etorri ziren, 1931n. Bost seme-alaba izan zituzten: Ignazio, Joakin, Joxe, Mertxe eta Luis Garmendia Izagirre. Ukuiluan lau bat behi izaten zituzten, eta txerriak eta oiloak ere bai. Baratzean ere lan egiten zuten. Esnea eta barazkiak Donostian saltzen zituzten.


Beste etxebizitzako familia 1937an etorri zen baserrira. Beteluko Jose Mari Estanga Saralegik eta Tolaretxeko Katalina Mitxelena Mendizabalek osatzen zuten. Hiru alaba izan zituzten: Tomasa, Maria eta Pilar Estanga Mitxelena. Baserri gehienetan bezala, familia honek ere abere batzuk zituen, eta baratzeko lana egiten zuten. Katalinak gurditxo batean eramaten zuen esnea Donostiara saltzera, gerora astoa eta behorrarekin ere ibili izan zen. Jose Mari lorezain lanean aritu zen Donostiako udalarentzat, geroago Usurbilgo Ingemar enpresan.
Baserriaren ondoan iturri handi bat zegoen eta bertan egiten zuten gobada. Iturria oso handia zen, gobada-harri bat baino gehiago zuen. Inguruko hainbat baserritakoak etortzen ziren, arropa garbitzera eta ur bila: Arriyoene, Leku Eder, Mugitza, Zapatari...
Gaur egun baserria erorita dago, paretaren bat besterik ez da gelditzen zutik; iturria, berriz, sasiak guztiz estalia dauka.
Iturria: Maritxu Estanga Mitxelena