Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Lana eta bizimodua

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Igeldoarrak, gainerako euskal herritarren modura, lanari lotuta bizi izan dira erabat. Igeldo baserri giroko herri tradizionala izan da, elizkoia eta langilea. Igeldon, XX. mendeko lehen herena arte, harrobia eta baserria ziren nagusi, baina handik aurrera, pixkana, bi jarduera horien gainbehera heldu zen: lehenbizi, harrobiarena, eta ondoren, baserriarena.

Gizonezkoak, hein handi batean, lanerako bizi baziren; zeresanik ez, emakumezkoak: etxearen (otorduak, garbiketa) eta haurren arduraz gain, esnea eta baratzeko uzta Donostian saltzea beraien egitekoa zen eta, horrez gain, abereak zaindu eta baratza landu egin behar izaten zuten askotan. Hori gutxi ez, eta diru-iturri garrantzitsua zen beste egiteko bat ere bazeukaten: gobadak egitea: Donostiako aberats jendearen arropak jaso, Igeldora ekarri, iturrian garbitu eta itzuli behar izaten zizkieten.

Aisialdirako tarterik ez zen ia, elizkizunetara ere joan behar izaten baitzen. Gizonezkoek tabernan eta sagardotegian egoteko aukera bazuten behintzat; emakumezkoek, ezta hori ere; ihesbide gutxi zuten: igande arratsaldean paseo bat eman edota dantza egitera joan.

Nartziso Lizarazu Garmendia olagarroarekin.

Igeldoko familiak, oro har, ugariak ziren. Seme-alaba asko izaten zituzten, baina kontuan hartu behar da XIX. mendearen bukaera arte haurren eta emakumeen heriotza-tasa altua zela, batez ere erditzean. Horrez gain, oso ohikoa zen 7-8 urteko haurrak etxetik kanpo bidaltzea, lanera: mutilak, morroi; eta neskak, neskame edo umezain. Etxean bizi ziren bitartean, hiru eta lau anai- arrebak ohe bakarrean lo egin behar izaten zuten, egungoak baino deserosoagoak ziren oheetan. Arritxulon, esaterako, lastaiazko koltxoia zuten (arto malutekin, orbelekin edo zakarrekin egina). Borda Berrin txurikinarekin eta arto azalekin egindako koltxoi zaratatsuak erabiltzen zituzten. XX. mendeko azken laurdeneraino artilezko koltxoiak erabili ziren gehienbat, urtean behin jo behar zirenak, artilea harrotu eta bigun mantentzeko. Sukaldean gaur egun arte iraun duen txapa edo sukalde ekonomikoaren aurretik, beheko sua eta laratza erabiltzen zuten, eta familiako kide guztiek bertatik jaten zuten. Babarruna urte guztian jaten zen, eta patata eta artoa ere ezinbesteko elikagaiak ziren. Artoa etxe gehienetan zegoenez, taloa eta morokila (arto xehetua, esnetan edo gatz uretan egosia) sarri jaten zen. Barazkietan, aza, azalorea eta porrua etxe gehientsuenetan zegoen.

Arroketan bildutako lapak eta arrantzaturiko arrainak ere elikagai garrantzitsuak ziren etxe askotan. Lanpernak, aldiz, normalean saldu egiten zituzten, ondo saltzen ziren-eta. Arraina erosteko garaian, antxoa edo bokarta zen ohikoena, ugaria zen-eta, eta baita sardina zaharrak ere. Bokartak eta angulak hain ziren ugariak, Igeldoko baratzak eta zuhaitzak ongarritzeko erabiltzen baitziren.

XX. mendean sartu arte, etxean ez zen ez argirik ez urik. Argindarra jarri aurretik petroliozko kinkearekin, farolekin eta kandelekin moldatzen ziren. Iturria etxetik gertu zutenak zorionekoak ziren, gainerakoek ibilbide luzea egin behar izaten baitzuten ur bila joateko.

Gobada egiten: 1 Maria Azurza. 2 Nancy Hutton.

Komunik ere ez zen, ukuiluan egindako zulo batean egin behar izaten zuten. Gorputza garbitzeko, berriz, zinka deituriko ‘barreñoia’ erabiltzen zuten: urez bete eta zapi batekin igurtzita garbitzen ziren.

Etxeko lurra garbitzeko, txilarrarekin egindako erratza erabiltzen zen; eta usain ona zabaltzeko, sortatxo bat menda-belar txuri eransten zioten erratzari. Egurrezko zorua garbitzeko, argizaria ematen zuten: puska handi bat berotu eta trapu batekin zabaldu ondoren, hankari lotutako eskuila batekin lurra igurtziz distiratsu uzten zuten.

Emakumeak emagin-lanak ere egin behar izaten zituen, haurrak etxean jaiotzen baitziren. Gaztaintxabaletako Amelia Segurola eta Bekoetxeberriko Frantziska Gabilondo emaginak izan ziren. Amezti Behekoako Joxepa Arrillaga ere bai, amari (Josefa Antonia Mendiluze) eta amonari ikasita, haiek ere horretan ibili baitziren. Ume jaioberria olio epelarekin garbitzen zuten.

Jaiotza ospatzeko, atso-lorra izeneko usadioari eutsi zioten Igeldoko emakumeek XX. mende erdira arte. Auzoan jaiotako haurraren etxera joaten ziren bisitan, igande arratsaldean, oparitxoren batekin (dirua, jana, arropa…). Etxekoek, bisita eskertzeko, afari-merienda ematen zieten (tortilla, gazta eta abar, pitarrarekin).

Igeldoko autobusa: 1 Emeterio Iraola. 2 Antonio Iraola. 3 Anastasia Azkue. 4 Josefina Martikorena. 5 Marzelino Errezola.

Bularra ematen ari ziren zenbait emakumek esne asko izaten zuten titietan, eta esne gutxi zutenen haurrak hazten zituzten. Batzuetan, baina, inguruan ez zen haurrik esne-premian zegoenik, eta emakume horiei esnea kendu behar izaten zitzaien, infekzioak eta bestelako gaixotasunak saihesteko. Eta hori nola? Bada, heldu batek esnea zupatuta. Esaterako, Landatarrekin, Artikula Txikira aurrena eta Mizkinotegira ondoren, morroi joandako Pedro Pipasek, edota Belabietako Pantxikaren gizonak, esnea zupatzen zieten, soberan zuten emakumeei. Gobada egitea Igeldoko etxe askotako diru-sarrera garrantzitsua izan zen XX. mende erdira arte. Donostiako aberatsei eskainitako zerbitzua zen: etxetik maindireak eta oheko arropak ekartzen zituzten, iturri-askan edo errekan garbitzeko. Gobada zaleek, hasieran, asto gainean, astalketan ekartzen zituzten arropa zikinez beteriko fardelak; geroago, autobusean. Errekan, ur-emari handiko tokian, zuloa egiten zuten hondoan. Lehen urratsa arropa bustitan jarri eta xaboia pasatzea zen. Gero, ondo igurtzitako arropa guztia etxera eraman eta barriketan sartzen zuten. Hari ur beroa eta hautsa bota, estali eta gau guztian beratzen uzten zuten. Hurrengo egunean, gobada jotzera joaten ziren, hau da, arropa iturrira eraman eta gobada-harriaren aurka jotzen zuten, zikina kendu arte. Garbi-garbi utzita, bide bazterreko harrizko hormen gainean zabaltzen zuten, edo larrean. Lehortutakoan, jaso eta, ostera, Donostiara eramaten zuten.

Igeldoko beste emakume batzuk arropa lisatzera joaten zirenAntiguako aberatsen etxeetara. Egun osoa horretan ematen zuten. Bengoetxeko Maria Arrillaga eta haien iloba Pepi eta Antonina urte askoan joan ziren Satrustegi dorrera eta bergarajauregitarren etxera, besteak beste.

Esteban Lizarralde Mitxelena.

Emakumeen egitekoa zen, baita ere, Donostiara jaistea, esnea eta etxeko bestelako jakiak saltzera. Gehienak astoarekin joaten ziren, aztalkak leporaino zituztela. Artean haur zirenak ere bidaltzen zituzten, bakarrik, nora joan eta zer etxetan geratu behar zuten arrasto gorririk gabe. Horietan astoak agintzen zuen, animaliak bai baitzekien non gelditu esnea partitzeko. Beste batzuk oinez jaisten ziren, tipi-tapa, zama buru gainean zutela. Horietako bat zen Iturrietako Iñaxi Etxebeste Etxebeste. Zestera buruan hartuta egiten zuen joan-etorria egunero, zamari eskuekin heldu gabe.

Baserritarrek Arbizketa inguruan geratu egin behar izaten zuten, salgaien berri eman eta zegokien zerga ordaintzeko. Guardabinosa izena ematen zitzaien lanbide hori zuten udal langileei. Leku Eder-eko Balentin Zamora aritu zen lan horretan.

Ez zen hori baserritarrek ordaindu beharreko zerga bakarra. Baratzeko uztaren tamaina kontuan hartuta, haren horrenbesteko bat eman behar izaten zioten zergak biltzen zituen erakundeari. Baserri bakoitzak zituen lursailen arabera ordaindu behar izaten zuen: patata, babarruna, erremolatxa, artoa edo bestelako produktuen bidez. Urteren batean uzta txarra izanda ere, berdin-berdin ordaindu behar izaten zen. Kasu horietan, produktuak auzokoari erosten zizkioten, zergari aurre egiteko. Beste zenbaitetan, uzta zati bat ezkutatzen zuten, meta-belarrean esaterako, gutxiago ordaintzeko. Produktu horien pisua neurtzeko ‘lakari’ neurria erabiltzen zuten, XX. mende hasieran. Egurrezko kaxa karratua erabiltzen zuten (lakaia izena zuena), alez beteta lakari baten neurria zuena. Lakari batek 3,5 kilo gari hartzen zituen, esate baterako. Garia ez ezik, artoa, babarruna, sagarrak eta antzeko produktuak neurtzeko ere erabili zen.

Jose Luis Etxebeste Aristi.

Igeldo-Donostia-Igeldo autobus zerbitzuak onura handiak ekarri zizkion Igeldori. Ignazio Oliden hasi zen autobusarekin eta, gerora, Joxe Olidenek eta bere bi semeek, Julian eta Jose Luisek, hartu zuten bere gain Igeldoko linea. Hasierako autobusa Ford 8 bat izan zen, gerora Ford 4 bat ekarri zuten. Egunean oso bidaia gutxi egiten zuten, baina zerbitzua oso errentagarria zen, autobusa jendez, marmitaz eta otarrez gainezka joaten baitzen, beherakoan eta gorakoan. Jendea barruan ez ezik, autobusaren gainean ere joaten zen, baita zintzilika ere.

Gauzak horrela, ez zen harritzekoa motorrak berotu ederrak hartzea. 1938an, esaterako, autobusaren motorreko tapa altxatuta eta haren ondoan eserita joan zen Julian, sarritan, motorrari ura boteaz, aldapa gora zihoazela. Garai hartan lehiakide bat zuten olidendarrek: Oiartzundik Igeldora bizitzera etorritako Felix Isasa, 1935etik martxan baitzuen Igeldorako autobus- zerbitzua. Hala ere, Isasak ez zuen urte askorik egin autobusarekin. Abertzale jendeak ez zuen gogoko, gerran eta ondorenean izan zuen portaeragatik, eta izan ziren zenbait familia autobus hura sekula hartu gabekoak. Olidenek, aldiz, beste lau hamarkadatan jarraitu zuen zerbitzua ematen, 1974ra arte. Handik aurrera, Donostiako Tranbia Konpainiaren esku geratu zen Igeldoko linea.

Iñaki Garmendia, Borda baserriaren aldeko jaialdian.

Jendeak jai egiteko tartea igandean izaten zuen, mezetatik ateratakoan. XX. mendeko lehen laurdenean, Alejandro Alberdi Lizarretak ttunttuna jotzen zuen igandero Igeldoko plazan, gazteek dantza librean egiteko. Hark utzi eta gero, Txomin Eskarmendi hasi zen esku soinua jotzen, ondoren Etxebeste anaiak, eta azkenik, Balda Zahar-eko Benito Zinkunegi. Gazteak dantza librean aritzen ziren, helduta egitea debekatuta zegoen eta. 1940ko hamarkadan soldadu alemaniarrak azaltzen ziren noizean behin Igeldora. Benta Alegreko Zelestino Illarramendik soinua jotzen zuen askotan etxe ataritik –jende asko bilduz gero, balkoitik– eta soldaduek dantza egiten zuten Igeldoko neskekin helduta. Behin, Migel Soroa apaizak, hori ikusita, zigortu egin zituen neskak eliz barruan belauniko egotera, besoak zabalduta eta eskuekin liburuei eutsiz. Igeldoko mutilek ere ez zuten begi onez ikusiko bertako neskak kanpoko soldaduekin dantzan egitea. Kanpoko mutilak Igeldoko neskak etxera laguntzera joaten zirenean, bertako mutilek harrika hartzen zituzten, behin baino gehiagotan.

Ernioko gurutzean: 1 Ramon Balerdi. 2 Joxe Uranga. 3 Migel Etxebeste.

Igeldo herri euskalduna da (Soziolinguistika Klusterrak 2021ean Igeldon egindako kale- erabileraren neurketaren arabera, %75ek euskaraz egiten du kalean). Eta hala zen lehen ere: igeldoarrak euskaraz bizi baitziren. XIX. mende bukaeran ia ez zen gaztelaniaz zekien igeldoarrik; eta ez da harritzekoa Victor Samaniego Donostiako alkateak 1891ko maiatzaren 20an Igeldoko medikua izateko jarritako baldintzetan euskalduna izan behar zuela adieraztea. Eskolan ere euskaraz egiten zen XX. mende hasieran: 1920ko hamarkadan Luisa Gurrutxaga maistra zegoen, eta orduan euskaraz irakasten zuten Igeldoko eskolan. Gauzak aldatu egin ziren 1936ko gerraren ondoren: eskolan zigor gogorrak jasotzen zituzten haurrek euskaraz hitz egiteagatik, eta gauza bera gertatzen zen kalean karabineroen aurrean eginez gero. “Habla en cristiano” esaldi arrunta bilakatu zen. Hala ere, baserrietan, lan jardunean eta elizan, bai mezak eta baita dotrina ere; euskara hutsez egiten jarraitu zen.

Lagunartean eta familian hika egiten zen: gurasoek seme-alabei eta anai-arreben artean; eta apaizari eta medikuari, errespetu gisa, berorika, XX. mendeko erdialdera arte gehienbat. Auzolanean aritzea eta elkarri laguntzea ohikoa zen. Helburu horrekin sortu zituzten baserritarrek ganaduen kofradiak. Kofradiako kide izateak bazituen abantailak, eta horregatik sortu zituzten. Kideek urteko kuota bat ordaindu behar izaten zuten. Urtean lautan jasotzen zituzten kontrolatzaileen bisitak, etxeko ganaduaren egoera aztertu eta buru bakoitzari prezioa jartzeko. Ganaduak ezbeharren bat izan, edo merke saldu behar izanez gero, kofradiak lagundu egiten zion baserritarrari, dirua jarriz. Garai batean lau kofradia izatera iritsi ziren Igeldon: San Jose, San Anton, Santa Luzia eta San Isidro. Kofradiaren martxa eramateko, arduraduna izendatzen zuten: Pako Calongek San Joseren ardura izan zuen; Joxe Urangak, San Antonena; Tomax Martikorenak, Santa Luziarena; eta Joxe Zamorak, San Isidrorena. Kofradia bakoitzak bere eguna bazkari ederra eginez ospatzen zuen.

Erniora gurutzea eramaten.

Baserritarrak, bestela ere, ohituta zeuden elkarri laguntzen: belar metak egiteko, lurra goldetzeko eta abar. Baserriak erre edo eroriz gero ere, herriak lagundu egiten zuen. Hala gertatu zen Borda Berri edota Borda baserria erre zirenean, eta Amezti Goikoa erori zenean. Herri-bideak ere auzolanean berritzen ziren. XX. mende erdian etxe guztietatik norbait joatea eskatzen zen, eta horren kontrola guardak eramaten zuen. Auzolanean egiten zutenentzat ardoa jartzen zuen Foru Aldundiak. Lau hamarkada ondoren ere herri-bideak era horretan berritzen jarraitzen zuten. Horrela, 1987an, Donostiako Udalak jarritako diruarekin eta herritarren eskulanari esker, ondoko bideak berritu ziren: Iriarte-Bengoetxe, Ganbaretxe-Bentalegre, Tolaretxe-Igeldo, Mendigain-Bide nagusia eta Amezti.

Igeldoarrak Ernion jarritako gurutze ondoan.

Auzolanaren beste adibide bat Ernion jarritako gurutzearena da. 1909ko abuztuaren 29an altxatu zen gurutzea Ernio mendian aurrenekoz Igeldoren izenean. Jose Martikorenak, Fermin eta Juanito Iradi aita-semeek, Benito Lizarazuk, Praxku Martikorenak eta Jose Manuel Zubeldiak eraman eta jarri zuten gurutzea mendi tontorrean. Igeldoarrek handik aurrera gurutzea egoera onean mantentzeko konpromisoa hartu zuten. 1975ean, Mariano Uranga igo zen batean, gurutzea lurrean aurkitu zuen txikituta. Orduan, igeldoarrek gurutze berria egitea erabaki zuten. Hala, diru-eskean sosak bildu, burdinazko gurutze berria egiteko, eta bederatzi lagunek eraman zuten Igeldotik Ernioko puntaraino: Bittor eta Mariano Uranga, Jabier Kruz, Iñaki Mitxelena, Jose Migel Arruti, Juantxo Escudero, Jose Antonio Martiarena, Jose Antonio Olasagasti eta Ramon Balerdik.


RAMON BALERDIK ONDOKO BERTSOA IDATZI ZUEN ERNION JARRITAKO GURUTZEAREN HISTORIA AZALTZEKO

Igeldoko erriaren oroipenean,
gurutzea jarri zuten Ernio gañean,
berari eskatzeko, beartzen geranean.


Joxe Martikorena ta Fermin Iradi
geroztik egin zuten joan-etorri ugari.
Berak eldu zioten pintatzeari,
urte askoan eukitziarren an gurutzeari.


Aiek geldituta ondorenean,
milla bederatzieun da ogeitabederatzi garrenean,
lenbiziko aldiz azaldu nintzan Ernio gañean;
poz aundi bat artu nun Igeldoren izena ikusi nuenean.


Gero zaindu nuen bosten bat urtean,
anai arteko gerra asi zen artean.
Gero ori bukatu ta ondorenean,
milla bederatzieun ta berrogeigarrenean.


Berriz ekin nion lenagoko lanean.
Baten bat izaten nuen beti aldamenean,
laguntzen zidatenak guztizko borondatean.
Orrela jarraitu nun iru edo lau urtean.


Gero jarri giñaden iru lagun fijuak;
Joxe Uranga, ta ni, Iñazio Etxebestekua,
irurok artu genduen asmo bat fijua:
urte bitik bein pintatzekua.

Milla bederatzieun da amabost garrenean
Mariano Uranga igo zan batean,
gurutzea topatu zun txikituta lurrean,
ez dakigu intentzio txarrez edo deskuido batean.


Milla bederatzieun ta irurogei ta amasei garrenean,
erriak berriz jarri zun lengoaren oinean.
Berriz eusten saiatuko gera al degun artean;
ea an egoten dan beste eun bat urtean.


Kasu egin ez-arren nik Elizari,
fedea izan diot nik beti gurutzeari.
Nola asko lagundu bait-didan neri,
nola ez diot lagunduko erri maiteari?


Etzaizazula aztu Igeldo-ko erria;
ez dedilla erori gugan zure aserria.
Izan zazu beti guretzat errukia,
askotan izaten degu gauz onen premia.


Nere Jesus maitia; izandu zan zure iritzia
erriak askatuta, biar zuei laguntzea.
Ortarako artu zendun zure gurutzea.
Uste det konbeni dala gauz au aitortzea
onekin pentsatu det errematea ematea.


Irudi galeria

[aldatu]