Igeldoko historia eta istorioak/Monte Igeldo
|
Igeldoko historia eta istorioak
|

Monte Igeldo jolas parkea ez dago Igeldo mendian kokatuta, izen hori hartu zuen arren parkea sortu eta gero. Mendi horrek Txubillo izena du, baina beste hainbat izenekin ere deitu izan zaio: ‘Arrimendi’, 1888ko Euskal Erria izeneko aldizkarian argitaratuta; ‘Harrobi’, Igeldo harrobiz josita zegoenean, eta ‘Montefrio’, aintzinean militarrek zenbait planotan erabilitako izena, zuhaitz gabeko eremu hotza zelako.
Izenak izen, Txubilloren tontorrean dorrea eraikita zegoen XVIII. menderako. Dorre hori itsasargi gisa erabiltzen zen hasiera hartan, eta gau osoan egurra erreta lortzen zuten argia egitea. XIX. mendean gerra-gaztelu edo gotorleku gisa erabili zen hirugarren Karlistaldira arte eta ordurako mendi gaineko dorreari ‘farola’ edo ‘Igeldoko Dorrea’ deitzen zitzaion.
Monte Igeldo parkea 1912an sortu zen eta urte bereko abuztuaren 25ean funikularra inauguratu zuen Maria Kristina erreginak. Funikularra eraiki ostean, ostatua eta kasinoa jarri ziren. Jokoa debekatu zenez, kasinoa itxi eta 1925ean dantzaleku dotorea ipini zen bertan, hainbat urtez arrakastatsua izan zena. Dantzalekuak bereiztutako bi eremu zituen: goi mailako jendearentzat bakarrik sarbidea zuena batetik eta, herritar xumea biltzen zena, bestetik.
1926an Suitzar Mendia izeneko atrakzioa jarri zuten. 1930 urte bitartean Ibai Misteriotsua eta urmaela jarri zituzten, besteak beste, eta ondoren karrusela, labirintoa eta abar. 1940ko hamarkadan dantzalekua ez zen hain arrakastatsua, bai ordea zabaldutako zine-aretoa. 1967an hotela eraiki zen aurretik kasinoa eta ostatua egondako lekuan.
Monte Igeldo parkearen zuzendaritzan Pascual familia egon da hasieratik: Luis Anjel Pascual izan zen lehendabiziko zuzendaria eta haren birbilobek (Pilar Pascualek, parkeko kudeatzaile; eta Marimi Pascualek, hotelaren zuzendari) jarraitzen dute lemazain lanetan.

Igeldoar asko aritu da lanean parkea sortu zenetik: mantenu-lanetan, garbiketan, atrakzioetan, parkearen sarreran, funikularrean edota hotelean. Besteak beste, Alfonso Artano, Frantzisko eta Maria Urruzmendi, Jose Ramon, Ramon, Antonio, Arantxa, Bakartxo, Antxon, Edurne eta Nerea Zendoia, Maria Luisa Ortega, Asun eta Patxi Azurza, Azurza ‘frantsesa’, Kruz, Pedro, Josetxo, Suso eta Lourdes Etxaniz, Rafa Romero, Tomasa Estanga, Jose Zamora, Jose Antonio Aiestaran, Pedro eta Fernando Martiarena, Pilar Perez, Blas, Patxi, Dora eta Dolores Olasagasti, Jacinto Arana, Patxi Artola, Jose Ramon eta Jose Mari Mendiluze, Juanito eta Nikolas Iradi, Etxeberri baserriko Alberdi, Isidro Ugarte, Bittor Etxebeste, Tomas Balda, Jose Antonio Olasagasti, Joxe Gabilondo, Mendinueta, Torrente, Migel eta Jose Antonio Arrillaga, Luis Mari Lertxundi, Ainhoa Uranga, Erika Prieto, Aritz Maiz, Joseba Lopez de Goñi, Jorge eta Xabier Machado, Ioritz Iraola, eta Iñaki eta Ane Etxebeste.

Ursula izeneko hartz ospetsua 1938an ekarri zuten parkera. Gerra garaia zen eta tropa faxistek bi hilabeteko artza aurkitu zuten Asturiaseko Hermos Monastegitik gertu. Hartza hartu eta beraiekin eraman zuten maskota gisa. Hartza, baina, hilabeteak aurrera egin ahala, hazten joan zen arazo bihurtzeraino. Gauzak horrela, Terueletik kamioi batean ekarri zuten parkera 1938ko maiatzean. Jira eta bira egiten zuen kaiola batean jarri zuten.
Oso ezaguna egin zen jendartean. 20 urte baino gehiago egin zituen bertan. 1959an Bartzelonako Zoora eraman zuten animaliak babesteko elkartearen ekimenez, bizimodu hobea izango zuelakoan. Usteak ustel, handik gutxira hil baitzen Ursula.
Artzaz gain, tximinoak ere jarri zituzten jendea erakartzeko. Bisitariek hamaika zakurkeria egiten zizkieten tximino gaixoei baina haiek mendekua hartzeko pronto izaten ziren. Bisitariak konturatu orduko, karterarik gabe geratzen ziren tximinoen abileziari esker. Lau tximu zeuden kaiola barruan, baina haietako bat, Kuki izenekoa, gaiztoa baino gaiztoagoa zen. Monte Igeldora lanera zihoazen igeldoarrek ere izan zituzten hainbat gorabehera Kuki tximinoarekin. Behin batean, Kukik betaurrekoak kendu zizkion Jose Antonio Olasagastiri tximinoen kaiola ondoan zegoen iturrira ura edatera joan zenean. Kaiolara sartzea debekatuta zegoen arren, Jose Ramon Mendiluze eta Jose Antonio Olasagasti bertan sartu eta Kukik betaurrekoa itzultzea lortu zuten. Handik aste gutxira, Jose Antonio egarritu zen batean, iturrira abiatu zen, baina betaurrekoak eskuetan zituela. Kuki tximinoari begira jarri eta desafioa bota zion: “Alua, gaur ez dizkidak kenduko ez”. Tximuak baina, ustekabean kolpea eman eta betaurrekoak eskuetatik kendu zizkion berriro Jose Antonio gazteari. Tximuak “garaikurra” eskuetan zuela, kaiola barruko zuhaizkara igo eta betaurrekoak txikitu zituen Jose Antonioren aurrean.