Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Ondarea

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Atal honetan arbasoengandik jasotako ondare material aipagarrienak jaso ditugu. Igeldok megalito-gune garrantzitsua du: trikuharri, tumulu eta harrespilez osatua. Garai bateko bizimoduaren adierazle diren elur-zulo, ur-zulo eta karobien aztarnei buruzko informazioa ere bildu dugu. Karlistaldietan erabilitako gotorlekuak ere gogora ekarri nahi ditugu; eta horrekin batera, Igeldoko natur ondasun nabarmenenak: Igeldoko igela eta Etumetxabaleko artelatza.

Igeldon eta Orion, bi herrien arteko muga inguruan, megalitoak daude, hau da, bertako antzinako biztanleek hileta-erritualak egiteko erabilitako lekuak. Kalkolitotik Burdin Aroaren amaierara arte erabili ziren, Kristau Aroa baino lau mila urte lehenagotik hasi eta aroa aldatu arte.

Igeldoko mendizerra txikiak hainbat hileta-egitura ditu; eta monumentu megalitikoen izendapen orokorraren barruan dago. Antzinakoenak dolmenak edo trikuharriak dira, orain 6.000 urte eraikiak. Harrizko bloke handiekin eraikitako egiturak ziren; eta lur tumulu baten azpian egindako ganberak zituzten, hildakoak hartzeko, eta modu ordenatuan jarritako harriak.

Ondoren, duela 3.000 bat urte, hileta erritualak aldatu egin ziren: hilotzak lurperatzeari utzi eta errausten hasi ziren, errautsen zati bat biribilean jarritako harrien erdian utziz. Monumentu hauei cromlech izena eman zaien arren, euskaraz harrespil edo mairu-baratza gisa ezagutzen dira. Erromatarrak iritsi arte erabili ziren.

Igeldoko estazio megalitikoak monumentu ugari ditu: Aitzazate, Arrobizar eta Iturrietako trikuharriak nabarmentzen dira lehenik, baita Tontortxiki I, II, III eta IV tumuluak Martin de Larburuk elur zuloa egin zuen 1695ean Mendizorrotzen eta hiru urtez saldu zuen bertako izotza Donostian. ere. Horietako batzuen egoera ez da ona; izan ere, mendeetan zehar jendearen hainbat bortxaketa jasan zituzten, ezjakintasunez. Hango harriak hormak eta harresiak egiteko erabili izan dira, edota lapurretak egin dira, urrezko altxorrak zituztelakoan gordeta. Bestalde, bi cromlech daude, Aitzazate I eta Mendizorrotz I, eta Txalingo zutarria (menhirra).

Trikuharriak

Trikuharriak XX. mendeko 80ko hamarkadan egindako indusketetan topatu zituzten hainbat ikerlarik: Iñaki Gaztelu eta Miren Karmele Manzanasek, 1982an, Aitzazate, eta 89an, Mendizorrotz 2; Josu Tellabidek, 1984an, Arrobizar; eta Anjel Armendarizek, 1981ean, Iturrieta. Trikuharriek, batez beste, hamar metroko diametroa dute, eta metro bateko altura, eta erdian zutikako harlauza bat.

Aitzazatekoa Usurbilgo lurretan dago, Igeldoko mugatik 2 metrora. Arrobizargoa Biorreta baserritik 300 metrora, Polipasorako bidean; Iturrietakoa, Joxene baserritik 50 metrora; eta Mendizorrotz 2 Polipaso baserritik 60 metrora, Kredogaina izeneko tokian, baina lur-zelaitze lanetan suntsitu egin zuten.

Zutarriak

Txalin. Zutarria lurrean zutik jarritako harri luzea izan ohi da, baina Txalingoa etzanda dago. Biorreta baserriaren lursailetan dago, nahiko egoera onean. Luis Millanek aurkitu zuen 1997an.

Harrespilak

Aitzazate: Trikuharritik 150 metrora dago, hegoalderantz. Bi harrespilez osatua da: Lehenak 4,50 metroko diametroa du, lurretik ageri diren harlauza itxurako bost lekukoz eratuta; bigarrenak 4 metrokoa du, eta 7 lekukoz eratua da. Iñaki Gazteluk eta Miren Karmele Manzanasek aurkitu zuten 1982an.

Mendizorrotz I. Mendizorrotz mendiaren iparraldeko hegaleko zabalgune batean dago. Mikelaitzondo izenez da ezaguna. Hiru metroko diametroa du, eta10 lekukoz osatua da. Iñaki Gazteluk eta Jesus Argomanizek aurkitu zuten, 1985ean.

Tumuluak'''Tontortxiki I. Orio, Usurbil eta Donostiako muga-erpinetik 50 metrora dago. 11,6 metroko diametroa du eta metro erdiko altuera. Gazteluk eta Manzanasek topatu zuten 1985ean.

Tontortxiki II. Tumulu zirkularra da, eta 8,50 metroko diametroa eta ia metro bateko altuera du. Erdiko kraterra du. Gazteluk eta Manzanasek aurkitu zuten 1988an.

Tontortxiki III. Tumulu zirkularra, 8 metroko diametroa du. Oso kaltetua dago.

Tontortxiki IV. Tumuluak 9 metroko diametroa du. Hau ere, aurrekoa bezala, zeharo hondatuta dago. Azken bi tumuluok Gazteluk eta Manzanasek, eta Luis del Barriok, eta Ugaldek aurkitu zituzten 1989an.


Elur-zuloa

Elur-zuloa.

Igeldoko elur-zuloa Mendizorrotzeko iparraldeko hegian dago, Orioko Bentarako bidetik berrogei bat metro itsasertzera. Elur-zuloak hozkailu naturalak dira: elurra bildu, izotz bihurtu eta izotz hori kontserbatzeko zuloak. Neguan elurra egiten zuenean, elurra palaz bildu eta elur-zulora botatzen zuten. Eskuareaz zabaldu eta, oinak eta mazoak erabiliz, zapaldu egiten zuten, ondo trinkotu arte. Elurra geruzetan pilatzen zen eta, horiek bereizteko, orbela, belar ondua edota garoa erabiltzen zuten.

Elur-zuloa.

Donostia izotzaz hornitzea negozioa zen XVII. mendean, haren premia handia zegoelako: edariak freskatzeko, limonadak egiteko edota kaiko arraina kontserbatzeko. Urnietako ‘Mantele’ eta ‘Adarra haitza’ eta Andoaingo ‘Onddo’ elur-zuloetatik ekartzen zuten izotza. Urnieta eta Andoaingo udalek enkante publikora atera zuten, 1695ean, hiru elur zuloak ustiatzeko aukera. Martin de Larburuk 250 dukat eskaini arren, bi udalen ezetza jaso zuen. Ezetzaren ostean, Larburuk Igeldoko Mendizorrotz mendian eraiki zuen elur-zuloa. Baina hiru urtez bakarrik erabili zuen. Igeldokoak ez zion nahikoa elurrik ematen Donostiaren eskaerari aurre egiteko. eta, 1698an, akordio batera iritsi zen Andoaingo Udalarekin hango elur-zuloa ustiatzeko. Orduan, Igeldokoa erabiltzeari utzi zion.

Arritxuloko ur-zuloa (Buzeua) eta karobiak

XIX. mendearen bukaera aldera, Arritxulon pertsona itsua bizi zen, eta urtero, udako oporretan, hogei bat gazte itsu ekartzen zituen Arritxulora. Gazte haiek, ziri batzuk erabilita, lurrazpian ura non zegoen aurkitu eta handik ura ateratzeko zuloa egin zuten. Txirrika jarri eta ura kankartetan ateratzen zuten, etxekoek egunerokoan erabiltzeko. Gaur egun, egurrezko estalki dotore baten azpian dago zuloa. 17 metroko sakonera du.

XVIII. mendetik aurrera, karobi asko eraiki zen Euskal Herrian. Igeldon, bi tokitan behintzat egon ziren: bata Agitin eta bestea Arritxulon.

Karobia, kareharria egosiz karea egiteko erabiltzen zen labea da. Karea lurra ongarritzeko erabili ohi zen.


Gotorlekuak

Mendizorrotzeko gotorlekua

XIX. mendearen erdialdean, artilleriak izandako aurrerapenen ondorioz, gotorlekuak zaharkituta geratu ziren. Besteak beste, horrexegatik utzi zion Donostiak gerra-plaza izateari, eta eraitsi zuten 1864an hiriko harresien zati handi bat. Hori dela eta, III. karlistaldia hasi zenean (1872-1876), hiriak karlisten erasoetatik babesteko gotorleku sistema finkorik ez zuenez, behin behineko gotorlekuak altxatu zituzten: batzuk, Igeldon.

Kalbarioko dorrea, Igeldo gainean dagoen Kalbario mendiaren (279 m.) tontorrean eraiki zen, Hernandez gotorlekua eraiki aurretik eta haren osagarri gisa. Igeldoko lurraldea kontrolpean izateko asmoz eraiki zuten. Ulpiano Campioni lursailak kendu eta bertan eraiki zuten dorrea 1875ean. Gerra amaitu eta urte batzuetara, 1892ko abuztuan, itzuli zizkioten Campioni kendutako lurrak. Gaur egun ez dago gotorlekuaren arrastorik.

Hernandez gotorlekua.

Hernandez gotorlekua 1875ean eraiki zuten Gudamendin (260 m.). Gotorlekuaren oinarria pentagonala zen, lubaki batez inguratuta. 3.592 metro karratu zituen, eta bi bateria: bata, Mendizorrotz mendira begira, eta bestea, Oria bailara aldera. 1876an gerra amaituta, gotorlekua karabineroen esku egon zen 35 urtez. Eraikin bakarra erabili zutenez, soilik haren mantenuaz arduratu ziren. Karabineroek 1914an utzi zuten gotorlekua, oso egoera kaskarrean. Gaur egun, gotorlekuaren arrasto batzuk geratzen diren arren, ondoen zainduta dagoen dorrea ez da ordukoa, 1939koa baizik. Dorrea ur-biltegi izateko eraiki zuten, Igeldoko herriguneari eta inguruari zerbitzua emateko asmoz.

Lehen karlistaldian (1833-1840) La Farola izeneko gotorlekua eraiki zuten liberalek Txubillo mendian, Igeldotik gertu baina mugaz kanpo; baina karlisten eskuetan erori zen. Bigarren Karlistaldian (1846-1849), liberalek gogor eutsi zioten; eta hirugarrenean, lehen gerran altxatutakoaren egitura berdinarekin berreraiki zuten.

Mendizorrotzeko gotorlekua (416 m.) izen bereko mendiaren tontorrean dago. Donostiako liberalek ez zuten gotorleku hau gerra karlistetan erabiltzerik izan, karlisten esku egon baitzen 1876ra arte. Gotorlekuaren jatorria XIII. mendekoa izan daitekeela uste da, Monte Agudo (Mendizorrotz) gazteluari buruzko erreferentziak kontuan hartuz gero. Gotorleku militarra zen, harresiz inguratua. Gaur egun babestuta dago, Espainiako Ondare Historikoaren legeari esker (16/1985). Donostiako Udalak ere babestua du, 3. mailako babesarekin.

Zuhaitz-igela

Zuhaitz-igela

Zuhaitz-igelen gordelekua.

Afrika iparraldeko kostaldean eta Mediterraneo inguruan dago hedatuta batik bat. Iberiar penintsularen iparraldean ez dago igel mota horren arrastorik, Igeldo inguruan izan ezik. XIX. mendeaz geroztik, Igeldon ezaguna den igela Euskal Autonomia Erkidegoan desagertzeko arriskuan dagoen anfibio bakarra da. Hori dela eta, babestuta dago gaur egun. Galzorian dagoen igelaren habitak zaintzea ezinbestekoa da gure artean iraun dezan.

Zuhaitz-igela.

Igel mota hori Usurbilen, Orion eta Igeldoko zenbait lekutan aurki daiteke. Putzu babestuen katalogoa eginda dago; eta horren arabera, 16 putzu daude: Anoko Erreka, Arkumetegi, Arpita, Arrate, Artikula Handi, Egiluze, Egioleta, Errota Berri, Etume, Etxebeste, Goienetxe, Munotxabal, Errotaxo-Neinor, Orio, Pokopandegi eta Urteta. Katalogoan sartuta ez dauden arren, beste zazpi lekutan ere ikusi izan dira igel horiek: Txanka, Egiluze II, Iranguen, Saria, Sarikola urtegia, Berio eta Usurbilen. Igeldoko igelak, hegoaldeko zuhaitz-igelak, bost zentimetro inguruko luzera du. Berde kolorekoa da, eta azal dirdiratsua eta leuna du. Lau hankako behatzetan disko itsaskorrak ditu eta horietaz baliatzen da zuhaitzetara igotzeko. Aintzira, urtegi, putzu eta idoien inguruan hazten den landaredian bizi da. Egunez, orduak ematen ditu landare altuetan eta zuhaitz eta zuhaixken adarretara igota, mugitu gabe, paisaia berde horretan kamuflaturik. Igeltxo honek duen kolorazio kriptikoari esker, ia ikusezina bihurtzen da, harraparien kalterako. Intsektujalea da, gauez oso aktiboa eta ehiztari trebea.

Negua, ezkutaturik igarotzen du, lohia, orbela eta harrien artean; udaberrian, urmael eta zingiretara gerturatzen da, arra lehenbizi, eta kantari hasten da emeak erakartzeko. Lehia bizia sortzen da, eme gehiago baitira arrak baino. Ugalketa- garaia unerik zailena izaten da, igelaren kantuak harrapariak erakartzen ditu eta. Garai horretan beharrezkoa du hezeguneetako landaredia, oharkabean pasatzeko, hau da ihiak, lezkak, karizeak eta abar. Hiru hilabetera, igeltxo gazteak landareetara igotzen dira; eta udazkenean, den-denak beren neguko gordelekuetara abiatzen dira.


Artelatza

Etumetxabaleko artelatza

Zuhaitz mota gutxi dago gurean. Artelatza ugaria da Afrikako iparraldean eta Iberiar Penintsulako Mediterraneo eta Atlantiko aldean, Portugalen batik bat, baina oso gutxitan ikus daiteke hego Euskal Herrian. Ale bakanetako bat Etumetxabalen dago. Zuhaitz ikusgarria da benetan: 10 metro baino gehiago ditu luze eta beste horrenbeste zabal. Metro eta erdiko altuera hartzen duenean bi adarretan banatzen da.


Donostiako Udalak babestutako eraikinak eta elementuak

Donostiako udalak 2021ean katalogo bat berritu zuen, Eraikitako Ondarea Babesteko Plan Bereziarena (PEPPUC izenez ezaguna). Donostiako udalaren plana Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean oinarrituta eratu zuten.

Katalogoan agertzen diren babestutako ondare-gaien artean 15 dira Igeldokoak. Gehienak baserriak, baina badira bestelakoak ere: eskola zaharra, eliza, bi gotorleku eta iturri bat.

Katalogoan sei babes maila bereizten dira: A, B, C, D, E eta F. Hauek dira Igeldon babestuta dauden ondare-gaiak, babes mailaren arabera:

A maila: Amezti Zahar eta Aristegieta baserriak eta Mendizorrotzeko gotorlekua eta Din-din Iturria. B maila: San Pedro eliza. C maila: Arkaitzaga, Baldazar, Barrenetxe, Benta Alegre, Durandegi eta Ekogor Handi baserriak, eta Hernandez gotorlekua. D maila: Elizondo, eskola eta Eulalia Enea. F maila: herriko iturria (Lizardikoa). Hegoaldeko zuhaitz-igela.