Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Iturriak

Wikibookstik

Igeldoko historia eta istorioak

Mendien zorupean ur asko ibiltzen da eta ur hori hainbat tokitan ateratzen da lur gainera: iturri naturalak dira. Igeldok ur-aberastasun handia du eta ur-emari handiko iturri asko izan ditu. Hala ere, azken urteetan, zenbait iturri lehortu egin dira, lur mugimenduen ondorioz batez ere.

Aurreko mendeetan, etxebizitzetan urik ez zenean, ezinbesteko baliabide zen iturrietako ura. Baserritarrak gertuen zuten iturrira joaten ziren ur bila etxeko jana egiteko, edateko edota garbiketarako. Abereak ere iturrira eramaten zituzten egarria asetzeko. Hala ere, iturriek beste jarduera garrantzitsu baterako erabiltzen ziren: gobadak egiteko. Donostian bizi zen aberats jendeari maindireak garbitzen zizkieten Igeldoko emakume askok. Igeldoko hainbat iturritako askak egokitu zituzten maindireak garbitzeko, eta behin garbituta, inguruko zelaietan zabaltzen zituzten, lehor zitezen. Garbitu eta lehortutako maindireak Donostiara eramaten zituzten, asto gainean hasieran eta autobusean ondoren. Pisu handiko fardelak zirenez, astuna eta nekeza zen pakete handi haiek Donostiara eramatea. ‘Gobadak egitea’ diru iturri garrantzitsua zen familia askorentzat. Lanbide horrek XX. mende erdira arte iraun zuen.

Iturritxo iturrian gobada egiten.

Iturritxo iturria izen bereko baserri-landetxearen lursailetan dago. XIX. mendeko iturri horrek depositu handi bat du eta baita tamaina handiko harraska ere. Iturritxoko ura preziatua zen oso, ur emari handiko iturria zen eta jende asko joaten zen ur bila. Mendizorrotzetik etorritako ura zen eta Igeldoko beste zenbait iturritara ere iristen zen. Ur fresko eta garbiko iturria zena galdu egin zen XX. mendeko azken hamarkadan, kanpinaren ondoan ura hartzeko egindako zulaketa baten ostean, iturriaren akuiferoraino iritsita.

Iturria eta ingurua aproposak ziren gobadak egiteko. Harraska ederra izateaz gain, ondoko belar sailetan maindireak lehortzen uzteko toki ederrak zeuden, eta iturria errepide nagusitik gertu ze- goen gainera. Emakume ugari aritu zen gobadak egiten Iturritxon.

Din-Din Iturria.

Marabieta bidearen azpialdean dago iturri hori, ezkutuan, Amoene baserriko lurretan. Din-Din iturria bitxia da oso: batetik aipatutako bidearen az- pian sortzen delako ura, hareharrien artetik, sastrakaz inguratuta. Bestetik, iturriaren eraikuntza aparta delako, harlanduz egina, arku gotiko ikusga- rria erdian duela. Baoa ixten duten bi lauzetako batean, goikoan, lau lobuluz dekoratutako zirkulua du. Harlanduak gainera, goialdean, zirkulu erdiko arku baten errepikapenaz apaindutako frisoa darama eraikuntza osoaren erremate gisa.

Aintzinako iturria da, benetako altxorra. Rikardo Izagirre historialariaren esanetan, arkua Igeldoko San Pedro eliza zaharrarena zen eta eliza berritzerakoan eraman zuten iturrira. Bestalde, Amoene baserria, (XVI. mendean Arcaizaga de Suso izena zuena) dokumentatuta dagoen Igel- doko zaharrenetakoa izanik, eta iturria haren lurretan dela kontuan harturik, iturriak ehunka urte dituela ondoriozta daiteke. (Iturria egoera tamalgarrian dago liburu hau idatzi denean).

Irudi galeria

[aldatu]