Igeldoko historia eta istorioak/Kirolak
|
Igeldoko historia eta istorioak
|
Igeldon ez da izan herri kirolik gabeko festarik. Aizkora, harri jasotzea, trontza, txingak eramatea, lokots biltzea, sokatira, giza-proba eta antzekoak sarritan izaten ziren Igeldon, batez ere San Pedro eta San Isidro festetan. Apustuak eta norgehiagokak noiznahi izaten ziren: korrika egiten, aizkoran, sokatira, gizon proba, deman, harria jasotzen, segan, bizikletan eta abar. Baserri giroa nagusi izan da herrian, eta etxe askotako gazteak prest izaten ziren jokorako, lehiarako. Nor baino nor gehiago, horixe zen legea, usadioa.

Pilota-jokoak ere garrantzi handia izan zuen Igeldon XX. mendean, batez ere herriko pilotalekua eraiki ostean. 1970eko hamarkadan beste bi kirol jarduerak hartu zuten indarra gazte igeldoarren artean: arraunak eta futbolak.
2022ko ekainean 110 urte bete zituen Igeldoko frontoiak. Mende bat baino gehiago igaro den arren, frontoia ez da askorik aldatu, altxatu zenean bezala segitzen du ia.
1879an Igarako baserri batean jaiotako Rafael Aldai Donostiako udal arkitektoak diseinatu zuen Igeldoko frontoia, Kontxako baranda famatua edota Bretxako arrandegia egin zuen berak. 1911ko azaroaren 22ko planoak bere sinadura dakar. 1912an inauguratu zen frontoia irekia zen: estalperik eta erreboterik gabea, eta pilotari indartsuak pilota astindu eta atzeratuz gero, arerioak errepideraino atera behar izaten zuen pilotakadari erantzuteko.

1945etik 1948ra, Joxe Arrillagak hainbat konponketa-lan egin zituen frontoian. Urteek aurrera egin ahala, automobilak ugaritzearekin batera, arriskua ere areagotu egin zen, pilotak sarritan ihes egiten baitzuen errepidera. Horrez gain, Igeldok zuen aparkaleku eskasiaren ondorioz, zenbaitetan (hileta-elizkizunetan, festetan…) autoak pilotalekuan aparkatzen hasi ziren.
Gauzak horrela, frontoiaren atzealdean burdin txiki batzuk jarri ziren ibilgailuak frontoira sar ez zitezen. Handik gutxira, burdinen ordez, petrila jarri zuten. Igeldoarren kexen ondorioz, petrilaren lekuan errebotea altxatu zen. Erreboteak errepidearen arriskua arindu zuen; baina frontoiaren erabilera eguraldiaren araberakoa zen, euriarekin ezin baitzen jokatu.
XX. mendeko azken hamarkadan, azkenik, Udalak Igeldoko frontoiari sabaia jartzea erabaki zuen. Sabaiak, baina, itzala egiteko besterik ez zuen balio: euria eginez gero, ipar zein mendebaldetik ura sartzen baitzen. 1996ko ekainaren 15eko herri batzarrean gaia aztertu eta Udalari arazo honi irtenbidea emateko eskatu zitzaion. 2000. urtean, Igeldoko herritarrek frontoia ixteko proiektua aurkeztu zioten Udalari eta handik bi urtera bukatu ziren lanak.

Aipagarri dira pilotalekuaren aurreko hormaren gainean jarritako hitzak: ‘I pelotari, zintzo izan ari’. Mezu horren bidez, pilotan ari den orori gogorarazi nahi zaio arau zein arerioekiko errespetua lehiaren gainetik dagoela.
Igeldoko pilotalekuaren inaugurazioa berezia izan zen. ‘21iguales.com’ webak jasota duenez, 1912ko inaugurazioan emakume raketistek jokatu zuten, Espainiako Maria Kristina erregina ikusleen artean zela. Ehun urte geroago, mendeurrena ospatzeko, Igeldoko Lizardi pilota- eskolak partida batzuk antolatu zituen. Goikoetxea Arruti, Enbil eta urruzmenditarrek urte asko daramatzate pilota-eskola horretan lanean, bertako haurrak pilotan trebatzen eta jokoaren balio etikoak irakasten. Aurretik ere izan ziren pilotaren alde lan egindakoak: Migel Mari Izagirre ‘Txurtxill’ esaterako. 1989an, Igeldoko zaharren egunean, omenaldia egin zitzaion pilota sustatzeko herrian egindako lanarengatik.
Berrogei urtez Errealaren sendagilea izan zen Migel Mari Etxebarren omentzeko ere pilota partida antolatu zen Igeldoko frontoian: Arriaran anaiak Jose Kruz Calonge eta Azkarateren aurka aritu ziren.

Frontoia inauguratu eta gero, Alejandro Alberdik, Pako Calongek eta Ignazio Olidenek maiz jokatzen zuten frontoian. Ondoren ere gazte asko aritu izan zen maila onean pilotan: Jexus Iraola, Jose Mari Iraola, Joxe eta Zelestino Illarramendi, Migel Mari Izagirre, Joxe Gabilondo, Calonge anaiak, Zapatariko Artola, Patxi Etxebeste, Iñaki Landa, Juan Jose Arrillaga, Joxe, Jexux eta Zelestino Urruzmendi, Goikoetxea anaiak, Jose Migel Arruti, Bittor Etxebeste, eta baita erremontista gisa profesional mailan aritutako Pako Calonge ere.
Igeldoko frontoiari hamaika erabilera eman zitzaizkion urte horietan guztietan. Frontoia irekia zen garaian, erreboterik ez zuenean, autoak aparkatzeko erabili ohi zen, hiletetan edo jendetza biltzen zen ekitaldietan. Horrez gain, beste gauza askotarako ere erabili izan da: sokatiran entrenatzeko, bestelako herri kirolak egiteko, tenisean zein futbolean jokatzeko, herri-batzarrak edo bilera jendetsuak antolatzeko, musika edota kultur emanaldiak eskaintzeko, edota herri-bazkariak egiteko. Frontoia Igeldoko azpiegitura balioanitzena izan da, zalantzarik gabe. San Pedro festetan antolatzen den Igeldoko igoerak 40. edizioa zuen 2022koa; baina igoera horren aurretik ere bazen joera herriko jaietan korrika-lasterketak antolatzeko. XX. mendeko lehen erdian, esate baterako, herriko plazan bertan antolatzen zen lasterketa; besteak beste, Joxe eta Alejandro Azurza, Jose Antonio Mujika, Antonio eta Migel Aiestaran, Fernando Arrillaga, Antonio eta Ramon Zendoia edota Tomas Zubeldiak parte hartu zuten. XX. mendearen erditik aurrera, Narziso Lizarazu izan zen korrikalari trebeena, bere garaian Gipuzkoako txapeldunorde izateraino. Bi apustu irabazi zizkion Juan Jose Olanori: bata Tolosan eta bestea Igeldoko igoeran. XX. mendeko azken hamarkadan, Egioletako Moises Odriozola ere nabarmendu zen Igeldoko igoeran.

Aizkolariek ere protagonismo handia izan zuten Igeldon XX. mendean. Hainbat etxetako kideak nabarmendu ziren aizkora jokoan: Lizarazu, Alkorta, Etxebeste, Garmendia, Errazkin, Escudero, Olano Olasagasti. Garai hartan apustu ugari egiten zen aizkolarien artean. Igeldok XX. mendean bizi izan zuen lehia nagusia bertako bi aizkolariren artekoa izan zen: 1982an Jose Mari Olasagasti eta Jose Etxebestek jokatu zutena. Etxebeste nagusitu zen. Harrez gero, urte askotan aritu ziren festetan elkarren aurka, lehia bizian. Handik 20 urtera, baina, 2002ko abenduan, Donostiako bulebarrean lehiatu ziren elkarrekin, erakustaldi gogoangarrian marka jarriz: Ordura arte inoiz plaza batean aizkoran botatako zutikako enborrik handiena ebaki zuten bien artean eta txanda librean (4,40 metroko gerri bueltako pagoa), ordubete, 10 minutu eta 22 segundoan.
Biak goi mailako aizkolariak izanik ere, proba mistoetan ziren artista. Etxebestek aizkoran eta korrika maila ikaragarria ematen zuen. Olasagasti, berriz, herri kiroletan onenetakoa izan zen: Munduko txapeldun 2005ean, Euskal Herriko txapeldun 6 aldiz, Gipuzkoakoa 13 bider, eta Euskal Pentatloi sariaren jabe hirutan, besteak beste. Kanpotik Igeldora bizitzera etorritako batzuek ere bazuten jokorako grina. Aipatzekoa da, esaterako, Bordan bizi izandako Santi Zubillaga ‘Naparra’k eta Migel Irazusta ‘Polipaso’k aizkoran egindako apustu xelebrea: Polipasok eseri eta altxatu gabe jokatuta irabazi zion Naparrari. Nabarmentzekoak dira, bestalde, Pedro Mari Lizarazu eta Santi Zubillagaren arteko norgehiagokak. Trinitate plazan jokatu zuten, Santik bere ezkontzarako dirua behar zuenez, adostu zuten Pedro Marik apustua galtzea. Santi baina, botikaren bat hartuta ondoezik azaldu zen plazara eta Pedro Mariri ikaragarri kostatu zitzaion apustua galtzea. Biek lehiarako zuten sua ez zen urteekin itzali; hala, 70 urtetik gora zituztela, Igeldoko plazan hiru enbor nork lehenago bota jokatu zuten 1994an.

Harri-jasotzaile lanetan Joxe Balda, Gregorio Etxeberria edota Tomas Zubeldia aritu ziren festetan, eta handik urte batzupetara beste hainbat gazte ere bai: Pedro Mari Alkorta, Iñaki Garmendia, Migel Arrillaga, Agitiko Balerdi, Jose Manuel Odriozola, Iñaki Zendoia, Jabi Etxeberria, Ganbaretxeko Juanito edota Jose Mari Olasagasti bera, Orioko Lusarbe baserriko Jose Mari Makazaga ‘Potxolo’eta saizartarrak ahaztu gabe.
Gaur egun dema-plaza dagoen tokian behiak eta oiloak ibiltzea ohikoa zen. XX. mendeko erdialdera arte belardia zegoen eta haurrak zein abereak (behiak, oiloak…) bertan larrean ibiltzen ziren. Leku horretan, baina, dema-plaza egitea erabaki zuten igeldoarrek, horren premia sentituta.
24 metro luze duen dema-plaza auzolanean egin zen, garai horretako lan gehienak bezalaxe. Lehenik eta behin, lur guztia kendu behar izan zuten goldea erabilita. Ondorengo lana, harria ekartzea izan zen. Agiti Txabaletik garraiatu zuten eta, horretarako, hainbat idi-pare behar izan zituzten, besteak beste, Eustakio Alkorta, Manuel Arruti, Jose Mari Iradi, Domingo Olasagasti eta Mutegiko Etxaberenak.
Hargin lanetan Mateo Sagardia aritu zen eta Pedro Dorronsoro izan zuen laguntzaile. Hala ere, harriak aukeratzen eta sailkatzen herritar askok jardun zuen auzolanean.
Dema-plaza inauguratzeko, jaialdi bikaina antolatu zen 1963ko abenduaren 8an. Sei idi-parek eta Pedro Mari Lizarazuren behi-pareak parte hartu zuten proban.
Hortik aurrera, idi-demak ohikoak izan ziren Igeldoko ospakizunetan, San Isidro eta San Pedroetan bereziki. Pedro Mari Lizarazuk eta Eustakio Alkortak bi apustu egin zituzten: bata, Igeldon, Alkortak irabazia 2.000 kiloko harriarekin; bestea, Usurbilen, Lizarazu gailendu zena 1.800ekoarekin. Txomin Alkorta eta Narziso Lizarazu Igeldotik kanpo ere aritu ziren beren idiekin Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritan. Horien ostean, Jose Mari Olasagastik hartu zuen lekukoa Euskal Herriko dema- plaza garrantzitsuenetan parte hartuz.

Idiez gain, etxeko beste abereen maila neurtzeko jokoak eta apustuak ere sarri samar antolatzen ziren: zaldi-demak, oilar- eta ahari-jokoak, asto karrerak eta abar. 1977ko San Pedro jaietan, ordura arte ohikoa ez zen norgehiagoka antolatu zen: 10 emakumezko 6 gizonezkoren aurka aritu ziren sokatiran. Festak girotzeko egindako saiakera hartatik sortu zen Igeldon emakumeen Gipuzkoako lehen sokatira taldea. Talde hura aitzindari izan zen, beraz; haien atzetik hainbat herritan hasi ziren emakumeen sokatira taldeak sortzen: Orion, Usurbilen, Urnietan, Itziarren...
1978ko udazkenean, Anoetako frontoian txapelketa antolatu zuten ikastolaren sorrera diruz laguntzeko. Horren ostean, Igeldon garai hartan eskolarik ez zenez, emakumeen sokatira-taldea herriz herri ibili zen sokatirako jaialdiak antolatzen, dirua biltzen Igeldoko eskola berriro martxan jartzeko.
XX. mendearen bukaeran sokatirarako grina piztu zen Igeldon gizonezkoen artean ere. Gauzak horrela, Igeldo - Auzolan sokatira-taldea sortu zen, eta hainbat urtez aritu ziren goma gaineko Euskal Herriko Sokatira txapelketan parte hartzen. Lana gogotik eginda, 2003ko abuztuan Euskadiko goma gaineko Sokatira- txapelketan brontzezko domina lortu zuten, 560 kiloko kategorian.

Aurreko mendeko 70eko urteetan Igeldok futbol taldea sortu zuen Ondarretako hondartzako txapelketan parte hartzeko. Igeldon garai hartan oso jende gutxik jokatzen zuen futbolean, baina bi urte besterik ez zuen behar izan talde lehiakorra osatu eta finalera iristeko. Gainera, 1973an Jose Migel Arruti txapelketako ‘pitxitxia’ izan zen. Hogeitik gora urtez parte hartu zuen Igeldok Ondarretako txapelketan. Zenbait urtetan, jokalari asko zegoenez, bi talde aurkeztu zituen.
Txapelketa berezia zen: igande goizez jokatzen zen, larruzko baloiarekin, neguan eta oinutsik.
Azken urteetan, Antiguako seminarioan antolaturiko areto-futboleko txapelketan ere parte hartu zuen Igeldok.
Kontxako traineru-estropada urteko kirol jarduera garrantzitsuenetakoa zen igeldoarrentzat. Estropadak ikustera ‘Monte Igeldo’ jolas parkera joateko ohitura handia zegoen, han giro berezia sortzen zen. Arraun zaletasunak arraunerako grina sortu zuen, eta Jose Manuel Martikorena izan zen Igeldok aurreko mendean eman zuen lehenbiziko arraunlaria. Geroxeago, 70eko hamarkadan, hainbat mutil igeldoar eta Igeldorekin harreman estua zuten batzuk ere arraunean ibili ziren: Juantxo Escudero, Patxi eta Jose Etxebeste, Jose Antonio Olasagasti, Joxe Orbegozo, Iñaki Garmendia, Jose Migel Arruti, Jose Antonio Martiarena, Jose Angel eta Antxon Zendoia, Jabier Kruz, Txomin Alkorta eta Arratzaingo Jose Antonio, besteak beste. Balda Berri baserriko Andres Matxain semea, berriz, aulki mugikorreko arraunean aritu zen. Nabarmentzekoa da arraunlari horietako gehienak igerian jakin gabe ontziratzen zirela.
Irudi galeria
[aldatu]-
1963ko abenduaren 8a. Dema-plaza inauguratu zeneko eguna.
-
1963ko abenduaren 8a. Migel Etxebeste Amundarain (aurrean) eta Ignazio anaia (atzean).
-
1 Martin Sorondo Oiarzabal. 2 Manuel Arruti Enbil. 3 Antonio Zendoia Garmendia.
-
Jose Mari Iradi, hiru idiko uztarriarekin.
-
1963ko abenduaren 8a. Dema-plaza, inaugurazioko sari banaketa.
-
1963ko abenduaren 8an. Dema-plaza inaugurazioa: Tomas Mitxelena eta Domingo Olasagasti.
-
Joxe eta Manuel Etxabe Arruti.
-
1963. urtea. Dema-plaza.
-
1963. urtea. Pedro Mari Lizarazu Garmendia harriari heltzen.
-
Txomin Alkorta Sarriegi.
-
Gizon proba festetan.
-
Igeldoko Dema-plazan: Jose Manuel Segurola Enbil.
-
Igeldoko Dema-plazan: Antxon Zendoia eta Jose Anjel Zendoia.
-
Igeldoko dema plazan: Jose Antonio Huegun eta Juan Jose Gabilondo.
-
Usurbilko dema plazan 2003eko San Ixidrotan: Mikel eta Anjel Altuna Etxebeste.
-
Jose Ignazio Saizar.
-
Jose Mari Makazaga.
-
1988. urtea. Ezker eskubi: Jose Mari Iraola, Jose Migel Arruti, Migel Izagirre, Juantxo Escudero, eta Ramuntxo Urruzmendi.
-
1989. urtea. 1 Xabi Huegun. 2 Jose Mari Iraola. 3 Ramuntxo Urruzmendi.
-
Gizon proba.
-
Jose Juan Ugarte ZInkunegi eta Antonio Ugarte Zinkunegi.
-
Alex Balda Azurzaren gizon probako marka-jartze saiakera.
-
Alex Balda Azurzaren gizon probako marka hausteko saiakera jarraitzen.
-
Gizon proba: 1 Iñaki Zendoia Urruzmendi. 2 Jose Garmendia Iraola. 3 Bittor Uranga Iraola.
-
1982. urtea. Gizon proba.
-
Igeldoko dema plazan ahari jokoa.
-
Ahariarekin: 1 Alfonso Artano. 2 Joakin Etxezarreta. 3 Sebastian Etxebeste.
-
Kutxateka. Kutxa Fundazioa. Argazkia 7: Pilota partidua Igeldon: 1 Jose Kruz Calonje Lizarazu.
-
Kutxateka. Kutxa Fundazioa. Argazkia 1: Pilota partidua: 1 Pedro Mari Lizarazu. 2 Jose Joakin Lizarazu. 3 Txomin Ugarte.
-
Kutxateka. Kutxa Fundazioa. Argazkia 6: Partidua hasi aurretik: 1 Jose Kruz Calonje Lizarazu.
-
1 Pedro Artano. 2 Jose Mari Goikoetxea. 3 Iñaki Goikoetxea. 4 Iñaki Etxebeste.
-
Angelusa frontoian: 1 Joxe Gabilondo. 2 Joxe Urruzmendi. 3 Josetxo Zamora. 4 Jose Mari Iraola. 5 Zelestino Urruzmendi.
-
1990eko abenduan. La Habanan (Kuba): 1 Jose Manuel Iriarte. 2 Iñaki Zubeldia. 3 Josetxo Lizarza. 4 Pako Calonge, munduko txapelduna. 5 Jokin Etxabe.
-
1966. urtea. Eibarko Astelena pilotalekuan: 1 Jose Mari Goikoetxea. 2 Jose Migel Arruti.
-
1983ko Irailaren 25ean. Eibarko Astelena frontoian, Herriarteko Pilota Txapelketako finala. Jose Mari eta Iñaki Goikoetxea anai igeldoarrak. Irabazle.
-
1 Jose Luis Irizar. 2 Abelino Del Hoyo. 3 Jose Migel Torrente. 4 Josetxo Etxaniz. 5 Jose Migel Arruti. 6 Toño. 7 Jesus Etxaniz. 8 Jose Ignazio Mendinueta. 9 Koldo Lizarralde. 10 Anjel Etxebeste.11 Jose Mari Munduate. 12 Jose Antonio Aizpurua. 13 Kakel Nebreda.
-
Igeldoko frontoian futbol sala: 1 Ignazio Añorga. 2 Josetxo Arrastua. 3 Zelestino Urruzmendi. 4 Iñaki Zendoia. 5 Josetxo Etxaniz. 6 Jesus Urruzmendi. 7 Jose Ignazio Mendinueta. 8 Jabi Etxeberria. 9 Jose Migel Torrente. 10 Joxe Urruzmendi. 11 Jesus Etxaniz.
-
Ondarretako hondartzan. Igeldoko bi taldeak.
-
Ondarretako hondartzan.
-
Ondarretako hondartzan.
-
Ondarretako hondartzan.
-
Igeldoko frontoian.
-
1980. urtea. Jose Migel Arruti, golegile nagusia.
-
Antiguako Santa Ritan.
-
Igeldoko igoera: Emakume Taldea helmugara iristen.
-
Igeldoko igoera: Korrikalarien aurka apustua.
-
Igeldoko igoera: 1 Juan Jose Olano.
-
Igeldoko igoera: Moises Odriozola Manterola.
-
Nartziso Lizarazu Garmendia.
-
Igeldoko igoera.
-
Igeldoko igoera: Idiaren aurka apustua.
-
1983. urtea. 1 Jabier Iraola Gabilondo. 2 Txantxon Zubeldia. 3 Joxe Dorronsoro.
-
Igeldoko igoera: Apustua.
-
Bernardo Odriozola Manterola.
-
Iñaki Garmendia Iraola.
-
Jose Manuel Odriozola Manterola.
-
Martin Etxeberria.
-
Jabier Etxeberria Bahamonte.
-
Migel Arrillaga Olasagasti.
-
Pedro Mari Alkorta Sarriegi.
-
Migel Arrillaga Olasagasti.
-
Neskak Sokatiran.
-
Auzolan-Igeldo sokatira taldea.
-
Anoeta-Donostia: Igeldoko sokatirako bi taldeak.
-
Joxe Lizarazu eta Anjel Altuna.
-
Herri kirolak: 1 Eneko Dorronsoro. 2 Joxe Dorronsoro. 3 Jose Mari Uranga.
-
Herri kirolak: Mikel Altuna. 2 Jabier Iraola. 3 Josetxo Lizarazu. 4 Ander Eskibel.
-
Aizkolariak.
-
Jose Etxebeste Etxabe.
-
Manuel Errazkin Balerdi.
-
Pedro Maria Lizarazu Garmendia.
-
Jose Mari Olasagasti Landa.
-
Kutxateka. Kutxa Fundazioa. Argazkia 3: Balentin Alkorta Lertxundi.
-
Luis Lizarazu Balerdi.
-
Kutxateka. Kutxa Fundazioa. Argazkia 5: Santiago Azpillaga.
-
Herri kirolak. Borda baserriaren alde.
-
Pedro Lizarazu Garmendia eta Balentin Alkorta Lertxundi.
-
1 Nartziso Lizarazu. 2 Pantxikomai Erauntzetamurgil.
-
1956/03/19. Jose Urrestarazuk Igeldon irabazi zuen eguna.
-
Igeldoko igoera bizikletan.
-
Igeldoko igoera bizikletan.
-
Igeldoko igoera bizikletan: 1 Mikel Urruzmendi. 2 Moises Odriozola. 3 Iosu Iparragirre.