Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Lizarreta

Lizarreta etxea 1923an eraiki zuten alberditarrek, baina Igeldoko jendeak Sakristauene izenarekin ezagutzen du. Alejandro eta Maria Alberdi anai-arrebak eta haien ama Pantxika Igeldoko plazako Arrillaga Enea etxean bizi ziren errentan. Pantxikaren ekimenez, etxearen jabearekin zituzten ika-miken ondorioz etxe hura utzi, eta beren etxea egitea erabaki zuten.

Dirurik ez zutenez, etxea altxatzeko lur zati bat eskatu zioten Juan Olasagastiri, garai hartan lur askoren jabea baitzen. Eta hark eman: ‘Hartu, behar adina’ izan ziren Olasagastiren hitzak. Lurra eskuratuta, diru-mailegua eskatu zuten banketxeetan; haien ezetzaren aurrean, Donostiako drogeria bateko ezagun batek utzi zien dirua, hori bai, interes altuan. Gauzak horrela, Alejandroren Usurbilgo lehengusuek musu-truk eraiki zuten gaur egun ezagutzen dugun etxea.

Garai hartan, etxeak beheko solairuan ukuilua zuen, lehenengoan etxebizitza, eta bigarrenean ganbara. 1984an etxea goitik behera hustu eta berritu egin zuten, hiru etxebizitza eraikiz eta eskailera kanpoaldera ateraz.
Ez dira etxe asko izango Igeldon ate nagusia edo sarrera etxeko lau alderdietatik izan duenik. Lizarreta etxeak ordea bai, lau puntu kardinaletatik izan du sarrera: Hasieran, ekialdetik; ondoren, ekialde eta iparraldetik; 1984tik aurrera, hegotik; eta gaur egun, mendebaldetik.
Etxea Lizarreta izendatu zuten arren, Igeldon Sakristauene izenez ezagutzen da. Izenaren jatorria asmatzea ez da zaila: Alejandro Alberdiren aita Antonino eta haren emazte Pantxika Igeldora sakristau-lanak egitera etorri ziren, hau da, eliza txukun eta garbi mantentzera. Antoninok, gainera, organoa jotzen zuen mezan. Hala ere, eginkizun horretan ez zuen asko iraun, oso gazte hil baitzen.

Horren ondoren, eliza txukun mantentzeko lanak Pantxika alargunaren eta Alejandro eta Maria seme-alaben ardurapean geratu ziren. Alejandrok, gainera, oso gaztetatik erakutsi zuen musikarako gaitasuna, zazpi urterekin Angelis jo zuen eta mezan. Hiru urte geroago, 1907an, hamar urte zituela, Igeldoko elizako organista izendatu zuten, 1971n erretiroa hartu zuen arte.
Urte haietan guztietan sakristau-lanak ere Lizarretako familiaren ardurapean geratu ziren: egunean meza bat izaten zen eta, horrez gain, bederatziurrenak, errosarioak eta bestelako elizkizunak, noiznahi. Horietan parte hartu, eta eliza garbi mantentzeaz gain, kanpaiak ere egunean hirutan jo behar zituzten: goizeko 06:00etan, eguerdiko 12:00etan eta iluntzeko 20:00etan, elizako ateak ixteko orduan.

Hori gutxi ez eta “Sakristauenen“ jaunartzeko formak edo ostiak egiten zituzten. Irina eta ura nahastu eta gero, masa plantxa berezi batzuetan egiten zituzten. Plantxatik atera ondoren, koskak kendu eta berdindu egiten zituzten elizara eraman aurretik. Alejandrok, osasun ahuleko gaztea izanik eta lan gogorrak egiteko muga handiak zituela ikusita, maisu-ikasketak egitea erabaki zuen. Ezagun batek liburuak utzi zizkion eta, bere kontura ikasita, lortu zuen irakasle izatea. Hasieran Lasarten aritu zen; ondoren, Hernanin; eta azkenik, Donostian: aurrena, Antiguan, eta gero, Zuhaiztin.

Irakasle eta Igeldoko organista 64 urtez izateaz gain, herriko txistulari eta danbolin-jole izan zen, Donostiako Udalak Igeldoko danbolin-jole izateko lanpostua esleitu baitzion 1921ean. Igandeko errosarioaren ondoren, arkupetan jotzen zuen, herritarrak dantzan jarriz. Gainera, etxean musika eskola partikularrak ematen zituen. Plazako erlojua zaintzeko ardura ere izan zuen. Hori gutxi ez eta, Orkolaga apaizaren monagilo izan zenez, Igeldoko meteorologia-zentroan lantxo batzuk egiten ere ibili zen umetatik, urteetan aritu zen behatzaile- lanetan. Borobiltzeko, ‘Alkartasuna’ baserritarren kooperatibako diruzaina ere izan zen zenbait urtez.
Borondatezko lan ugari egin zuen bere bizitzan. Igeldon inork paper ofizialik edota izapideren bat egitea behar izanez gero, Sakristauenera jo besterik ez zuen.

Herritarrek eskertu zioten egindako lana: 1971ko apirilaren 18an omenaldia egin zion Igeldoko herriak. Aurretik, Donostiako Udalak, zilarrezko domina emana zion 1967ko azaroaren 30an irakaskuntzan egindako lan eskergagatik.
Alejandro Alberdi Lizarreta eta Bittori Arrillaga Mendiguren 1925ean ezkondu eta bost seme-alaba izan zituzten: Tomasi eta Antonina ahizpa bikiak, Pepi, Alejandro eta Anjeli. Tomasi Alberdi Ramon Camararekin ezkondu eta bertan bizitzen jarri ziren zenbait urtez. Gauza bera egin zuten, Alejandro Alberdik eta Axun Irizarrek. Bikote honek bi seme- alaba izan zituen: Jose Jabier eta Jasone, eta hauek ere urte batzuk egin zituzten Lizarretan. Anjeli Alberdi Bene Aisarekin ezkondu eta bi seme izan zituzten: Jon eta Alex. Pepi Alberdi Ubaldo Radarekin ezkondu eta bi alaba izan zituzten: Lurdes eta Maite.
Iturria: Alex Aisa Alberdi
