Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Lusarbe Erdi

Wikibookstik
Lusarbe Erdi baserriaren ikuspegi orokorra.

Baserri hau Orioko lurretan dago, Igeldorekiko mugan. Makazaga eta Etxabe senar-emazteak bizi ziren baserri honetan. Sei seme-alaba izan zituzten: Joxe, Frantzisko, Inaxi, Josefa, Maria eta Juanita Makazaga Etxabe. Etxean Joxe eta Frantzisko gelditu ziren; eta bakoitza ezkondu ondoren, baserria bi zatitan banatu zuten. Inaxi, berriz, Igeldoko Juandegi Txiki baserrira ezkondu zen.

Lusarbe Erdi baserria.

Baserriaren eskuin aldean, Joxe Makazaga Etxabe eta Josefa Gozategi (Orioko Kallabarro baserrikoa) senar- emazteak bizi ziren. Bi seme-alaba izan zituzten: Maria eta Jose Ramon Makazaga Gozategi. Joxe gazterik alargundu eta berriz ezkondu zen, Juana Otamendi amezketarrarekin. Juana neskame zegoen Igeldoko Kamio baserrian. Bikote honek bost seme-alaba izan zituen: Martin, Tomasa, Antonia, Pedro Mari eta Jose Mari Makazaga Otamendi. Maria Makazaga Gozategi alaba gelditu zen baserrian eta Orexako Pedro Saizar Zabalarekin ezkondu zen. Pedro morroi ibili zen Katxina, Andu eta Euskitza baserrietan. Baserri horretan elkar ezagutu zuten Mariak eta Pedrok. Euskitza baserritik etorri ziren Lusarbe Erdira bizitzera. Zortzi seme-alaba izan zituzten: Jesus, Jose Ignazio, Maria Pilar, Arantxa, Asentsio, Jose Ramon, Pedro Jose eta Koro Saizar Makazaga.

Jose Manuel Gozategi eta Agustina Aizpurua.

Ukuiluan zortzi bat behi izaten zituzten, eta txekorrak, baita astoa, behorra, oiloak eta konejuak ere. Baratzeko lana egiten zuten, batez ere etxerako. Maria egunero jaisten zen Donostiara esnea saltzera, Iturrietako autobus-geltokira astoarekin, eta handik autobusean. Donostiako Alde Zaharrean eta Grosen ibiltzen ziren etxez etxe saltzen. Baserritik Iturrietako autobus geltokira 6 km. inguru dira. Amak joaterik ez zeukanean, seme-alabaren batek ordezkatzen zuen baserriko produktuak saltzen. Geroago, gaur egunean Ekaitz taberna dagoen tokiraino etortzen ziren; han esnezaleak hartzen zien esnea, eta azkenik Orioko Bentara joaten ziren, esnezalea haraino joaten baitzen.

Baserriko lanetarako idi-parea izaten zuten; noizbait dema saioren batean ere parte hartu zuten. Dolarea ere bazuten eta sagardoa egiten zuten etxerako, sagar dezente izaten zuten. Inguruko baserrietakoak ere etortzen ziren beren sagarra jotzera. Arroketara jaisteko ohitura handia zuten, lanpernak eta lapak biltzera batez ere. Saldu ere egiten zuten, bizimodua ateratzeko. Jose Mari Makazaga Otamendi harri-jasotzen ibili zen; Igeldoko plazan ere bai inoiz. Haren iloba Jose Ignazio Saizar Makazaga ere plaza askotan ibili izan da harri-jasotzen. Marka handi bat ere badu: bere gorputzaren pisua halako hiruko harria altxatu zuen Aiako plazan, oraindik ere inork berdindu ez duen errekorra. Familia honek Igeldorekin lotura handia izan du, festa-giroan, elizara eta abar. Igeldora askotan hurbildu izan dira.

Juana Otamendi eta Joxe Makazaga.

Gaur egun, badute ganadu pixka bat, eta semeetako bat arduratzen da aziendaz. Gainerako senideak ere noiznahi inguratzen dira baserrira.

Maria Makazaga Gozategi eta Pedro Saizar Zabala.

Baserriaren eskuin aldeko zatiaren ondoan dagoen eraikinean meza ematen zen igandero. Ermita antzeko bat da, funtzio erlijioso hori betetzen zuena. Fabian Loidi apaiza joaten zen igandero bertara meza ematera; geroago, Martzelino Errezola ere bai. Inguruko baserrietako jende asko bertaratzen zen igandero meza entzutera, aparte samarreko batzuk ere bai. Mariak igandero eltze handi batean salda prestatzen zuen mezetara etortzen zirenei emateko. Hogei bat urtez eman izan ziren mezak Lusarbe Erdi baserri ondoko kapilan. Garai hartan, baserriaren goiko bidearen aldameneko eremuan (gaur egun parkea dagoen horretan) ermita bat eraikitzeko proiektua ere izan zen, azkenean gauzatu ez zena.

Garai batean baserriaren zati batean eskola ere ematen zuten. Zestoako emakume bat zen irakaslea, Anttoni izeneko andereñoa; bertan bizi zen eta bera arduratzen zen inguruko baserrietako haurrei eskola emateaz. Anttonik ez zuen irakasle-titulurik, eta batez ere txikiekin aritzen zen. Haurrak koskortzean Orioko Aizperro baserrira joaten ziren, eta han lortzen zuten titulua. Anttoni 20 bat urtez aritu zen lan horretan.

Koro, Asentsio, Jose Ignazio, Jesus, Arantxa, Maria Pilar, Jose Ramon eta Pedro Jose Saizar Makazaga.

Baserriaren beste aldean, ezkerrekoan, Frantzisko Makazaga Etxabe eta Maria Ezeiza Otamendi (Tolosako Urkizu auzo-herrikoa) senar-emazteak jarri ziren bizitzen. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Pepita, Juanito, Joxe, Maria Anjela, Tomas, Milagros eta Santos Makazaga Ezeiza. Ukuiluan zazpi bat behi eta beste hainbeste txekor izaten zituzten. Lanerako, uztarrian behiak erabiltzen zituzten, goldatzeko eta belarra edo garoa garraiatzeko.

Baserriaren zati honen ukuilu batean, Aiako Juan Jose Lizaso artzainak ardiak izaten zituen. Bolada batez 150 bat buru izan zituen. Gazta egiten zuen eta arkume batzuk saldu ere bai.

Denborarekin, seme-alaba guztiak aldendu egin ziren baserritik, eta beste zenbait jende bizi izan da alokairuan urte batzuetan. Orain dela urte batzuk makazagatarrek saldu egin zuten baserriaren beren zatia.

Pedro Saizar Zabala.

Iturria: Maria Pilar Saizar Makazaga





Maria Makazaga Gozategi.