Edukira joan

Matematika Diskretua/Sarrera

Wikibookstik

Sarrera

[aldatu]

Esku artean duzun liburuak Matematika Diskretuari buruzko gaiak jorratzen ditu. Garrantzia dute algoritmikan, programazio logikoan, software-sistemak eta hardware-sistemak garatzeko metodo formaletan, kriptografian, eta abarretan. Horregatik, Donostiako Informatika Fakultatean bai “Informatikaren Ingeniaritzako Graduan” eta bai “Adimen Artifizialeko Graduan” ere landu egiten den alorra da. Informatikaz haratago, beste hainbat arlotan beharrezkoa den oinarrizko ezagutza matematikoa jasotzeko ere garrantzitsua da.

EHUko irakasle garen aldetik, euskarazko irakaskuntzarako testu hau landu eta argitaratu dugu, ikasleari eskola-saioetan emandako azalpenetan sakontzeko lagungarri izango zaiolakoan. Bertan, ikasleak kontzeptu teorikoak eta horiek ulertzeko adibide ugari aurkituko ditu.

Gainera, Donostiako Informatika fakultateko EHU-Wikipedia proiektuan parte hartzen dugu eta bide horri jarraituz, ikasmaterial hau Wikimedia proiektuaren baitan Wikiliburuak plataforman (https://eu.wikibooks.org/) argitaratzeko erabakia hartu dugu. Formatu digitalean argitaratu nahi izan dugu, gure ikasleek eskura izan dezaten eta Matematika Diskretua ikasteko interesa duen edonork erraz aurkitzeko moduan egon dadin. Bi formatutan jarri dugu eskuragarri: wiki formatuan eta PDF formatuan. Horrela, dinamikoagoa izan daitekeen wiki formatuarekin batera, wikiliburuak 2025ean duen bertsio zainduaren argazki finko bat bertan geratuko da.

Wikiliburu moduan argitaratzeak hainbat onura ekar ditzakeela uste dugu:

  1. Erraz aurkituko du Matematika Diskretuari buruzko interesa duenak, Web bilatzaileek eta Adimen Artifizialeko tresnek Wikipedia plataformak lehentasunez arakatzen dituztelako.
  2. Erraz egunera daiteke, kapitulu berriren bat gehituz edo daudenak aberastuz. Horrela, wikiliburua izaki bizidun bihurtzen da eta euskal komunitatearen eskutik hobekuntzak jaso ditzake etengabe.
  3. Edukia librea da, sormenezko lanak munduan zehar erraz partekatzeko CC-BY-SA nazioarteko lizentziapean argitaratua izan baita. Horrek esan nahi du, edonor aske dela materiala partekatzeko, beti ere, aitortza egokia eginez eta bertatik beste lanen bat eratortzen bada, jatorrizkoaren lizentzia berarekin banatuz.

Urtez urte, lan handia egiten da euskarazko liburugintzan bai EHUn, bai UEUn, bai Elhuyar-en, eta bai beste hainbat erakundetan ere; horien osagarri izan daiteke wikiliburuen aukera. Uste dugu bide horrek euskarazko ikasmaterialgintza dinamizatzeko aukera berriak irekitzen dituela eta bide berri hori bultzatu nahi izan dugu.

Donostia, 2025eko uztaila