Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Mugitza

Wikibookstik
Mugitza baserriaren ikuspegi orokorra.

Baserri honen lehen aipamena 1578. urtekoa da. Muguitza izenarekin azaltzen da. Inguru hartan ez zegoen beste baserririk. Baserria eta haren lurrak Ibaetako partean zeudela azaltzen da paperetan, baina Igeldoko eliz-barrutian kokatuta. 1721ean Mugitza izenarekin ageri da. Donostiako Egia auzoko Latxaga baserriko zubillagatarrek erosi zuten. Gerora, italiar jatorriko familia madrildar batek.

Bi familia bizi ziren Mugitzan, etxebizitza banatan.

Mugitza baserria.

Batean, Maria Luisa Mujika eta Beteluko Migel Estanga Saralegi senar-emazteak, beren lau alabekin: Joxepi, Lourdes, Angeles eta Ana Estanga Mujika. Migel lorezain lanetan aritu zen Donostiako udalarentzat, eta geroago, Luzuriagako lantegian. Familia hainbat urtez bizi izan zen baserrian, baina gero Antigua auzora jaitsi ziren bizitzera.

Beste etxebizitzan, Aiatik etorritako Jose Mari Beldarrain eta Mutegi baserriko Maria Etxabe Arruti senar- emazteak. Seme bat izan zuten: Juan Jose Beldarrain Etxabe. Aita kale-garbitzaile lanean aritu zen. Gazterik hil zen. Gizona hil ondoren, ama-semeak Antiguako Gurutze auzora jaitsi ziren bizitzera. Juan Jose, hasiera batean, kamioilari lanean aritu zen; gero, taxista ibili zen. Ganbaretxe baserriko Juanita Huegunekin ezkondu zen.

Bi familia horiek baserrian bertan ere egiten zuten lan: Ganadu-buru batzuk bazituzten eta baratzeko lanean ere aritzen ziren. Donostiara jaisten ziren baserriko produktuak saltzera: esnea, barazkiak, fruta..., hasiera batean, astoarekin, eta geroago autobusez.

Badira urte batzuk baserria erori zenetik; gaur egun, pareta batzuk besterik ez da gelditzen zutik. Inguruko baserritar batek, bolada batez, bertako terrenoan baratzea lantzen segitu zuen; oraindik ere ardi batzuk ikusten dira tarteka baserriaren lurretan.