Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Inguruko baserriak/Orioko Benta

Wikibookstik
Orioko Benta baserriaren irudi orokorra
Txabolalde baserriaren horma zaharra.

Itzaiz baserriko Jose Maria San Sebastian eta Lusarbeko Josefa Makazaga Etxabe senar- emazteek osatutako familia Txabolalde baserrian bizi ziren, Lusarbe baserritik Kukuarri mendira doan bide ondoan. Handik Bentara aldatu ziren. Oraingo Benta orduan Zelaitxo izenez ezagutzen zen. Hamaika seme-alaba izan zituzten: Emilio, Julian, Luis, Antonio, Pantxika, Domingo, Enkarna, Inaxi, Manuel, Jose Ignazio eta Estanis San Sebastian Makazaga. Pantxika jaioberritan hil zen. Zaharrenak Txabolalden jaioak ziren, gazteenak Bentan.

Jose Maria San Sebastian Garaiburu.

Txabolalden bizi zirela, aita abereekin mendian eta ama Donostiako azokara joana zen egun batean, etxea suak hartu zuen, han haurrak bakarrik zirela. Semeetako bat pospoloekin jolasten zebilen, etxeko mandioa belar onduz betea zela, eta belar lehorrak su hartu zuen bizi-bizi. Minutu gutxian dena kiskalita geratu zen. Gaur egun erorita dago, baina haren pareta batzuk zutik daude oraindik.

1 Jose Maria San Sebastian Garaiburu. 2 Josefa Makazaga Etxabe. 3 Mari Jose. 4 Belen San Sebastian Makazaga.

Erre zenean, Zelaitxo baserrira jo zuten. Geroago erosi egin zuten hura. Txabolalde bezala, hura ere erre egin zen, bi aldiz gainera, haietako bat tximistak jota, 1959an; orduan hormigoizkoa berreraiki zuten. Orduko Zelaitxo hura da gaur egun Benta izenez ezagutzen duguna. Benta baserriak, nahiz eta Orioko lurretan dagoen, lotura handia izan du beti Igeldorekin.

Hamaika seme-alaba haietako zortzi, mutilak ziren. Zortzi haiek denak ibili ziren itsasoan, arrantzale, zortzitik zortziak. Haietako bi: Emilio eta Antonio, itsasoan galdu ziren. Emilio ez zen sekula agertu, itsasoak gorde zuen betiko. 1947ko irailaren 15ean, 23 urterekin, lehorretik kanaberarekin arrantzan zebilela, Aisnal Txiki izeneko arrokan, Lusarbetik gertu, irrist egin, erori eta uretan galdu zen. Orioko San Antonio arrantza-ontzian zebilen itsasoan, soldaduskatik bronkioak jota gaixo etorritako mutil gaztea. Emiliok bapore hartan utzitako hutsunea bere anaia Luisek bete zuen. Arrokan behera erori zenean, berarekin batera zegoen Jose Mari Gozategi Karraballo oriotarrak gurutze bat jarri zuen bertan. Oraindik han dago, Emilio San Sebastianen oroigarri.

Emilioren gurutzea dagoen arrokatik oso gertu erori eta galdu zen Antonio ere. Urriaren 11 zen, 1953koa. Hogei urteko gaztea, anai batekin eta Lusarbeko Uria bi anaiekin, ehizara joatekoa zen. Aitak ezetz, ez joateko, ez ziela eskopetarik utziko. Erdi ezkutuan abiatu ziren, baina ez mendi aldera, arrokara jo zuten, itsasertzeko arroketara. Han, tiro egin zion uso bati, eta eroritako hegaztiaren bila zihoala, harlasta pasatzen ari zela, Iturri Berde izeneko txokoan, goroldioan irrist egin eta ur errekasto txiki hartan behera erori zen, beheraino. Arroka artean galdu zen. Lagunak jaitsi ziren haren atzetik, bila. Alferrik, ez zen agertu. Ondoreneko egunetan beste anaiak ere ibili ziren Antonioren bila. Alfer-alferrik izan zen dena. Handik zortzi egunera azaldu zen Igeldo azpiko arroketan, Aketegin. Hango gizonak topatu zuen.

Antonioren oroimenez ere bada gurutze bat, Benta Igeldorekin lotzen duen errepideko bide ertzean jarrita. ”Bentara noa, Bentatik nator, Bentan da nire gogoa…” kantatzen zuen Mikel Laboak. Kantua ederki datorkio urte askoan Bentan bizi izandako familiari, San Sebastian abizenekoei. Badute bai zer gogoan izan Benta baserriaren historiatik.

Ezker eskubi: Domingo San Sebastian, Jose Mari Irastorza, (Itxaspeko artzaia), Prasku Makazaga eta Joxe Arriola

Hasiera batean baserria besterik ez zen Benta, baina gero etxearen zati batean taberna txiki bat ireki zuten. Seme-alaba guztiak bizitzera batera edo bestera joanda, Domingo gelditu zen baserrian. Lusarbe Handi baserriko Maria Sarasua Segurolarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Pedro Jose, Maria Belen, Emilio eta Mari Jose San Sebastian Sarasua. 1969. urtean Domingo eta Mariak taberna berritu eta handitu egin zuten, seme-alaben laguntzarekin.

Baserriko ukuiluan sei bat behi eta beste hainbeste txekor izaten zituzten, zaldia, konejuak, behorra, mula eta idi pareak ere ez ziren faltan izaten. Idi-deman askotan aritu izan ziren, batez ere Igeldoko plazan. Mularekin ere dema-saioren batean aritu ziren. Domingok idi gazteak erosi eta demarako prestatzen zituen, prestatzaile ona zen eta gero saldu egiten zituen. Arroketara jaisteko ohitura ere bazuen eta maiz joaten zen lanpernetara.

Benta inguruko baserrietako haurrak.

Baratzeko lana ere egiten zuten, baina batez ere etxerako. Soberakoa saltzera Donostiara joaten ziren autobusez, Iturrietako autobus geltokiraino behorrarekin oinez joaten ziren. Esnea hasiera batean ez zuten saltzen; baina gero, esnezalearen kamioia bertaraino joaten hasita, Gurelesari saltzen hasi ziren.

Garai batean Bentara nahiz inguruko baserrietara iristeko ez zen biderik, gurdibide moduko bat besterik ez. Gerra amaitu ostean zabaldu eta egokitu zituzten hango bideak. Inguruko haurrentzako eskola hasiera batean Bentan izaten zen. Geroago, Lusarbe eta Aizperro baserrietan ere eman izan ziren eskolak.

Bentako familia

Orioko Benta baserrian denbora batez, igandero erromeria izaten zen. Trikitilariak baserriko mandioan aritzen ziren arratsaldea girotzen. Neska-mutil asko bertaratzen zen erromeriara inguruko herri eta baserrietatik. Igeldoko baserrietako hainbat bikote han sortu ziren. Inguratzen zen jendearentzat ogitartekoak eta kazuelatxoak prestatzen zituzten tabernan.

2018. urte ingurura taberna itxi egin zuten, eta gerora saldu ‘Las 12 tribus de Juda’ izeneko komunitate erlijioso bateko kideei. Haiek obra egin ondoren, zabaldu egin dute taberna-jatetxea, guztiz eraberrituta, ‘The yelow Dely’ izenarekin.

Iturria: Mari Jose Sansebastian Sarasua