Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Otondo Azpi

Wikibookstik
Otondo Azpi baserriaren ikuspegi orokorra

Donostiako toponimian azaltzen den baserrien zerrendan 1850. urtekoa da etxe honen lehen aipamena. Lehenbiziko nagusia Martina Elizegi azaltzen da, errentan bizi zena.

1 Joxe Arrillaga Sagardia. 2 Katalina Azkue Bilbao. 3 Balentin. 4 Maritxu Luisa. 5 Maria. 6 Loren. 7 Edurne. 8 Jose Mari. 9 Mateo. 10 Sabino. 11 Joakin Arrillaga Azkue.

Joxe Arrillaga, Iturrieta baserriko semea, gazte-garaian Bizkaiko Leioa herrira joan zen lanera. Han Katalina Azkue Bilbao ezagutu eta ezkondu egin ziren. Hiru seme- alaba izan zituzten, Bizkaian bizi ziren bitartean: Maria Luisa, Loren eta Maritxu Arrillaga Azkue. Bizkaitik bueltan, Igeldora etorri eta baserri honetan jarri ziren. Ondoren, beste sei seme-alaba izan zituzten: Mateo, Balentin, Edurne, Joakin, Jose Mari eta Sabino Arrillaga Azkue. Horregatik Bixkaiene ezizenez ere ezagutu izan da baserria herrian.

Etxeak zenbait atal zituen, eta gaur egungo Mendizorrotz taberna hartzen duen aldameneko eraikinarekin batera zati ezberdinetan banatua zegoen. Adibidez, garai batean, beheko tabernaren erdia etxearena zen; handik tranpatxo bat zegoen eskaileretan behera jaisteko. Beheko gela horretan gizon bat ilea mozten aritzen zen.

1953. urtean 15 pezetako errenta ordaintzen zuten urtean. San Tomas egunean jaisten ziren Donostiara ordainketa gauzatzera.

Katalina Azkue Bilbao

Seme-alabak batera eta bestera sakabanatu ziren. Maritxu bakarrik gelditu zen baserrian bizitzen.Maritxu Xerraiene baserriko Jose Mari Kruzekin ezkondu eta sei seme-alaba izan zituzten: Begoña, Jabier, Iñaki, Arantxa, Juan Luis eta Ana Kruz Arrillaga. 1956. urtean erosi zuten etxea, 34.000 pezeta ordainduta. Orduan konpondu egin zuten. Jose Mari ebanista lanetan aritzen zen. Altzariak egiten ikasi zuen eta 13 urte zituenetik 21 urtera arte aritu zen lan horretan. Felix Mendizabal eta Ignazio Izagirre ziren ebanista-tailerraren nagusiak. Bi tailer zituzten. Mendizabalek diru asko zeukan. Gerora, Antiguako seminarioan aritu zen arotz lanetan; eta ondoren bere kontura, Antigua auzoko Konportan zuen tailerrean.

Joxe Arrillaga Sagardia

Felix Mendizabalek, Jose Mariren nagusia zenak, 1929an Anberesen (Belgikan) jokatu ziren Olinpiadetan parte hartu zuen, atletismoko modalitatean; eta 100 metroko lasterketa irabazi egin zuen. Gertakari horren ondorioz, diru asko irabazi zuen.

Maritxu etxeko lanez arduratzen zen; Akelarre jatetxean ere aritu zen lanean. Herriko plazan dagoen labadero edo garbitokiaz Maritxuren ama Katalina arduratzen zen: hura txukun izan, ateak ireki eta itxi... Gerora, Maritxuk egin zuen lan hori. Etxeko gobada egitera ere bertara joaten ziren.

Gaur egun, Jose Mari eta Maritxuk segitzen dute Otondo Azpin bizitzen.