Prentsa, irratia eta telebista/Irratia/Irratia

Wikibookstik

Uhinen magia[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Irratia elektrosfera gizatiartu bat da, unibertso kaleidoskopiko bat, musikaren supermerkatua. Irratia XX. mendeak herentzian utzi zigun asmakuntza eder hori da, eta bere hastapenetik beretik belaunaldi askoren paisaia emozionala itxuratzen lagundu du.

Sarrera[aldatu]

Euskal Herrian emititzen duten irratiak.

«Irratiak denoi betetzen zigun bizitza. Gauza politen bilduma ederra zen, beti bizirik mantendu behar den zerbait, denbora igaro arren. Ez baitago gauza zoragarriagorik, zuzenagorik, zoliagorik... Horregatik, irratiaren sekretua ez da beti norberak nahi duena egitea, baizik eta egiten dena maitatzea»

(Paco Marqués –«La radio que nos parió»– 24. or. –itzulia–)

Irrati bidezko komunikazioa[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoko hamar herritarretatik sei ohiko irrati entzule omen zen, 2002an entzuleriari buruz eginiko ikerketan jasotako datuen arabera –datu hau Euskal Herri osora zabal daiteke. Hau da, egunean batez beste 104 minutuz irratia entzuten zen. Irrati bidezko produktu, programa eta eduki sorta handi eta askotarikoaz, ikerketa egin zen garaian esku eskura baikenuen hargailu finko eta eramangarrietan, automobileko sintonizadorean, telebista bidez (satelitez), ordenagailu pertsonalean Interneteko konexioaren bidez eta baita telefonia mugikorraren modelorik aurreratuenetan ere, irrati eskaintza soinu, mezu eta jenero, formatu eta estilo guztietako komunikazio eskaintzen supermerkatu erakargarri eta oparoa zen.

Ahots, melodia, soinu efektu, diskurtso eta interpretazio konbinaketa hori, hitzaren arteaz eta musika bidezko eskulangintzako girotzeaz, eguneroko bizimoduko soinu inguruaren beste elementu bat zen, XXI. mendearen hasieran, milioi bat eta erdi pasatxo euskal hiritarrentzat, Pirinioen alde banatan, eguneroko irrati entzuletzat baitzuten beren burua.

Maxwelek 1865ean energia elektromagnetikoaren teoria enuntziatu eta haren portaeraren formulak finkatu, Hertzek 1887an esperimentu bidez uhin elektromagnetikoen izatea egiaztatu, eta Marconik, 1895ean, irrati uhinen lehenbiziko generadorea eraiki zuenetik XX. mendearen amaiera aldeko DAB (Digital Audio Broadcast) emankizunetarako hargailu digital berrietaraino, milaka milioi entzulek gozatu dute irratiaz mundu zabalean, askotan emozioz beterik jasotako mezuengatik, eta oso estimu handian hartuz gainera uhinetako komunikatzaileen ahotsa aldamenean lagun eduki ahal izatea.

Kablerik gabe distantzia handitan komunikatzeko modua aurkitu izanak hankaz gora jarri zuen mundua, guzti guztia txikiago eta hurbilagoko agertu baitzen; aldi berean, XX. mendearen garapen eta gizarte ongizateari gehien eman zioten jarduera teknologiko industrial eta ekonomikoetako bat sortu zen.

Informazioa, prestakuntza eta entrenimendua[aldatu]

Informazioa, prestakuntza eta entretenimendua, hauexek ditugu irrati bidezko komunikazioaren oinarrizko hiru axiomak, betiere, bere esanguren zentzurik aberasgarrien eta elkarri lotuenean harturik; eta hiru hauek, irratiz igorritako hitzaren bidez, komunikazio mundu magiko eta elkarrekintzazko bat sortarazi zuten, maila pertsonaletik kolektiborako etengabeko iragaitzan, maila familiarretik unibertsalerakoan, eta mundu mailakotik toki mailarakoan.

Gertakizuna emozizoko hitz bihurtua[aldatu]

Harenga militarrak, deklarazio solemneak, kirol emanaldiak, hiritarren salaketak, elkartasunezko mezuak, larrialdiko abisuak, legebiltzarreko saio amaigabeak, gogoeta filosofiko ezin sakonagoak, lehiaketak eta zozketak, eztabaida politiko bero beroak, mezak, diskurtso politiko, akademiko eta sindikalak, eskelak, beldurrezko eta zientzia-fikziozko historiak, elkartasunezko karruselak, poesia errezitaldiak, insurrekzio deklarazioak, sorospen eta laguntzarako larrialdiko zerbitzuak, irrati-sail eta irrati-nobela amaigabeak, alfabetatze ikastaroak, kontzertu gogoangarriak, informazio orokorreko albistegiak, musika sustapenak, maitasun deklarazioak, burtsaren indizea, kontakizun handiak, agurrak eta eskaintza pertsonalak..., horiek guztiak irratiaren kaleidoskopioaren zati dira, hitzaren bazarraren parte, irratia dugun asmakuntza eder horretako uhin elektromagnetikoen supermerkatuko gai; eta XX. mendeak utzi zigun ondare horrek bere hastapenetik beretik lagundu du belaunaldi askoren paisaia emozionala itxuratzen.

Soinuen unibertso mugagabea[aldatu]

Askorentzat irratia izan da, eta izaten jarraituko du, beharbada bakarra ez baina bai inguratzen gaituen bizi eremu konplexuaren ñabarduretako asko bereganatzeko modurik garrantzitsuen eta eskuragarrienetako bat; osterantzean, irratiak era guztietako mugak kendu dizkio aipatu bizi eremu horri.

Irratiak esnatzen gaitu, irratiak proposatzen dizkigu eguneko informazio gaiak eta igogailuan edota bulegoan izango ditugun hizpideak, irratiak bizitza pozten digu umorearen bidetik, eta hausnarketan laguntzen digu, modako soinuak kantarazten dizkigu, gure arreta gure osasun egoerara begira jartzen du, edota, besterik gabe, gogorazten digu gure autoan egin behar dugun bidaiaren gauzarik garrantzitsuena goazen tokira iristea eta atzera bueltatzea dela.

Hedabideak eta aisi eta entretenimendurako aukerak gero eta ugariagoak diren arren, irratiak jarraitzen du bizitza askoren filma musikaz girotzen duen enkantu eta magiazko mundu hori birsortzen eta mantentzen. Izan ere irratiarena soinu atsegingarri, erakargarri, entretenigarri eta ezinbestekoa da, eta orduen joanean, eguneroko eginkizunetan eta bakardade uneetan poza eskaintzen digu.

Horrela ez beste inola uler daiteke entzuleak gizon eta emakumeei, profesionalei, hots, bere erakarpen eta pertsuasio botere osoaz irrati bidezko ahozko komunikazioari mamia ateratzen jakin duten adiskide-ahots horiei dien mirespen pertsonal eta leialtasun anonimoa.

Eguneroko soinu espazio atsegina[aldatu]

Gidatzea, irakurtzea –are ikastea ere–, paseatzea, lo kuluxka egitea –eta baita lo egitea ere–, gizakiok eguna ematen dugun ohiko eginkizun eta betebehar asko eta asko irratiaren soinuez osatu eta soinu horiekin batera garatu dira. Ildo honetatik, irratia bere hastapenetatik belaunaldi askoren soinu ingurua eraldatu zuen hedabidea izan zen XX. mendean zehar, telegrafoa, telefonoa eta pertsonen arteko komunikazioarekin lotutako beste aurrerapen teknologikoak baino urrunago helduz, inola ere; eta pertsonen espazio publiko eta pribatuen soinu eremuak urruneko ahots, kontakizun, musika eta soinu limurtzaileetarantz hedatu zituen. Hitzaren eta musikaren magia da, suge sorgintzaile bihurturiko uhin elektromagnetiko ikusezinen gaineko bidaian doana.

Emisoreak eta hargailuak[aldatu]

Etxeetan joan zen mendearen 20ko hamarkadaren erdialdean agertu ziren estreinako irrati hargailuak, elektrizitaterik gabe funtzionatzen zuten galena irratiak edo bateriak behar zituzten lanparazko irrati haiek, bospasei orduko entzunaldiak eskaintzen zituztenak, alegia. Hasiera batean berrikuntzaren entusiasta gutxi batzuen ekimenez iritsi ziren hargailuak, ezjakintasunaren garaipena aldarrikatzen zuen maiseatzaile bat edo beste ere bazelarik inguruan, baina orduko elementu nagusia gizartean berehalako eragina eta sartzeko indarra duen aurrerapen zientifiko eta teknologiko ororen inguruan izan ohi den xarma magikoa zen.

Gure inguruan instalatutako lehenbiziko irrati emisoreak Radio Club Vizcaya, EAJ-9, Radio Vizcaya, EAJ-11 eta Radio San Sebastián, EAJ-8 izan ziren, hauek guztiak 1925eko maiatza eta abendua bitartean instalatu ziren, artean hargailua zeukaten etxeak oso oso gutxi ziren garaian.

1930az geroztik hedapen prozesua modu esponentzialean hasi zen. Maiztasun modulatua eta transistorea heldu eta automobilaren industria bizkortu zelarik 50eko hamarkadaren amaiera aldean, aurre egin ahal izan zion telebistaren agerpenak eragindako krisialdiari.

Informatikaren eta telekomunikazioen bat egiteak ezinbesteko eta berehalako digitalizazioaren ateetan jarri dute irratia, XXI. mendea estreinatu berri honetan, Uhin Ertainaren eta Maiztasun Modulatuaren dialak programazio eskaintzaz beterik daudela eta ia ia etxe guztietan batez beste hiruzpalau hargailu daudela.

Dagoeneko satelite bidez igortzen duten irrati emisoreez gain –2002an Radio Euskadi eta Euskadi Irratiak Astra satelitearen bidez igortzen zuten dagoeneko Mendebaldeko Europako zati handi baterako–, irrati emisore pila handi bat hasi da lurreko teknologia digitalaz igortzen modu esperimentalean (Eureka 147 proiektu europarrak garatutako emankizun protokoloa, DAB –Digital Audio Broadcast– akronimoaz bataiatua), nahiz, beste behin, horietarako oso hargailu gutxi egonik merkatuan zenbait zoritxar igarle ere badelarik inguruan, sistemak ezarpenerako dituen benetako aukeren inguruko zalantza ere baden.

Urte gehiago beharko dira merkatua aldaketa teknologikoaren eskakizunetara molda dadin, eta irratiak behin betiko pausoa egin dezan bere emankizunen digitalizaziorantz, beraz kanal gehiago eta dialean are eskaintza ugariago eta askotarikoagoa ager dadin ahalbidetuz.

Sarearen erronka[aldatu]

Irratia nahierara kontzeptua iradoki zuen XX. mendearen amaiera aldeaz geroztik irratia sareen sarean, Interneten alegia, sartu izanak; izan ere posible da kable bidez zeharo irratiarenak diren edukiak hedatzea, multimedia mailako beste batzuekin batera. Irrati edukietara heltzeko beste aukera bat da azken batean, eta honek bat egin duelarik botere publikoek gizartea Sarean murgiltzeko argi eta garbi markatu duten ildoarekin, irratietako kudeatzaile eta programatzaileek komunikazio eduki berriak planteatu behar izan dituzte, elkartruke elektronikoarekin ohituago dauden erabiltzaile eta bezeroen merkatura begira.

Irrati bidezko komunikazio funtzional, indartsu eta askotarikoa[aldatu]

Uhin Motzetik Uhin Ertainera (UM tik UE ra) eta Maiztasun Modulatutik satelitera, DAB era (Digital Audio Broadcast) edo Internetera, irratiaren munduan izan diren aurrerapen teknologikoak, hala emisoreei nola hargailuei zuzenduak, etorkizuneko garantiaren zati nagusi bat dira gizarte komunikazio eta kohesioaren, informazio eta entretenimenduaren, prestakuntza eta zerbitzu publikoaren elementu nuklear izan den eta izaten segituko duen hedabidearentzat.

Azken batean, horiexek dira bere izateari zentzua ematen diotenak: hitzaren magia, ahozko komunikazioaren indarra, mezuak modu indibidualean interpretatzeko gaitasuna eta elkarrekintzarako aukerak, entzule guztien eskura baitaude, eguna joan eguna etorri irratiaren leihoa zabaltzen dutelarik/dugularik, ahots eta soinuzko mundu magiko horretarantz; eta sarritan horixe izaten da guretzat informazio, prestakuntza eta entretenimendu iturri lehen edo behinena. Horrelaxe izan behar du, irratian esan dute eta. Eta hala bedi, urte askoan.

Irratia Euskal Herrian[aldatu]

Euskal Herrian irratiak egin duen bidearen historia egiteko unean, hiru errealitate politiko administratibo desberdinak hartu behar dira abiapuntutzat: Iparralde eta frantziar estatuko irrati zabalkundea, Nafarroa eta bere eraketa politiko administratiboa, espazio irrati elektrikoaren erabileraren kudeaketara heltzen baita, eta Euskal Autonomia Erkidegoa, bere autonomia politikorako prozesuez eta bere hedabideen garapenera begira zertzen duen lan erabakigarriagoaz. Honek guztiak hiru garapen lerro baldintzatu eta itxuratu ditu irrati zabalkundean, beronen bilakaera historikoan eta egungo egoeran bertan, oso ezaugarri desberdinekoak elkarren artean.

Eskuarteko ikerlan honetan, inolako zalantzarik gabe azterketa eta ikerketarako eremu erakargarria izan daitekeenaren lerro nagusi eta orokorrenak jasotzen dira soilik; eta oso oso interesgarria izango litzateke, gainera, bere bizitzan zehar irrati entzule –-seguruenik bakoitzak bere irratiaren entzule– izatearen plazeraz gozatu duten pertsonen lekukotasun, bizipen eta esperientziak biltzea, kudeaketaren eta komunikazioaren profesionalenekin batera, hemen gogora ekartzen ditugun gertakizun asko eta askotan faktore aktiboak izan baitira.

Beste hainbeste esan daiteke euskarak irratian izan duen historiari buruz. Historia hori etorkizunera begira jarri zen 80ko hamarkadaz geroztik, batez ere EITB ren hedabide publikoak agertu zirenetik, baina komeniko litzateke patxadaz eta zehaztasun handiagoz aztertzea historia horren iragana, Euskal Herriko irrati zabalkundearen fenomeno orokorraren baitan, XX. mendearen bigarren hamarkadan abiatu zenetik. Eginkizun dauden lanak ditugu horiek, eta ziur asko lan hau abiapuntua besterik ez da izango ikerketa zorrotzagoak eta metodologian zein zientzian oinarrituagoak egiteko. Izan ere, lerro hauek lanean segitzeko gonbidapen bat dira.

Lehen urratsak[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Irrati-zabalkunde komertzialaren lehenbiziko emanaldi erregularrak ez ziren hogeiko hamarkadaren erdialdera arte iritsi, 1923ko irailean Madrilen Radio Ibérica lanean hasi arte, alegia. Estatuko hiriburu askotan eta, jakina, Europako hiribururik garrantzitsuenetan gertatzen ari zen moduan, Euskal Herrira ere iritsi zitzaigun Marconiren asmakuntza. Ia-ia batera iritsi zen Bilbo eta Donostiara. Hiru irrati-emisore agertu ziren 1925eko martxoa eta azaroa bitartean, Bilbon bi (Radio Club Vizcaya, EAJ-9, eta Radio Vizcaya, EAJ-11) eta Donostian bat (Radio San Sebastián, EAJ-8).

Lehenbiziko irrati emisoreak[aldatu]

Lehenbiziko irrati emankizun erregularrak Amerikako Estatu Batuetan izan ziren 1920an, ekitaldi politiko baten emanaldiaz, hautagai errepublikar baten aukeraketaz, hain justu. Han bi urte besterik igaro ez zirela irrati estazioen ugalketan booma gertatu zen, 450 emisore baino gehiago sortu zituzten-eta.

Europako lehenbiziko irrati igorgailuak 1921ean instalatu ziren. Frantzian, zehazki, irrati zabalkundeko lehenbiziko emankizunak 1921ean egin zituzten, Eiffel dorrea baliatuz horretarako, eta enpresa pribatuei instalazio eta emankizun esperimentaletarako baimendutako estreinako emakidak 1922ko ekainean izan ziren. Marconik –Fisikako Nobel Saria 1904an– errematatu zuen asmakuntzaren garapenerako lehenbiziko proba, tekniko eta esperimentala izan zena,1920ra arte. Espainian, Armadaren Centro Eléctrico y de Comunicación izenekoak eta Telegrafo Atalak 1904an egin zituzten lehenbiziko esperimentuak, irrati bidezko lehenbiziko komunikazioak finkatzearren.

Radio Ibérica[aldatu]

Baina irrati-zabalkunde komertzialaren lehenbiziko emankizun erregularrak ez ziren hogeiko hamarkadaren lehen erdialdera arte iritsi, 1923ko irailean Madrilen De la Riva anaiek Radio Ibérica sortu zutenean, alegia; hauek 500 watteko emankizun-ekipamendu bat instalatu zuten. Radio Ibéricaren emankizunak modu erregularrean mantendu ziren urte hartako udazken osoan zehar, eta irrati zabalkundeko lehen esperientzia haiek 1923ko Eguberrietan jo zuten goia, Loteriaren Zozketa eman zutenean.

EAJ 1 Radio Barcelona[aldatu]

Radio Ibéricak noizean behin igortzen jarraitzen bazuen ere, gaur egun Espainiako irrati zabalkundean Radio Barcelona-EAJ1 jotzen da emisore dekanotzat –EAJ siglek telekomunikazioen antolamendurako nazioarteko nomenklaturari dagozkio. Lehenbiziko bi hizkiak EA emisorearen herrialdearen identifikaziorako ziren, kasu honetan Espainia identifikatzeko. J hizkia irrati zabalkunde komertzialeko emisoreei zegokien. Bere emankizun erregularrak, baimen ofiziala zutenak, 1924ko azaroaren 12an hasi zituen, eta hilaren 26an dagoeneko egin zuen bere lehenbiziko kanpo-emanaldia, musika klasikoko kontzertu bat eskainiz Bartzelonako Werner aretotik. Egun haietan artean ez zegoen irrati zabalkunderako inolako araudi espezifikorik, eta komunikazio elektrikoa, irrati telegrafia, klabea eta telefonoa estatuaren monopolio gisa zeuden antolatuta, Correos y Telégrafos zeritzoten esparruari loturik juridikoki.

Euskal irratia[aldatu]

Estatuko hiriburu askotan eta, noski, Europako hiribururik garrantzitsuenetan gertatzen ari zen moduan, Euskal Herrira ere iritsi zitzaigun Marconiren asmakuntza. Ia-ia batera iritsi zen Bilbora eta Donostiara. Hiru irrati emisore agertu ziren 1925eko martxoa eta azaroa bitartean, Bilbon bi (Radio Club Vizcaya, EAJ-9, eta Radio Vizcaya, EAJ-11) eta Donostian bat (Radio San Sebastián, EAJ-8).

EAJ-8 Radio San Sebastián[aldatu]

Azken hau, Sabino Uzelaietaren ekimenez jaio zena, euskal emisoreen artean dekanotzat hartua bera, diamantezko ezteiak lanean igaro dituen bakarra delako. Sabino merkatari eta negozio gizona zen, eta Donostiako alkateorde izatera iritsi zen 1894 eta 1897 bitartean.

Behar zuen baimena 1907ko urriaren 26ko Legearen arautegi erregulatzailearen pean eman zioten; izan ere, lege horrek estatuko gobernuari ematen zion baimena, irrati telegrafia, kable eta telefono zerbitzuak antolatzeko eta garatzeko. Are gehiago, 1908ko urtarrilaren 24ko Errege Dekretuak estatuaren monopolioa ezartzen zuen hedabideen gainean, irrati zabalkunde sistemetarako monopolio erreserbari buruzko aurreikuspena eginez, garai hartan artean esperimentazio fasean baitzeuden.

Sabino Uzelaietak, lehen lehenik, Donostiako Udalera jo zuen irrati emisore bat instalatzeko behar zuen baimena eskuratzeko, baina udal erakunde gorenak ez zuen inolako interesik agertu asmakuntza berritzaile eta, hastapenetan egon arren, dagoeneko mendebaldeko mundu guztia hankaz gora jartzen ari zen hura abian jartzeko.

Udalak ezetz esan ziolarik, ekimena berak garatzea erabaki zuen, eta maiztasun bat eskatzeko izapideak egiten hasi zen. Behin betiko lizentzia 1925eko azaroaren 24an eman zioten, baina lehenago hasi zen lanean Igeldo menditik, 3 Kw ko emisore batez eta EAJ-8 Radio San Sebastián izenaz. Izan ere irrati emisorea 1925eko irailaren 29an inauguratu zuten, behar zuen baimena eman baino bi hilabete lehenago, alegia. Beste iturri batzuek diotenez, 1924ko abenduaren 14an eman zioten baimena.

Lanean bi urte osatu baino lehen, 1927ko ekainean, lizentzia hori Unión Radio-ri eman zioten. Hau enpresa-multzo bat zen –atzerritarrak gehienak– eta batzuk gainera oso oso ezagunak, esate baterako AEG Telefunken, Compañía General de Electricidad, Teléfonos Bell eta abar. Hauexek osatuko zuten gero, hogeita hamarreko hamarkadan zehar Espainian izango zen irrati-kate pribatu garrantzitsuenaren hozia, egungo SER Katearen jatorrizko sorburua. Ez ziren kazetariak izan, ezta intelektualak ere, lehenbiziko irrati estazioen instalazioen eta ustiapenen aitzindariak. Fenomeno hau askoz lotuago egon zen merkatariei eta, batez ere, hargailu-fabrikatzaileei, Unión Radio haren akziodunen multzoan ongi asko ikusten dugun moduan.

Ildo horretatik, gure inguru honetako errealitatea hainbat urte lehenago Iparramerikan eta Europa mailan orduantxe gertatzen ari zenaren isla zen. Lehenbiziko irrati emankizunak, alde batetik, izaera estatal, militar edo esperimentalekoak izan ziren baina, batez ere, merkatuak bilatzeko, entzuleria lortzeko ahalegin bat, zabalkunde eta komunikaziorako euskarri tekniko haren ondorio logikoa horixe baitzen, berritzaile eta iraultzailea izaki orduan irrati telegrafiaren eta telefoniaren puntuz puntuko komunikazioaren esparruan zegoenarekin. Irratiaren bidez distantzia handitako komunikazioa lortzen zuten, kable beharrik gabe, eta mezu bera jende askori heltzen zitzaion; beraz, mundua gero eta txikiagoa zela zirudien. Eta ez da harritzekoa fenomeno hark pertsona ekintzaileen interesa erakarri izana, esaterako, Sabino Uzelaietarena.

EAJ-9 Radio Club Vizcaya[aldatu]

Lehen esan dugun moduan, Donostia ez zen egunean egunean etxe gehiagotan sartzen ari zen asmakuntza horrekiko interesa erakutsi zuen euskal hiri bakarra izan. Bilbon, 1924an, irratizale batzuk biltzen hasi ziren, Bizkaiko hiriburuan irrati emisore bat instalatzeko asmotan. Aldi berean, Bilboko dendak irrati hargailuz betetzen hasi ziren, eta hauetan aukera eskaintzen zuten Londres eta Parisko emisore handiak entzuteko.

Radio Club Vizcaya EAJ-9ren emankizun probak 1925aren hasieran hasi ziren, eta emankizun erregularrak urte horretako martxoaren 30ean hasi ziren. Irrati emisore honi jendeak ‘Carlton Hoteleko emisorea’ esaten zion, han egon baitzen kokaturik.

Unión Radio. Eratu eta bi urtera, 1927ko abuztuan, Radio Club Vizcaya, EAJ-9 eta beste emisore batzuk, esate baterako Radio Barcelona, EAJ-1, Unión Radio Madrid, EAJ-7, Radio Sevilla, EAJ-5, eta Radio Salamanca, EAJ-22, elkarrekiko lehenbiziko transmisioak egiten hasi ziren; hala, sendotu egin zen Unión Radiok Espainiako irrati kate pribatuen artean zuen lehen tokia.

EAJ-11 Radio Vizcaya[aldatu]

Eta Bizkaiko hiriburuko irrati emisore bakarra ez zen Radio Bilbao EAJ-9 izan. Bilboko prentsak ordurako aipatzen zuen 1925eko urtarrilean emisore berri bat instalatzeko obren hasiera; Radio Vizcaya EAJ-11 izango zen, Madrilgo konpainia baten jabetzakoa.

Unión Radioren zati ziren irrati zabalkundeko estazioen elkarrekiko emankizunei dagokienez, aipatzeko modukoa da, bitxikeria argigarri gisa bada ere, 1928ko uztailaren 7an irrati emisore donostiarrak Txofreko zezen plazatik eskaini zuela Pauliko Uzkudun eta Haymann en boxeo-borrokaldi ospetsua, kateak Bartzelonan, Madrilen eta Salamancan zituzten entzuleentzat.

Lehia eta norgehiagoka[aldatu]

Euskal irratiaren hasierako perspektibak onak izan arren oso epe laburrean hiru emisore eratu eta lanean jarri zirenean –Bilbon bi baitzeuden, eta beste bat Donostian–, irrati zabalkundearen errealitatea oso urrun zegoen jarduera finkatua izatetik.

Izan ere, zailtasun teknikoak zeuden, ongi entzutea ez baitzen gauza ziurra. Bestalde, etxeetan artean hargailu gutxi zegoen, lehenbiziko gidoilari eta esatariek apenas zuten esperientziarik –entzuleak, aldiz, neurri batean dagoeneko liluratzen hasita zeuden Uhin Motzean Paris eta Londresko programak entzuten zituztela, varieté programez, lehiaketez eta kontzertu handien emanaldiez–, eta 20ko hamarkadan publizitatea ere ez zegoen artean oso garaturik. Ondorioz, merkatariek ez zituzten garbiegi ikusten hedabide berriaren ahalmenak.

Horretan, irrati emisoreen sarrerak irrati entzuleen elkarteetatik heltzen ziren, kuota bidez finantzatzen zituzten eta irrati estazioen jarduerak eta ustiapeneko kostuak. Baina hau guztia muga handia zen garapenerako, batez ere Bilbon, zeren eta bi emisore sorberrien arteko borroka oso oso gogorra baitzen. Lehiak eta aipatu ditugun zailtasun horiek guztiek programazioaren gainbehera ekarri zuten berekin, eta hurrena tokiko irrati zabalkundearen eskaintzarekin publikoaren asperdura etorri zen.

Unión Radio[aldatu]

Penintsulako geografia osoan, Unión Radio izan zen espainiar irrati zabalkundearen hasierako egoera zail hari aurre egin ahal izan zion finantza talde bakarra. Taldea 1924ko abenduaren 19an eratu zuten, Ricardo Urgoiti bide-injineruak zuzendutako proiektu teknikoaz eta bere jarduera eta programazioa Madrilgo Gran Vía tik, hau baitzen ‘Unión Radio Madrid, EAJ-7’ren egoitza nagusia, estatuko hiri guztietara zabaltzeko asmoz Alfontso XIII.a erregeak 1925eko ekainaren 17an inauguratua. Hala, hainbat emisore erosi zituen, besteak beste, Radio Barcelona, EAJ-1; Radio Sevilla, EAJ-5; Radio Cádiz eta Radio Salamanca, EAJ-22 eta abar.

Euskadik 1927an erosi zituen orduko hiru emisoreak, hau da, Radio Club Vizcaya, EAJ-9, honen lehiatzaile zuzenena zen Radio Vizcaya, EAJ-11, eta baita, lehen esan dugun moduan, Radio San Sebastián, EAJ-8 ere. Beharrezko lizentzia eta maiztasunak eskuratzeko prozesuaren ondoren, Unión Radiok erabaki zuen EAJ-11, Radio Vizcaya ixtea, eta honen pertsonal guztia Bilboko lehen emisorearen langile izatera igaro zen. Hiriburuetan jarraitutako prozesuaren oso antzekoa izan zen, esaterako, Madril, Bartzelona eta Sevillan; izan ere, aipatutako horietan bina emisore erosi zituen horietako bat berehala itxiz barne lehiarik izan ez zedin. Ondorioz, Bilbo ere emisore bakar batez geratu zen.

Programazio bakarreko kate izaera izango zuen emisore sare bat itxuratzeko prozesuan, Unión Radiok, modu orokorrean, hiru operazio handi burutu zituen. Lehena, 1925ean, katearen firma eratu bezain pronto, ordurako irrati zabalkunderako estazioak bazituzten hiri nagusienetan finkatzea izan zen; horretarako programaziorako eta instalazio teknikoen elkarrekiko erabilerarako akordioak egin zituen.

Bigarren operazioa 1927an izan zen, irrati zabalkundeko jardueran aritu ahal izateko emankizun lizentziak eta administrazio-emakidak erosiz eta eskualdatuz. Eta hirugarrena, 1929an, errentagarritasun kaxkarreneko estazioak ixtea izan zen, ordurako Unión Radio eratzen zuten eta kasuan kasuko inguruan entzun zitezkeen emisoreetan biltzearren ahalegin nagusiak.

Aldi berean, hedabidearen ezarpen eskasari aurre egiteko eta hasierako urte haietan publizitateak zuen eragin txikia kontuan harturik, finantza arazoei aurre egitearren, Unión Radiok bere Irrati Entzuleen Elkartea sortu zuen; honen kuoten bidez ordaintzen zituzten ustiapeneko kostu asko eta asko. Irrati Entzuleen Elkartea 11.000 bazkidetik gora izatera heldu zen 1928an, eta aldizkari bat ere sortu zuen, Ondas izeneko hura, hain zuzen, lotura eginkizuna betetzeko.

Erosketa, tokialdaketa, irekiera eta itxiera prozesuaren ondoren, Unión Radiok emisore sare garrantzitsua zuen 1930eko urtearen hasieran. Guztietan buru Unión Radio Madrid zen, eta ostean baziren Bartzelona, Sevilla eta Donostian kokatutako estazioak ere.

Ordurako Bilbon emisorerik ez edukitzearen arrazoia zorte txarreko kontu bat izan zen: teknikoa. Izan ere, Radio Club Vizcaya, Radio Bilbao, EAJ-9k matxura handi handi bat izan zuen, eta 1928ko apirilaren 28an bere emankizunak eten behar izan zituen. Etenaldi tekniko erabatekoa, inolaz ere, ez baitzuen sekula atzera igortzerik izan.

Hamarkada zail bat[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Bigarren Errepublika heldu zenean irratiak Espainian erabilera ideologiko eta politikoa ezagutu zuen, beste inon baino nabarmenago ziur asko. Irratiak, urte haietan, loraldi espero gabekoa izan zuen, gizarteko beste faktore batzuen artean politikariek egin zuten irratiaren erabileraren ondorioz. Esate baterako, Errepublika aldarrikatu zen une beretik Alcalá Zamorak erabili zuen hedabide berria, eta baita Sanjurjo Jeneralak ere Unión Radio irrati-emisorearen kasuan.

Irratiaren estatutu juridikoaren sorrera[aldatu]

II. Errepublika heldu zenean irratiak Espainian erabilera ideologiko eta politikoa ezagutu zuen, beste inon baino nabarmenago ziur asko. Irratiak, urte haietan, loraldi espero gabekoa izan zuen, gizarteko beste faktore batzuen artean politikariek egin zuten irratiaren erabileraren ondorioz. Esate baterako, Errepublika aldarrikatu zen une beretik Alcalá Zamorak erabili zuen, edota Sanjurjo Jeneralak berak Sevillako Unión Radio irrati emisorearen kasuan, 1932ko abuztuaren 10ean burutu zuen estatu kolpe ahaleginean.

Bigarren Errepublika eratu eta egun gutxira, 1931ko apirilaren 14an, Konstituzioa bera onartu aurretik –1931ko abenduan onartu zuten–, Gobernu berriak Komunikazio Ministerioa sortu zuen. Honen zuzendari Diego Martínez Barrio izan zen, Alderdi Erradikaleko kidea, eta honi eman zizkioten irrati zabalkundearen arloko eskumenak.

Ministerio berriak hartu zuen lehen neurrietako bat izan zen Irrati Komunikazioaren Ikuskaritzarako Batzorde Teknikoa eta Irrati Zabalkunderako Zerbitzu Nazionala antolatzen zituzten 1929ko uztailaren 26ko Errege Dekretuak baliogabetzea; horretarako, 1931ko apirilaren 25eko Dekretua eman zuen.

Komunikazio Ministerioak, 1932ko abenduaren 8an, Dekretu bat eman zuen, honen bidez Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiari ahalmena emanez partikularrei irrati zabalkunderako potentzia txikiko –200 watt gehienez ere– eta tokiko estazioak instalatzeko baimena eman ziezaien; estazio hauen estaldurazko eremuak ezin zuen 30 kilometrotik gora hartu, eta gainera emisore bakarra baimenduko zen herriko.

Dekretu honen babesean sortu ziren 1933an Radio Bilbao eta Radio Pamplona, EAJ-6, eta 1934an Radio Vitoria; hauxe dugu, Radio San Sebastián-en ondotik, Euskal Herriko irrati emisorerik zaharrena.

Handik gutxira, Tuterak ere bere tokiko emisorea izan zuen, Radio Tudela, EAJ-66, baina sortu eta berehala behin betiko itxi zuten.

Tokiko emisoreetarako administrazio mailako emakiden bide honi jarraiki, espainiar estatuan irrati zabalkunderako guztira 59 instalazio antolatu ziren, 1934aren amaierarako.

Urte horretan bertan, eztabaida politiko ugariren ondoren, Bigarren Errepublikako presidenteak ekainaren 26an berretsi zituen Irrati Zabalkunderako Lege berriaren zortzi artikuluak –1934ko uztailaren 26ko Dekretua–; honexek finkatu zituen geroko antolamendu juridikoaren oinarriak.

Dekretuaren arabera, irratia estatuak kontrolatu eta garatutako zerbitzu publikoa izango zen. Horretarako, estatuak beretzat gordetzen zuen nazio eta nazioarte mailako irrati zabalkunderako jarduera –Dekretuak berariaz lagatzen du bazterrean 1932ko ekaineko Dekretuko xedapenek araututako tokiko irrati zabalkundea–, prestazio borondate nabarmenaren eta titularitate monopolioaren arrastoa argi eta garbi markatuz.

Ondorioz, nazio mailako Irrati Zabalkunderako Zerbitzuaren estazioak estatuak berak instalatu zituen, eta urtetik urtera zabaltzeko gutxieneko estazio kopuru bat finkatu zuten, hain zuzen une hartan indarrean zeuden nazioarteko itunek espainiar estatuari emandako maiztasun kopurua osatu arte.

Alderdi teknikoetan ez zen urte haietan aldaketa garrantzitsurik izan. Irrati-jardueraren oinarrian zuzeneko emanaldiak ziren funtsa, normalean musikazkoak ziren ekitaldien transmisioarekin batera.

Gizarte ezarpenaren baldintzak[aldatu]

Radio Barcelonak Alemaniatik lehen grabagailua ekarri zuen urtea 1934 izan zen; Porpavoz etxearena zen. Grabagailu hark aukera ematen zuen soinuak 80 cm ko diametroa zuten azetatozko disko batzuetan jasotzeko.

Baina, irratiaren garapena, aurrerapen teknikoak zirenak zirela, bere gizarteratze mailaz eta ekitaldi politiko, sozial eta kultural handietako presentzia aktiboaz finkatu zen. Lorenzo Díaz ek, bere La radio en España 1923-1997[1], esaten digu 1933an guztira 153.662 hargailu kontatu zirela, hau da, ordurako biztanleriaren %6,4ak bazeukan aparatua, eta gainera, hiru urte besterik ez zen behar izan hargailu-kopurua bikoitz zedin, 1936rako jada 300.000 aparatu ziren eta.

Kopuruek argi eta garbi adierazten digute hedabidea gizarte mailan lortzen ari zen tokiaren eta garrantziaren norabidea, baina aldi berean beste egiaztapen bat eskaintzen digute, erran nahi baita artean ez zela kontsumo orokorreko, zeharo unibertsal bihurturiko produktu bat. Lehenbiziko irrati emisoreak jarri zituztenetik eta baita geroago ere, 30eko hamarkadaren hasieran, hargailu bat erosteak oso zerikusi handia zuen familien erosteko ahalmenarekin. Horregatik, oso ohikoa zen jendeak hargailuak piezaka erostea, ondoren eskuliburuetako jarraibideen ildotik aparatua muntatzen joateko.

Denda espezializatuetan eskaintzen zituzten hargailuen artean, ekoizpen sortaren maila, neurri handi batean, luxuzko artikuluen artean kokatzeko modukoa zen. Serieko fabrikazioaren kontzeptua ez zegoen hain orokortuta. Kronikek diotenez Goebbels-ek[2], Hitlerren erregimenari gizartearen laguntza ahalbidetu zion propaganda aparatuaren sortzaile handia, irratiaren botereaz ongi asko jabetuta zegoela, fabrikatzaile alemaniar guztiak behartu zituen modelo estandar bat merkaturatzera, garai hartako 35 markoko prezio merke samarrean –prezio hau une hartako hargailuek balio zutenaren azpitik zegoen nabarmen–; eta lelo batez osatu zuen bere asmoa: “hargailu bat familia bakoitzean”. Beraz, irratiaren behin betiko finkapenari sekulako bultzada eman zion.

Euskal irrati zabalkundean[aldatu]

Gure ingururik hurbilenean, hedabide berria lortzen ari zen indarraren adibidea dugu 1934ko apirilaren 24an onartu izana Agrupación Vasca de Experimentación en Radio (AVER) izenekoaren arautegia. Elkarte horretan partaide izan ziren ordurako eratutako emisoreak, teknikari eta irratizaleak, eta garapen bidean zeuden beste proiektu batzuk.

Arantzazuko mezaren emanaldia[aldatu]

Eratu eta Unión Radiori elkartutako emisoreetako bik, Radio San Sebastián eta Radio Bilbaok, urte horretan bertan ekimen bat jarri zuten abian, irratia euskal gizartean, erlijiozko elementu artean pisu handikoa zen euskal gizarte hartan lortzen ari zen ezarpen gero eta handiagoaren isla gisa: 1934ko irailaren 9an, Arantzazuko Andre Mariaren egunean, Unión Radioren mikrofonoak Arantzazuko Santutegira iritsi ziren, handik bertatik meza santua eskaintzeko Bilbo eta Donostiako bi emisoreentzat; hala jarri zen abian, hainbat gorabehera izan arren Radio San Sebastiánen kasuan 1983 arte jarraitu zuen ekitaldia. Izan ere, igandeko mezaren emankizunetan Arantzazukoa tradizio bihurtu zen.

Garai hartako kronikek diotenez, Arantzazuko Santutegiaren inguruan egun hartan “ehunka automobil” bildu zen. Eta “talde askok, eguraldi aldakorraren aldarte txarrari aurre eginez, oinez egin dute igoera. Gorteetako diputatu Manuel Irujo eta Telesforo Monzon jaunak ere iritsi dira”[3]. Radio San Sebastián eta Radio Bilbaoren bidez irratiz eskainitako estreinako meza hartan –seguruenik espainiar estatu osoan lehena izango zen–, Bilboko Santa Cecilia Schola Cantorum en zuzendari Victor Zubizarreta organo-jotzailea eta Santutegiko Frantziskotarren abesbatza aritu ziren, Aita Jose Maria Arregiren zuzendaritzapean, azken hauek. Koruak, beste batzuen artean, S. Rachmaninoff en Laudes Marianae eta Sancta María kantatu zituen, eta bere errepertorioa luzatu beharrean izan zen, Andoaingo erretoreak eskainitako sermoiaren denbora guztia bete ahal izateko. Honek bazuen bere arrazoia, hain zuzen hilabete batzuk lehenagotik gobernari errepublikarrek galarazpena ezarria ziotela diskurtsoak irratiz emateari.

Izan ere, Bigarren Errepublikako Gobernuak 1934ko otsailaren 9an agindu bat eman zuen, Komunikazio Ministerioaren bidez, berariaz debekatuz izaera edo eduki politiko eta sozialeko diskurtsoak eta propaganda espazioak igortzea. Garai hartako giro soziopolitiko nahasiaren adierazpen garbia zen, inolako zalantzarik gabe; kontu egin dezagun, handik bi urtera 36ko gerra zibila hasi zela. Sermoirik gabe izan arren, Radio San Sebastiánek 1934ko irailaren 9 hartan Arantzazutik lehen aldiz eskaini zuen meza santuaren eta koruaren kantuen emankizunak Santutegiko arduradunen oniritzia izan zuen. Kronikagileak honelaxe utzi zigun jasota, egun hartan bertan idatzitako orrian:

“Unión Radio de San Sebastián ek bere laguntza eskaini du, galanto, gaur goizeko ekitaldia irratiz eman ahal izateko, hain zuzen Arantzazu eta erlijio-musika maite dutenek gozatu ahal izan zezaten, etxetik bertatik izan arren, bazter bedeinkatu honetan eskutadaka aletutako harmonia”[4].

Urtebete beranduago, berriro ere Gipuzkoako zaindariaren festa egunean, Alipio Marín jaunak zuzentzen zuen Unión Radio San Sebastiánen mikrofonoak Andre Mariaren eguneko liturgi ekitaldien lekuko izan ziren.

Arantzazuko Santutegitik egiten ziren emankizunak, 40ko hamarkadako lehen urteetara arte, noizean behingoak izan ziren, gauza puntualak, beti beti eliz egutegiak apartekotzat seinalatutako egun eta gertakizunetara mugatuak. Radio San Sebastiánen zuzendaritzak, 40ko hamarkadaren hasieran, meza santua igandero emateko aukera eskaini zuen, eta 1943an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren partaidetza zuzenaz, hori horrela egiteko baldintza tekniko eta ekonomikoak finkatu zituzten.

Omenaldi baten emankizuna[aldatu]

Radio San Sebastiánek Arantzazuko Santutegitik lehenbiziko erlijio-emankizuna egin zuen irail hartan bertan abiatu zen Radio Vitoria, EAJ-62: adinekoei eskainitako omenaldi bat eman zuen Gasteizko Nuevo Teatro tik, egungo Principal Antzokitik alegia, bezperan, 1934ko irailaren 29an, Prudencio Maria Berastegi kaleko estudioak inauguratu ondoren. Hilabete gutxi batzuk lehenago jabe eta zuzendaria zen Francisco Hernández Peña jaunak Madrilgo Telekomunikazio Zuzendaritza Nagusiak igorritako idazkia zuen jasoa, Telegrafo Ataleko Gasteizko Zentro Probintzialeko ordezkarien buruak izenpetua, eskatutako irrati jardueraren ustiapena hasteko baimena ematen ziona.

Garai hartako prentsaren kronikek diotenez, ekimenak oso oihartzun handia izan zuen gizarte mailan, Lancero liburutegi ospetsuak egun haietan zehar prentsan jarritako bi iragarki hauek lekuko:

«Para conmemorar la inauguración de la Emisora Vitoriana ofrecemos por unos días detectores de galena a 2 pesetas. Para oír en alta voz, receptores de lámparas auriculares y piezas sueltas para la construcción de aparatos a precios baratísimos».

«Visiten la exposición de los nuevos modelos para 1935. Receptores «Pilot». Asombroso funcionamiento. El primer receptor de ondas cortas con el cuadrante iluminado de aeroplano. Fabricados en la ciudad de Pilot, los mayores edificios del mundo dedicados a su fabricación».[5]

Abiatu eta bi urtera, 1936ko irailaren 4an, Gerra Zibila hasi berritan alegia, Ingalaterran bizi zen ikasle gasteiztar batek hartze-jakinarazpen bat igorri zuen irratira, adieraziz emisorea entzun zuela hain urruneko tokietan egon arren. Seguruenik, irrati emisorea hartzeko ahaleginek zerikusi handia izango zuten Espainian azken orduetan gerra zela eta gertatzen ari zenari buruzko azken orduko albisteak jasotzeko nahiarekin. Ildo honetatik, eta Lehen Mundu Gerran sartutako beste herrialde batzuetan gertatu zen moduan, Espainian ere gerrak indarra eman zion irratiari.

Irratia, gerrarako arma[aldatu]

Gerra Zibila lehertu zenean, borrokan ari ziren alderdi biek, bai Gobernuak eta Errepublikaren aldekoek bai altxamendu militarraren protagonista eta jarraitzaileek, irratia erabili eta bultzatu zuten beren jarduerak sendotzen zituzten albiste eta kontsignei zabalkundea emateko; propaganda-arloan ere arma bikaina izan zen. Jendeak, ondorioz, arreta handia jartzen zien hargailuei eta gertatzen ari zenari buruz irratiak ematen zituen albisteei. Albisteen kolorea, dena den, entzuten zen irrati emisoreak altxamendu militarraren ondorioekiko zuen egoeraren araberakoa izango zen beti.

Afrikako Armada Errepublikaren aurka altxatu bezperan, eta 1936ko uztailaren 18ko bertako lehen orduetan zehar, Unión Radioren mikrofonoek, orduko irrati kate bakarra baitzen, Casares Quirogaren Gobernuaren “lasaitasunezko” oharrak eman zituzten, Madrilgo Barne Ministerioan instalatutako mikrofonoaren bidez.

Uztailaren 18an bertan, arratsaldeko lehen orduetan, Unión Radio San Sebastiánen mikrofonoek Euzko Alderdi Jeltzaleko diputatu Manuel Iruxo eta Jose Maria Lasartek izenpetutako ohar bat zabaldu zuten; hauek, ohar horretan, herri subiranotasunaren aukera zilegi bakartzat zutenaren, hots, Errepublikaren aldeko jarrera adierazi zuten. Gauza bera egin zuen handik egun gutxira Radio Emisora Bilbaínak, EAJ ren izenean.

Irratia, beraz, hiritarrei arlo militarreko kontuen bilakaeran garrantzitsu edo beharrezko jotzen zenaren berri emateko erabili zuten, baina baita aginduak emateko eta, batez ere, kontsignak zabaltzeko, aldekoak bereganatzeko eta, estaldura eremuak aukera emanez gero behintzat, etsaien gudarosteen morala suntsitzeko ere. Irrati zabalkundeak oso oso eginkizun garrantzitsua bete zuen gerran zehar. Ordurako erakutsia zuen bake garaian hirietako biztanle multzo handien gainean eragiteko zuen gaitasun itzela, baina orain are nabarmenago ari zen agertzen biztanleria zibilarengan eta borroka fronteetan zuen talka.

Espainiako Legebiltzarrak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estreinako Autonomia Estatutua aldarrikatu zuen, 1936ko uztailaren 18ko altxamendu militarretik oso hilabete gutxira, urte bereko urrian alegia, baina Gerra Zibilari berari lotutako gertakizunen abiada zela eta soil-soilik Bizkaian eta beste bi lurraldeetako zati batzuetan egon ahal izan zen indarrean. Estatutuak hedabide propioak edukitzeko ahalmena jasotzen bazuen ere, hain berandu onartu izanak eta gerrak ematen zituen definiziorako aukera urriek bertan behera laga zuten –gerran bertan erabilera militarrerako proiektu eta sortutako zerbitzuen kasuan izan ezik– irrati zabalkunderako zerbitzu normalizatu bat garatzeko aukera oro.

Euzkadi Irratia[aldatu]

Altxatutako militarren aldeko indarrek ordu batzuetan zehar okupatu zuten Unión Radio San Sebastiánen egoitza, 1936ko uztailaren 19an; ondoren, Fronte Popularreko indar errepublikarrek berreskuratu zutenean, gerra hasi eta lehenbiziko 10 egunetan Gipuzkoako hiriburuan halako normaltasun batez lanean jarraitu zuen hedabide bakarra izan zen. Ordutik aurrera euskal erresistentziak lehenbiziko “Radio Euzkadi – Euzkadi Irratia” eduki zuen, hasieran Gipuzkoan lanean –seguruenik Radio San Sebastián, EAJ-8ren konfiskazioaz– eta Itziarren egonaldi labur bat egin ostean, lehenik Bilbotik –Radio Bilbaok Carlton Hotelean zeuzkan estudioetatik– eta, geroago, Getxoko Galea Lurmuturretik igorriz.

Gerraren zurrunbiloa indar bizi bizikoa zenean bultzatutako irrati zabalkunderako ekimen hauen inguruan irrati zabalkunderako zerbitzua eratu zuten –honek bazuen halako ukitu ofizial bat– Euzkadiko Jaurlaritzaren Propaganda zerbitzuen estamentuen inguruan. Edonola ere, irrati zerbitzuek garatu zituzten gerrako parteak eta herritarrei zuzendutako komunikatuak zabaldu eta larrialdiko informazio eta propaganda jarduerak.

J.A. Agirreren hitzaldia[aldatu]

Lehenbiziko Euzkadi Irrati hark gerra zibilaren garaian eskainitako emankizunen artean, garrantzi berezikoak izan ziren, inondik ere, Jose Antonio Agirre lehendakariaren diskurtso eta mintzaldiak. Mintzaldi horietako bat 1936ko abenduaren 22an izan zen, Autonomia Estatutua aldarrikatu eta bi hilabete eta erdira, «Un Gobierno joven del viejo pueblo de los vascos» izenburuaren pean. Honela hasi zuen:

«A todos cuantos a través de estas ondas escuchan mi palabra, tanto aquí, en Euzkadi, como en el resto de la república y en el mundo, legue el saludo preñado de esperanzas del Presidente de un Gobierno joven, representante del viejo pueblo de los vascos».

Irrati bidezko diskurtsoa, gertakizunen logikari jarraiki eta bizitzen ari ziren gerra egoera oso gogoan zuela, euskal miliziei zuzendutako adore hitzez amaitu zuen:

«Pozik nago zuekin gudari maiteak. Jarraitu bide ortatik, jarraitu ba, zure eskuetan lagata dago Aberri maitearen itxaropena eta zoriontasuna. Euzkadi´ren izenian zubei danori mila esker. Gabon ona igaro.»[6]

Gernikako bonbardaketa[aldatu]

Agirre lehendakariak Euzkadi Irratiaren uhinetan izandako mintzaldi nabarmenenetako beste bat, apirilaren 26ko airetiko bonbardaketak pairatu zituenean Gernikan izandako genozidiotik egun gutxira uhinen bidezko salaketa egin zuenekoa izan zen; honetan mundu osoari babesa eskatu zion, Bilbon babestuta zeuden Euskal Herri osoko emakume eta haurrentzat. Gernikako bonbardaketari dagokionez, Radio Bilbaok (Radio Emisora Bilbaínak), Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren ekimenez, programa berezi bat egin zuen, eta honetan bonbardaketan bizirik ateratako batzuek, politikariek eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat kidek hartu zuten parte.

Irratia 1936ko Autonomia Estatutuan[aldatu]

Irrati emisoreak 1937ko ekainean utzi zion emankizunak emateari, Bilbo erori ostean. Autonomia Estatutua 1936ko urrian onartu zenetik, Eusko Jaurlaritzak boterea zertu ahal izan zuen denbora laburrean, eta gerrak irrati zabalkunderako zerbitzu autonomoen antolamendu normalizatua eragotzi zuen arren, euskal irrati zabalkunde zerbitzu publikoa izan zatekeenaren lerro nagusiak definitzera iritsi ziren. Horrelaxe jasota geratu zen euskal nazionalismoaren artxiboetako fondoetan, hots, Sabino Arana Fundazioaren museoaren egoitzan Artean bildutakoetan:

«Irratia gaur egun palankarik boteretsuenetako bat da gobernuen eta herrien bizitzaran. Ondorioz, baliabide honi, izaten ari den hedapen prozesuaz gure Herriaren bilakaeran eginkizunik garrantzitsuenetako bat beteko duen baliabide honi, arretarik eta ardurarik handiena eskaini behar diogu».

«Baina gure herrian, Euzkadin, are garrantzi handiagokoa da irrati bidezko zerbitzua, jaio berriak baikara, estatuaren politikari aurre egin behar baitiogu, eta nazioarte mailan ez baikaituzte ezagutzen».

Horregatik guztiagatik, irrati zabalkundeko jarduerak hiru taldetan antolatzea proposatzen zen. Talde horiek egoerak eragindako behar edo betekizunen araberakoak izango ziren:

«Ikus dezagun:

  • Lehen taldea: Soil soilik izaera belikoko jakinarazpenak, oharrak eta jarraibideak transmititzen dituzten emisoreak.
  • Bigarren taldea: Literatur eta musika programak –horrela esan dezagun– eskaintzen dituzten emisoreak, iragarkiak ere tartekatuta dutenak. Hauen bidez propaganda bizia egin daiteke: albisteak gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez emango lirateke.
  • Hirugarren taldea: Komunikazio zerbitzura bideratutako emisoreak –Telefono konferentziak Madril, Bartzelona, Valentzia eta abarrekin»

Proiektu artistiko musikala[aldatu]

Eranskin batean, 1937ko urtarrilaren 8ko data duenean, «Euzkadin dauden irrati emisoreetarako proiektu artistiko musikalaren txostena» delakoa lantzen da. Agiriaren hasieran deklarazio tinko bat ageri zaigu:

«Oso garbi dago Radio Bilbaok eta Euzkadiko lurraldean dauden bestelako irrati estazioek igortzen dituzten musika programen edukia ez datorrela bat euskal herriaren kultura eta maila artistikoak eskatzen dituen izaera, espiritua eta interesarekin». «Beraz, (...), egiazko esangura artistikoa duten arauak ezarri behar dira, literatur eta informazio arloan ere ezar daitezkeen bestelakoekin batera...»[7]

Eta horretarako, txostenaren erredaktoreak hainbat neurri proposatzen zituen, zazpi ataleko plan batean jasota; hauetan, orkestra sinfoniko baten sorrera eta ordurako bazen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin akordioak egitea proposatzetik “hirian kokatutako Banda Militarren” mikrofono aurreko emanaldi-plan bateraino iristen zen, haurrentzako musika programazio espezifikoaz gain.

Estatutuaren amaiera eta lege-araudi berria[aldatu]

Euskadiko Autonomia Estatutua berehala baliogabetzeak, Bizkaia eta Gipuzkoa probintzia traidore deklaratu izanak, erakunde politiko eta sindikal guztiak legez kanpo geratu izanak eta ezarri berria zen erregimen politikoaren izaera diktatorialak aukera oro eragotzi eta galarazi zuten ordurako irrati hargailuak bazituzten euskal etxeetara iristeko moduko irrati zabalkundeko edozein jarduera behar adinako informazio eta komunikazio askatasunez garatzeko.

Estatu mailako arautegiari dagokionez, gerra zibilaren denborak eta boterera diktadura erregimen berria heltzeak eragin zuten indarrean zeuden xedapenak erregimenaren behar politiko eta militarren mendean jartzea, eta erregimenaren behar horiek oso egoera-modu zabal batean gauzatu ziren: zentsura agertu zen, interbentzio militarren erregimena, irrati zabalkundean arauen mendean jarduteke aritzea eta abar.

Maila zehatzean, azpimarratzekoa da irrati zabalkundearen arloa erregulatzeko inolako arau materialik ez izatea. Are gehiago, indarrean mantendu zen Bigarren Errepublikaren garaian ezarritako arau multzoa, xedatutakoa erregimen berriaren interesekiko kontraesanean edo interes horien aurka egon ezean, jakina. Zirkular baten bidez,1936ko abenduaren 18ko irrati-instalazio elektriko guztiei Komunikazio Ikuskaritza Nagusiak emandako baimena exijitu zieten, baina obligazio honetatik kanpo geratu ziren bai izaera militarrekoak bai EAJ bereizgarria zutenak, hauek lehenagoko emakida bat baitzuten.

Arautegi honen babesean agertzen joan ziren Falangeren emisoreak, F.E.T. siglen pean igortzen zutenak. Irratiak jada eskuratua zuen ezarpen eta garrantzi mailaren eta erregimen berriak horretaz egiten zuen erabileraren ondorioz, etengabeko nahasketa ematen baitzen informazioaren eta propagandaren artean, irratia estaldura ideologikorako lanabesik eraginkorrena bihurtu zen.

Salamancan inauguratu zuten, 1937ko urtarrilaren 19an, Servicio Nacional de Radiodifusión haren lehenbiziko irrati-igorgailua, Radio Nacional de España (RNE) epigrafeaz. Estazio mugikorra zen, kamioien gainean instalatutako emisorea zuen, eta 20 kilowatteko potentzia, eta Francisco Francok berak inauguratu zuen. Pixkanaka pixkanaka finkatuz joango zen Radio Nacional de Españaren errealitatea, izaera publikoko eta erregimenaren zerbitzupeko kate estatal gisa.

Zentsurak eta obligazioak[aldatu]

Burgosko Radio Nacionalek gerraren amaieran, 1939ko apirilaren 1ean, iragartzen zuen kuartel nagusiko partea eman eta hilabete gutxira, 1939ko urriaren 6ko Aginduak zentsura ezarri zuen, izaera orokorraz, irrati emisore komertzial guztientzat eta, aldi berean, tokikoa, probintziala edo eskualdekoa gainditzen zituzten albisteak ematea debekatu zuen. Nazio edo nazioarte mailako albisteak zituzten informazio programen debekuarekin batera Madrilgo Radio Nacionalaren albistegiekin konektatu beharra etorri zen, eta informazioaren monopolio hau 1977ko urriaren 25era arte mantendu zen indarrean.

Gerra zibila amaitu ondoren, estatuko geografiako emisoreen panoraman funtzionatzen ari ziren irrati estazioak ehun eskas izango ziren. Gehienak pribatuak ziren, komertzialak, EAJ adierazgarriaz igortzen zutenak; Uhin Motza eta tokiko eremua erabiltzen zuten hogei bat emisore ere baziren, FET adierazgarriaz, erregimenak Falange y de las JONS i emandakoak, oso izaera ideologiko propagandistiko agerikoak. Gainera, Radio Nacional de Españaren lehenbiziko bost irrati emisoreak zeuden, Madril, Huelva, Bartzelona, A Coruña eta Malagan hain justu, sorberriak.

Gure herrialdean[aldatu]

Euskal Herriari dagokionez, Gerra Zibilaren urteetan eta hurrengoetan, diktadura dagoeneko boterean finkatuta zegoela, oso aldaketa gutxi izan ziren, edo batere ez, estatuaren administrazio emakiden mendean zegoen irrati zabalkunderako jardueraren panoraman; aldaketa bakarrak arau eta ezarpenen arloan etorri ziren, aurretik zeuden irrati emisoreen programazio ildoak baldintzatu baitzituzten.

Gaiberakoan, lanean jarraitu zuten Gerra Zibila hasi aurretik sortutako irrati estazioek. Hiriburu bakoitzak berea zuen: Radio San Sebastián (1925), EAJ-8, Primo de Riveraren diktaduran zehar Unión Radio kateak, estatuan zegoen kate bakarrak, eskuratua; EAJ-28, Radio Emisora Bilbaína, gero Radio Bilbao izango zena, 1933ko urriaren 31n inauguratua; EAJ-62, Radio Vitoria, 1934an Francisco Hernández Peñak sortua; eta EAJ-6, Radio Navarra, 1933ko maiatzean inauguratutako emisorea.

Bigarren Errepublikaren (1931 1936) garai berean Europako beste herrialde batzuetan zeuden hedabideetarako sistema demokratikoen antzekoak aplikatzeko ahalegin bat izan zen moduan, frankismoak sistema autoritarioa ezarri zuen, eta horretan hedabideen eginkizuna erregimenaren ideologiaren transmisio-lana zertzea zen, alderdi desberdinetan. «Testuinguru horretan –dio Santiago de Pablo historialariak Radio Euskadi La voz de la libertad liburuan argitaratutako artikuluan–, oso logikoa zen pentsatzea Espainiak, politika erregimen diktatoriala zuela, irratiaren monopolio publikoa ezarriko zuela. Alabaina ez zen horrela gertatu, eta paradoxikoki Espainia frankistak irrati zabalkunderako zuen lege-erregimena, enpresa mailan, garai hartako beste herrialde demokratiko batzuetan, hala Frantzian nola Britainia Handian, zegoena baino liberalagoa zen». Honen eraginez, irrati zabalkunderako erregimen misto batek indarra hartu zuen, emisore publiko eta pribatuak zeudela.

Oharrak[aldatu]
  1. Díaz, Lorenzo. «La Radio en España. 1923-1977». Alianza Editorial (Madril, 1997) 134. or.
  2. Joseph Paul Goebbels, 1933 eta 1945 bitartean, Informazio eta Propaganda ministroa izan zen Hitlerren gobernuan
  3. ARANZAZU aldizkaria, 1934ko iraila. 285. or.
  4. ARANZAZU aldizkaria. 1934ko iraila. 285. or.
  5. Gasteiz Irratia. Radio Vitoria: 50 años en las ondas (Gasteiz, 1984).
  6. Euskadiko Gobernuaren Propaganda atalak argitaratua. Sabino Arana Fundazioaren Artxibo eta Dokumentazio Fondoak. Artea.
  7. Sabino Arana Fundazioaren Artxibo eta Dokumentazio Fondoak. Artea.

Diktadura eta erbestea[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Erregimen frankista saiatzen zen atzerritik egindako emankizunak indargabetzen. Europan, gaztelaniazko zerbitzuak igortzen zituzten irrati-emisoreen artean aipagarrienak BBC eta Radio París ziren. Radio Euzkadi-La Voz de la Resistencia Vasca 1946ko abenduaren 21ean hasi zen lanean. Venezuelako oihanean sortu zen atzera, 1965ean, «Radio Euzkadi, La voz de la Resistencia Vasca-Euzkadi Irratia, Eusko Erresistentziako Gudarien deia».

Irratia, jabari eta askatasunerako lanabes[aldatu]

Erregimen diktatorialaren egiturak itxuratzeko eta finkatzeko prozesu politiko-administratiboetan, irrati zerbitzuen antolaketarako jarduerei dagokienez, aipatzeko modukoa da, inondik ere, 1941eko urriaren 10eko Dekretua, 1939az geroztik Barne Ministerioaren eskutan egondako irrati zabalkundearen arloko eskumenak Delegación Nacional de Radiodifusión sorberriari eskualdatu zizkiona; aipatu ordezkaritza hau, bere aldetik Herri Hezkuntzako Idazkariordetza izenekoan txertatuta zegoen.

Irrati zabalkunderako Espainiako sarea[aldatu]

Emandako eskumenek irrati-zabalkundearen alderdi politiko, juridiko, tekniko, ekonomiko eta administratibo guztiak hartzen zituzten. Hau da, instalaziorako emakidak ematea, ikuskaritza, hargailuetarako lizentziak ematea, emankizun orokorren zentsura eta irrati bidezko publizitatearena, zehapenak ezartzeko boterea eta, azkenean, integrazioa eta zuzeneko ustiapena edota horretarako bereziki sortutako erakundeen bidezkoa, hauek guztiak 1942an sortutako Red Española de Radiodifusión haren pean geratutako baliabideak izan ziren.

Pixkanaka Radio Nacional de España espainiar lurralde osoan finkatuz joan zen, eta 1945ean Uhin Motzean igortzen hasi zen Latinoamerikarako; aldi berean, Francoren erregimena ahalegintzen ari zen atzerritik egiten ziren erregimenaren aurkako emankizunak indargabetzen.

BBC, Radio Moscu, Radio Pirenaica[aldatu]

Gaztelaniazko zerbitzuak igortzen zituzten Europako irrati emankizunen arten azpimarragarrienak BBCren emankizunak ziren. Honen uhinetan Bigarren Mundu Gerra osoan zehar entzun ahal izan ziren Aita Olasoren –Pedro Alberto Onaindiaren ezizena zen– irrati bidezko hizketaldiak.

Espainiar erbesteratuen arreta bereganatu eta Francoren erregimenari kezka bat baino gehiago eragin zioten saioetako beste batzuk Radio Moscú renak izan ziren, gaztelaniazko bertsioa bai baitzuten, eta, halaber, Radio España Independientearenak (“Radio Pirenaica”), Dolores Ibarruri komunistaren zuzendaritzapean lehenik Moskutik eta ondoren Bukarestik igorri baitzuen, 1955ean.

Hiru irrati igorgailu horiek 1941ean hasi ziren emankizunetan, hain justu, Francoren gobernuak Servicio de Interferencia Radiada zerbitzua sortzea erabaki zuenean; zerbitzu horren eginkizuna atzerriko irrati igorgailuetatik egiten ziren aipatu beste horien emankizunak aurkitzea eta indargabetzea zen, erregimenaren aurkakoak zirelako.

Radio París[aldatu]

Urte batzuk geroago, 1946tik aurrera, Radio Parísen emankizunak ere nabarmendu ziren. Horien zuzendariak Espainiatik erbesteratuak ziren, eta 23:30 eta 24:00 bitartean izaten ziren emankizunak.

Radio Parísen kanpo zerbitzuek eskaintzen zituzten informazio zerbitzu haien esparruan, 1946ko apirilaren 20a bezalako egun seinalatuetan, Aberri Egunaren bezpera baitzen, euskal erresistentziarekin lotutako albisteez eta euskal musika-emanaldiez gain, hainbat diskurtso ere entzun ahal izan zen, Telesforo Monzonena edo Jose Antonio Agirre lehendakariarena, besteak beste. Europako irrati zabalkundeak gaztelaniazko programazioan zuen kanpo zerbitzuen artean, indar berezia izan zuten uhinen munduan Alberto Onaindia apaiz markinarraren (Markina, 1902–Donibane Lohitzune, 1988) Dr. Olaso apaiza balitz bezala agertzen zen haren emankizunek, esaterako, euskal eta espainiar iritzi publikoaren hainbat sektoretan izan zuten eraginagatik, irratiko profesionalen, kulturako jendearen eta ordezkari politikoen artean lortutako ospeagatik eta, ondorioz, Francoren erregimeneko propagandistei sortarazi zieten kezkagatik.

BBCko irratiko jarduera utzi ondoren, haren gaztelaniazko kanpo zerbitzuetan “James Masterton” ezinenaz aritu baitzen, 1946an bere komunikazio bokazioari eta erregimen diktatorialaren aurkako erresistentziari zerbitzua emateari heldu zion atzera, astean bitan eskaintzen zituen solasaldiez, larunbat eta astelehenetan izaten baitziren; emankizun haiei inolako etenik gabe eutsi zitzaien 1946ko udazkenetik 1957ko urriaren 21era arte.

Dr. Olasok bere irrati bidezko hizketaldietan bidegabekeriak etengabeki salatzeak eta giza askatasunaren defentsan jarduteak eragin zuten Francoren erregimenaren presio diplomatikoek hainbat ondorio izatea, eta azkenean haren ahotsa betiko isildu zen frantziar irrati hedapen publikoaren gaztelaniazko zerbitzuetan.

Noizbehinkako emankizunetatik programazio zerbitzu egonkorrago bat sortzera igarotzea izan zen hurrengo pausoa, eta Eusko Jaurlaritzaren kontrolpean, besteak beste, Telesforo Monzon, Javier Landaburu eta Jose Antonio Durañona arduratu ziren Radio Parísetik zerbitzu hori antenara eramateaz, Euskal Irrati Ixilla izen espezifikoaz.

Erbesteko Eusko Jaurlaritzari lotutako irrati bidezko informazio zerbitzu hauen esparruan azpimarratzekoak dira Jesus Insausti “Uzturrek” Radio Parísentzat eginiko gidoi eta errealizazioak. Paris’tik Euskalerrir”, Paris’tik Mundu Zabalera eta Actualidad Vasca Jesus Insausti “Uzturrek” Radio Parísen Espainia eta Latinoamerikarako kanpo zerbitzuetan 1960 eta 1964 bitartean antenan jarritako irrati programak izan ziren.

Baina 40ko hamarkadako lehen urteetan Radio Parísen abian jarritako emankizunen benetako bultzatzailea lehenbiziko Eusko Jaurlaritzaren Defentsa Idazkari izandako Joseba Rezola izan zen (EAJ PNV– Ordizia, 1900 – Donibane Lohitzune, 1971). Hasieran Burgosen heriotza zigorra ezarri ziotela, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren sotoetatik mamitu zuen erresistentziarentzako igorgailu bat sortzeko ideia eta, aske geratu zenean, bera izan zen proiektuaren kudeatzaile eta bultzatzaile nagusia.

«Eusko Erresistentziako gudarien deia»[aldatu]

Horrelaxe sortu zen, Euskal Irrati Ixilla Radio Parísen emankizunen ildotik, Euzkadi Irratia, Eusko Erresistentziako Gudarien deia proiektua. Agirre lehendakariaren eta Frantziako gobernuan buru eta Kanpo Gaietako Ministro zen Georges Bidault en arteko harreman onek ahalbidetu zuten euskal erresistentziak frantziar gobernuaren oniritzia edukitzea, bere lurraldean legez kanpoko irrati-igorlailu bat instalatzeko, emakizunak euskal lurraldeetan barrena hedatzeko asmo garbiaz inondik ere.

Joseba Rezolaren eskariz Estatu Batuetan erosi zuten beharrezko ekipamendu teknikoa, eta Mugerrera, Baionatik hurbil, eraman zuten ondoren. Konfiantzazko jendea lan teknikoetan eta esatari gisa trebatzeko beharrezko prestakuntza ikastaroak egin ostean, 1946ko abenduaren hasieran egin zituzten emankizunerako estreinako proba teknikoak, hain zuzen beren mezuak entzuleria-multzo nagusiari, hots, funtsean Pirinioen hegoaldeko euskal erresistentziari modurik egokienean iristeko bereizmenik onena eskaintzen zuen Uhin Motzeko maiztasuna aukeratzearren. Bigarren lantalde bat Donibane Lohitzuneko Villa Bresies en kokatu zutelarik, Euzkadi Irratia, Eusko Erresistentziako Gudarien deia 1946ko abenduaren 21ean hasi zen igortzen. Proiektuari sostengua ematen zion Erresistentzia Batzordeak eta kudeatzaile zuzenena zen Joseba Rezolak hirutan definitu zituzten irrati emankizunen helburuak. Euzkadi Irratiak Erresistentziaren organo bat izan behar zuen, euskaldun guztientzako lotune eta indargune frankismoaren kontrako borrokan, euskal kultura eta, batez ere, euskara sustatzeko lanabes eta, gainera, totalitarismo komunistaren aurka ere borrokatu behar zuen; hala, SESBetik igortzen zuten irrati komunisten sarearekin lehian ari zen irrati-igorgailu klandestino bakarra zen.

Interferentzi gerra[aldatu]

Asko eta asko izan ziren igorgailuak 1946tik 1954 arte aurre egin behar izan zien zailtasun tekniko, ekonomiko eta politikoak. Zailtasun teknikoak, alde batetik, emankizun puntuaren eta estaldura eremuaren artean hain tarte txikiak izatean Uhin Motzak hedapenerako behar dituen ezaugarri eta eskakizunetatik etorri ziren.

Baina, bestetik, Francoren gobernuak 1941ean sortutako Servicio de Interferencia Radiadak barnealdetik egiten zituen interferentziak zeuden. Interferentzia hauetako batzuk Donostiako Andia kaleko Telegrafoen eraikinetik zetozen. Interferentziek sortutako igortzeko zailtasunak handiak izaki, Euzkadi Irratiaren arduradunek erabaki zuten pairatzaile huts izateari laga eta beraiek interferentziak sortzera igarotzea Euskadin diktadorearen oniritziaz lanean ari ziren irrati igorgailuei zuzendurik. Hala, 1948ko uztailaren 18an Radio San Sebastianen emankizunak interferentziak egitea lortu zuten, eguerdiko hamabietan, Arantzazuko Santutegian ospatutako meza nagusiaren emanaldia amaitu ondoren. Egun horretatik aurrera interferentzia ekintzak errepikatuz joan ziren, sarri samar, eta aipatzeko modukoak dira frankismoak antolatutako “hauteskundeak” zirela-eta 1948ko azaroan eginikoak.

Zailtasun ekonomikoak[aldatu]

Maila ekonomikoan, berriz, Euzkadi Irratiaren finantzaketa-zailtasunek zerikusia izan zuten egoitza aldatu beharrarekin, Mugerretik Donibane Lohitzuneko Villa Briseis era aldatu baitzen 1949an; hauez gain, ezinbesteko kostuak zeuden, berriro material teknikoa jarri beharra eta mantentze, erredakzio, lokuzio eta administrazio lanetan ari ziren langileenak. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak berak diru kontuetan zuen egoera kaxkarraren eraginez, 1947aren erdialdean Jose Maria Lasartek, Eusko Jaurlaritzaren Gobernazioko sailburuak, Joseba Rezolari idatzi zion, azpimarratuz Radio Euzkadirekiko interesa berpiztu beharra zegoela, nahikoa barrena jota baitzegoen seinalea hartzeko etengabeko zailtasunengatik; izan ere, lortutako emaitzek oso zerikusi txikia zuten eskatzen zuten giza zein diruzko baliabideekin.

Baina, zailtasunak metatzen ari zirelarik, baziren aldeko faktore batzuk ere, hala nola emankizun batzuek lortutako arrakasta, beste irrati igorgailu batzuen gainean zertutako interferentzien eraginkortasuna, eta Francoren gobernuaren kezka erreakzioak eta jazarpena bera; beraz, Euzkadi Irratia, Eusko Erresistentziako Gudarien deia-k jarraitu zuen horrelako proiektu garrantzitsu batek behar zituen borrokarako eta zailtasunak gainditzeko espirituari eusten.

Presio diplomatikoak[aldatu]

Horregatik, azpimarratzekoa da Francoren gobernuak etengabeki Frantziako gobernuaren aurrean egin zuen presio politiko eta diplomatikoa, Euzkadi Irratiaren jarduerak geraraz eta galaraz zitzan; presio horren osagarri gisa, barnean bizi ziren irrati igorgailuaren laguntzaileek jazarpena eta atxiloketak pairatu zituzten.

Frantziako gobernuari Euzkadi Irratia itxi zezan eginiko presio politikoak areagotu egin ziren 1949az geroztik, igorgailua Mugerretik Ziburura aldatu zen urtean, alegia. Espainiako gobernuak igorgailua ixtea eskatuz Frantziako gobernuaren aurrean izapidetutako komunikazio diplomatiko eta txosten teknikoak ugari izan arren, Jose Antonio Agirre lehendakariaren beraren zuzeneko gestioek ahalbidetu zuten Bidault jaunak, Segurtasuneko zuzendari nagusiak alegia, 1949ko urriaren 23an baimena ematea, idatziz, Euzkadi Irratiak emankizunak Ziburutik egiteko.

Barneko zailtasunen eta kanpoko presioen aurkako etengabeko borroka-egoera hau 1954ko abuztura arte luzatu zen; orduan, Kanpo Arazoetako ministro Mendés France eta Barne Arazoetako ministro François Miterrand zirela, frantziar gobernuak Euzkadi Irratiaren behin betiko ixtea agindu zuen. Orduan ez ziren ezertarako izan François Mauriac poeta eta kazetariak irratia ixtea eragozteko egin zituen gestioak, ezta Agirre lehendakariak emankizunak atzera abiarazteko eginiko ahaleginak ere.

Venezuelako oihanetik[aldatu]

Joseba Rezolak, Euzkadi Irratiaren erbesteko lehen aldi honen bultzatzailea izaki, ez zuen proiektua utzi harik eta, EGIko gazte belaunaldi berri baten eskutik, irratia berpiztu zen arte Amerikako lurretan, Venezuelako oihan tropikalaren bihotzean, Caracastik 50 km-ra.

Lehenbiziko emankizunak 1965eko uztailaren 10ean egin zituzten. Igorketa eta irismenari buruzko lehenbiziko kalkulu teknikoek Mendebaldeko Europa osora ongi iristeko aukera jasotzen bazuten ere, bidean topatutako zailtasunak asko eta asko izan ziren.

Joseba Rezolak berak defendatzen zuen moduan, hiru ziren euskaraz eta gaztelaniaz 1965ean Venezuelako oihanean berpiztutako Radio Euzkadi, La Voz de la Resistencia Vasca – Euzkadi Irratia, Eusko Erresistentziarako Gudarien deia irratiaren programazioari eutsi behar zioten zutabeak: Demokrazia, Erresistentzia eta Eusko Jaurlaritza. Eginkizun hori xede, Euzko Gudariak Gera ren oinarrizko notak eta orduko lehendakari Leizaolaren mezua emanez, Euzkadi Irratiaren inaugurazioko emankizuna 1965eko irailaren 15ean izan zen.

Euskal erresistentziari frankismoaren aurkako borrokan zerbitzua eskaintzeko borondate ezin sendoagoaz, eta antolamendu egonkor eta iraunkorraz, erresistentzia horretatik gai baitzen zailtasun tekniko, ekonomiko eta politiko guztiei aurre egiteko, Euzkadi Irratiak bizirik eutsi zion itxaropenaren suari, abertzaletasunaren ideien aldeko eta frankismoaren aurkako borrokan, Franco 1975ean hil eta gero ere.

Venezuelako oihaneko emankizunak 1977an eten ziren betiko. Apirilaren 30ean izan zen. Jose Antonio Agirre lehendakariak, gerra zibilaren zurrunbiloan, Bilbon Euzkadi Irratiaren uhinen bidez Gernikako sarraskia eta genozidioa salatu eta berrogei urtera, hain justu.

Euskararen errebindikazioa[aldatu]

Euskal irrati zabalkundean 40ko hamarkadan zehar izandako beste gertakizun aipagarri bat Arantzazuko Santutegiaren inguruan izan zen, meza santuaren igandeko emanaldia Unión Radio San Sebastiánen entzuleentzat hasi zenean; Radio Bilbaoren entzuleentzat, berriz, San Bizente elizako meza ematen zuten. Radio San Sebastián 1946ko uztailean hasi zen emankizun horiekin, Donostian Gipuzkoako Batzar Eukaristikoa ospatu eta hilabetera. Zenbaitek emanaldi biak alderatu zituen. Jesus Dacusak Bizkaitik, Getxotik hain justu, bere lehentasunak argi eta garbi azaldu zituen, Arantzazuko Frantziskotarren Komunitatearen Agiritegi Historikoan gordeta dagoen gutun honen testuan ongi ikusten den moduan:

“Lerro hauen helburu nagusia (...) nire zorionik beroena ematea da, igande eta jaiegunetako meza nagusian bikain kantatzen duzue eta; izan ere, irratiz entzuten ditut mezak. Beheraxeago Bilbao entzuten da, San Bizenteko meza, baina sekulako aldea dago gauza guztietan, ahotsetan, harmonian, gustuan eta zuek daukazuen bestelako guztian. Gainera, ebanjelioa hain ondo eta hain modu praktikoak predikatzen digun Aita ere zoriondu behar dut.”[1]

Gainera, Radio San Sebastiánek Arantzazuko Santutegitik egiten zituen erlijio-emanaldien inguruan, 40ko hamarkadaren amaiera aldean gutun bidezko eztabaida bat egon zen, eta nahiz garai hartako hedabideetan islarik izan ez, eliza barruan eragin zuen kezkarik. Ia ia latin hutsean egiten zen meza haietan, egiazko komunikazio ekintza bakarra meza emaileen prediku edo sermoiak ziren, eta meza irratiz ematekoa zela eta, beti beti gaztelaniaz egiten zituzten. Font Andreu gotzain katalana donostiar bikariotzara heldu orduko, bere bulegoan honako idazki hau jaso zuen, Tolosako fededun batek igorria:

«Asko eta asko dira bere gaixotasuna, adina edo elbarritasuna dela eta, eta dagokien elizatik oso urrun daudela eta, erlijio urtearen garai honetan praktikatzen den gogo jardunetara joaterik ez duten erlijio-sineste sendoko pertsonak. Horixe da, esate baterako, nire ama gaixoaren kasua, bizitza osoan zehar erlijio-praktika sendo eta sarrikoa izan duelarik, orain ezinezkoa zaio etxetik irtetea, dagoeneko laurogeita hamar urte baditu-eta.

Pertsona horietako batzuentzat ez dago, neurri batean, arazorik irratiari esker. Ez dakizu ondo nolako pena ematen didan, bere desirarik onenaz irratira hurbildu... eta entzuten duena ulertzen ez duenean. Zenbat aldiz entzuten ote diot esaten, tristeziaz beterik, euskaraz noski: zein penagarria den niretzat eta beste askorentzat iespirituzko kontsolamendurik batere ez edukitzea, hain zuzen gehien behar dugunean, nire azken egunetan nagoenean... eta inork ez du hartzen gogoan gugana jotzea, dena gaztelaniaz egiten dute eta. Esaten didazue sermoiak ederrak eta jardunaldietako hitzaldiak interesgarriak direla...baina ez ditut ulertzen, ez dira guretzat. Ez dago urteen eta sufrimenduen pisua arindu dezakeen ezer. Zergatik ez da Eliza gurekin gogoratzen?».[2]

Prelatuaren erantzunak elebiduntasunaren praktikaranzko ateak zabaldu zituen, halako oreka batez, euskara erabiltzeko aukera emanez igande goizetan irratiz eskainitako mezatan:

“A. Zaindari estimatua: Duela egun batzuk emakume batek bisita egin zidan, eta eskatu ea zerbait egin nezakeen Arantzazutik igandeetan irratiz ematen duten meza eta sermoia euskaraz eta gaztelaniaz izan daitezen. Bere desiraren alde argudiatu zuen adineko pertsona asko daudela, gaztelaniaz ez dakitenak eta baserrietan bizi direnak, gaixorik daudelako edo oso urtetsuak direlako parrokiara joaterik ez dutenak eta, beraz, Jainkoaren hitza entzutearen kontsolamendua ez dutenak.

Zuen iritzira jartzen dut eskari hau, nire aldetik adieraziz oso arrazoizko eta egingarri ikusten dudala, gaztelaniazko emanaldia ere mantenduz gero.

Agurtzen eta bedeinkatzen zaitu Jaimek, gotzainak».[3]

Radio San Sebastiánek, ordutegi aldaketa batzuekin eta zuzeneko emanaldien eta grabaziorako aukeren eskakizunekin lotutako beste zenbaitekin, igandeko meza emanaldiak mantendu zituen, baita emisorea SER, Sociedad Española de Radiodifusión Katearena izatera igaro eta gero ere; aipatu kate horrek aldatu egin zuen 1927az geroztik Espainiako lehenbiziko irrati-kate pribatua izan zen eta Bilbon eta Donostian irrati elkartuak zituen Unión Radio haren izena. Eta urte batzuk gero Gasteizen txanda izan zen, Radio Vitoria SER Katearen programazio diziplinaren mendean geratu zenean, eta akordioak 1985 arte iraun zuen, hain zuzen EITB Irrati Taldea sortu eta Eusko Jaurlaritzak ordura arte Gasteizko Aurrezki Kutxaren jabetzakoa izandako Radio Vitoria erosi zuen arte.

Oharrak[aldatu]

  1. Arantzazuko Agiritegia. Korrespondentzia, VI. liburua, 126. agiria.
  2. Arantzazuko Santutegiko Agiritegia. 5. arm., 37. karp. 10. agiria.
  3. Arantzazuko Santutegiko Agiritegia, eskutitza, 5. arm. 37. karp. 9. agiria.

Errealitate berrietara zabaltzea. 50 eta 60ko hamarkadak[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Irratiak espazio berriak bereganatu zituen, espazio fisiko berriak, eta beraz baita gizarte presentzia ere. Hala, toki guztietara laguntzen zigun adiskide zintzo hori izan zen, inguratzen gaituen airean gurekin bizi den atze-soinu hori, musikazko girotze hori azken batean. Euskal irrati-espektro elektrikoan irrati-igorgailu batzuk hasita zeuden euskara erabiltzen 50eko hamarkadako programazioan, nahiz oso modu apalean izan.

Baldintza tekniko, sozial eta politiko berriak[aldatu]

Francoren gobernuak, 1951ko uztailaren 19ko lege dekretuaren bidez, Informazio eta Turismo Ministerioa sortu zuen, eta bertan kokatu zuen Irrati Zabalkundearen Zuzendaritza Nagusia, jarduera honen gainean Subsecretaría de Educación Popular izeneko hark zituen eskumenak ere emanez. Informazio eta Turismo Ministerioaren Irrati Zabalkundearen Zuzendaritza Nagusiari zegokion irrati zabalkunde jarduerarekin lotutako gai guztien antolamendua, estatuaren titularitateko irrati zerbitzuen kudeaketarekin batera. Irrati zabalkundearen Antolamenduaren oinarri berrien bidez 1952an abiatu zen epeko gauza nabarmenetako bat, estatu sarearen irrati igorgailuen, hots, Radio Nacional de Españaren eta R.E.M.en sartutako beste irrati igorgailuen arteko behin betiko bereiztea.

Epe berri horretako beste gauza erabakigarri bat Uhin Ertaineko tokiko irrati igorgailuak Maiztasun Modulatuko igoregailu bihurtzea izan zen; azken hau 1958tik aurrera hasi zen gertatzen.

Maiztasun modulatua[aldatu]

Stockholmeko Irrati Zabalkundearen Nazioarteko Itunak, 1952an izenpetutakoak, irrati-espektro elektrikoaren 81 kanal esleitu zizkion, guztira, espainiar estatuari, irrati zabalkundeko Maiztasun Modulatuko emankizunetarako. Emankizunen teknika berria zen, Bigarren Mundu Gerran iparramerikarren armada eta irrati zabalkundeak garatu eta landua, eta nabarmen hobetzen zuena emankizunen kalitatea, batez ere estereofonia sartu zenez geroztik. Maiztasun Modulatuko emisoreen ezarpenak, estereofoniaren estandarizazioak eta Bell konpainiaren eskutik 1954an merkatuan transistorea, hargailu mugikorra alegia, sartu izanak irauli egin zuen irratiaren panorama Iparramerikan, eta handik mundu osora zabaldu zen fenomenoa, oso denbora epe laburrean zabaldu ere.

Emankizun-teknologia berriak, Maiztasun Modulatuak, konpondu egiten zuen, besteak beste, Uhin Ertaina erabiltzen zuten igorgailuen ugaltzeak eragindako interferentzien arazoa. Hauxe izan zen arrazoi nagusia, Madrilen egindako Telekomunikazio Injineruen Lehen Biltzar Nazionalak maiztasun horren erabilera espainiar estatuan ere orokortu beharra plantea zezan. Estatu mailako lehenbiziko proba eta emankizunak 1957an egin zituzten, eta handik urtebetera, 1958ko abuztuaren 8ko Dekretuak xedatu zuen ‘eskualdeko igorle’ kalifikazioa ez zeukaten Uhin Ertaineko irrati igorgailuek MMko igorgailu bihurtzeko eskaria egin beharra, gehienez ere 5 urteko epea izanik horretarako.

Igorgailuei ezarritako baldintza tekniko berriaren neurri osagarria, eta ezinbestekoa gainera ezartze prozesuak aurrera egin zezan, handik urtebetera eman zuten, 1959ko abuztuaren 18an hain zuzen: hargailuen fabrikatzaile guztiei exijitu zieten MMa jasotzeko aukeraz hornitzea 1960ko abuztuaren 1etik aurrera merkatura iristen ziren aparatu guztiak.

MM, transistore, rock and roll eta automobila izan ziren irratiaren eraldaketarako eta irratia telebistaren agerpenak eragindako lehia gogorreko egoera berriari egokitzeko motorrak.

Irratiak espazio berriak bereganatu zituen, espazio fisiko berriak, eta hortaz baita gizarteko presentzia ere. Hala, toki guztietara laguntzen gintuen adiskide zintzo hori izan zen, inguratzen gaituen airean gurekin bizi den atze-soinu hori, musikazko girotze hori azken batean. Garai hartako publizitate iragarkietako batek ongi asko adierazten zuen:

«Mendian, hondartzan, futboletan, etxean, bulegoan, lantegian eta toki guztietan, musika hobea eta emanaldi garbiagoak entzungo dituzu DOSOND/Junior transistorearekin...» Hau 1962an gaztelaniaz eginiko iragarki bat da.

Epe horretan zehar, hau da, ia ia 50eko hamarkada osoa eta 60koaren hasiera hartuz, araudi berriak jasango dituen berrikuntza teknologiko eta aldaketak tarteko direla, bat baino gehiago dira irratiaren panorama orokorrean, eta bereziki Euskal Herriari dagokionean, azpimarratzeko moduko aldi eta aldaketak.

Mugimenduaren irrati haiek 1953tik aurrera instalatzen hasi ziren: REM, Red de Emisoras del Movimiento; CAR, Cadena Azul de Radios eta CES, Cadena de Emisoras Sindicales; beraz, ordura arte Hegoaldeko euskal probintzietan lanean ari ziren 4 irrati emisoreez osatu talde kaxkarra handituz joan zen. Dena den, gobernuak eratutako kateak ziren, betiere gizarte mailan ezarpena lortzeko eta propaganda ideologikoa egiteko zituen interesen bidetik zertuak, eta izaera instituzionala eta komertziala zuten aldi berean, hau da, publizitatea onartzen zuten finantza-iturri osagarri gisa.

Euskal Herrian instalatu ziren irrati-igorgailuak hauek dira:

- La Voz de Álava (1953)

- la Voz de Guipúzcoa (1956)

- eta la Voz de Navarra (1957), geroago Red de Emisoras del Movimiento (REM) haren mendean geratu zirenak.

Hauez gain:

- Radio Juventud de Bilbao (1954)

- eta Radio Juventud de Eibar (1953), Cadena Azul de Radiodifusión CAR en jabetzakoak zirenak.

Bosgarren irrati igorgailua Tuteran instalatu zuten 1954an, eta zuzen zuzenean zegoen Cadena de Emisoras Sindicales, CES en mendean.

Parrokia-irratiak[aldatu]

Osterantzean, 50eko hamarkadaren bigarren erdialdean, Jainkoaren hitza zabaltzen eta eliztarrei beste informazio zerbitzu batzuk eskaintzen interesatutako apaiz batzuek bere pulpitu mediatikoak sortu zituzten, parrokietako kanpandorreetan antenak instalatuz horretarako. Parrokia-irratiak izan ziren, eta hiri handietan zein herri txikietan kokatuz joan ziren. Hala, eliz-elkarteen erdi ezkutuko desira bat hasi zen azaleratzen, aspaldikoa baitzuten irrati zabalkunderako baliabide propioak eskura izateko nahia, irratiak gizarte aplikaziorako lanabes oso boteretsua zela ongi jabetuta baitzeuden.

Seguran, Gipuzkoako herri txiki horretan, Cesareo Elgarresta apaizak interesa adierazi zuen Goierriko herritarrei meza santua eta arrosarioa eskaintzeko. Hala, 1956ko apirilaren 12an Radio Segura sortu zen; uhin ertainean igortzen zuen, 1.500 Khz tan.

Pedro Gorostidik –antzeko kezkak zituen beste apaiz bat bera– Radio Arrate irrati-igorgailuaren sorrera bultzatu zuen; hau 1959ko abenduaren 23an inauguratu zuten.

Ez ziren bakarrak izan, zeren eta garai bertsuan lanean hasi ziren, besteak beste, Radio Tolosa, Arrasateko Lanbide Eskolaren irratia, Radio Irurita, Radio Aranaz edo Radio Berruete.

Irrati hauen emankizunetan, eguneroko arrosarioaz eta meza santuaren emanaldiaz gain, eskainitako gaiak izaten ziren, kantuak, baserritarrei zuzendutako landa-munduaren inguruko solasaldiak, misiolarien sermoiak elizaren egun seinalatuetan, bertso eta kontakizunez osatutako programak eta abar.

Emankizun-zentro hauetako asko hedabide honetan euskararen erabilera normaltasunaren bidean abiatzeko modua izan ziren; egia da, dena den, pitinka heldu zela normaltze hori, zentsurak zorroztasun handiz joka baitzezakeen gai honetan, eta diktaduraren zehapen erregimena ere ez zen ahanzteko modukoa.

Basque Program[aldatu]

Euskal Herritik milaka kilometrora, Estatu Batuetako Wyoming estatuan, Buffalo hirian, hain justu, Jeanette Ezponda Maxwel en ekimenez 1956an abiatu zen Johnson konderriko euskal artzainei eskainitako programa bat: Basque Program zen, KBSS irrati etxearena.

Domingo Martirena baigorriarra izan zen euskal artzain-elkarteari euskaraz astero astero zuzentzen zitzaion estreinako esatarietako bat, eta ahalegina egiten zuen herriminaren eta herri baten partaide izatearen sentimenduaren garra bizirik mantentzeko lotune bat ezartzen. Jean Cinquambre, Jeanne Etxamendy eta Rosita Ibarra izan ziren berrogei urtetan zehar programari bizia eman zioten esatarietako batzuk. Programa hark 1996an izan zuen azken emanaldia, eta euskarazko irrati esperientzia hartako egileek euskal instituzioen omena jaso zuten 1997ko udaberrian, Wyomingo estatuko euskal-elkarteari eskainitako irrati zerbitzuagatik.

Euskara sartzea[aldatu]

Euskal irrati-espektro elektrikoan emisore batzuk hasita zeuden euskara erabiltzen 50eko hamrkadako programazioan, oso maila apalean izan arren.

SER katearen Radio San Sebastiánek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren ekimenez, 1949az geroztik astero emankizunak igortzen zituen baserri-munduko andre-gizonei zuzendutako Charlando con los baserritarras, Jose Artetxe, Beorlegi eta Patxi Juaristik zuzendu eta errealizatua; dena den, eduki gehienak gaztelaniaz ematen zituen.

Red de Emisoras del Movimiento (REM] harena zen La Voz de Guipúzcoak, bere aldetik, 1956an eguneroko emankizun batzuk eskaini zituen, Mª Dolores Agirre, Enrike Zurutuza, Manu Oñatibia, Nemesio Etxaniz, Maria Pilar Gezala, Atxukale edo Inazio Eizmendi «Basarri» bertsolariarekin; hauek oso osorik izaten ziren euskaraz, eta Aurrezki Kutxa Munizipalak eskaintzen zien babesa.

Don Antonio albaitariaren eta Joxe Miel baserritarraren pertsonaien arteko elakarrizketa eta solasaldiek izugarrizko arrakasta izan zuten baserri munduko jendearen artean.

Baina, euskara irrati bidezko emankizunetan sartzeari dagokionez, 1961eko otsailaren 11n sortu eta Juan Lekuona jesuitak zuzendutako Radio Loiolak bultzada sendo eta nabarmenena eman zuen, ez baitzituen soilik espazio edo kolaborazio txikietara mugatu, oso bestela, emankizun osoagoak egiten zituen, gaztelania zein euskara erabiliz, hau da, hizkuntza biak txandakatuz inolako arazorik gabe eta erabateko normaltasunez.

Hala iritsi zen euskara kirol emanaldietara, elkarrizketa, irrati-sail, lehiaketa, publizitate eta ohiko beste hainbat irrati programatara. Alabaina, batez ere elizjendearekin lotutako emanaldietatik zetozen euskararen aldeko mugimendu haiek kolpe latza hartu zuten, 1964an dekretu bat atera baitzuten Uhin Ertaineko tokiko irratien kopurua mugatuta.

Uhin ertainen plan iragankorra[aldatu]

Izan ere, 1964ko abenduaren 30ean diktaduraren gobernuak onartu egin zuen Uhin Ertainen Plan Iragankorra, haren bidez amaiera emanda estatuak ustiatutako irrati bidezko zerbitzuak eraldatzeko prozesuari. Plan horren benetako asmoa Uhin Ertaineko irrati kopurua murriztea zen, eta horietako asko eta asko, gainera, Maiztasun Modulatuko emisore bihurtzea, halaber. Plan Iragankorrak lau taldetan sailkatu zituen orduko emankizun-zentroak:

Lehen taldean, estatuaren jabetzako irrati-etxeak zeuden (Radio Nacional eta Radio Peninsular).

Bigarren taldean, Mugimenduaren irrati-etxeak zeuden; hauei buruzko araudi juridikoa eginda zegoen ordurako.

Hirugarren taldean, Gotzain Batzarraren irratiak zeuden. Praktikan, Gotzain Batzarrari probintziako irrati-etxe baten ustiapena eman zioten, eta lau maiztasun eta irrati-etxe zentral bat Madrilen. Eta hauen kudeaketaz arduratu zen erakunde juridikoa COPE izan zen, Cadena de Ondas Populares de España alegia, honen estatutuak urtebete geroago onartu baitzituzten, 1972ko ekainaren 22an.

Laugarren taldean tokiko irratiak zeuden, 1958ko abuztuaren 8ko dekretuaz geroztik Uhin Ertaina utzi eta Maiztasun Modulatuko emisore bihurtzeko agindua zutenak.

Garai hartako irrati zabalkundearen panorama itxuratu zuen eta, batez ere, MM ko (FM) emisoreen instalazioari behin betiko bultzada eman zion erregulaziorako ahalegin honen ondotik ez zen arau eta erregulazio mailako aldaketa garrantzitsu berririk izan, 70eko hamarkadaren erdialdera arte.

Uhin Ertaineko tokiko irratiak MM ko igorle bihurtzearekin lotutako alderdi hauek guztiek, eta Uhin Ertaineko Plan Iragankorrak, bere isla eta ondorio zuzena izan zuten, halaber, gure inguruko irratiaren panoraman.

Elizaren emankizunen erregulazioa[aldatu]

Lehen ere aipatu dugun moduan Gobernua, izaera orokorragoko konkordatu arau batzuen bidetik, eliza katolikoarekiko akordio batera iritsi zen. Honen bidez, elizari hainbat irrati edukitzeko aukera ematen zitzaion, baldin eta truketan parrokia-irrati izeneko guztiak ixteko agindua ematen bazuen. Manuel Fraga Iribarnek, orduko Informazio eta Turismo ministroak, esan omen zuen «nahikoa da igorleetan jolasteaz» esaldiak izugarrizko kaltea egin zuen kateei lotu gabeko irrati zabalkunderako ekimen guztietan.

Parrokia-irrati izeneko haietako askok itxi egin behar izan zuten, 50eko hamarkadaren amaieratik aurrera lanean aritu ondoren Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat herritan.

Maila zehatzean, Radio Segurak 1964an utzi behar izan zituen bere emankizunak, eta ez zen 1972ra arte antenara itzuli. Radio Arrateren aktibitaterik gabeko epeak 1982 arte iraun zuen.

Radio Popularren irratiak[aldatu]

Uhin Ertainetako Plan Iragankorrak ezarritakoaren aplikazioaz, trukean euskal elizak lizentziak eskuratu zituen Donostian, Bilbon eta Iruñean emankizunak emateko, eta horrelaxe agertu ziren Radio Popularren irrati-igorgailuak.

Hiru irrati hauek 1960 inguruan sortu ziren. Radio Popular de Pamplona 1959ko abuztuaren 4an jaio zen, urtebete geroago Radio Popular de Bilbao. Radio Popular de Loiola 1961eko otsailaren 11n airera atera zen, eta Radio Popular de San Sebastiánen estudioak 1962ko abuztuaren 15ean inauguratu zituzten, hiriburu donostiarreko Bengoetxea kalean.

Ildo horretatik, inauguratu eta urte gutxira Radio Popular de Loiolak –1961ean abian jarri zenetik Joan Lekuonak zuzentzen zuen– pairatu zuen itxialdi hura Uhin Ertaineko emankizunak Maiztasun Modulatura pasatu beharraren ondorio bat izan zen. Ixtea 1965eko uztailaren 22an etorri zen, eta 1966ko uztailaren 31n hasi zen atzera igortzen. Itxiera teknikoa izan zen. Legeak ez zuen aukerarik ematen irrati kate batek, COPEk kasu honetan, probintzia berean igorgailu bat baino gehiago edukitzeko Uhin Ertainean.

Radio Loiola[aldatu]

Gipuzkoan ezaugarri hauek betetzen zituzten bi igirgailu zeuden, Radio Popular de San Sebastián, Gotzaindegiaren jabetzakoa, eta Radio Loiola, jesuiten jabetzakoa. Hau izan zen irrati-espektro elektrikoaren erabilera aldatu behar izan zuena, eta bere emankizunak Maiztasun Modulatuan abiatu zituen ondoren.

Banda hau, garai hartan, oso gutxi ustiatuta zegoen, izan ere oztopo handi bat bazuen, hau da, etxeetan MM ko hargailurik apenas zegoela. Radio Popular de Loiolak, oztopo hau gainditzeko, «entzuleen kluba» sortu zuen, eta 4.800 bazkide edukitzera heldu zen. Hauez gain, beste hainbeste familiak konpromisoa hartu zuten, konpromiso aktiboa hartu ere, MM ko banda zeukaten hargailuak erosteko.

Irratiko langileek berek ere hainbat lan egin zuten MM ko hargailuak eta behar zituzten antenak instalatzeko, emisoreak eta Irungo Askar Philips etxeak izenpetutako akordio baten bidetik. Aipatu enpresa hori zen eskakizun tekniko eta legezko arau berriei egokitutako hargailu berriak fabrikatzen eta banatzen zituena.

Radio Aranaz[aldatu]

Sortu ziren parrokia-irratien artean, atentzioa ematen duen adibide bat, zeharo ezohiko ezaugarriak zituen eta, Esteban Irigoienek, Arantza Aranazko erretore izendatu berriak bere elizako sakristian 1964an instalatu zuen irrati-igorgailu txikia izan zen. Mugarri garrantzitsua izan zen, zeren eta, besteak beste, Euskal Herriko eremu geografikoan igortzen zuten irratien artean bera izan baitzen, seguruenik, bere emankizun guztietan euskara normaltasun osoz erabili zuen lehena; hain zuzen ere bere inguru demografikoaren parametro soziolinguistikoei zegokien moduan.

Egia da, hala ere, astean ordu gutxi batzuetan eskaintzen zuela bere programazioa, baina horietan, eguneroko arrosarioa edota igandeko meza eskaintzeaz gain, izaera sozial handiagoko beste zerbitzu batzuk eskaintzen zituen, esate baterako tokiko albiste eta oharrak, prentsako titularren irakurketa eta eskainitako kantuen espazioak; hauetan, eskaintza bakoitzak hamar pezetako kostua zuen, eta finantza-iturri txiki honen bidez aurre egin ziezaiokeen diskoak eta behar zituen beste ekipamendu tekniko batzuk erosi beharrari. Are gehiago, partaidetzarako espazio bat ere sortzera iritsi zen, eta horretan Gerra Zibila nola garatu zen eta herrian zein ondorio izan zituen kontatzen zuten.

Erreportajeak ere ematen zituen, parrokoak berak egiten baitzituen, etorkizun bila inolaz ere herritik alde egin beharra zeukaten gazteen artean: nesken kasuan, esate baterako Baiona, Biarritz edo Donostiara neskame joan beharra zen nagusi, eta mutilen biderik normalena, berriz, Iratiko basoetan basomutil gisa jardutea.

Zenbaitek ez zuen oso begi onez ikusi Esteban Irigoienen parrokia-irratiaren komunikazio lana. Fraga Iribarnek, orduko Informazio eta Turismo ministroak, ekimena bertan behera laga zezan emandako ahozko hainbat oharren ondotik, behin betiko ixteko agindua eman zuen 1969an. Eta polizia batzuek bete zuten agindua, Iruñetik Aranatza joan baitziren horretarako, antenaren konexiorako kableak moztuz eta, ez oso modu ortodoxoan teknikari begiratuta, kolpeka txikituz produkzio eta emankizunerako material teknikoaren parte handi bat.

Programak[aldatu]

Irratien eremuan sare nazionalarenak edo mugimenduarenak ez zirenak, 1939az geroztik, diktaduraren gobernuak ezarritako mozal informatiboak programatzaileak behartzen zituen entretenimenduaren arloa eta lagun gisako irratia ondo lantzera, eta gero eta programa musikal gehiago zegoen, ekoizpen fonografiko hazkor batean oinarritua bera; dena den, beti beti zegoen zentsurak ezarritako muga hertsiak gainditu beharra.

Lehiaketak. Ondorioz, bai tokiko emankizunetan bai kate-ekoizpenean, irrati-etxeek zorrotz jokatu behar izan zuten, eta lehiaketak eta irrati-nobelak ekoizteari ekin zioten. Lehiaketen urrezko garaia izan zen, eta orduan etxe guztietako ateak prest zeuden, parez pare zabaldu eta gaseosa botilaren papertxoa edo txokolate tabletaren azala erakusteko, edota eskatzen zuten hitz klabea esateko, kontua baitzen inolaz ere ez galtzea egunero zozketatzen ziren sarietako bat. Garai hartako uhinen bidez izugarri zabaldutako lehiaketa batzuen izenak hauek dira: Se lo lleva o repite; Ni sí, ni no; Agudice su ingenio; Haga usted lo que sepa.

Antzerkia. Tokiko irratien aktore-taldeek antzerki obra asko jarri zituzten antenan, irratirako egokiturik, esate baterako, Don Juan Tenorio ezaguna, eta irratirako berariaz prestatutako literatur piezak ere bai, esate baterako, Quintero anaiek Radio San Sebastianentzat idatzitakoa, edo orduan emankizunaren zuzendari Felix Gamarrak idatzitako ipuin-sorta unibertsala.

Haurrentzakoak. Eta, noski, haurrentzako obra asko. Irrati guztiek zeuzkaten beren maitagarri eta aztiak, eta bere gidoiak zuzenean interpretatzen zituzten gainera, haur pila zutela aurrean kontu-ikuskaritzan bilduta. Garai honen amaieran, 70eko hamarkadan oso aurrera arte, Paco Sagarzazuk eta Radio Popular de San Sebastianen lagun izan zituen profesionalek sortu edo egokitutako pertsonaia maitagarriak eta literatur obrak izan genituen.

Era berean, kantu eskainien programek oso arrakasta handia izan zuten. Esate baterako Club de Amigos –40 urte baino gehiagoko bidea egin zuen Radio Vitoriaren programazioan–, Usted hace el programa edo Loiolako Herri Irratiaren Ezbeharrean zorion programak entzule pila handia bildu zuten.

Tokiko programa hauei guztiei gehitu beharko litzaizkieke irrati nobela handiak –Ana Rosa, La sangre es roja, eta beste–, Aireko Antzerkiak, eta Madril edo Bartzelonatik estatu osorako produzitzen zituzten show handiak, esaterako, Cabalgata Fin de Semana, El Show de Pepe Iglesias «el Zorro», SER eta Radio Nacional de España kate handietan edo REM eta CAR en irrati-etxeen bidez igortzen zituzten eta.

Trantsizioa, trantsizio politikoa[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Berrogei, berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadako irratiak bere urrezko aroa ezagutu zuen, familia osoa irrati aparatu handiaren inguruan biltzen zuen lehiaketa, irrati-nobela, irrati-antzerki eta gaueko show handien eskutik. Tokiko mailan, aktore taldeak oso garrantzitsuak izan ziren. Baina telebistaren sorrerarekin, neurri handi batean, entretenimendurako programek ikus-entzunezko baliabide berrirantz jo zuten. Irratia maldan behera abiatu zen, arinki, bere programazioaren ohiko lanabesetako batzuk galtzean, informazioaren esparruan ere hainbat muga bazituen eta.

Telebistaren talka[aldatu]

Berrogei, berrogeita hamar eta hirurogeiko hamarkadako irratiak bere urrezko aroa ezagutu zuen, familia osoa irrati aparatu handiaren inguruan biltzen zuen lehiaketa, irrati-nobela, irrati-antzerki eta gaueko show handien eskutik. Gogora dezagun, esate baterako, Radio Madridek 1952an 60 aktore zituela, eta garai hartan egunean 8 irrati nobela igortzera heldu zela. Beste hainbeste gertatzen zen Bartzelonan, esaterako, Radio Barcelona edo Radio España irratien kasuan.

Tokiko mailan ere oso garrantzitsuak izan ziren aktore taldeak, esate baterako Radio San Sebastianek 50eko hamarkadan eduki zuena, tartean baitziren Arturo Rey, Leopoldo Estellé, Juan Cuberta, Eli eta Pilar Bueno ahizpak, Vicente Oria edo Carmen Navajas esatari aipagarriak.

Baina telebistaren sorrerarekin, neurri handi batean, entretenimendurako programek ikus entzunezko baliabide berrirantz jo zuten. Irratia maldan behera abiatu zen, arinki, bere programazioaren ohiko lanabesetako batzuk galtzean, informazioaren esparruan ere hainbat muga bazituen eta.

Kontrola eta zentsura[aldatu]

Nazio zein nazioarteko albisteak Radio Nacional de Españak beretzat zuen kontu bat zen. Estatuko irrati igorgailu guztiek Radio Nacional ekin konektatu behar zuten 14:30 eta 22:00etan, ahozko informazioen, hau da, jendeak «partea» esaten zien haien zabalkunderako. Maila horretan, irrati pribatuen gaineko kontrola erabatekoa zen, halako mailan ezen zentsuraren erakundeei aurkeztu egin behar izaten baitzizkieten programazio parteak, gidoiak eta, batzuetan, Radio Popular de San Sebastiani noizbait gertatu zitzaion moduan, baita programak ere, emankizunaren aurretik grabatuta.

Informazioari aplikatutako zentsurari musikari aplikatzen zitzaiona erantsi behar, inolaz ere. Garai hartan, irrati-igorgailuetako diskoteketan disko kopuru handia aurki zitekeen, kantu batzuen azetatozko ildoak gauza zorrotz eta gogorren batez zeharo markatuta zituztela, edota beste zerbait egina zutela, hain zuzen kantu horiek eskaintzeko inolako aukerarik izan ez zedin. Era berean, Informazio eta Turismo Ministerioaren ordezkaritzen bulegoetatik aldian behin igortzen zituzten galarazitako kantuen zerrendak, programatzaileek halako kanturen bat debekatuta zegoenik ez zekitela esateko aitzakiarik izan ez zezaten.

Donostiako Herri Irratian 1975eko irailean, Franco hil bezperan alegia, kantu debekatuen zerrendan zegoen, besteak beste eta adibide gisa, Julian Lekuonak kantatzen zuen Agur, agur, ilargira no» abestia.

Irrati entzule «klandestinoa»[aldatu]

Radio Nacional de Españak informazioaren monopolioa zuelarik, Mugimenduari loturiko instituzioek kontrolatzen zituzten beste irratiek ez zuten errealitate soziopolitikoa islatzen zuen inolako informaziorik eskaintzen. Egoera hartan, kolore bakarreko informazioa zegoela eta erakunde ofizialek ematen zutenaz aparteko inolako albisterik jasotzeko modurik ez zegoela, entzule askok eta askok kanpora begiratu zuten informazio bila. Horrenbestez, Londresko BBC-ren edo Radio France-ren albistegiak oso entzute handikoak ziren informazioa eskuratu nahi zuten euskaldunen artean. Era berean, Euzkadi Irratiak ere bere ekarpentxoa egiten zuen Venezuelatik, egunean hainbat programa emanaz.

Beste irrati-emisore mitiko bat Radio España Independiente izan zen. “Radio Pirenaica” esaten zioten, eta emankizunak Errumaniatik igortzen zituen, Espainian gertatzen ari zenari buruzko bere ikuspegia eskainiz.

Informazioarentzat uhin horiek eten egiten zuten albistegi ofizialen monotonia, baina oso zaila zen jende-kopuru zabalei heltzea, zeren eta Uhin Motzeko emankizun horiek sintonizatzeko egin behar zen ahaleginak arrazoizko maila guztiak gainditzen zituzten.

Zentsuraren aginduek eta zentsoreen jarduerak oso zorrotz jokatzera behartzen zituzten irrati publikoen kontrolpean ez zeuden irrati komertzialetako gidoigile eta programatzaileak, eta zentsuraren mugei iskin egiteko moduak bilatu behar zituzten, informazio arloan bereziki. Entzuleei begira bere nortasun ezaugarririk garrantzitsuenetako bat irrati nobelek izaten segitzen bazuten ere, adibidez Simplemente María (1974) izenekoak, SER Katea dagoeneko abiatuta zegoen gaurkotasunezko gaiez osaturiko programa batzuk eskaintzen 70eko hamarkadaren hasieran, esaterako Matinal Cadena Ser, eta Hora 25; hauetan, tokiko informazioa babes gisa erabiliz, beste albiste mota bat ere eskaintzen zuten, zailtasun askorekin izan arren.

Estilo berri bat[aldatu]

Donostiako Herri Irratian Radio Reloj programa jarri zuten martxan, goizetan. Lehen orduko programa honen zuzendaria Mariano Ferrer zen, eta idatzizko prentsan jasotako albisteen eguneko errepasoa egiteko aitzakiarekin, beste informazio eta iruzkin batzuk tartekatzen zituen politika eta gizarte mailako gaurkotasunezko kontuen inguruan. Etengabe erretorikarik zoliena erabiltzen zuelarik, isilune iradokitzaileak eta ironia fina lagun, Mariano Ferrerek komunikazio estilo berritzaile eta zeharo pertsonala sortu zuen, garai oso bat markatuz euskal irrati zabalkundean; are gehiago, estilo horixe mantendu du irratian egindako ibilbide profesional osoan zehar, gaur egun arte.

Etengabe heldu ziren Donostiako Herri Irratiaren zuzendariari jarritako zehapenak 1974 eta 1975 urteetan, prentsa ez komentatzea exijitzen zioten-eta, hain zuzen ere. Honen guztiaren azkena 1975ean etorri zen, irratiaren zuzendari Juan Lekuona kargutik kendu zutenean, hiru hilabeterako hasieran eta seirako gero; are gehiago, betiko kargugabetzea izateko bidean izan zen, zeren eta Franco hil ondoren ahanztura administratiboaren kutxan geratzeko arriskuan egon baitzen.

Udaberri informatiboa[aldatu]

Francoren heriotzak, 1975eko azaroaren 20an gertatuak, trantsizioaren ateak zabaldu zituen, eta honekin batera euskal irrati zabalkunderako udaberri informatibo berri bat iritsi zen. Artean urte pare bat itxaron behar izan zen, 1977ko urrira arte, Radio Nacionalek 1939az geroztiko lege agindu batez zeukan informazioaren monopolioa behin betiko hautsi eta egiaz desagertu zen arte; gogoratu behar dugu monopolio hark debekatu egiten ziela tokiko irratiei gainditzen zuen eta boterearen esparruan edo legez kanpoko oposizioaren jarduera politikoan sartzen zen informazio oro ematea.

Radio Nacional de Españaren parteekin derrigorrean konektatu beharra desagertu zenez geroztik, irratiek bere informazio departamentu eta zerbitzuak sortzeari eta garatzeari ekin zioten, uhinetara programa eta albistegi berriak igorriz. SER Kateak, bere ohiko Matinal Cadena SER eta Hora 25 haiez gain, Antena del Norte programa erantsi zion bere tokiko programazioari, arratsaldeko ordu bietan, Hora 14, berriz, ordu bi eta erdietan, eta Hora 20 arratsaldeko zortzietan. Bitxia bada ere, SER Kateak bere informatibo baten bidez bete zuen, arratsaldeko ordu bi eta erdietan, Radio Nacionalek utzitako hutsunea, honek ordu erdi aurreratu zuelarik bere albistegia, 38ko urtean zehar derrigorrean konektatu beharreko hura alegia.

Euskal irrati zabalkundearen komunikazio esparruan, aldiz, Radio Popular-Herri Irratiak' mugarri bat ezarri zuen Informativo de la Una programa (13:00) abian jarri zuelarik. Honen zuzendari eta aurkezle Jose Ramon Beloki zen, eta Donostiako Herri Irratiaren estudioetan ekoitzi eta bertatik ematen zituen, baina beste herri irratien kolaborazioak ere jasotzen zituen. Hala, handik gutxira albistegi osagarri baten beharra planteatu zen, arratsalderako, eta Euskadin Gaur izenpean egiten hasi ziren Bilboko Herri Irratitik; honen zuzendari eta aurkezle Juan Jose Romano eta Arantza Lezamiz izan ziren.

Informazio zerbitzuen garapena eta honek berekin ekarri zituen ustiapen gastuak irrati etxe handietako aktore taldeen kaltean izan ziren. Hala eta guztiz ere, 1976tik aurrera igorri zen irrati sail arrakastatsuenetako bat, Saga de Los Porretas dibertigarri hura hain justu, SER Katean. Baina pitinka pitinka emisore handiek utzi egin zituzten aktore taldeak, kazetari informatzaileak hartuta, lanerako.

Esatariengandik informatzaileengana[aldatu]

Era berean aldatzen hasi zen esatari kontzeptua. Garai bateko esatari haiek protagonismoa galtzen hasi ziren eta desagertzen, edo rol profesionala aldatzen bestela, bien bitartean kazetari informatzaileak zuzenean iristen ari ziren mikrofonora, beraiek produzitzen eta erredaktatzen zituzten albisteak eskaintzeko.

Hau guztia asko antzeman zen profesionalen ahotsean. Radio Nacional de Españaren eta beste irrati emisore batzuen esatari haien ahots inperialak pisua galduz joango ziren, antenan zeukaten presentziari dagokionez, eta tokia utziko zieten, berriz, albistetik eta hedabidearen berehalakotasunetik hurbilago zeuden beste profesional batzuei. Eta bide horretan, ezinbestean, irratiko ahotsen batez besteko kalitateak behera egin zuen, nahiz eta informazioaren kalitateak, berehalakotasunak eta errealitate soziopolitikoarekiko hurbiltasunak gora egin zuten.

Mosaiko-programaziotik gaurkotasuneko magazinera[aldatu]

Garai horretan, igorgailuak mosaiko-programazio izenekoa utziz joan ziren. Programazio horretan halako saio motz batzuk izaten ziren emankizun osoan zehar banatuta. Mosaiko horien ondotik, edukiontzi-programa edo gaurkotasuneko magazin handiak etorri ziren, elkarrizketa, erreportaje eta lehiaketaz horniturik eta gidari izaten zituzten oso pertsona ezagunak eta entzuleentzako erakargarriak.

Hauxe dugu Luis del Olmo, Iñaki Gabilondo, Jose Maria Garcia eta beste zenbait komunikatzaile protagonismo berezia bereganatzen joan ziren garaia. Pertsona ezagun hauek tokia kendu zieten beste batzuek idazten zutena irakurtzeko eginkizuna zuten ahots askotan anonimo haiei. Formatu berri hauek agertzean eta gaiak entzuleen eguneroko errealitatetik oso hurbil egotean, irratiak irabazi egin zuen, bai sinesgarritasunean bai gizarte-eraginean.

Kirol-informazioak ere oso garrantzi handia hartu zuen garai hartako euskal irratietan. SER edo COPEren emisore zentraletatik iristen ziren kirol informazioaren arloko espazio handien aurrean, tokiko mailan ere gero eta garrantzitsuagoak izango ziren bertako kirol-espazioak, hala nola Donostiako Herri Irratiaren La movida deportiva Tito Irazustarekin, futbol emanaldiak (Josean Alkorta, Manolo Fraile, Jose Iragorri), txirrindularitzakoak (Rafa Olarra, Tito Irazusta), eta estropadei, saskibaloiari, pilotari, herri-kirolei, are zaldi-lasterketei eskainiak ere.

Musika-programa[aldatu]

Osterantzean, Maiztasun Modulatuko irrati-etxeak garatuz joan ziren, batez ere musika-programak ematen zituztela. Ildo horretatik, SER Katearen MMak azpimarra ditzakegu, zeren eta Los 40 principales irrati formula eskaintzeaz gain, tokiko beste programa batzuk ere igortzen hasi ziren, esate baterako Salsa Picante Radio San Sebastiánen FM-an, Juan Pedro Calvo eta Pedro Martínen eskutik.

Gipuzkoako Herri Irratian, Gregorio Gálvezek Club 44 eskaintzen zuen gaueko 11etan, musika desberdina eskainiz; eta mikrofonoak entzuleei zabalduz, bakoitzak bere musika aukeratu eta aurkeztu zezan, Rafa Briz ek Populandia espazioa zeukan.

Radiocadenaren 2. kanalak programa askotarikoak eskaintzen zituen, bere Uhin Ertainekoen ordezkoak, harik eta oldie musikari eskainitako Compás irrati formula ematen hasi ziren arte.

Bestetik, Radio Nacionalen hirugarren programak formula berri eta iraultzaile bat jarri zuen abian, gazte jendeari begira. Emankizunaren izena Radio 3 izan zen, eta gauean izaten zen, 21:00etatik aurrera.

Euskara uhinetan[aldatu]

Diktaduraren azken urteetan eta Trantsizioaren lehenetan alor soziopolitiko eta informatiboa bizitasun berezikoak izan ziren bezalaxe, azpimarratu beharrekoa da, inondik ere, euskal irrati zabalkundeari dagokionez behintzat, herri-irratiek euskal hizkuntza eta kulturaren alde egindako lana.

Bilboko Herri Irratiak euskarazko emankizunak jarri zituen martxan 1973ko urrian, hala estreinako pausoak emanez, luzera Bizkaia Irratiaren programazio ildo oso bat izango zena itxuratzeko.

Ikastola sorberrietako eskolaratze munduarekin baterako euskararen aldeko herri errebindikazioak, helduak euskalduntzeko ekimenek, Euskaltzaindiak hizkuntzaren batasunerako bidean emandako lehenbiziko urrats sendoek eta sormenezko beste hainbat kultur adierazpenek ere bere isla izan zuten euskarazko hedabide propioak izateko gizarte exijentzia eman zedin.

Jose Ramon Belokiren ekimenez, Donostia eta Loiolako Herri Irratietako giza talde osoak 24 orduko euskarazko programazio bat jarri zuen martxan, etenik gabe, 24 orduak euskaraz izeneko ekitaldian, 1976ko martxoaren 27an.

Handik hilabete gutxira, 1977ko ekainaren 11n, Loiolako Herri Irratiaren Itxumendiko emankizun zentroak atentatu bat jasan zuen, bonba bat jarri zioten eta; orduan, Batallón Vasco Español delakoak hartu zuen bere gain ekintzaren ardura.

Bilbo, Loiola eta Donostiako herri-irratiek euskal hizkuntza eta kulturaren sustapenarekin zuzenean lotutako programazio-ekoizpenak antenan jartzeko garatutako ekimenek bat egin zuten, denboran, COPE Katearen zentralizatze politikarekin; honek berekin zekarren, inolaz ere, autonomia editorial eta programatikoa galtzeko arriskua. Arazo honek ez zuen hainbesteko eraginik izan Iruñeko Herri Irratian, baina 1978an milaka pertsona bildu zituen Donostian, manifestazio batean; izan ere, ekitaldi horretan bat egin zuten bi errebindikazioek, hau da, hedabide propioen eskariak, zentralizazioaren aurka alegia, eta euskarazko hedabideen eskariak, euskal hizkuntza eta kulturaren sustapenaren bidean aurrera egitearren.

Iparraldeko egoera[aldatu]

Orain aipamen labur bat egingo dugu 1978an Loiolako Herri Irratiaren inguruan azaleratu zen ekimen bati buruz, Ipar Euskal Herrirako irrati-programa espezifikoei lotuta baitago. Bigarren Mundu Gerraren amaierak irrati igorgailu pribatu guztien itxiera ekarri zuen frantziar estatuan. Programen zabalkunde eta ekoizpena estatuaren monopolio gisa geratu zen: estatuak, lehenik, 1949ko otsailaren 9ko Dekretuaren indarrez, RTF erakundeari esleitu zion irrati zabalkundeko zerbitzuen ustiapena, eta ondoren, 1959ko otsailaren 4ko Ordenantzaren bidez, monopolioaren kudeaketa eskaini zion.

Egoera honen mamia ez zen askorik aldatu 1964ko ekainaren 27ko Legeak eragindako eraldaketa nominalarekin. Izan ere, irrati eta telebista programen zabalkunde eta produkzioak ORTF (Office de Radiodifusión Televisión Française) erakundearen monopolio zeharo zentralizatua izaten jarraitu zuen.

Alabaina, Frantzia inguratzen duten estatu txikietatik igortzen hasi ziren beste hainbat irrati, esate baterako, Radio Andorra eta Radio Luxemburg, frantziar entzuleriari zuzendurik. Irrati haien arrakasta ikusirik, Frantziak emankizun sare periferiko eta paraestatal bat sortzea erabaki zuen. Horrela sortu zen SOFIRAD, Radio Montecarlo, Radio Europe 1 eta Sud Radio biltzen zituen erakundea; eta horrek, aipatu besteekin batera, entzuleriaren multzo handi bat bildu zuen, frantziar publizitate inbertsioaren bolumen garrantzitsuarekin batera.

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriak ere askotxo itxaron behar izan zuen, bere irrati espezifikoak edukitzeko garaia heldu arte. Radio San Sebastiánek, 60ko hamarkadan, Uhin Ertaineko emankizunak igortzen zituen, goizeko 6etan, ordu eta erdiko programa bat, Radio Océan izenaz, Jean Bonis ek zuzendu eta aurkezturik, baina SER Katearen programazioaren etengabeko handitzeak programaren desagerpena eragin zuen azkenean.

Geroago, 80ko hamarkada hasieran jada, Radio San Sebastianen MMak frantsesezko ordubeteko programazioa berreskuratu zuen, egunekoa, Soraya Kefir en zuzendaritzapean.

Frantziako irrati zabalkundearen zerbitzuak aipatu egoeran zeudela, 1978an, Alexander de la Cerda kazetaria Iparralderako irrati espezifiko bat sortzeko ideia aztertzen ari zen, baina Frantziako araudi zorrotzak galarazi egiten zuen frantziar lurraldetik beretik emankizunak ematea. Horregatik, beharbada irrati periferikoen arrakasta gogoan eta ongi ezagutzen zituela Radio San Sebastianetik garatutako esperientziak, Loiolako Herri Irratiaren bidez emankizunak emateko ideia otu zitzaion; izan ere estaldura oneko emisorea zen, eta bikain entzuten zena gainera beste aldean. Hala, Radio Adour Navarre izenaz egunean bi programa igortzen hasi ziren, goizeko 7etan lehena eta arratsaldeko 6etan bigarrena, ordu erdikoa bakoitza. Programazioan, funtsean, zuzenean egindako informatibo bat eta ondoren kirol, elkarrizketa eta musika programak izaten ziren –Baionako estudioetan grabatuak azken horiek–, gero Loiolatik igortzeko. Irratiak frantsesa eta euskara erabili zituen, bata zein bestea, bere emankizunetan.

Geroago, irrati zabalkundearen monopolioari porrota iritsi zitzaionean, Ziburun kokatutako emisore batetik hasi ziren zuzeneko emankizunetan, eta Radio Adour Navarre Frantziako lehenbiziko irrati libreetako bat izan zen. RTL talde luxemburgar indartsuak erosi zuen irrati hau 1981ean, eta kate honen tokiko irrati izatera igaro zen.

80ko hamarkada eta milurtekoaren amaiera[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Maiztasun Modulatuko irratiaren boom izugarria eta garapena gertatu zen 80ko hamarkadan.

Banda hori bereziki musika-programetara xedatu zen, Loiolako Herri Irratian izan ezik. Izan ere, irrati hori goiz goizetik saiatu zen MMaren ohiko irrati gisa ezagutarazten. Baina, orokorrean, irrati-espektroa MMn irekitzeak, emankizun-lizentzia berriak emateak, eta irrati-jarduera ezagutarazteak, eduki oso edo ohikoa zuten MM kateak sortzea ekarri zuen, musika estereoko emankizunak sustatzeko argudio nagusi izan zen horren programazio-formatuen aukera haraindian zabalduz.

MM-aren booma[aldatu]

Ohiko programazioak[aldatu]

Egin Irratia.

Maiztasun Modulazioaren boom izugarria eta garapena gertatu zen, 80ko hamarkadan. Banda hori bereziki programa musikaletara xedatu zen, Loiola Herri Irratian izan ezik. Izan ere, Loiola Herri Irratia goiz goizetik hasi zen, 1965eko uztailaren eta 1566ko uztaila bitartean 1964ko Uhin Ertainen Dekretuaren eraginez itxiera tekniko bat jasan ondoren, MMaren ohiko irrati gisa ezagutaraztearen alde borrokatuz. Herri Irratia beti saiatu zen Maiztasun Modulazioan ohiko programa formatuak eskaintzen, batez ere Donostiako Herri Irratiarekin batu zenetik. Bi irrati horiek programazioko orduak konpartitzen zituzten, batez ere informazioko programak.

Musika estereoan[aldatu]

Baina, orokorrean, irrati-espektroa MMn irekitzeak, emankizun lizentzia berriak emateak, eta irrati-jarduera ezagutarazteak, eduki oso edo ohikoa zuten MMko kateak sortzea ekarri zuen, musika estereoko emankizunak sustatzeko argudio nagusi izan zen horren programazio-formatuen aukera haraindian zabalduz

Horrela sortu zen Antena 3, Cadena SER eta Radio 80 ahalguztidunak gainditzeko unera iritsi arte.

Euskal irratiaren eta prentsaren unea[aldatu]

1979 eta 1980 euskal irrati zabalkundearen panoraman inflexio urte garrantzitsuak izan ziren.

Lehenik eta behin, Gernikako Estatutua onartzeak komunikabide publiko batzuen etorkizuneko garapenerako oinarriak ezarri zituen, 19. artikuluan ezartzen zena garatzetik abiatuz:

19. artikulua

l. Euskal Herriari dagokio giza komunikabideei dagozkienetan Estatuko oinarrizko arauen legeria aurrera eramatea, Konstituzioaren 20. artikuluan agintzen dena betiere errespetatuko delarik.

2. Titulartasun estatala duten komunikabideei aplikatu behar zaien arautegi bereziari dagokionez, goiko paragrafoan aipatu diren gaien bururapena Estatuarenakin koordinatuko da.

3. Artikulu honetako lehen paragrafoan esaten den bezala, Euskal Herriak erregula, sor eta atxiki ditzake bere telebista, irrati eta prentsa propioa, eta, oro har, bere helburuak lortzeko behar dituen giza komunikabide guztiak.

Une horretatik aurrera, euskarazko komunikabideak –irratia, prentsa eta telebista– sortzearen aldeko herri aldarrikapena prentsa idatzi sorberri baten agerpenarekin berretsi zen. Prentsa horrek izaera nazionalista zuen, Deia eta Egin egunkariek nagusiki. Aldarrikapen hori, bestalde, etorkizuneko irrati eta telebista euskaldunarentzat profesionalak trebatzeko eta gaitzeko egiturak eta jarduerak sortzeko erabakiarekin ere berretsi zen. Erabaki hori Ramon Labaien jaunak (EAJ) zuzentzen zuen Kultura Sailaren bidez hartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Euskarazko programak[aldatu]

Euskadi Irratia.

Ekintza horiekin batera, ezarrita zeuden irratiei programazioko zenbait ordutan euskaraz igortzeko aukera emateko erabakia etorri zen. Irrati horiei, emankizunak euskaraz igortzeagatik, antenan jartzeak suposatzen zuen esfortzua arintzeko laguntza ekonomikoak ematen zitzaizkien. Ekimen horiei esker, irrati eta telebistako aurkezle gisa eta bikoizketa aktore gisa trebatzeko gela sorberrietan trebatu ziren esatariek egiazko praktikak izan zituzten mikrofonoaren aurrean. Gainera, horietako askok horrela ekin zioten beren ibilbide profesionalari.

Bide horretatik, Donostiako Herri Irratia, Radio San Sebastián Cadena SER irratiko MM, Espainiako Irrati kateko La Voz de Guipúzcoa eta beste euskal irrati asko zenbait ordutan berariaz euskaraz igortzeko abenturan murgildu ziren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Foru Aldundien diru-laguntzarekin.

Zuen intentsitateagatik, Donostiako Herri Irratiko Sei orduak euskaraz programa nabarmendu zen. Programa horrek astelehenetik ostiralerako emankizunak zituen, arratsaldeko seietatik gauerdira, 1980 eta 1982 bitartean. Euskal Irratiaren panoraman, profesional euskaldun ospetsu askok eman zituzten beren lehenengo pausoak euskal irrati publikoaren ekimen aitzindari horietan.

Bide beretik, halaber, Bilboko Herri Irratia 1973an hasitako bidea indartzen joan zen. Geroz eta euskarazko eduki gehiago sartzen joan zen, eta, Bizkaia Irratiaren bidez, aurrerago euskara hutsean igortzen zuen programazio ildo bat sortzea ahalbidetuko zuen profesional talde bat eratu zuen.

Euskal irrati eta telebista. EITB[aldatu]

Euskarazko programazioko orduak sustatu zituzten ekintzen bultzada abiarazi eta handik bi urtera, 1982ko maiatzaren 20an, Karlos Garaikoetxea buru zuen Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati eta Telebistaren Erakunde Publikoa, EITB, S.A., Sortzeko Legea onartu zuen. Lege horrek irrati eta telebista publikoko zerbitzuak bete behar zituzten oinarrizko printzipioak zehazten zituen. Horrela zioen hirugarren artikuluan:

3. artikulua

Autonomia Erkidegoaren jabetzapeko gizarte adierazpideen jarduerak honako oinarri irizpide hauek izango ditu:

a) Albiste-emankizunetan gauzak diren bezala ikustea, egiatasuna eta alderdikeriarik eza.

b) Albiste emankizunaren eta iritziaren arteko zehazketa eta bereizketa, azken honek adierazten dutenak nor diren hertsiki eskatuz. Merkataritzari buruzko albiste emankizunak erabilera zehatz eta berezi bera eskatuko du hertsiki.

c) Berdintasun arauarekiko, politika, erlijio, gizarte, kultura eta hizkuntz-aniztasunarekiko begirunea.

d) Orotariko interesaren alde, Autonomia Estatutuan eta Konstituzioan onartutako elkarbizitzaren herri balioen defentsa eta sustapena.

e) Konstituzioak eta Autonomia Estatutuak onartzen dituen eskubideekiko. begirunea.

f) Pertsonaren ohorearekiko, izen onarekiko begirunea eta, bereziki, hurkotasun eta berariazko irudirako eskubidearekikoa.

g) Gazteriaren eta haurtzaroaren babesa.

h) Kulturaren eta euskararen sustapena, euskara erabiltzearen xedetarako, oinarrizko egitarau-arauak ezarriz, orotariko eskaintza mailan Autonomia Erkidegoan euskaraz irrati telebistako emankizunen oreka beharra kontutan izanik.

Euskadi Irratia[aldatu]

Legea abiarazi eta garatzearekin batera, 1982ko azaroaren 23an, Euskadi Irratiak bere emankizunak ofizialdu zituen. Radio Euskadik 1983ko martxoaren 31n berdina egin zuen, eta, handik gutxira, Radio Vitoriak. Azken irrati hori Eusko Jaurlaritzak eskuratu zuen Legea onartu aurretik, 1981eko amaiera aldean. Ondoren oso osorik integratu zen Erakunde Publikoaren, EITBren, irrati taldean, urtetan zehar SER katera lotu zuen konpromisoa behin betiko bertan behera utziz.

Euskadi Gaztea[aldatu]

Euskadi Gaztea.

Zenbait urte beranduago, 1990eko martxoaren 21ean, Euskadi Gaztea jarri zen abian. Taldeko irrati formula musikal gazteak hasiera batean paraleloan igortzen zuen euskaraz nahiz gaztelaniaz, baina 1994an euskarazko irrati musikal baten eskaintza eta aukera bakarrean fusionatu ziren.

Euskadi Gaztea 1990ean abiaraztearekin batera, SER kateak Espainiako Estatu osora zabaldu zuen top formulak, Los 40 Principales irratiak, gorantz egin zuen. Irrati horrek, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Euskadiko hiriburu bakoitzerako MM bana esleitzea lortu zuen.

Beste irratiak[aldatu]

Euskal irrati publikoaren, hots, Eusko Irratia SAren lehenengo antenak instalatu zirenetik, 80ko hamarkadako lehenengo urteetatik, marka berriak ezagutzera eman ziren euskal irrati espektroaren dialean.

Hala nola, Radio Miramarren antzeko irratiak, ondoren Cadena 100 irratian bilakatuko zena, eta Onda Cero, ONCEk sortua; Nerbioi Irratia eta Gorbeia Irratia, musika oso herrikoia zuten irratiak, eta, jakina, irrati piratak –maiztasun erabiltzeko emakida administratiborik gabe zeudenak dialean–, emankizun lizentzien zain zeudenak, bereziki Bilboko hirigunean, eta baita libre izenekoak ere, tokiko izaera zutenak eta ordezko programazioa, gehienetan euskaraz, igortzen zutenak.

Hori zen Hala Bedi irratiaren kasua. Gasteizko irrati paradigmatikoena zen. Izan ere, Hala Bedi irratiak zenbait arazo izan zituen hasieran, baina 1984an ekin zion emankizunak emateari, ia etenik gabe igorriz eta programazio formula egonkorrekin XXI. mendea hasi eta haratago.

Horiek guztiak ez ziren irratia Espainiako Estatuan bizitzen ari zen zabalkunde eta ezarpen sozialaren isla besterik; sektorearentzat, horrek, diktaduraren amaieraren hasiera suposatu zuen, 1975eko azaroaren 20an Franco hil ondoren eta Trantsizio Politikoak egunez egun sortzen zuen tentsio informatiboa zela eta.

Gertaera ahaztezin bat izan zen, dudarik gabe, 1981eko otsailaren 23ko transistoreen gaua. Izan ere, Madrilgo Diputatuen Kongresua Teniente Koronel Tejeroren buruzagitza zuten Guardia Zibilen unitateek okupatu zuten, eta horrekin porrot egin zuen estatu kolpe bat eragin nahi izan zuten.

Albistegien espezializazioa[aldatu]

Zentzu horretan, 80ko eta 90eko hamarkadak ohiko irratien espezializazio informatiboko urteak izan ziren, bai Uhin Ertainean eta baita Maiztasun Modulazioan ere. Kirol ekitaldiei buruzko informazioaz gain –gai horretan jadanik bazegoen tradizio luze eta sendo bat–, beste errealitate informatibo batzuk irratiak kalera ateratzea, berehalakotasuna bilatzera, gertutasuna zaintzera eta iritziak kontuan hartzea eragiten zuten.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, batez ere irrati publikoak –Radio Euskadi, Radio Vitoria eta Euskadi Irratia, batez ere– eta neurri txikiagoan, herri irratiek, besteak beste, Herri Irratiak eta Egin Irratiak, 1998an desagertu ziren arte, eta baita SER Euskadi eta Nafarroako lurralde egiturak, Grupo Correo taldearen irratiak, eta RNEko eskualdeko deskonexioak ere, bakoitzak duen baliabide eskuragarritasunarekin eta programazio autonomia ahalmenarekin, euskal dialaren komunikazio errealitatea eratuz joan ziren informazioaren bideaz.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratiak osatzen zuten, XXI. mendera sartzean, irrati informatiboaren ikuspuntutik irmoki finkaturik zegoen errealitatea. Irrati horiek eragin handiagoa zuten Euskal Autonomia Erkidegoan, baina, aldi berean, Nafarroarako eta Iparralderako ere proiekzio garrantzitsu bat zuten.

Musika kateak[aldatu]

Irratiaren mundua animatu zuen faktoreetako bat musika kateen arrakasta izan zen, XX. mendeko azken bi hamarkadetan.

Los 40 Principales programa, lau hiriburuetako bakoitzean irrati banarekin, Kiss MM (FM), Onda Cero Música, Euskadi Gaztea, euskaraz soil-soilik 1994ko urtarrilaren 1etik aurrera, Nerbioi Irratia eta Gorbeia Irratia, EITB irratia, Radio 3 eta Radio 2, musika klasikokoa, Cadena 100, Europa FM, Fórmula Hit eta beste irratiak, horietako batzuk gehienbat musika programazioarekin.

Beste irrati batzuk programazio mistoa zuten, informazioa eta musika tartekatuz (Arrate Irratia, Segura Irratia, Euskal Irratiak, Xorroxin Irratia eta beste irrati pirata eta libre asko), eta irratiaren diala imajinatu zitekeen azoka musikal zabalena bilakatu zuten. Hori esponentzialki hazi zen, satelite bidezko kanalak eta Interneteko musika irratien hazkuntza etxe guztietara iristen ziren heinean.

Euskaraz soil-soilik[aldatu]

Aipu berezia merezi dute, aukera estrategiko eta programatze-aukera gisa, euskararen erabilera normalizatuaren eta esklusiboaren aldeko apustua egin zuten irratiek, EITB, Euskadi Irratia eta Euskadi Gaztea irrati publikoak sortzeak suposatu zuena baino haratago.

Arrate Irratia. Hori da Arrate Irratiaren kasua, jardunik gabeko epe luze baten ondoren, 1982an berriro ekin zion jardunari Bernardo Ibarraren zuzendaritzapean.

Arrate Irratiaren esperientzia asko nabarmendu zen, ekonomikoki kudeatzeko zuen metodoagatik, halaber. Izan ere, publizitateagatiko finantzazioaz gain, beste irratiek arestian esperimentatu zutena mantendu zuen: entzule-elkartea. Urtero egiten zuten ekarpen ekonomikoarekin finantzaketa-gastuen zati bat ordaintzen zen.

Iparraldean[aldatu]

Urte horretan berean, 1982an, Frantziako gobernu sozialistak, François Mitterrand buru zuela, irrati libreak edo irrati-elkarketak sortzea onartu zuen. Frantziako irrati publikoaren monopolioa hausteak Frantziako Estatuak irrati libreak sortzeko mugimendu zabal bat eragin zuen. Hala, Iparraldean ere euskarazko irrati zabalkunderako hiru irrati ekimen garrantzitsu sortu ziren.

Irulegi Irratia, Irulegin (Nafarroa Beherea), Xiberoko Boza, Maulen (Zuberoa) eta Gure Irratia, Baionan (Lapurdi).

Hiruak, Frantziako legedian irrati-elkarketa gisa katalogatuta dauden irratiak, programazioan berezko nortasuna zuten eskaintzarekin finkatzen joan ziren. Baina, aldi berean, esfortzuak eta lana batzeko beharra ikusirik, 90eko hamarkadaren bukaeran programazio bateratuko ekimenak sustatu ziren, Euskal Irratiak epigrafearekin.

Era berean, Arrosa proiektuaren sustatzaileak ziren, batera eginiko proiektu zabalagorantz loturak sortzeko helburuarekin. Proiektu horrek egoitza Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko tokiko irrati-espektro zabal baten arteko irrati jarduera integratzaile bat sortzeko xedea du.

Bestalde, Gure Irratia izenekoak Hendaian Antxeta Irratia izenarekin tokiko deskonexioak dituen ordezkaritza bat sortu zuen. Horrela, saiatu zen bere emankizunak eta programazioa Hendaia, Hondarribi, Irun eta inguruetako hiriguneetarantz enfokatzen.

Nafarroan[aldatu]

Jardun-ildo berekoan, euskaraz baino ez igorriz, Baztango Bailarako Xoxorrin Irratia (1985) eta Iruñako Euskal Herria Irratia sortu ziren. Azken hori 1984an sortu zen, Iruñeko Erkidegoak SA elkarteko 50 kideen ekimenez. Hasieratik, berezko produkzioa edo beste irratiekiko elkarlanean gauzatutako produkzioa eta Euskadi Irratiak Iruñerako eta ingururako igortzen zuen seinalea konbinatu zituen.

Bi irratiek, Euskal Herria Irratiak nahiz Xoxorrin Irratiak, Nafarroako Foru Erkidegoak ematen zituen Maiztasun Modulatuak lortu nahi izan zituzten. Xoxorrin Irratiak 1998an lortu zuen emakida, Lesakara esleitutako maiztasun bat bazen ere, eta ez irratia kokatuta zegoeneko lekura esleitutakoa. Bestalde, Euskal Herria Irratia, iragarpen ororen aurka, 1998ko esleipenetatik kanpo geratu zen. Administrazioaren erabakia errekurritu zuen, baina, azkenean, 1984an sortu zenetik okupatzen zuen maiztasuna ustiatzeko baimenik gabe geratu zen.

Irrati espektroa[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoko irrati espektroa okupatzeari dagokionez, gogoratu behar da Administrazio Zentralaren azaroaren 11ko 240/1986 Dekretuak ezartzen zuela Soinu Irratia Maiztasun Modulazioan igortzeko maiztasunak esleitzeko prozedura. Dekretu horren 3. atalean zehazten zen emakidak 10 urtetarako emango zirela. Emakida horiek luzatu egin ahal izan ziren, esleipendunek horrela eskatuz gero, eta Administrazioak onartu behar zituen. Maiztasun horiek esleitzea eta balizko luzapena gauzatzea Administrazio Autonomikoen eskumena da.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, 1987ko eta 1989ko emakida prozesuen bidez, 1992an gauzatu zen behin betiko ebazpenaren bidez, 36 maiztasun eman zituen. Maiztasun horien artean, Estatu espainiarrean irrati zabalkundearen hastapenetatik, 6 emakida historiko sartzen ziren.

Euskal Autonomia Erkidegoko dialaren irrati panorama EITBko irrati guztientzako planifikatutako 55 maiztasunekin, hainbat programazio ildo Espainiako Irrati Nazionalaren 40 maiztasunekin, eta Bizkaia eta Gipuzkoa artean banatutako 6 udal irratirekin osatzen zen.

Zifra horiek 1992ko emakiden errealitateari erantzuten zieten. Egiazko panorama, 2002 urtean, oso desberdina zen. Irrati publikoek, autonomikoek nahiz estatalek, maiztasun gehiago zituzten; eta udal irratiei eskainitako espektroa, 107,0 eta 107,9 arteko bandan, irrati ilegalek, irrati libreek eta beste irrati seinale asko okupatzen joan ziren, modu gutxi gorabehera jarraituan eta egonkorrean (Ikus 01 taula).

Udal irratiei dagokienez, irrati libren mugimenduarekin gertatu zenaren antzera eta Katalunia edo Andaluzia bezalako Autonomia Erkidegoek zehaztu zuten joeraren aurka, Udal oso gutxik, Nafarroan nahiz Euskal Autonomia Erkidegoan, hautatu zuten tokiko irratiak ustiatzeko bide hori.

Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoren 1994ko martxoaren 22ko emakida erregimenak, Udal Erakundeentzat Maiztasun Modulazioko uhin metrikoetako irrati zabalkundeko zerbitzu publikoari buruzkoak, ez zuen arrakasta handirik izan.

Igortzen zen itxurazko potentziaren arabera, hiru igorgailu mota zehaztu ziren, A, B eta C izenekoak. 500 W ko itxurazko potentzia igorria (50.000 biztanletik goragoko hirietarako), 150 W ko itxurazko potentzia igorria (10.000 eta 50.000 bitarteko biztanle kopurua zuten hirietan), eta 50 W ko itxurazko potentzia igorria (10.000 biztanle baino gutxiagoko herriak) dituzte.

Hizkuntza politikaren ikuspegitik, horiek guztiak EUSTATek argitaratutako urtekari estatistikoaren arabera udalerri bakoitzarentzat atera litezkeen portzentajeetara doitu behar ziren minimo batzuk bete behar zituzten. Horrela, gazteei eta alfabetizazio nahiz euskalduntze programetara zuzendutako ekintza positiboa lehenesten zen.

MMko diala[aldatu]

Irrati libre izeneko horiek, 80ko hamarkadako bigarren erditik aurrera, antenara irteteko esperientzia horien agerpenarekin, MMko diala aurkako norabidean dinamizatu zen.

Irrati maiztasunak ustiatzeko baimenak Udal gutxik eskatu zituzten, aldiz, mota orotako taldeak ordezko programazioko proposamenak egiten joan ziren. Proposamen horiek, lotura administratiborik gabeak ziren, kasu gehienetan baliabide tekniko eskasekin, eta orientazio ideologiko edo politiko oso zehatzekin batzuetan, eta aldarrikapen oso zehatzekin bestetan.

Irrati digitala[aldatu]

Satelite bidezko emankizunak hasi ziren, 1900go hamarkadaren amaieran, eta irrati ekoizpenaren tratamendu digitala sartu zen. Soinuaren kudeaketa digitalak ahotsezko nahiz musikazko soinu dokumentuak grabatzeko, editatzeko, biltegiratzeko eta berreskuratzeko lanak sinplifikatu egin zituen, irrati eremuaren erabilgarritasunetik haratago irratiak sortzea ahalbidetuz.

Informatika, digitalizazio eta telekomunikazioen arteko konfluentziak baldintzatzen duen testuinguru teknologiko berrian, satelite bidezko emankizunen ugaritzeari, hazkunde esponentzialeko izaerarekin, irrati igorpenak gauzatzeko Internet erabiltzea gehitu zitzaion. Internet bidez, gainera, irrati igorpenei irudien eta datuen gehigarri multimediak gehitzen zaizkio.

D.A.B.[aldatu]

Europako agintariek, Uhin Ertaineko eta Maiztasun Modulazioko bandetan jadanik espazioa falta zela kontuan hartuta, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, emankizunerako protokolo digital baten ikerketa bultzatu eta sustatu zuten. Ikerketa horren fruitu izan zen DAB (Digital Audio Broadcasting), irratiko emankizun digitalek protokoloa.

EITBko irrati publikoak izan ziren, 1998ko martxoan Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazioen zuzendaritzak Arabako Zaldiaran mendian dituen instalazioetan ezaugarri horietako multiplexadore bat instalatzearekin batera, emankizun digitalera gehitu ziren lehenengo irratiak.

Espainiako Irrati Nazionalak, esaterako, irrati publikoak eta estatu mailako irrati kate pribatu garrantzitsuenek 1999tik emankizunak igortzen zituzten jadanik formatu digitalean. DAB protokoloko emankizun digitala gauzatzen duten multiplexadoreak okupatzeak, gainera, Radio Marca, Radio Mundo eta abarren antzeko beste irrati eskaintzak agertzea ahalbidetu du. Irrati horiek guztiak Alderdi Popularraren Gobernuak 1999ko udaberriko hauteskunde orokorren bezperatan egin zituzten maiztasun digitalen esleipenen ondorio dira.

Kronologia – 1925-2003[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Gure herriko irratiaren efermerideak, garrantzi gehiago edo gutxiagokoak[aldatu]

  • 1925. Maiatzak 1 - Radio Club Vizcaya EAJ-9ren lehenengo emankizunak. Cadena Unión Radiok eskuratu zuen, 1927an. Handik gutxira itxi egin zen [1928]
  • 1925. Irailak 30 - Radio Vizcaya EAJ-11ren lehenengo emankizunak. 1927an Unión Radiok eskuratu zuen, eta 1928an emankizunak emateari utzi zion.
  • 1925. Azaroak 24 - Sabino Uzelayetak, Donostiako Alkateorde izan zenak, irrati bat abiarazteko beharrezkoa zen lizentzia eskuratu zuen [beste iturri batzuen arabera baimena 1924ko abenduaren 15ean eman zitzaion]. Emankizun ekipoa, Wester Electric Company irratia, Igeldon instalatu zuen. Radio San Sebastian, EAJ-8k 1925eko azaroaren 29an ekin zion bere bideari.
  • 1927. Ekainak 26 - Cadena Unión Radio delakoak [1924ko abenduaren 19an eratua, eta etorkizuneko Cadena SER irratiaren hastapena] Euskadin zeuden hiru irratiak eskuratu zituen: Radio Club Vizcaya, EAJ-9, eta horren arerio zuzenena, Radio Vizcaya, EAJ-11, hala nola Radio San Sebastián, EAJ-8 [azken hori, zehazki, 1927ko ekainaren 26an].
  • 1928. Uztailak 7 - Radio San Sebastián irratiak Paulino Uzkudun eta Haymann en arteko boxeo borrokaldi ospetsua eman zuen Txofreko Zezen Plazatik Union Radio irratiko entzuleentzat, Donostiako, Bartzelonako, Madrilgo eta Salamancako irrati instalazioen bidez.
  • 1928. Apirilak 28 - Radio Club Vizcaya, EAJ-9 irratia matxuratu egin zen, eta hori zela-eta igorpenak eten egin behar izan ziren. Behin betiko bilakatu zen isilune tekniko bat, inoiz gehiago ez baitzuen igorri.
  • 1932. Abenduak 8 - Komunikazioetako Ministerioak Dekretu bat eman zuen. Dekretu horren bidez Telekomunikazioen Zuzendaritza Orokorrari ahalmena ematen zitzaion, partikularren bidez, potentzia txikiko irrati igorgailuak [200 watt gehienez ere] eta 30 kilometro baino gutxiagoko estaldura erradio bat duten tokiko izaera duten irrati igorgailuak instalatzeko baimenak emateko. Bestalde, udalerri bakoitzeko irrati emankizun bakarra baimentzen zen. Dekretu horren babesean, 1933an Radio Bilbao, EAJ-28, eta Radio Pamplona, EAJ-6 sortu ziren, eta 1934an Radio Vitoria, EAJ-62 sortu zen. Handik gutxira, Tuterak ere tokiko ezaugarriak zituen irrati propioa izatea lortu zuen: Radio Tudela, EAJ-66.
  • 1932.** - Radio Tudela, EAJ-66 irratia abiarazi zen. Irrati hori Aurelio Hernándezi eman zitzaion. Denbora gutxi funtzionatu zuen. Beste Radio Tudela bat sortu zen 50eko hamarkada erdialdean, Sindikatu en Irratien Sarea [CES] delakokoa. Ondoren, Irrati Kate Espainiarra [RCE] delakoan sartu zen. Eta, azkenik, RNEko errepikagailu izaten bukatu zuen.
  • 1933. Maiatza - Radio Navarra, EAJ-6 sortu zen. Irrati hori Unión Radio katean sartu zen.
  • 1933. Urriak 31 - Probatarako denboraldi baten ondoren, EAJ-28 Radio Bilbao igortzen hasi zen. Gerra zibilean izen desberdinekin jarraitu zuen: Radio Requeté, Radio España, Radio Euskadi edo Radio Bilbao. 1943an, finantza-estutasun larriak igaro ondoren, lehendabizi SER kateak alokatu zuen, eta ondoren kate horrek berak eskuratu zuen.
  • 1933. Maiatzak 27 - Radio Navarra sortu zen. Hasiera batean 200 Watts eko irrati txiki bat zen, Zaragozako Ismael Palacios Bolufer argazkilariak sortua, Kale Nagusiko 43an. Gerra Zibilean irratia Gerra Batzorde Karlistaren eskuetan egon zen, eta Radio Requeté de Navarra bilakatu zen. Izen horrekin EAJ-6 adierazgarria jaso zuen, hasiera batean Madrilgo Radio Ibérica delakoari eman bazitzaion ere. SER katera lotu zen 1958an. 1975ean S.A. Radiodifusión Navarra delakora transferitu zen, eta 1984ko maiatzaren 1ean izenez aldatu, eta Radio Pamplona izena hartu zuen.
  • 1933. Urriak 31 - Bizkaiko lehenengo irratia EAJ-9 izan zen. Radio Club Vizcaya delakoari 1925eko urtarrilaren 12an eman zitzaion, eta Carlton Hotelean ezarri zen. Irrati hori Union Radiora saldua izan zen 1927ko maiatzaren 28an, eta 1928ko apirilaren 28an emankizunak igortzeari utzi zion. Egungo Radio Bilbao 1933ko martxoan Daniel Urkijori eman zitzaion kontzesio bat izan zen, 1933ko urriaren 31n EAJ-28 Radio Emisora Bilbaina izenez irekiz. Igorpenak ez zuen minutu batzuk besterik iraun, matxura bat zela-eta 1933ko azaroa erdialdera arte geldirik utzi baitzuen. Bilboko Rodriguez Arias kaleko 6.ean kokatu zen 70eko hamarkadan zehar. Banco Urkijok bere akzioak PRISAri saldu zizkion 1982an.
  • 1934. Irailak 9 - Lehendabizikoz, Radio San Sebastián eta Radio Bilbao –Union Radio katekoak biak– irratien bidez, erlijio-ospakizun musikal bat eman zen, Arantzazuko Saindutegitik, Ama Birjinaren egunarekin bat eginez.
  • 1934. Irailak 30 - Radio Vitoria – EAJ-62 irratiaren lehenengo emankizun ofiziala. Irrati igorgailu hori Francisco Hernández Peña doktoreak sortu zuen. Maiztasunaren emakida 1932ko abenduaren 8ko dekretuan xedatutakoaren babesean eman zen.
  • 1934. Apirilak 24 - Agrupación Vasca de Experimentación en Radio [AVER] elkartea arautu zuen Araudia onartu zen. Elkarte horretan jadanik eratutako irratiek parte hartu zuten, hala nola teknikariek eta irrati amateurrek.
  • 1934. Uztailak 26 - Bigarren Errepublikako Gobernuak Irratiaren Legea onartu zuen. Lege horrek ordenamendu juridikoaren etorkizunaren oinarriak ezartzen zituen. Dekretuaren arabera irratia Estatuak kontrolatzen zuen eta garatzen zuen zerbitzu publiko gisa eratzen zen. Ondorio horietarako, Estatuak beretzat erreserbatzen zuen eremu nazionaleko nahiz nazioarteko eremuko irrati jarduera.
  • 1934. Otsailak 9 - II. Errepublikako Gobernuak, Komunikazioko Ministerioaren bidez, irratiz izaera edo eduki politiko eta sozialeko propaganda diskurtsoak eta –espazioak ematea berariaz debekatzen zuen Agindu bat aldarrikatu zuen.
  • 1936. Uztailak 18 - Gerra zibilaren hasiera. Uztailaren 18an bertan, arratsaldeko lehenengo orduetan, Unión Radio San Sebastián irratiko mikrofonoek Eusko Alderdi Jeltzaleko diputatu ziren Manuel Irujo jaunak eta Jose Maria Lasarte jaunak sinatutako ohar bat zabaldu zuten, beren iritziz herri subiranotasuneko legezko aukera bakarraren alde, hots, Errepublikaren alde, azalduz.
  • 1936. Abenduak 22 - Behin gerra zibila hasita, Autonomia Estatutua aldarrikatu zenetik bi hilabete eta erdira, Jose Antonio Agirre Lehendakaria euskal herriari zuzendu zitzaion, eta, bereziki, gudariei, «Euskaldunen herri zaharraren gobernu gazte bat» izenburua zuen mintzaldi batekin.
  • 1936. Urria - Espainiako Parlamentuak lehenengo Autonomia Estatutua onartu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat.
  • 1939. Ekaina - Bilbo erori ondoren, Eusko Jaurlaritzak sortutako irrati zerbitzuak igortzeari utzi zion.
  • 1939. Urriak 6 - Diktadurako Gobernuak, izaera orokorrez, irrati komertzialen zentsura eta, aldi berean, tokiko, eskualdeko nahiz probintziako eremua gainditzen zuten albisteak ematea debekatzea ezartzen zuen Agindu bat aldarrikatu zuen. Albiste nazionalak nahiz nazioartekoak ematen zituzten albistegiak debekatu izana, Madrilgo Irrati Nazionaleko hitz egindako egunkarietara konektatzeko obligazioarekin batera etorri zen. Informazio monopolio hori indarrean egon zen 1977ko urriaren 25era arte.
  • 1941. ** - Radio Moscú irratiak, bertsio espainiarrean, eta Radio España Independiente irratiak, «Radio Pirenaica» delakoak, Dolores Ibarruri Komunistaren zuzendaritzapean, lehendabizi Moskutik, eta, ondoren, Bukarestetik (1955) igorri zuenak, beren emankizunei 1941ean ekin zieten.
  • 1943. - Irailak 9 - Radio San Sebastián Arantzazuko Saindutegitik Meza Saindua ematen hasi zen erregularki. Ohitura horrek 1983ra arte iraun zuen.
  • 1946. Abenduak 21 - Radio Euskadi – Euskadi Irratia, La Voz de la Resistencia Vasca, irratiaren lehenengo emankizunak aireratu ziren, uhin motzean, Lapurdiko Mugerren gaitutako emankizunetako talde bati esker.
  • 1946. Udazkena - Denboraldi batean BBC britainiarrean jardun ondoren, Alberto de Onaindia apaiza (Markina, 1902 – Donibane Lohitzune, 1988), Dr. Olaso ezizenarekin, asteroko mintzaldiekin hasi zen, Frantziako irrati publikoko zerbitzuek zituzten gaztelaniazko emankizunetan.
  • 1947. Abenduak 2 - Radio Vitoria, EAJ-62 irratia Caja de Ahorros de Vitoriak eskuratu zuen, eta Olagibel kaleko estudio berrietara lekualdatu zen.
  • 1948. Uztailak 18 - Irrati zerbitzu frankistek sortzen zizkieten interferentziei erantzunez, Radio Euskadi en el exilio irratiak Radio San Sebastianen antzeko irratiei zuzendutako aldizkako interferentziazko ekintzak abiarazi zituen. Lehenengo interferentzia ekintza egun horretan burutu zen, eguerdiko hamabietan, Arantzazuko Saindutegiko Meza Nagusiaren igorpena amaitu ondoren.
  • 1952. Azaroak 17 - Hitzarmen bat sinatu zen, eta hitzarmen horren bidez Caja de Ahorros de Vitoriaren Radio Vitoria – EAJ-62 irratia Sociedad Española de Radiodifusión (SER) delakora elkartu zen. Hitzarmena sinatzean SER kateko Zuzendari Nagusi gisa Virgilio Oñate Sanchez jauna azaltzen da, eta Radio Vitoriako Kontseilari Ordezkari gisa, berriz, Vicente Botella Altube jauna. Hitzarmenak zuzendaritza tekniko, programazio, publizitatearen kudeaketa eta aholkularitza juridikoarekin lotutako gaiak biltzen zituen.
  • 1953. ** - Radio Juventud de Eibar irratia abiarazi zen. Irrati horrek Uhin Ertainean igortzen zuen, 1964an Uhin Ertainen Dekretua iritsi zen arte. Radio Juventud izenarekin 1940an sortu ziren irratietako partaidea zen. Irrati horiek guztiak Irrati zabalkundeko Kate Urdina (CAR) delakoarenak ziren. Irrati horiek Franco Jeneralaren diktadurako aparatu ideologiko eta propagandistikoak eratuta zuen erakunde sarea osatzen zuten. Irrati kate Espainiarra (RCE) eta Espainiako Irrati Nazionala (RNE) fusionatu zirenetik desagertu egin zen emankizun gune gisa, eta RNE 1eko errepikagailu bat gehiago izatera pasa zen. Data horren inguruan sortu zen baita ere Radio Juventud de Bilbao.
  • 1953. Abuztuak 8 - Radio Alava igortzen hasi zen. Irrati hori Rafael Gutiérrez Benito doktoreak sortu zuen. Handik gutxira La Voz de Alava izena hartu zuen eta, horrela, REM (Mugimenduko Irratien Sarea) sarean sartu zen.
  • 1954. Abuztua - Frantziako gobernuak, diplomazia espainiarraren presioei erantzunez, Radio Euskadi en el exilio irratiaren instalazioak ixtea dekretatu zuen.
  • 1954. Otsailak 20 - Radio Tudela ireki zen. Irrati hori Irrati Kateen Sindikatuko (CES) partaidea zen. Bertarako igortzen zuten irratiak ziren, kate gisa identifikatzen zituen izen komunik gabe. Horri dagokionez, kokatzen zireneko eskualdearen edo hiriaren izena hartzen zuten. Uhin Ertainen Dekretuaren aplikazioan, 1964an, Uhin Ertainean igortzeari utzi zion, eta Maiztasun Modulazioko espektro erradioelektrikoa erabiltzera moldatu behar izan zen. Dekretu batek 1978ko Sindikatu Bertikaleko Irrati Kateen Sindikatua Kulturako Ministeriora transferitu zuen, ondoren Irrati Kate Espainiarran (RCE) barne hartzeko. Irrati Kate Espainiarra (RCE) delakoa 1972an sortu zen REM (Mugimenduko Irratien Sarea) katea eta CAR [Irrati Zabalkunderako Kate Urdina] fusionatu ondoren. Ondoren, 100.000 biztanle baino gutxiagoko hirietako ekoizpen guneak itxi eta gero, Espainiako Irrati Nazionaleko errepikagailu bat gehiago izatera besterik ez zen igaro.
  • 1954. Abuztua. - Gobernu frantziarrak, Kanpo Arazoetako Ministro Mendés France eta Barne Arazoetako Ministro François Miterrand zituelarik, Radio Euzkadi behin betiko ixtea agindu zuen. Erbestean, ez zuten ezertarako balio izan François Mauriac poeta eta kazetariak itxiera saihesteko egin zituen kudeaketek, ezta Agirre Lehendakariak emankizun horiei berrekiteko egin zituen ahaleginek ere.
  • 1956. Apirilak 2 - Segura Irratiak lehendabizikoz Uhin Ertainean, 1.500 Khz-etan, igorri zituen emankizunak. Irrati hori Ekin¬tza Katolikoko Aholkularia zen Cesareo Elgarresta apaizak sortu zuen. Irratia itxita egon zen 1963 eta 1971 bitartean. 1972an MMan igortzeari ekin zion, eta 1977an SA bilakatu zen.
  • 1956. Abuztuak 22 - La Voz de Guipúzcoa E.F.E. -23 irratiaren emankizunak berreskuratu ziren. Irrati horren estudioek auditorio handi bat zuten, eta hortik jendaurreko programak egiten ziren. Mugimenduaren menpe zegoen irrati bat izateko, bere kudeaketa eta programazioa nagusiki komertzialak ziren.
  • 1956. ** - Euskal Herritik milaka kilometrotara, Ipar Ameriketako Wyoming estatuan, Buffalo izeneko hirian, Jeanette Ezponda Maxwel andrearen ekimenez, Johnson konderriko artzain euskaldunei eskainitako programa bat abiarazi zen: KBSS irratiko Basque Program. Antenan mantendu zen 1996ra arte. Hala, 1997an Euskal Erakundeen esker ona jaso zuen, Buffalon bertan ospatutako omenaldi batean.
  • 1957. Apirilak 1 - La Voz de Navarra jaio zen. «La Voz de...» izen komunari erantzuten zion irratia zen, eta, hori horrela, Mugimenduko Irratien Sareko [REM] partaide zen. MMan igor¬tzera pasa zen 1971n, eta, ondoren, Radiocadena Compás irratia bilakatu zen. Irrati hark «oldie» formatu musikala zuen. RTVEko irratien birmoldaketan integratu zen, 1995etik aurrera irratia eta RNEko Radio 5 –«all news– albisteak soilik» formatua– bilakatu zen.
  • 1957. Urriak 21 - “Dr. Olasok” –Alberto Onaindía apaizaren ezizena– irrati publiko frantziarreko irratiko hitzaldiak eten behar izan zituen, 11 urtetan zehar etengabe jardun ondoren, diplomazia espainiarraren presioak zirela eta.
  • 1958. Abuztuak 8 - Uhin Ertainen Dekretuak xedatu zuen eskualdeka sailkatuta ez zeuden Uhin Ertaineko irratiek Maiztasun Modulatuko irratietara moldatzea eskatu behar izatea, gehienez ere 5 urteko epe batean.
  • 1959. Abenduak 23 - Arrate Irratiak lehenengoz igorri zuen uhin ertainean. Irrati hori Pedro Gorostidi jaunak sortu zuen. Hori ere apaiza zen –garai hartan zeuden asko eta asko hala baitziren–, kulturak eta erlijioak ezinegona sorturik, irratian beren egiteko kultural eta ebanjelizatzailea gauzatzeko aukera ikusi zuten. Saindutegiko Sakristian instalaturik zegoen Arrateko Irratia 1964ko maiatzean itxi zen, eta 1978ko uztailaren 3an berrekin zion jarduerari. Berriro itxi zuten 1978ko azaroaren 13an, eta jarduerarik gabeko denboraldi luze baten ondoren, 1982ko abenduaren 30ean hasi zen MMan eta euskara hutsean emankizunak igortzen, Bernardo Ibarraren zuzendaritzapean.
  • 1959. Abuztuak 18 - Dekretu berri bat aldarrikatu zenez, hargailu fabrikatzaile guztiek MMko hargailuak sartu behar izan zituzten 1960ko abuztuaren 1etik aurrera merkaturatzen ziren aparatu guztietan.
  • 1959. Abuztuak 4 - Igortzen 1958an hasi bazen ere, Iruñako Herri Irratia ofizialki 1959ko abuztuaren 4an ireki zen, COPE Navarra izatera pasa zelarik 1993an.
  • 1960.** - Bilboko Gotzaindegiak Bilboko Herri Irratia sortu zuen. Gobernuaren eta Elizaren artean Konkordatua sinatu zenean, irratia Cadena COPE sorberrian parte izatera pasa zen. Irrati horrek beti izan zuen kontutan euskararen erabilera eta euskal kulturaren sustapena. Ildo horretan, 70eko hamarkadan, irratiko zuzendaritzak eskualdeko irismena zuen irrati bat eratzearen aldeko apustua egin zuen. Horretarako bere MMko igorgailuaren potentzia areagotu zuen, eta horri esker Euskal Herriko puntu askotara iritsi ziren. COPEtik askatu zen 1994ko irailean, ibilbide programatiko berri bati ekinez, Loiolako eta Donostiako Herri Irratiak bezala. Uhin Ertaineko zentro igorleak gasolinadun atentatu bat jasan zuen 2000ko urriaren 8an, goizeko 7:30ak inguruan eta hori zela-eta jardunik gabe geratu zen. Handik gutxira 92.2an (MM) igortzen hasi zen.
  • 1960.** Radio Paris: Paris´tik Euskalerrira, Paris´tik Mundu Zabalera eta Actualidad Vasca ziren 1960 eta 1964 bitartean Jesus Insausti «Uzturrek» Radio Parisek Espainiarako eta Ertamerikarako zituen kanpoko zerbitzuetan sortu zituen programa batzuk.
  • 1961. Otsailak 11 - Loiolako Herri Irratia jaio zen, Loiolako Saindutegian ezarritako antena txiki batekin. Handik hilabete gu¬txira uhin ertainerako 2 kw ko Collins transmisore bat jarri zuten Erlepate mendian. Uhin Ertaineko Dekretuak ixtera behartu zituen 1964an, eta MMan igortzen hasi ziren urtebete beranduago.
  • 1961. Urriak 1 - Espainiako Irrati Nazionala (RNE) Donostian irratia sortu zen. RNEk Euskal Herrian zuen eskualdeko zentro berria izan zen. Zentro horrek antena nahikoa altua zuen, eta hori RNEren euskal erreferentzia izan zen. Denbora pasa ahala, bere antolamendu eta programa sarean Irrati Kate Espainiarra [RCE], La Voz de Guipuzcoa - EFE 23 eta Radio Juventud de Eibar - EFJ 42 barnean hartzen joan zen.
  • 1962. Abuztuak 15 - Donostiako Elizbarrutiak sortua eta Feliz Monederok sustatua, Donostiako Herri Irratia jaio zen, Donostiako Bengoetxea kaleko estudioetan. Donostiako Gotzaindegiaren menpe egon zen 1970era arte. Urte horretan Jesusen Lagundiak eskuratu zuen. Jesusen Lagundiak ordurako jadanik bere esku zuen Loiolako Herri Irratia. Bengoetxea kaletik Donostiako Garibai kaleko 19ko egoitza berrira lekualdatu zen 1974an. Loiolako Herri Irratiarekin batera utzi zuen COPE 1993ko azaroaren 1ean.
  • 1964. Abenduak 30 - Diktadurako Gobernuak Uhin Ertainen Aldi Baterako Plana onartu zuen. Planak uhin ertaineko irrati-kopurua murriztu nahi zuen, horietako asko Maiztasun Modulatuko irrati bilakatzeko.
  • 1964.** - Uhin Ertainen Dekretuak, irrati askoren itxiera eragin zuen, Maiztasun Modulaziora migratzeko aginduarekin. Hori gertatu zen, besteak beste, Segura Irratiarekin. Ez zen antenan egon berriro ere 1972ra arte, baina orduan MMan.
  • 1964.** - Radio Vitoria irratiak Euskal Jaia programa abiarazi zuen. Programa hori euskal musikari buruzkoa zen, eta Jose Maria Sedanok errealizatzen zuen. Antenan 1992ko ekainera arte egon zen.
  • 1965. Uztailak 22 - Uhin Ertainen Dekretuak eskualdeko irratiak Maiztasun Modulaziora eraman zituen. Loiolako Herri Irratiak ere itxi beharra izan zen. Baina, 1966ko uztailaren 31n hasi zen berriro ere emankizunak igortzen, MMko hargailuak erosteko konpromisoa harturik, 4.000 kide baino gehiagorekin. Eskuratu behar zituzten hargailu horiek Askar Philips markakoak ziren eta Irunen egiten ziren.
  • 1965. Uztailak 10 - Euskadi Irratia, «La Voz de la Resistencia Vasca», irratiak berriro ekin zion bere emankizun klandestinoei Uhin Ertainean. Oraingoan Venezuelako oihanetik igortzen zuen.
  • 1969. ** - Iñaki Gabilondo Donostiako Herri Irratiko zuzendaritzaren arduradun bilakatu zen. Handik gutxira SER kateak Donostian zuen irratia zuzentzera pasa zen. Herri Irratian Roman Gil de Montesek ordezkatu zuen.
  • 1970. Maiatzak 16 - Bilboko Espainiako Irrati Nazionalaren (RNE) lurraldeko egoitza ireki zen. Irrati horrek zurgatu zuen Irrati Kate Espainiarrarena (RCE) zen antzinako Radio Juventud de Bilbao EFJ 43 irratia.
  • 1970. Abenduak 24 - Jesuitak Donostiako Herri Irratiaren kargu egin ziren. Irrati hori, lehenago, Donostiako Elizbarrutiarena zen. Horrela, bi irratiak batera hasi ziren programazio orduak igortzen.
  • 1972.** - Segura Irratia berriro ireki zen, 8 urtez euskal irratiaren dialetik at egon ondoren.
  • 1972. ** - La Voz de Guipúzcoa, izen bera zuten gainerako irratiak bezala [«La Voz de...»], Irrati Kate Espainiarraren (RCE) partaide bilakatu zen REM [Mugimenduko Irratien Sarea] eta CAR [Irrati Zabalkunderako Kate Urdina) fusionatu ondoren.
  • 1972. ** - La Voz de Alava irratiak Maiztasun Modulazioa instalatu zuen. Hasiera batean, bere funtzioa zen hilabete bakoitzeko lehenengo larunbatean San Migel Elizatik Arrosario Sandua ematea.
  • 1972. Ekainak 22 - Behin estatutuak onetsita, juridikoki eratu zen COPE, Cadena de Ondas Populares de España.
  • 1973. Urria - Bilboko Herri Irratia bereziki euskaraz, hots, bizkaieraz, igortzen hasi zen. Etorkizuneko Bizkaia Irratiko hastapena izan zen.
  • 1974. Abuztuak 14 - Frantziako legediak ORTF bertan behera utzi zuen. Horrekin, Legea bereizten hasi zen hedapena, ekoizpena eta programazioaren artean. Eta funtzio horiek guztiekin batera Ikus entzunezko Institutua sortu zen. Institutu horren funtsezko helburua zen ikerkuntza, trebakuntza eta dokumentazioa. Hori horrela, Frantziako ikus entzunezko sare modernoa garatzea ahalbidetuko zuten lege eremu berriak agertu ziren.
  • 1976. Martxoak 27 - Jose Ramón Belokiren ekimenez, Donostiako Herri Irratiak eta Loiolako Herri Irratiak 24 ordu euskarazko programazioa ekoiztu eta igorri zuten: «24 orduak euskaraz». Programazioa amaitzeko, Anoetako Belodromoan festa handi bat ospatu zen. Euskarazko komunikabide publikoen aldarrikapenaren aldeko ekitaldi benetan garrantzitsua izan zen.
  • 1977. Uztailak 11 - Batallón Vasco Español eskuin muturreko talde parapolizialak aldarrikatutako bonba batek Loiola Herri Irratiak Itxumendin zuen igorgailua deuseztatu zuen. Handik gutxira, ekainaren 25ean, berriro aireratu zen, herriaren ekarpen ugariari esker.
  • 1977. Apirilak 30 - Euskadi Irratia, La Voz de la resitencia Vasca irratiaren azkeneko emankizunak Venezuelatik.
  • 1977. Urriak 30 - Madrilgo Irrati Nazionalaren hitz egindako egunkariekin konektatzeko obligazioa bertan behera utzi zen. Legezko agindu hori 1939ko urritik bete behar izan zuten irrati komertzial guztiek.
  • 1978.** - Alexander de la Cerda kazetaria Loiolako Herri Irratiarekin harremanetan jarri zen. Loiolako irratia oso ondo entzuten zen Iparraldeko gune askotan, eta, horregatik, Iparralderako bereziki irrati bat sortu nahi zuen. Horrela sortu zen Adour Navarre Irratia. Egunero bi programa eman zituen Iparralderako Loiolako Herri Irratitik. Beranduago, bere transmisore propioa instalatu zuen Ziburun. Horrela Frantziako lehenengo irrati libre bilakatu zen. Irratiak, azkenean, Luxenburgoko RTL katearen eskuetan bukatu zuen, Baiona ingururako eskualdeko irrati izanez.
  • 1978.** - Irrati Kate Espainiarraren (RCE) irratiak Espainiako Irrati eta Telebistara (RTVE) pasa ziren.
  • 1978.** - Donostiako kaleetan informazio autonomiaren aldeko eta COPE katea Donostiako Herri Irratiaren eta Loiolako Herri Irratiaren aurka gauzatzen ari zen zentralizazio prozesuaren aurkako manifestaldi jendetsu bat egin zen.
  • 1979. Ekainak 20 - Soinu irratiaren Plan Nazionala ezartzen zuen 1978ko azaroaren 10eko Ministerioko Agindua aplikatuz, Radio Vitoria EAJ 62 irratiari irrati zabalkunderako zerbitzu publikoaren ustiapena esleitu zitzaion. Ustiapen hori ezaugarri hauek zituen igorgailu baten bidez gauzatzen zen: Maiztasuna 1602 KHz –Potentzia CBP– Esleipena P. Urte bereko irailaren 5ean MMko 96,0 maiztasunaren emakida jaso zuen, 1 Kw ko igorgailu bat instalatzeko baimenarekin.
  • 1981. Abenduak 24 - Eusko Jaurlaritzak Radio Vitoria erosi zuen. Ordura arte Caja de Ahorros y Monte de Piedad de Vitoria ren jabetzakoa izan zen, eta 1952tik SER katera bilduta egon zen.
  • 1981.** - Luxenburgoko RTL taldeak eskuratu zuen Adour Navarre Irratia, katearen tokiko irrati bilakatuz.
  • 1981. Azaroak 24 - Irratien elkartze legearen babesean sortu zen Gure Irratia. Lehenengo 1985an Baionara lekualdatu zen.
  • 1982. Maiatzak 20 - Eusko Legebiltzarrak Euskal Irrati Telebista, EITB, Erakunde Autonomoa Sortzeko Legea onartu zuen. Lege horrek Euskadiko irrati publikoen sarea sortzea eragin zuen.
  • 1982. Azaroak 23 - Euskadi Irratiaren lehenengo emankizun ofizialak, Donostiako Andía kaleko 13ko estudioetan, Jose Mari Otermin jaunaren zuzendaritzapean.
  • 1982. Abenduak 30 - Jarduerarik gabeko denboraldi luze baten ondoren, Arrate Irratia berriro aireratu zen, oraingo honetan Maiztasun Modulatuan (FM) eta euskaraz soil-soilik, Bernardo Ibarraren zuzendaritzapean.
  • 1983. Apirilak 15' - Espainiako Irrati Nazionaleko Gasteizko irratia sortu zen. La Voz de Alava eta RCE Vitoria irratiak zurgatu zuen.
  • 1983. Martxoak 31 - Eusko Irratia S.A. abiarazi zen ofizialki, Bilbon kokatutako estudioetan, Gran Viako 85ean.
  • 1983. Maiatza - Top Radio 75 Watts ekin igortzen hasi zen Begoñako Parrokiak utzitako tokiko batetik. Bilboko erdigunera lekualdatu zen 1987an, zigilatua izan ondoren. Berriro itxi ondoren, 1995an berriz ekin zion igortzeari, Cadena Top kateari elkartuta. Cadena Top katea 1996ko uztailan Top Radio Bilbao izatera pasa zen 2001eko irailera arte. Orduan bere kate propioa sortu baitzuen.
  • 1983. Abuztuak 6 - Hala Bedi Irratiaren proiektua 1983ko uztailean hasi zen garatzen, eta, ondoren, 1983ko abuztuaren 6an hasi zen emankizunak igortzen, Ama Birjina Zuriaren Jaiekin batera.
  • 1984.** - Iruñean jaio zen, Iruñeko Komunikabideak S.A. elkarteko 50 kideren ekimenez, Euskal Herria Irratia. Iragarpen ororen aurka, Nafarroako Foru Administrazioak, 1998an, MMak esleitzeko egin zuen deialdian, ez zuten sortu zenetik okupatzen ari ziren maiztasuna okupatzeko lizentzia lortu.
  • 1985.** - 1975etik aurrera garatu zen irrati zabalkunderako zerbitzuen deszentralizatze prozesu baten ondoren, ORTF desagertu ondoren, Baionatik Radio France Pays Basque hasi zen igortzen. Katea eduki orokorreko 38 eskualdeko katez osatua zegoen, 1991n. Radio Bleu irratiak 2000n aurrerantzean France Bleu eta kokatzen zireneko eskualdearen izenarekin jardun ziren tokiko eta eskualdeko irrati guztiak bildu zituen.
  • 1985. Azaroak 6 - Radio 80 Tudela izenez hasi zen, eta ondoren Radio Navarra Antena 3 - Tudela bilakatu zen. Radio Tudela da 1994tik. Tuterako lehenengo irratia EAJ 66 izan zen, 1932an Aurelio Hernandezi esleitu zitzaiona. Denbora gutxi iraun zuen irrati hark. Hala, 50eko hamarkadaren erdialdean Irrati Sareko Sindikatuen beste Radio Tudela bat sortu zen. Ondoren RCEn sartu zen, eta, azkenean, RNEko errepikagailu bat gehiago izaten amaitu zuen.
  • 1986.** - Radio Vitoria behin betiko SER katetik deslotu zen, eta tokiko bere programazioa igortzen hasi zen, informazio orokorreko zerbitzuekin, Euskadi irratiarekiko konexioan.
  • 1986. Ekainak 10 - Bermeon Itsuki Irratia sortu zen, Bizkaiko ikastolen festa, Ibilaldia 86, zela eta.
  • 1986. Uztailak 24 - Errepide Berrien Euskal Erakundeko (Busturi Ikastola – Gernika Elkartea) ikasleen lehenengo promozioaren ekimenez Gernika Irratia emankizunak igortzen hasi zen. Antena 3 Irratiarekin konexioak egin zituen 1986ko iraila eta azaroa bitartean. lizentzia eskuratu zuen 1987ko uztailean, eta 1987ko abenduan Ibar ondak erosia izan zen, horrela Cadena Ibérica katera pasata. Cadena Radio Top 40 katera pasa zen 1989an, eta, ondoren, 1996ko irailaren 6an Cadena Top Radio katea utzi zuen SER katera elkartzeko. Euskadiko Cadena Dial katearekin elkartuta dago 2000ko urritik aurrera.
  • 1986. Otsailak 11 - Pititako Irratia igortzen hasi zen, Santurtziko Mameriega Bizilagunen Elkarteko tokikoetatik.
  • 1986. Maiatza - Nerbioi Irratia igortzen hasi zen, eta 1987ko uztailaren 19an lortu zuen lizentzia.
  • 1987. Uztaila - Nerbioi Irratiak lizentzia eskuratu zuen.
  • 1987.** - Baztango Bailaran, Nafarroan, bere bideari ekin zion Xorroxin Irratiak. Nafarroako Foru Gobernuak 1998an eman zion zegokion lizentzia.
  • 1987. Urria - 40 Principales irratia Gasteizen entzuten hasi zen Gasteiz Irratiko MMaren bitartez, hori EITB irrati taldera saldu aurretik. Beranduago, Gasteizko entzuleek Miranda de Ebroko (Burgos) irrati mistora, eta, ondoren, Radio SER Vitoria irratira jo behar izan zuten. Azkenean, Radio 40 Vitoria 1987ko udazkenean abiarazi zen.
  • 1987. Ekainak 4 - Laudio Irratiaren lehenengo emankizunak. Lizentzia 1989an eskuratu zuten. SER katearekin elkartu zen 1990ean. Ohiko SER programazio mistoa –40 Principales delakoa– egiteari utzi zion 2000ko irailean, M 80ra pasa¬tzeko.
  • 1988. ** - Euskal Herriko lehenengo COPE irratia sortu zen. COPE eta herri irratien arteko harremana hautsi zenean, 1990ean, Bilboko eta Donostiako MMak COPE katearen parte izatera pasa ziren. Beranduago, COPEra lotuta, halaber, Euskadin Radio Correo Bilbao y Vitoria, eta Radio Diario de San Sebastián abiarazi ziren. Radio Ontereconomia katean sartu ziren, 2002an.
  • 1988.** - 40 Principales programazio propioko musika kate bilakatu zen, Top 40 formatu amerikarrean inspiraturik. Irrati hori teknikoki estatu osoarekin lotua zegoen satelite bidez, eta irrati instalazioak zituen Bilbon, Gasteizen, Donostian nahiz Iruñean.
  • 1988. Urtarrila - Getxo Irratia igortzen hasi zen, eta 1997ko abenduaren 29an lortu zuen udaleko irrati-lizentzia.
  • 1988. Urtarrilak 19 - Antena 3 Vitoria emankizunak ematen hasi zen, eta 1988ko apirilaren 14an ireki zen ofizialki. Prisa Antena 3 Irratian sartu ondoren, 1992an, Antena 3 Irratiaren eta Grupo Correo taldearen arteko elkartea banatu egin zen, eta Radio Correo gisa igortzen hasi zen. Eta 1997ko uztailaren 28ra arte 102,4 maiztasunean igorri zuen, baina ondoren 105.5 maiztasunera pasa zen, Grupo Correoren maiztasunera, Dadena Dial Vitoria bezala.
  • 1989.** - Irrati zabalkunderako Plan Tekniko Nazionala onartu ondoren, Onda Media de Eusko Irratia SA elkartearen irratiak abiarazi ziren. Radio Euskadiren maiztasunak (3, Lurralde Historiko bakoitzeko bana) eta Euskadi Irratiaren maiztasunak (3, Lurralde Historiko bakoitzeko bana) Radio Vitoria eskuratu zenetik (1979ko emakida) existitzen zenetik maiztasunari gehitu zitzaizkion.
  • 1989. Urtarrilak 1 - La Voz de Alava irratia RNEko Radio 5 Todo noticias izatera pasa zen.
  • 1989. Abuztuak 9 - Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak zenbait enpresa eta elkarteei maiztasunak eman zizkien.
  • 1990. Martxoak 21 - Euskadi Gaztea abiarazi zen programaziorako bi ildoekin: irrati formula musikal gazte bat euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Euskarazko irrati formula musikal bakarrean fusionatu ziren 1994ko urtarrilaren 1ean.
  • 1990. Urriak 1 - Bilboko Elizbarrutiak Bilborako maiztasun berri bat eskuratu zuen, eta potentzia txikiko beste lau, Lekeition, Markinan, Ondarroan eta Aramaion. Horrela sortu zen Bizkaia Irratia, euskara bizkaitar hutsean igorriz. Euskara hutsean igorri zuen Herri Irrati baten, Bilboko Herri Irratiaren ondorengoa izan zen, 1973ko urritik.
  • 1990.** - Gasteizen, Donostian, Eibarren eta Bilbon egoitza zuten Onda Cero irratiak igortzen hasi ziren. Modu horretara 1989an Eusko Jaurlaritzak Sociedad de Telecomunicaciones Vascas eta Sociedad de Telecomunicaciones Donostiarra enpresei eman zizkien maiztasunak aktibatu ziren. Era berean, Portugaleteko Onda 3 eskuratu zuten, Bilbotik Onda Melodia – Bilbo moduan igortzera pasa zelarik.
  • 1990.** - Nerbio Irratiko formulari jarraiki, Gasteizen Gorbeia Irratia sortu zen. Maiztasun hori, hasiera batean, Arabako Gerontologia Elkarteari eman zitzaion.
  • 1990.** - Radio Artemis izenarekin hasi zen. Ondoren TRAK FM 106.1 izena hartu zuen. Nafarroako irrati libre zaharrenetariko bat da. Potentzia 500 Watt etara areagotu zuten 2000ko uztailaren 1ean, eta Track Onda Joven Elkartearen forma hartuz.
  • 1990. Apirilak 1 - Eusko Jaurlaritzak maiztasuna eman ondoren, 1989ko abuztuaren 9an Irun Irratia hasi zen. Irrati hori Juan Antonio Lekuonaren jabetzakoa zen, eta hasieratik SER katera elkartuta funtzionatu zuen.
  • 1991.** - Lekunberri udalerri nafarrak Aralar Irratia udal-irratia abiarazi zuen. Euskal Herriko lehenengo udal-irratietako bat izan zen.
  • 1991. - Abenduak 20 - Zumaian Itzurun Irratia ireki zen, 150 Watts eko igorgailu batekin. Irrati librea zen.
  • 1991. - Maiatzak 11 - Oñati Irratia udal irratia 150 Watts eko igorgailu batekin hasi zen. Tokiko programazio eta Euskadi irratiarekiko konexio orduak.
  • 1991.** - Radio Vertigo Eibarko Urkiola Eraikinetik hasi zen igortzen 97,1 maiztasunean. Jardunik gabe egon zen 1993 eta 1996ko urtarrila bitartean. Eibarko Hezkuntza Egoitzaren Radio Master gisa azaldu zen 1996ko urtarrilean. Jardunik gabeko beste denboraldi bat izan zuen 1999 eta 2000ko urriaren artean.
  • 1991. Ekainak 19 - Durango Irratia udal-irratia emankizunetan hasi zen.
  • 1992. Apirilak 3 - Iruñeko Txantrea Irratia irrati librea igortzen hasi zen.
  • 1992. Martxoak 23 - Mungian kokatutako irratia K-90 izenarekin hasi zen. Izena aldatu zuen 1993ko abenduan, eta Onda Corazon izenarekin Onda Cerora elkartu zen, baina 10 egunetarako baino ez. Mungia Irratia izena jaso zuen1996 hasieran, eta beranduago Radio Economía.
  • 1993. Azaroak 1 - Loiolako Herri Irratia eta Donostiako Herri Irratia COPEtik askatu ziren. Horren ondorioz, Donostian zuten MM maiztasuna galdu egin zuten COPEren alde. Katearen eta irratiaren ildo editorialak ez zetozen bat, bereziki kateak euskal Elizarekiko zuen jarrerari buruzkoan. Horregatik, Loiolako eta Donostiako Herri Irratiek COPE utzi zuten. Egoera berriak irratiaren programazioa nahiz langileria birdoitzea behartu zuen.
  • 1994. Maiatzak 31 - Euskal Herriko Autonomia Estatutuko Aldi Baterako Bigarren Xedapenean aurreikusten den Batzorde Mistoak, irrati hedapenari dagozkion Funtzioak Estatuko Administraziotik Euskal Autonomia Erkidegora iragateari buruzko Errege Dekretu bat onartu zuen. Errege Dekretua indarrean sartu zen 1994ko uztailaren 1ean.
  • 1994. Martxoak 22 - Eusko Jaurlaritzak Dekretu bat onartu zuen. Dekretu horren arabera, irrati zabalkunderako zerbitzu publikoak, maiztasun modulazioko uhin metrikoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal Erakundeei esleitzeko erregimena ezartzen zen. Dekretu horrek udal irratiak sortzea arautzen zuen.
  • 1994. Otsaila - Altzako Irrati Lantegiak (TRA) jadanik 1991tik igorzen zuen, eta 1994an Altzako Casares Kultur Etxeko eraikinera (Donostia) lekualdatu zen. Handik jarduten zuen, eta irrati lantegiko ikastaroak ematen zituen han.
  • 1995. Abuztua - Urdin Irratia 1992an sortu zen, Gipuzkoako Trintxerpeko Karmengo Parrokiko Iñaki Arzamendi apaizaren ekimenez. Jabez aldatu zuen 1995eko abuztuan.
  • 1997. Abenduak 29 - Arrasate Irratia AEDE (Arrasate Euskaldundu Dezagun) elkarteak eta Arrasateko Udalak sustatu zuten, euskararen erabilera bultzatzeko. Hala, 1997ko abenduaren 29an hasi zen emisioetan, eta lizentzia 1997ko abenduaren 29an lortu zuen, udal irrati bilakatuz.
  • 1997. Uztaila - Radio Miramar izenekoari egokitu zitzaion 102.5 maiztasunaren lizentzia hasiera batean. Irrati hori ondoren Cadena Cien katera atxiki zen, 1997ko uztailan. Radio Diario 1997ko uztailan itxi zenean, Cadena Cien maiztasuna erabiltzera pasa zen. Horrela, 102.5 maiztasuna Onda 10 irratiak okupatu zuen. Azkenik, 1999ko irailean bere maiztasuna Onda Cero San Sebastianen maiztasunarekin elkar trukatu zuen.
  • 1998. Apirilak 17 - Fórmula Hit – Portugalete. Onda Joven Portugalete izenez hasi zen. Hit Radio irratira lotua egon zen Hit Radio Bilbao bezala sortu zenetik 2000ko otsailaren 1era arte. Bere egoitza nagusia Gregorio Uzkiano kaletik egungo lekura lekualdatu zuen 2000ko abenduaren 15ean. Egun erabiltzen duen izena erabiltzen hasi zen 2001eko ekainaren 1ean.
  • 1998. Uztaila - Nafarroako Foru Erkidegoan Maiztasun Modulatuaren maiztasun berriak esleitu ziren. Nafarroako Parlamentuak esleipenetan jarraitu zen prozesua ikertzea eskatu zuen, eta Euskal Herria Irratiak azken erabakia errekurritu egin zuen, esleipenik gabe geratu zelako eta prozesuak eskatzaile guztiei ez zietela berme eta aukera berdinak eskaini ulertzen zutelako.
  • 1999. Irailak 13 - Onda 3 Barakaldo eta Onda Melodia izan zirenak Europa FM – Bilbo bilakatu ziren.
  • 1999. Irailak 13 - Maiztasuna 1989an eman zitzaion. Cadena Vasca izenarekin ekin zion igorpenari, Radio Stereo 2 desagertutako irratiaren tokikoa okupatuz. Onda 10 irratiarenarekin elkartrukatu zuen 1999ko irailaren 13an bere maiztasuna, Onda Melodia izatera iraganez. Onda Cero Música Vitoria bilakatu zen 2000 urtean.
  • 2000.** - Radio Euskadi eta Euskadi Irratiaren lehenengo emankizunak, satelite bidez, Amerikako eta Europako lurraldeetarantz. Europako lurraldeetaranzko emankizunak Via Digitalen bidez gauzatu ziren. Canal Sateliteko ASTRA satelitearen bidez igortzera pasa zen 2001ean.
  • 2000. Abenduak 27 - 12:00etan Errenteria Irratia igortzen hasi zen. Irrati hori Errenteriako Udalaren Irratia da, eta Kubidek kudeatzen du.
  • 2001. Uztailak 25 - EITB irratiaren (Eusko Irratia) lehenengo emankizunak, Donostiako Miramar Jauregian Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroei hasiera eman zitzaien egun berean.
  • 2002. Abenduak 10 - Euskadi Irratiak 20. urteurrena ospatu zuen, Zabalaga Baserriko Txillida Leku Museoan egin zen erakundeen ekitaldi batekin.
  • 2002. Abenduak 14 - Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroaren irekiera ekitaldi ofiziala. Zentro hori irrati programak ekoizteko zentro bat da, eta Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean kokaturik dago. Iparraldeko euskal irratien (Gure Irratia, Irulegiko Irratia y Xuberoko Boza) esfortzuak batzeko esperientzian oinarrituta, Joxemi Zumalabe Fundazioak sustatutako ekimena da. Helburutzat tokiko izaera duten 30 irratik Andoaingo Zentroak ekoiztutako eta zerbitzari informatiko batera (Miñaoko Irratsaio Bankua – Miñaoko Parke Teknologikoan kokatua) iraulitako programazioa batera igorri ahal izateko harremanak ezartzea zuen. Andoaingo ekoizpen zentroak egindako programa baten lehendabiziko emankizuna 2002-ko urriaren 21ean gauzatu zen. Programa hori Ostarteko balkoia magazinea da.
  • 2002. Urtarrila - Elgoibarretik hasi zen jardunean 2001ean Top Radio Gipuzkoa izenarekin, eta 2002ko urtarrilean Formula Hit delakora elkartutako irrati libre izatera pasa zen.

Diala[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Irratiaren diala, 2002ko udazkena. Ondoren kontsulta daitezkeen dialaren okupazioari buruzko tauletan, Euskal Herriko irrati bidezko komunikazioaren esparruan irrati-emankizun bidez hartuta zeuden MM eta UE-ko maiztasun guztiei buruzko informazioa biltzeko ahalegina egin zen, emankizun horien maila, neurri, formatu edo beste inongo ezaugarri kontuan hartzeke.

Entzuleriaren bila[aldatu]

Julian Beloki Guerra

Entzuleriaren neurketa eta merkatu azterketak. Publizitateak eskaintzen duen finantza-euskarria. Publizitateak eragindako sarrerak finantzaketa-iturri sendoa diren neurrian, non eta ez diren iturri behinena edo bakarra, entzuleria neurtzeko lanabesak edukitzeko eta merkatu-azterketak egiteko beharrak gora egin du, garrantziari dagokionez.

Finantza-euskarria: Publizitatea[aldatu]

Irrati zabalkundeko enpresetako kudeaketa eta finantzaketa metodoetan beste garai batean ezarpen, errekonozimendu eta arrakasta handia izan zuten entzule, bazkide eta abonatuen elkarteak sortzeko ekimenen aurrean, gaur egungo irratiaren oinarri nagusia publizitatetiko sarrerak eskuratzea edo finantzaketa mistorako sistemak garatzea da, batik bat; azken hauetan, publizitateak eragindako sarrerekin batera, ustiapen-aurrekontuaren zati bat administrazioetatik, erakunde publikoetatik edo enpresetatik dator, hauek kate edo irrati emisore jakin batzuk bultzatzea erabaki dutelarik.

Entzuleria neurtzea eta merkatu-azterketak[aldatu]

Edonola ere, publizitateak eragindako sarrerak finantzaketa-iturri sendoa diren neurrian, non eta ez diren iturri behinena edo bakarra, entzuleria neurtzeko lanabesak edukitzeko eta merkatu-azterketak egiteko beharrak gora egin du, garrantziari dagokionez.

Espainiar estatuan 60ko hamarkadan zehar instalatzen hasi ziren kontsumoko produktuen lehenbiziko multinazionalak heldu zirenean, departamentu komertzialek behin eta berriz azpimarratu zuten hedabideei buruzko kontsumo-azterketak eduki behar zituztela, hain zuzen beren publizitate kanpainak eraginkortasun eta eragin-irizpideetatik antolatu ahal izateko. Izan ere, ordurako horrelakoetara ohituta zeuden, esate baterako, Iparramerikako merkatuan, era honetako azterketetan aitzindaria baitzen hura, eta dagoeneko urte asko zeramaten eguneko irrati kontsumoa neurtzeko metodoak aplikatzen.

Zabalkundea neurtzeko bulegoa (ZNB)[aldatu]

Espainiar estatuan 1964an egin zuten entzuleriari buruzko lehenbiziko azterketa, Zabalkundea Neurtzeko Bulego (ZNB) delakoa eratu eta hilabete gutxira. Nazioarteko elkarte hau Frantzian sortu zuten 1922an, eta bere eginkizuna idatzizko prentsaren salmentak baloratzea eta egiaztatzea da.

Hedabideen entzuleriari buruzko azterketak zortzi agentziak eta bi iragarlek ostutako talde txiki baten bultzada izan zuen, eta ECO enpresak burutu zuen, 15.000 inkestaz osaturiko lagin baten bidez.

Hedabideen azterketa orokorra (HAO)[aldatu]

Ekimen aitzindari haren ondotik, 1968an HAO, Hedabideen Azterketa Orokorra jaio zen, entzuleriari buruz aldian aldiko ikerkuntzarako sistema izateko asmoz.

Hasiera batean 21 enpresak sustatu eta ordaindu zuten, eta 1988an ordurako 68 enpresa zituela kide, Hedabideak Aztertzeko Elkartea (EAE) eratu zuten.

Guztira sektoreko 155 enpresa ziren elkartearen kide 2002an, tartean zirela agentziak, hedabide-zentralak, gizarte edo publizitate komunikazioko hedabideak, iragarleak eta komunikazio-munduarekin lotura zuten beste hainbat erakunde.

Irrati kontsumoa

Irrati kontsumoari dagokionez, azterketak guztira 70.000 elkarrizketa hartu zituen oinarri; hauetatik 43.000 face to face eginikoak ziren, ordenagailuz lagundutako elkarrizketa pertsonalak alegia, eta beste 27.000 horiek telefono bidezko elkarrizketak ziren, ordenagailuz lagundutakoak horiek ere. Egin beharreko elkarrizketa guztiak hiru multzotan banatzen ziren urtean zehar, eta urteko datu metatuak izaten ziren estatistika balioa ematen zutenak. Espainiar estatu osoan egindako 70.000 elkarrizketa horietatik, Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroari 4.384 zegozkien, 1.636 telefono bidez eginikoak eta 2.748 face to face eginak etxean bertan. 2002ko urteko metatuari buruzko datuen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako irrati kontsumoari dagokionez azpimarratzekoa da Nafarroan biztanleriaren %55 baino gutxiago zirela irratia egunero entzuten zutela ziotenak, eta batez beste 91 minutu ematen zituzten horretan; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, berriz, eguneko batez besteko denbora 101 minutukoa zen, eta 10 biztanleetatik 6 omen irrati entzule.

Merkatu eta iritziari buruzko azterketak (MIA)[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean, gainera, bazen entzuleriari buruzko beste azterketa bat 1984az geroztik, urtero egiten zen Merkatua eta iritziari buruzko Azterketa (MIA). Horretan irratiaren entzuleriari buruzko azterketa ere jasotzen zen, eta honen oinarrian oroitzapenaren metodoa zegoen, etxean bertan face to face eginiko 7.564 inkestaz osatua (5.556 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 2.008 Nafarroan), eta eskualdeen arabera lagin puntuaren aukeraketa aleatorioa eta udalerriaren neurriaren araberako proportziokoa baliatuz.

Inkesta hauek sexu eta adin batzuen arabera egiten ziren, elkarte bietako 14 urtetik gorako biztanleen artean, eta hedabide, publizitate agentzia, erosketa zentral, iragarle eta elkarte bietako erakunde asko eta askoren babesa izaten zuen.

Azterketa hau egiten 1984an hasi ziren, eta irratiak 1984 eta 2001 bitartean izan zuen entzuleari buruzko urteko datuak alderatuz gero, beheranzko joera txiki bat sumatzen zen. Euskal Autonomia Erkidegoan, 1984an, 14 urtetik gorako pertsonetatik %64k zioen irrati entzulea zela, eta 2001ean, berriz, kopurua %56koa zen. Beheranzko joera hori nabarmenxeagoa zen Nafarroako Foru Komunitatean, 2001ean %50eko kopurua ematen baitzuen 1984an %64 zen bitartean.

UE eta MM aurrez-aurre[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan, 2001ean, 14 urtetik gorakoen artean milioi bat berrehun eta hirurogeita bat mila pertsonak esan zuten ohiko irrati entzule zirela, eta horietatik %84k Maiztasun Modulatua aukeratzen zuen dialean irratia sintonizatzeko. Hau da, Uhin Ertaineko irratiaren entzuleriak beheranzko prozesu etengabean segitzen zuen, Maiztasun Modulatua alderantzizko bidean abiatua zelarik nabarmen.

Musika irratien booma ordurako errealitate finkatu bat zen eta belaunaldi berriek apenas zuten Uhin Ertainaren berri. Gizon eta emakumezkoen artean hedabidearekiko zaletasun eta fideltasuna erdibana zegoen banatuta, eta 36 eta 55 urte bitartekoen artean irrati entzuleak askoz gehiago ziren oso gazteen edo urtetsuagoen artean baino.

Eta, halaber, ikusten zen proportzioan bazela halako joera handiago bat pertsona euskaldunen artean irratia egunero entzuteko, gaztelania elebakarra zutenen artean baino. Datu absolutuetan, euskaraz behar adina moldatzen zirela zioten irrati entzule guztien artean hirurehun eta hogei mila Euskal Autonomia Erkidegoan zeuden, eta berrogei mila Nafarroako Foru Erkidegoan.

EITB eta SER[aldatu]

Euskal Autonomia Erkidegoko irratiaren dialean finkatutako irrati emisore guztien programa eskaintzan bi talde nabarmentzen ziren beste guztien gainetik CIES en 2002ko azterketan, bere produktuetan guztira lortu zituzten entzule kopuru metatuei begira. Alde batetik, EITB-ren irrati-taldeak, izaera publikoko irratiei dagokienez, 5 produktu desberdin eskaintzen zituen: Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, Radio Vitoria eta EITB-radio.

Bestetik, SER katea zegoen, irrati komertzial eta estatu mailako estaldurakoen artean, nagusiki bere bi programazio ildoekin, konbentzionalarekin eta Los 40 Principales irrati formularekin.

Nafarroako kasuan ere SER katearen aitzindaritza antzematen zen; hurrenak COPE eta ONDA CERO ziren, eta RNE, berriz, erreferentziazko emisore publikoa, RNE-1en programazio konbentzionalarekin eta soilik albisteetarako RNE-5ekin.

XXI. mendera begira[aldatu]

Mende berria heltzeak ez zuen, ildo horretatik, inolako aldaketa garrantzitsurik ekarri irrati kontsumoari buruzko azterketen panoraman, ez Euskal Herrian ez espainiar estatuan, oro har. Telebistaren kasuan dagoeneko martxan bazeuden ere lagin soziologiko zehatz baten portaerari buruzko benetako datuak jasotzen zituzten hardware eta software elementuen erabileran oinarritutako audiometria sistemak, eta azterketa soziologikoen metodologiaren ikuspegitik teleikusle aktiboei buruzko datuak hartzeko sistema egokiak zirela, irratiaren entzuleriari buruzko neurketak egiteko moduak tinko heltzen zion, artean ere, 1968an Estudio General de Medios hura abian jarri zenean abiatutako bideari.

Estatu mailan EGM eta Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan CIES azterketa-topaleku egokiak ziren, 1984an, iragarle, publizitate-agentzia, erakunde eta irrati zabalkundeko hedabideentzat. Ildo horretatik, Suitzan 2001ean esperimentatutako audiometria-azterketek, erabiltzailearen eskumuturreko erlojuan instalatutako minigrabagailu digitalek jasotako datuen prozesatzean oinarrituek, etorkizun zalantzazko baten itxura handiagoa zuten berehala ezartzeko moduko proiektu batena baino.

Internet bidezko irratia[aldatu]

Osterantzean, Internet bidezko irrati-kontsumoari buruzko azterketetako datuak ez dira, XXI. mendea hasi berritan, hazkunderako igurikapen bat besterik, balio erantsi handiko eta merkatuan aurrera egiteko egiazko aukeraz hornitutako multimedia produktuak egituratzeko kapaz direnentzat; dena den, hauek guztiak daude etxeen digitalizazio prozesu integralago batek ekar dezakeenaren mendean.