Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Sindikatua

Igeldoko Alkartasuna nekazaritza-sindikatua 1911n sortu zen eta, bi urteko epean, 264 metro karratuko etxea eraikia zuten, Ramon Iraolari 20.000 pezetan erositako lursailean. Erosketari oniritzia eman zion Sindikatuaren zuzendaritza-batzordea honako hauek osatzen zuten: On Basilio Iraizoz, garai hartan Igeldoko parrokoa, Frantzisko Iraola, Simon Aristi, Frantzisko Rekondo, Elias Iraola eta Antonino Alberdik.
Gipuzkoako hainbat herritan egin zen bezalaxe, Igeldon ere baserritarren premiak eta asmoak asetzeko sortu zen Sindikatua. Alkartasunak, hasiera hartan, 100 bazkide baino gehiago izan zituen. Bazkide gehienak baserritarrak ziren. Sindikatuaren bidez aukera irabazi zuten beharrezko gauzak bertatik bertara eta moduz erosteko: abereei jatena emateko behar zuten pentsua, baratzarako ongarriak, eta beste hainbat produktu, esaterako etxerako ardoa.
Urte askoan zerbitzu ezin hobea eskaini zien bertako herritarrei. Baina XX. mendearen azken laurdenean, Igeldoko baserrien eta abereen gainbeherak ekonomikoki bideraezina egin zuen Sindikatuaren jarduera, eta ateak itxi behar izan zituen.

Urte batzuk lehenago, XX. mendearen erdialdean, Loren Arrillaga eta Fabian Loidi apaizaren ekimenez, talde bat eratu eta euskarazko antzerkia egiten hasi ziren zenbait herritar: Joxe Azurza, Gregorio eta Jexuxi Martiarena, Pepi eta Anjela Alberdi, Bittori, Maria Luisa eta Josetxo Zamora…, Sindikatuaren goiko solairuan. Bertan egiten zituzten entseiuak eta baita emanaldiak ere. Antzerki taldea desegin ostean, zinemari egin zitzaion lekua, filmak ematen hasi baitziren igande arratsaldean. Kultur eskaintza horrek ez zuen urte asko iraun Igeldon.
Sindikatua itxi eta urte batzuetara Herri Kontseiluak ahaleginak eta bi egin zituen proiektu berri bat eratu eta martxan jartzeko. Azterketa bat eskatu zitzaion Kataluniako enpresa bati, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailetik eta Mendi Nekazaritzatik dirulaguntzak jaso eta gero. Proiektuak turismo eta nekazaritza-alorrak uztartzeko asmoa zuen: Batetik, baserriko produktuen salmentarako eta transformaziorako lekua izatea nahi zuten; bestetik, herriaren interpretazio gunea sortu, eta azkenik, turistentzako logelak jartzea ere aurreikusi zuten, diru-sarrerak lortzeko. Txostena idaztera iritsi ziren, baina egitasmoak ez zuen aurrera egin.
Proiektua biziberritzeko ahaleginak porrot egin izanak ez zituen Sindikatuko bazkideak kikildu. Igeldon, gainera, zegoen denda bakarra itxi izanak beharrak areagotu zituen. Berriro ere talde eragile bat eratu zen Kooperatiban eta, urratsez urrats, ametsa egia bihurtu zen: herri-denda bat sortzea, Igeldoko kooperatiba (IKO) zabaltzea.
Auzolanean sortu zen Sindikatua, eta 100 urte pasatu eta gero, auzolanari esker abiatu da IKO. 112 bazkidek indarrak batu eta Igeldoko Sindikatuak ateak zabaltzea lortu zuen 2020ko uztailaren 17an. Bestelako izaera eta beste izen batekin, baina espazio berean eta asmo berberarekin: igeldoarren beharrak asetzea eta erosketak egiteko konfiantzazko leku bat izatea; gainera, tokian tokiko produktuen aldeko apustua eginez.