Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Tolaretxe

Wikibookstik
Tolaretxe baserriaren ikuspegi orokorra

Donostiako Toponimiaren arabera, baserri honen lehen aipamena 1841. urtekoa da. Tolare izenez azaltzen da. 1856. urtean, berriz, Tolare-Echea. Igarako behe aldeko eremuan kokatua dago, baina Igeldoko lurretan.

1 Esteban Lizarralde. 2 Jose Mari Arzallus. 3 Jose Mari Estanga. 4 Pedro Amundarain. 5 Maria Mitxelena. 6 Pantxika Mitxelena. 7 Katalina Mitxelena. 8 Tomasa Mitxelena.

Baserriari Tolare izena bertan sagardoa egiten zelako datorkio. Hasiera batean, sagardoa eskuz egiten zuten: sagarrak kaxa baten barruan jarri eta mazo batekin jotzen zituzten.

Jose Mari Arzallus Lizaso eta Pantxika Mitxelena Mendizabal.

Baserri handi bat zen, bi bizitzakoa. Bi familia bizi izan ziren bertan maizter, anai-arrebak. Baserriaren jabeak nafarrak ziren, Etxeberria abizenekoak. Bizitza batean, Maria Mendizabal, Tolaretxeko alaba, eta haren senarra bizi ziren, Pedro Mitxelena zarauztarra. Bikoteak zazpi seme-alaba izan zituen: Maria Pilar, Katalin, Tomaxa, Juana, Joxe, Pantxika eta Lontxo Mitxelena Mendizabal. Lontxo umetan hil zen, Juana ere gazterik, eta Joxe, gerran. Pantxika alaba gelditu zen baserrian. Etume baserriko Jose Mari Arzallusekin ezkondu zen (jatorriz Tolosako Muxika baserrikoa). Hamaika seme-alaba izan zituzten: Pedro, Juan Mari, Esteban, Maria Luisa, Joxe, Katalin, Tomaxa, Esteban, Juanita, Juan Kruz eta Jesus Mari Arzallus Mendizabal. Pedro, Esteban eta Juanita umetan hil ziren.

Beste bizitzan, Pedro Mendizabal eta Pilar Esposito bizi ziren. Seme bat izan zuten, Pedro Mendizabal Esposito, ezkondu gabe hil zena.

Bai etxe batean zein bestean ukuiluan ganadua izaten zuten; baratzean ere, denetik: letxuga, aza, porrua, artoa, babarruna... Barazkiak eta esnea saltzera Bretxako merkatura joaten ziren (geroago, esnea Gurelesara). Igarako autobus-geltokiraino astoarekin jaisten ziren. Benta Berriko Salsamendi dendara barazki asko eramaten zuten, bertan saltzeko. Fruta-arbola asko zituzten, eta uzta aberatsa: gereziak, pikuak, sagarrak, udareak...

1 Katalina Arzallus. 2 Frantziska Mitxelena. 3 Arantxa Martinez. 4 Tomaxi Arzallus. 5 Iñaki Urruzola. 6 Jose Mari Arzallus. 7 Pedro Amundarain. 8 Juan Mari Arzallus. 9 Maritxu Zubeldia. 10 Maria Luisa Arzallus. 11 Jesus Mari Arzallus. 12 Esteban Arzallus. 13 Martin Agirresarobe. 14 Joxe Arzallus. 15 Juan Kruz Arzallus. 16 Antonio Larzabal.

Artoa Igarako errotara eramaten zuten, arto-irina egiteko. Baserrian ez zuten urik eta beheko errekara joaten ziren ur bila, baita gobada egitera ere. Ganadua ere bertara eramaten zuten, ur edatera. Seme-alabak Igarako eskolara joaten ziren.

1975. urtean alde egin zuten baserritik, eta gerora baserria erori egin zen.

Iturria: Esteban Arzallus