Igeldoko historia eta istorioak/Galdutako baserriak/Txoxa

Baserriaren lehenbiziko aipamena 1828koa da, Choza izenez azaltzen da. Etumetxabal baserriko Elias Iraola Gomez Peruseko Juliana Ezeiza Gurrutxagarekin ezkondu eta Etumetxabal baserrian jarri ziren bizitzen. Hamaika seme-alaba izan zituzten: Maritxu, Luis, Lino, Juanito, Nati, Ramoni, Emeterio, Patxi, Joxe, Ignazio eta Felixa Iraola Ezeiza. Gerora, Txoxa baserrira etorri ziren bizitzera, errentan hartuta.
Elias Iraola Igeldoko auzo-alkatea izan zen. 1916 urtean izendatu zuten. El Correo del Norte egunkariko 1916ko urtarrilaren 6ko zenbakian ematen da haren izendapenaren berri.

Baserrian Nati alaba gelditu zen. Zingietako Jose Kruz Garmendia Zelaiarekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituzten: Nati, Rosi, Joxe eta Iñaki Garmendia Iraola. Jose Kruz igeltsero-lanetan ibili zen. Nati, berriz, urte askoan Gudamendi hotelean, garbitzaile eta sukalde-lanetan. Natiren anaia Ignazio beraiekin bizi izan zen baserrian; urte askoan itsasoan ibili zen, arrantzale. Jose Kruzen anaia bat ere, Joxe Garmendia, Kañoia ezizenez ezaguna zena, bizi izan zen baserrian hainbat urtez, beraiekin batera.
Baserriak zelai zabal eta handia zuen; hamabi bat belar-meta egiten zituzten. Beste lau bat, garoarekin. Garoa Egiluze aldean biltzen zuten eta idi-parearekin ekartzen zuten etxera. Jose Ramon Kamio baserrikoa eta Juan Jose Ganbaretxekoa ibiltzen ziren idi-parearekin garraio-lanak egiten, beste batzuen artean.
Popi izeneko txakur handi bat izan zuten baserrian; ganaduarentzako ura eramateko erabiltzen zuten, indar handia baitzuen. Erremolke bat marmitaz beteta txakurrari lotu, tirante bakar batekin, eta horrela ibiltzen zen. Aldapan gora ezin zuenean, txakurra atzeraka jarri eta burua altxatuta igotzen zuen erremolkea.
Dozena erdi bat esne-behi eta beste hainbeste txekor, oiloak eta txerria ere izaten zuten baserrian; baita uztarrian ibiltzen zen behi parea ere. Behiak ur edatera Txulotxoko iturrira eramaten zituzten; gobada egitera ere bai. Etxerako ura, berriz, Aiztoki iturritik ekartzen zuten. Baratzean denetik izaten zuten: artoa, babarruna, patata..., gehiena, etxerako. 1975ean, baserriko jabeak baserria Barinagari saldu zioten eta Garmendia Iraola sendia Donostiako Egia auzora joan ziren bizitzera. Gaur egun ez dago baserriaren arrastorik.
Iturria: Iñaki Garmendia Iraola