Edukira joan

Wikiproiektu:Igeldopedia/Sarrera

Wikibookstik

«Norbera beste lankideen gainean bermatuz,
Igeldo altxatzen»
.


Igeldoko historia eta istorioak
Wikipedia
Wikimedia Commons
Wikiturriak
Wikidata

Hitzaurrea

[aldatu]

Askok pentsa lezake ondarea eta memoria iraganeko kontuak direla. Ez dutela zerikusirik egungo bizimoduarekin; are gutxiago, etorkizunean izango garenarekin. Eta beraz, ez duela merezi horien lanketan denbora galtzerik. Guk kontrara uste dugu ondarea eta memoria bizi-bizirik daudela. Ezer badira, gaurko eta biharko bizimoduak hobeto ulertzeko tresna direla.

Horregatik murgildu ginen proiektu honetan. Gure ondarea bildu eta ondorengoei transmititzea herri batek ezinbestean egin beharreko zeregina dela argi dugulako. Transmisioa baita herri baten historia luzeari kapitulu berriak gehitzeko modu bakarra. Herri batek edo komunitate batek bizirik jarraitzeko duten bidea.

Igeldoko ondarea biltzeko ahalegina egin dugu. Hobe esanda, Igeldoko ondarearen zati bat biltzekoa. Izan ere, liburu honetan aurkituko duzuna hori baita: lagin bat. Ezinezkoa litzateke XII. mendetik hona Igeldo izan den guztia liburu batean jasotzea. Ez da inongo momentuan hori izan gure asmoa. Kontuan hartu, bestalde, XX. mendeko azken laurdenera arte eraikitako baserri, etxe eta eraikin nagusiak jaso ditugula.

Ziur gaude hutsuneak aurkituko dituzula, baina uste dugu lortu dugula, nolabait, azken hamarka- detan igeldoarron bizitzaren eta bizimoduaren oinarria eta zutabeak izan direnak biltzea. Bertan aurkituko dituzu, esaterako, Igeldoko baserrien inguruko informazioak, herritarren bizimoduaren ingurukoak, aurreko mendean sufritu behar izan genuen gerra zibilaren nahiz soldaduskaren ingurukoak, kirol munduaren ingurukoak etab.

Historikoki ahozko komunikazioaren bidez gorde izan dute herriek haien memoria. Gerora idatzizko hitzek hartu zuten pisua. Egun hitzek protagonismoa galdu dute eta irudiak gailendu dira. Liburu honek hitzak baditu ere, nagusiki, irudiz osatu dugu. Irudiek egoki islatzen dutelakoan jaso nahi genuena.

Amaitzeko, eskerrak ere eman nahiko genituzke; liburu hau ezer bada, lan kolektiboa baita. Eskerrak zuen etxe eta baserrietako sukalderaino sartzeko aukera eman diguzuen guztioi. Zuen ondare partikularra ondare osatuago hau posible izan zedin eskuzabaltasuna eskaini diguzuenoi. Eskerrak Herri Kontseiluari, Donostia Kulturari, Igeldoko Jubilatuen Elkarteari eta Joxemari Sors-i proiektu hau posible egiteko laguntza eskaintzeagatik. Gure esker ona Josu Eskibeli, Antton Dorronsorori, Xabi Iraolari, Jose Jabier Alberdiri eta Aratz Urruzmendiri zenbait argazki eta idazlanekin laguntzeagatik. Eta eskerrak, amaitzeko, liburu honen osaketan ibili diren herritar guztioi, eta batik bat, Jose Mari Kruz eta Angela Alberdiri eskainitako orduengatik.

Pozik geundeke liburu hau irakurtzen, guk liburu hau osatzen ikasi eta gozatu dugunaren erdia gozatzera helduko bazinete. Plazerra izan da guretzat. Memoria informazioa baino zerbait gehiago da. Herria bizitzeko eta sentitzeko modu bat da. Herria egin, herria izan eta herria bizitzeko modu bat.

On egin!

Sarrera

[aldatu]

Igeldo XII. mendetik gaur arte

[aldatu]

Igeldoren izena 1141. urtean aipatu zen lehendabizikoz. Urte horretan Nafarroako Gartzia Ramirez erregeak Iruñeko katedral-elizari eman zizkion Gipuzkoan zituen jabetzak, tartean ‘Iheldo Bizchaya’. Garai hartako Igeldok orain baino eremu zabalagoa hartzen zuen: Ibaeta, Usurbil eta Orioko hainbat baserri eta lurralde bereganatzen zituen: Orioko Errezabal, Muniota, Aganduru eta Lusarbe; Usurbilgo Sariakola, Sari Handia, Urdaira eta Aintzia; eta Igarako Loistarain baserriak besteak beste.

Abeltzaintza eta basogintza ziren jarduera nagusiak. Jendea gutxiago mugitzen zenez, giza komunitateak eratzen hasi ziren elizen inguruan. Igeldoren kasuan, X. mendetik XI. mendera San Pedro parrokia eraiki izanak giza komunitate sendoa zegoela adierazten du.

1101. urteaz geroztik, ‘San Sebastian el Antiguo’ko monasterioa aipatzen hasi zen hainbat testutan. Mugitegi eta Mugitza baserriek hamarrenak ordaintzen zizkiotenez Antiguako monasterioari, bi baserri horiek Donostiako mendebaldeko muga, Donostia eta Igeldoren arteko muga alegia, ezartzen zutela uste da.

Igeldok harrobi garrantzitsuak zituen ordurako. Aita Larramendiren arabera, zorroztarriak lortzeko aparteko harrobiak zituen. Beste datu batek ere agerian uzten du harrobien garrantzia: 1141ean Nafarroako Gartzia Ramirez erregeak Iruñeko katedral-elizaren esku utzi zituen Igeldoko ondasunak: San Pedro eliza eta harrobiak. Eta hori gutxi balitz, Igeldo izenak berak, zorroztarri horien ugaritasuna eta garrantzia adieraziko luke ‘igel’ edo ‘iger’ aurrizkiaren bidez.

1178an ‘Iheldo Bizcacha’ izenaren ordez ‘Orio eta Iheldo’ adierak azaldu ziren. Igeldoko mendebaldean zegoen eremuari Orio izena eman zitzaionez, hiru eremu behintzat bereizten hasi ziren: Orio, Igeldo eta Donostia.

Antso Jakitunak Donostia hiria sortu zuen 1180an Nafarroako itsas portua izateko. Horren ondorioz, Igeldo Donostiaren jurisdikzioan geratu zen, Usurbil, Orio, Zubieta, Hernani, Andoain edota Errenteriaren antzera. Gauzak horrela, Igeldo XII. mendean sortu zela esan daiteke.

Usurbilek 1371n eta Oriok 1379an udalerri bilakatu ziren Gaztelako Enrike II. a erregearen aginduz, baina errege lege-dekretu berak Igeldo, Zubieta, Ibaeta eta Andoain Donostiako jurisdikzioan mantendu zituen. Handik gutxira auzo-alkatea izendatzeko aukera eman zien Donostiaren jurisdikzioaren barne zeuden herriei.

XVI. mendean Igeldo Donostiaren barne mantendu arren, autonomia maila handia zuen eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek ‘Universidad de Igeldo’ gisa izendatu zuten. Horri esker, berezko lur eremua, epailea eta zergak kudeatzeko eskumena izateaz gain, mendi eta herri-lurren jabe zen. Adibide gisa, 1538an, Batzar Nagusiek Igeldoko herritarren esku utzi zuten Donostiatik Oriorako bidea konpontzea eta Arribizketako zubia eraikitzea. XVII. mende hasierako Igeldoko bikarioak jasota utzi zuen elkarrengandik nahikoa banatuta zeuden hogeita bi etxetako ehun bat lagunek jaunartzen zutela elizan, eta urrutien zeuden etxeak elizatik legoa erdira 3,5 kilometrora zeudela. Bikarioak utzitako informazioaren arabera, hamahiru familia haien izena zeramaten hamahiru jaiotetxe (Amezti , Aristegieta, Arriola, Balda, Barrenetxe, Bengoetxea, Bunoa, Durandegi, Erauntzeta, Ganboa, Iriarte, Etxeberria eta Murgil) egoteaz gain, beste bederatzi etxe zeuden eraikita (sorrerako 13 familia haiek eraikitakoak). Baserri haiek guztiek hartutako eremua bat dator egun Igeldok duen lurraldearekin.

Ehun urte geroago, 1733an hain zuzen, Igeldok biztanle kopurua bikoiztuta zuen: San Pedro elizako bikarioa On Jose de Araunzeta Murgilek 240 bat eliztar zituela adierazi zuen.

Igeldok autonomia handia izaten jarraitu zuen XIX. mendean, baina ez zen iritsi eskubide osoko udalerria izatera. 1845eko udal-legearen aginduz, alkatea, alkateordea eta lau erregidore izendatuta zituen. Donostiarekin lotuta jarraitzen zuen ordea, eta hamabi urte geroago, 1857an, independentzia osoa eskuratzen saiatu zen. Saiakerak ez zuen biderik egin eta 1863ko martxoaren 3an Donostiari erabat lotuta geratu zen, autonomia galduz. Arrazoi ekonomikoengatik hartutako erabakia izan zen: Donostiatik Igeldora doan bidea egitearen truke alegia. Garai horretan 520 bat biztanle eta hirurogeita sei baserri eta etxe zeuden Igeldon, herriko etxea (eskola zaharra) eta elizaz gain.

Donostiatik bereizteko ahalegina abian jarri zen XX. mendearen azken hamarkadan. 1994ko azaroaren 27an egindako galdeketan igeldoarren %62,5ek desanexioaren aldeko bozka eman zuten. 1995ean Itsas Aurre elkartea sortu zen desanexio prozesua aurrera eramateko. Itsas Aurrek Igeldoren bereizketa-prozesua martxan jartzeko udal txosten bat egitea eskatu zion Donostiako Udalari baina honek uko egin zion. Erabaki horrek prozesua luzatu eta epaitegira eraman zuen. 2021ean, azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Igeldoren desanexioa.