Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Xatene

Igeldoko baserrien zerrendan, 1862. urtekoa da baserri honen aurreneko aipamena, eta Buenaventura izenez azaltzen da. Bertakoak errentan bizi ziren. 1987an saldu egin zuten, eta beste familia batek hartu. Kalbarioko Gurutzea izenez ezagutzen denaren beheko aldean kokatuta dago. Haren alboan harrobi bat izan zen, ezeizatarrek kudeatzen zutena.
Bernardo Iraola Martikorena J. Bizente eta J. Frantziska bikotearen semea zen. Arkaitzaga baserrian jaio zen. Josefa Antonia Esnalekin ezkonduta, Xatene baserrian jarri ziren, errentan. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Maria, Bizente, Jose Faustino, Jose Mari, Joakina Bonifazia, Jose Frantzisko, Maria Dolores, Frantzisko eta Jesus Iraola Esnal.

Gerra-garaian soldaduak ibiltzen ziren herrian. Bizentek esaten zuen baserriaren aldameneko harrobian zulo handi bat zegoela eta, gerra amaitu zenean, bazekiela zulo hartan armak eta munizioa zeudela, soldaduek han utzita. Bizentek, hori jakinda, inguruko sasiak mozten zituen; baina zulo ingurukoak handitzen uzten zituen, lekua babestu eta bertara inor joan ez zedin. Egun batean, Jose Faustino anaiak, ezer ez zekiela, sasiari su eman zion, eta izugarrizko sua piztu eta leherketa handia izan zen.
Xatene baserri ondoan hiruzpalau garo-meta egiten zituzten. Pako Calonge, Patxi Iraola eta Sabino Arrillaga herriko gazteak periodiko-txurroarekin eta arto-bizarrekin zigarroa egin eta, meta haien azpian zulo bat eginda, bertan egoten ziren erretzen. Egun batean metak su hartu eta korrika alde egin behar izan zuten, eta etxekoak gazteak inon topatu ezinean ibili ziren. Pakito etxeko logelako ohearen azpian egon zen gordeta. Sua itzaltzeko, ura eraman zuten plazako iturritik, baldetan hartuta. Baserriak erretzeko arrisku handia izan omen zuen.

Ukuiluan behi-pare bat izaten zuten, eta konejuak eta oiloak. Herri inguruan, bi leku desberdinetan egiten zuten baratza: porrua, letxuga, artoa, babarruna... Bernardok ohitura zuen artoa kimatu eta arto-hostoak zintzilik jartzeko. Lehortutakoan, ganaduari jaten emateko erabiltzen zituen. Bernardo Iraola Martikorena eta Otondo Azpiko Joxe Arrillaga herriko kamineroak ziren. Erratzak egiten zituzten. Txilarra bildu eta pila handiak izaten zituzten etxe inguruan. Txilarra lehortzean, ote-egurrez egindako kertenak jartzen zizkieten, txilarra alanbreekin lotuz. Erratz pila bat edukitzen zuten etxe ondoan. Donostiako udalari ere saltzen zizkioten.
Bernardo bertsozalea zen oso, kantari ateratzen zen San Joan eskean. Erantzun azkarreko gizona zen, zirtolaria, eta kontatzen dutenez, bere ilobaren bataioan apaizak galdetu zuenean haurrari zer izen jarri, berak Lourdes erantzun zion eta, segidan, “gelditu dadila mundu honetan gure ordez” gehitu zion.
Josefa Antonia etxeko lanetan eta baratzean aritzen zen. Arroketara ere askotan joaten zen lapak biltzera, seme edo alaba batek lagunduta. Askotan, oin hutsik ibiltzen zen arroketan. Lapa baldekada osoa etxeratzen zuten, eta gero plazara eramaten zituen, saltzeko.
Gaur egun, eta azken urte hauetan, Otondo baserriko Maritxuren seme Juan Luis Kruz Arrillaga eta haren emazte Mari Paz Larrañaga bizi dira baserrian, beren familiarekin.
Iturria: Jabier Iraola Gabilondo