Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Zankardegi

Wikibookstik
Zankardegi baserriaren ikuspegi orokorra.

Baserri honen lehen aipamena 1811. urtekoa da, eta Zancardegui izenarekin azaltzen da Donostiako toponimian. Juandegi eta Juandegi Txiki baserrien azpian dago eta bi etxebizitza ditu. Itsasaldeko etxebizitzan Jose Manuel Mendiluze Arrillaga Josefa Antonia Arrizabalaga Mujikarekin ezkondu zen eta bederatzi seme-alaba izan zituzten: Josefa Ignazia Bizenta, Pedro Antonio, Maria, Pilar, Josefa Antonia, Eskolastika, Jose Mari, Katalina eta Pantxika Mendiluze Agirrezabalaga.

Josefa Mendiluze Agirrezabalaga Zarauzko Jose Antonio Errazkinekin ezkondu zen eta hiru seme izan zituzten: Joxe, Jose Mari eta Luis Errazkin Mendiluze. Azken hau, Luis Errazkin, Josefa Balerdi Lizasorekin ezkondu zen eta baserria erosi zuten 6.000 pezetatan. Bost seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio, Jose Mari, Manuel, Jose Luis eta Pepita Errazkin Balerdi.

Zankardegiko familia.

Baserrian, bost bat behi izaten zituzten, beren txekorrekin. Behien esnea batez ere txekorrentzat izaten zuten. Soberakoa zenean, Habana baserriko Balbina Balerdik eramaten zuen saltzera, berenarekin batera. Zelai asko izaten zuten errentan, ganaduarentzako belarra biltzeko. Meta askorik ez zuten egiten, belar gehiena berdetan erabiltzen zuten. Iriarteko zelaietan, itsas aldekoetan, sei bat meta altxatzen zituzten, hango nagusiarekin erdi bana. Baratzean, garia, erremolatxa, arbia... egiten zuten ganaduarentzat. Horretaz aparte, baratzeko lan asko egiten zuten: artoa, babarruna, patata… eta tomatea, ikaragarri pila. Gurasoak eta seme-alabak aritzen ziren ukuiluko eta baratzeko lanetan.

Josefa Ignazia Bizenta eta Pilar Mendiluze Agirrezabalaga.

Barazkiak saltzera autobusean jaisten ziren Bretxako merkatura, batez ere tomateak eramaten zituzten eta tarteka lapak ere bai. Luis aita ahal zuen guztietan joaten zen arrokara; olagarro eta arrain txiki asko harrapatzen zituen. Jose Antonio Errazkin semeak gogoan du nola iluntzetan sukaldean familia guztia elkarturik lan desberdinetan aritzen ziren: gaztainei morkotsa kentzen eta, baita ere, artaburuari hostoa zuritu eta aletzen. Lanean ari zirela, errosarioa errezatzen zuten. Gaztaina-denboran, plazara ere eramaten zituzten gaztainak.

Gobada egitera, Juandegi baserriaren ondoko iturrira joaten ziren. Iturri handia zen eta lau gobada-harri zituen. Amona eta ama bertara joaten ziren, hoteletako maindireak garbitzera. Autobusean pardelak ekartzen zituzten; asto bat ere erosi zuten, garraio-lanak egiteko.

Gerora, Manuel semea gelditu zen baserrian; baina kamioiarekin ibili zen, garraio-lanak egiten, eta ez zuen baserriko lanean jarraitu.

Baserriaren hegoaldeko zatia Juandegi Txikiko familiak erosi zuen aspaldi eta bertako ukuiluan ganadua izaten zuten. Urteak aurrera joan ahala, baserriaren zati hau erori egin zen.

Josefa Antonia Agirrezabalaga Mujika.

Duela 25 bat urte baserria berritu eta etxebizitza bihurtu zuten Koro Calonge eta Mikel Arrillaga bikoteak. Baserritik gertu dagoen zelaian ukuilua egin zuten eta bertan dozena erdi bat behi, idiak, txekorrak eta oiloak dituzte. 2021eko apirilaren 15ean ukuilua kiskaldu eta gero, ukuilu berria eraiki zuten. Mikel Arrillagak harategia du Antiguan eta etxeko txekorrekin egiten du lan. Koro Calongek, sagardotegian.

Iturria: Jose Antonio Errazkin Mendiluze