Edukira joan

Igeldoko historia eta istorioak/Baserriak/Zapatari

Wikibookstik
Zapatari baserriaren ikuspegi orokorra.

Garai batean lau baserri izan ziren, denak elkarren ondoan, itsas gainean eta terreno malkartsuan kokatuta: Zapatari Zahar (1846), Zapatari Berri, Zapatari Azpi (1850), eta Zapatari. Gaur egun, bi erorita daude; eta bat, uholdeen ondorioz, lur azaletik ezabatuta. Baserri hauek, orduan, Ibaetakoak ziren.

Herriko gazte kuadrilla bat ibili zen Zapatari Berriko familiaren alde: 1 Txomin Eskarmendi. 2 Felix Arrillaga. 3 Benito Zinkunegi. 4 Jose Antonio Arrillaga. 5 Bautista Ugarte. 6 Luis Urruzmendi. 7 Maria Isabel Martikorena. 8 Maite Eskarmendi. 9 Anjela Aristegieta. 10 Maritxu Aristegieta. 11 Isabel Dorronsoro. 13 Mari Karmen Arrillaga. 14 Maria Dolores Illarramendi. 15 Pakita Illarramendi. 16 Juan Jose Huegun. 17 Patxi Iraola. 18 Gregorio Zendoia. 19 Ramon Balerdi. 20 Kontxi Iparragirre. 21 Maritxu Erauntzetamurgil.

1959. urteko irailaren 25ean uholde izugarriak izan ziren Gipuzkoako kostaldean, Donostiatik Hendaiara bitartean. Igeldon bezala, beste hainbat lekutan ere ondorioak ikaragarriak izan ziren. Zapatari Berri baserria urek itsasoraino eraman zuten. Mendi guztia mugitu zuten, milioi bat metro karratu lur. Zapatari Berriko etxekoandreak lurraren mugimendua sumatu zuenean, etxetik ateratzeko denbora justua izan zuten denek. Ezer askorik gabe gelditu ziren, dena lurperatuta gelditu baitzen.

Mikaela Arrillaga eta Isidro Zuloaga bizi ziren etxe hartan, beren familiarekin. Uholdearen egun hartan Isidro gaixorik zegoen ohean. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Mari, Maria, Pili eta Mikaela Zuloaga Arrillaga. Jose Marik abereak hiltzen lan egiten zuen, ganadu-hiltegian.

Zapatari Zahar baserrian, Julian San Sebastian eta Bibiana Escudero senar-emazteak bizi ziren. Lau seme-alaba izan zituzten: Juani, Mertxe, Arantxa eta Eusebio San Sebastian Escudero. Julian kale-garbitzaile aritzen zen lanean. Zapatari Berri baserria uholdeak eraman zuenez, bertako familiako ama Mikaela eta seme-alabak Zapatari Zaharrera aldatu ziren. Isidro, berriz, erresidentzia batera eraman zuten, zeukan gaitza zela-eta.

Zapatari baserria

Ibaetako Almorza baserrian bizi ziren Migel Artola eta Sotera Leunda, Zapatari Azpi baserria erosi eta bertara etorri ziren bizitzera. Almorza baserriaren aurretik, Mazkolaitz baserrian bizi izan ziren, Sotera bertakoa baitzen. Bost seme izan zituzten: Joxe, Patxi, Ignazio, Juanito eta Asentsio Artola Leunda. Garai batean ganadua izan zuten, eta idiak ere bai. Inguruko baserrietara joaten ziren goldean aritzera, batez ere Asentsio. Baratzea ere egiten zuten, batez ere etxerako: patata, artoa, babarruna... Zingietan zegoen iturrira joaten ziren. Bi aska zituen, bata ganaduak ura edateko eta bestea gobada egiteko. Arrokara ere jaisten ziren, arrantzara eta lapak biltzera. Gainerako anai-arrebak batera eta bestera sakabanatuta, Patxi gelditu zen baserrian. Gaur egun ere, Patxi Artolak segitzen du bertan, baina baserri lanean ez du ezer askorik egiten.

1967. urtea. 1 Karmen. 2 Juanita. 3 Trini. 4 Pilar. 5 Domingo. 6 Julian Arrillaga Olasagasti.

Zapatari baserrian Patxi izeneko gizon bat bizi zen. Geroago, Montes abizeneko gizon batek hartu zuen baserria, alokairuan; bertan ganadu pixka bat izan zuen (txekorra eta ardi batzuk), eta baratzeko lan apur bat ere egiten zuen. Uda-garaian, Ondarretako hondartzan piraguak alokatzen zituen. Berez, familia hau ez zen baserrian bizi izan, asteburuetan bakarrik etortzen ziren baserrira.

Dolores Olasagasti
1959. urtea. Zapatari Berriaren aldeko jaialdia.
Lur jausi batek Zapatari baserria eraitsi zuen.
Mikaela Arrillaga