Amezti Garaikoa
Donostiako baserrien zerrendan Amezti Garaikoa izenarekin azaltzen da. 1955. urtearen inguruan, Joxe Iraola Urangak ukuilua egin zuen bertan; ondoren, pixkanaka, etxebizitza bat egin zuten Joxek eta haren bi semeek: Bittorek eta Marianok.
1977an, Mariano Uranga eta Esther Uzkudun Aizarnako Aranburu baserrikoa ezkondu eta bertan jarri ziren bizitzen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Jose Mari, Ainhoa eta Mikel Uranga Uzkudun. Mariano gaztetan harria lantzen hasi zen. Hainbat harrizko horma eta itxituraz gain, bestelako lanak ere egin ditu, esaterako armarriak, herriko frontoiaren ondoko iturria, herriko plazan dagoen ‘Lortuko dugu’ izeneko eskultura eta abar.
Horrez gain, igeltsero gisa ere ibili izan da lanean; emaztea etxeko lanez arduratu izan da. Garai batean, ukuiluan bururen bat edo beste izaten zuten, baina gaur egun ez da halakorik.
1990. urtean, mahastia jarri zuten, txakolina egiteko. Gaur egun, txakolinaz gain, segitzen dute baratza ere egiten.
Iturria: Mariano Uranga