Edukira joan

Ariztegieta

Wikibookstik
(Arezteguieta(e)tik birzuzenduta)

Donostiako toponimian azaltzen den Igeldoko baserrien zerrendan 1566koa da aurkitu dugun lehen aipamena, eta Arezteguieta izenarekin azaltzen da. Senar-emazteak bizi ziren bertan, beren hiru seme-alabekin. ‘Marqueses de la paz’ moduan ziren ezagunak. Semea Erromara joan eta, bueltan etorri zenean, erromesei laguntzen ibili zen. Bi alaba, berriz, eskolak ematen.

Bi bizitzako baserria zen, herritarrentzat hainbat zerbitzu betetzen zituena. Barruan kapera bat zegoen eta apaiza joaten zen meza ematera. Telefonoa zuten, eta telegramak edota eskutitzak bidali eta jasotzeko gunea ere bazen. Eskola ere bertan ematen zen. Baserriaren aurrealdeko fatxadan aristegietatarren armarria dago. Piszina txiki bat bada oraindik baserriaren ondoan, baita harrizko aska bat ere. Bertan buztinezko masajea hartzen zuten, buztina etxeko su bajuan berotuta.

Markesek ohitura handia zuten kasinora joateko. Denborarekin lur jota gelditu ziren, ondasunak kasinoan galduta. Ukuiluan zalgurdiak zeuzkaten. Etxetik ateratzeko, kalera edo edonora, zaldi gainean edo zalgurdian mugitzen ziren.

1946an, Joxe Auzmendi Peñak baserria erosi eta Orendainetik bertara etorri zen bizitzera. Handik urte batzuetara Basi Erzillarekin ezkondu zen. Gerora, Pakita Auzmendi Peña (Joxeren arreba), Joxe Añorgarekin ezkonduta, baserriaren beste etxebizitzan jarri ziren. Lau seme-alaba izan zituzten: Iñaki, Juan, Pepi eta Lourdes Añorga Auzmendi.

Pakitaren ahizpa Pia Auzmendi Peña Aranoko Fermin Escuderorekin ezkondu zen, eta bost seme- alaba izan zituzten: Pakita, Juantxo, Simoni, Josetxo eta Jesus Escudero Auzmendi.

Familia hori Orendainen bizi zen, baina baserria erre egin zen; eta Jose Auzmendik, gaixotasun bat zuela-eta, baserria saldu zion Escudero Auzmendi familiari eta Aristegietara etorri ziren bizitzera 1959 urtean. Joxe urte horretan hil zen, gaitzaren ondorioz.

Joxe etorri zenean behiren bat edo beste izaten zen ukuiluan, eta idiak ere bai. Baratza asko lantzen zuen, denetarik, eta kalera joaten zen barazkiak saltzera, kamioneta batean. Soro sail handiak goldetzen zituen bere idiekin.

Pia eta Ferminen familiarekin Orendainetik etorri ostean, ganadu asko izan zuten eta baratzean ere lan asko egiten zuten. Esnea saltzera Donostiako Gros auzora joaten ziren. Etxez etxe aritzen ziren esnea eta barazkiak saltzen, hasiera batean zaldi eta gurdiarekin eta gerora automobilarekin.

Gaur egunean, bi familia horietakoen ondorengoek jarraitzen dute baserrian bizitzen. Ganadu buru batzuk badituzte eta baratzeko lan pixka bat ere egiten dute.