Edukira joan

Arretxe

Wikibookstik

Baserriaren lehenbiziko aipamena 1695ekoa da, Donostiako toponimian azaltzen denaren arabera. Arrillaga familia bizi zen bertan. Hango alaba Josefa Antonia Arrillaga Orioko Manuel Ignazio Arrutirekin ezkondu zen, eta bi seme-alaba izan zituzten: Maria Eugenia eta Jose Frantzisko.

Jose Frantziskori Mixiyua deitzen zioten. Harrobian aritzen zen lanean eta zenbait baserritan ere bai, morroi. Ezkongabea izanik, zahartu zenean Arretxe baserrian bizi izan zen.

Maria Eujenia Arruti Arrillaga Bilboko Juan Enbil Malaxetxeberriarekin ezkondu zen. Hiru seme-alaba izan zituzten: Patxi, Manuel eta Pakita Enbil Arruti. Patxi gerran hil zen. Manuel Juandegi baserriko Emilia Martikorenarekin ezkondu zen eta, denbora batez baserrian bizi ondoren, baserriko lurretan eraikitako Gure Pakea etxera aldatu ziren bizitzera. Baserrian ganadua zeukaten: behiak eta idiak; eta baratza ere lantzen zuten.

Iturrieta baserriko Pakita Arrillaga Sagardia neskame egon zen Arretxen, eta behizain lanetan ere aritzen zen zelaian.

Pakita Enbil Arruti alaba Iranguren baserriko Jose Antonio Segurola Garmendiarekin ezkondu zen. Urte pare batez Oiartzunen bizi izan ziren, baina gerora berriro Arretxera itzuli ziren bizitzera. Lau seme-alaba izan zituzten: Jose Manuel, Lourdes, Maria Anjeles, eta Ana Belen Segurola Enbil. Baserriko lanetan aritzen ziren. Dolarea ere bazuten, eta hainbat baserritako jendeak bertan jotzen zituen beren sagarrak. Handik pitarrarekin eta sagardoarekin etxeratzen ziren.

Pakitaren lehengusu Joanito Arrillaga Enbil, Barberoetxe baserrikoa, Iriarte baserriko Bernardorekin batera, harrobietatik beren idi-parearekin harriak Donostiara garraiatzen ibili zen, eraikuntza-lanetan.

2001. urtean baserria saldu egin zuten. Gaur egun hutsik dago.

Iturria: Jose Manuel Segurola