Edukira joan

Arrillagaenea

Wikibookstik

XX. mendearen hasieran bi familia ziren Igeldoko plazako Arrillaga Enea etxearen jabe: Mendebaldeko aldea Bengoetxeko Arrillaga sendiarena zen;eta ekialdekoa, gurrutxagatarrena.

Ignazio Arrillaga eta Joxpiñaxi Mendiguren senar-emazteak etxearen jabeak ziren arren, Bengoetxe baserrian bizi ziren. Garai hartan, XX. mendearen 30eko hamarkadan, Arrillaga Enearen mendebaldeko zatian Alejandro Martiarena Guarda Zaharra eta Manuela Zendoia bizi ziren, errentan. Han jaio eta bizi izan ziren beren seme-alabak: Gregorio, Jesutsi, Antonio eta Joxe. Josepi Zendoia iloba ere osaba-izebengana joan zen bizitzera, bere ama hil eta gero.

Horien gainean Juana Erkizia bizi zen, Ignazio Arrillagaren ama. Ordurako alargunduta, bakarrik bizi zen. Handik urte batzuetara, Anjela Arrillaga eta Asentsio Etxabe senar-emazteek hartu zuten etxea jabetzan. Hurrengo belaunaldiak bertan segitzen du: Lourdes Etxabe eta Jose Manuel Martikorena senar-emazteek.

Ekialdeko partean, berriz, gurrutxagatarrak bizi ziren XX. mendearen hasieran. Behealdean, Isidoro Gurrutxaga eta haren emazte Doña Manuela. Goialdean, berriz, Doña Luisa Gurrutxaga maistra eta bere ilobak: Pakita, Teofilo eta Don Pedro apaiza. Horiez gain, Teofiloren iloba ere bai: Lorentxa Gurrutxaga.

XX. mendearen erdialdera, Jesus Etxebeste eta Pili Costumero senar-emazteek teilatu azpiko etxea erosi zuten, gizonak etxe azpian baitzuen aroztegia. Bertan hazi zuten Angel semea. 1960ko hamarkadan Jesus Sierra eta Mirta Araujo lehen solairuan bizitzen jarri ziren, beren bost seme- alabekin: Jose, Jabi, Anjelina, Toñi eta Basi; eta horien gainean, geroago, Manuel del Hoyo eta Jesusa Muñoz senar-emazteak, hiru semeekin: Nino, Abelino eta Manolin.

Gurrutxagatarren eraikinaren ezkerraldean, behean, Maria Mendiluze bizi zen, Maria Jostuna. Harrobian lan egiten zutenen lanerako arropak jostea zuen bizibidea: bonbatxoak, buzoak eta bestelakoak. Alargundu zenean, seme-alabarik ez zuenez, ezkongabe baten semeaz arduratu zen, Enrike Sarasola Pitxirriz. Horien gainean, lehen solairuan, Mateo Landa eta Maria Martikorena bizi izan ziren, beren lau seme-alabekin: Maite, Maritxu, Iñaki eta Maria Anjeles.

Etxearen ekialdean, Gregorio Santamartak eta Pantxika Aiestaranek harategia-urdaitegia jarri zuten 1958an, egun Txapela taberna dagoen lekuan. Astoa ere bazuten han, haragia, ardoa eta bestelako produktuak etxez etxe banatzeko. Negozioak ez zuen asko iraun eta lokala hutsik geratu zen, 70eko hamarkadan Juanito Izagirre eta Albina Hortelano senar-emazteek Txapela taberna ireki zuten arte. Geroago, taberna eta gaineko etxea Jose Garmendia eta Koro Elosegi senar-emazteek hartu zuten, Txapela jatetxea jartzeko.

Eraikin berean, baina itsasaldera dagoen lokalean, aroztegia jarri zuen Jesus Etxebestek gaztetan, eta erretiroa hartu arte bertan aritu zen lanean. Aroztegia zena gaur Txapela tabernaren azpiko jantokia da.

Mendebaldeko aldean, etxearen behealdean, Anjela Arrillagak denda zabaldu zuen 1965ean. Bere ostean Benito Otegi eta emazte Karmenek hartu zuten denda; ondoren, Loli Herederoren txanda izan zen, Manzanares izena eman zion dendari; azkenik, Maritxu Landa arduratu zen dendaz mendearen azken hamarkada arte.

Eraikinaren erdialdean, behean, etxebizitza zegoen tokian, taberna jarri zuten Teofilo Gurrutxaga eta Felisa Heredero senar-emazteek 40ko hamarkadan. Horiek taberna utzi eta gero, Migel Mari Izagirrek eta Pilarrek erosi zuten. Behartzana izena alferrik jarri zioten tabernari, Txurtxil izenez ezagutu baitzuen Igeldoko jendeak. Horien ostean, Jose Etxebeste aizkolariak taberna berritu eta Txistu izenarekin jarri zuen martxan.

1940ko hamarkadan, ostegun eta igande arratsaldean, mus partida ederrak jokatzen zituzten Arrillaga Enean. Manuela Zendoiak eta Maria Alberdik ez zuten txandarik galtzen; eta, horiekin batera, Juana Erkizia, Maria Jostuna eta Kontxa Peña maiz aritzen ziren jokoan, serio demonio gainera, xentimo batzuk jokatuz. Hala ere, arratsalde osoa han pasatu eta ez zuten bost xentimoko galera izango.

Maria Jostunak hazitako haurrak, 20 urterekin, Kolonbiara alde egitea erabaki zuen, Price Waterhouse enpresaren lan-eskaintza onartuta. Han zenbait enpresa sortu eta gero, New York-eko burtsan aritu zen lanean. 1971n Madrilera joan zen bizitzera eta, 1974an, lagun mina izango zuen Felipe Gonzalez ezagutu zuen. Handik aurrera, harreman estua izan zuen alderdi sozialistarekin eta, urte gutxian, Espainiako aberats handienetakoa bihurtu zen. 2002an hil zen; haren errautsak Kontxan eta Igeldon barreiatu zituzten, berak hala eskatuta.