Edukira joan

Arriola

Wikibookstik

Arriola baserriari buruzko lehenbiziko aipamena 1566. urtekoa da, Donostiako toponimian. Larraulgo Galarraga familia zen haren jabea; egun ere bertan bizi dira. Bi bizitzako baserria zen eta lursail ugari zituen.

Bizitza batean Jabier Zubeldia eta Maria Aiestaran senar-emazteak bizi izan ziren, maizter. Hiru seme-alaba izan zituzten: Josefa, Maddi eta Tomas Zubeldia Aiestaran. Maddi umetan hil zen. Tomas Amoene baserriko Josefa Olasagastirekin ezkonduta, bertan bizi izan ziren. Josefaren izeba bat ere, Maria Martikorena, beraiekin bizi izan zen. Josefa emaztea gazterik hil eta Tomas alargun gelditu zen.

Baserrian behi pare bat izaten zuten, etxerako. Tomas harrobian eta inguruko baserrietan ibiltzen zen lanean: segan, arto jorran, goldean... Polleroeneko Ignazio Olideni laguntzen ere aritzen zen, haren idi-parearekin. Gerora, Bengoetxe baserrira joan zen, morroi, Martin Arrillaga eta Dolores Olasagastiren familiara.

Ondorenean, Amoene baserriko Rita Olasagasti ezkondu zenean, bertara joan zen bizitzera, Nafarroatik etorritako Joakin Ijurko senarrarekin. Baserriko lanetan aritzen ziren. Bi seme-alaba izan zituzten: Maria Ixabel eta Jokin Ijurko Olasagasti. Gerora, Donostiako Antigua auzora aldatu ziren bizitzera.

Beste etxebizitzan, Manuel Aiestaran Santina eta Murgil baserriko Kattalin Lizaso Erauntzetamurgil bikotea bizi zen. Sei seme-alaba izan zituzten: Antxoni, Migel, Frantziska, Josefa eta Antonio Aiestaran Lizaso (seme baten izena ez dugu jakin).

Josefa eta Migel anai-arrebak arroketara sarri joaten ziren, eta lapa eta lanperna asko etxeratzen zuten. Gerora, baserrian Migel eta Antonio gelditu ziren. Antonio Aiestaran Pasai Donibaneko Bizenta Aginagalderekin ezkondu eta bi seme-alaba izan zituzten: Jose Antonio eta Koro Aiestaran Aginagalde. Migelek baserrian ganadua izaten zuen: bost bat behi, txekorrak eta behorra ere bai. Baratzeko lana egiten zuten, batez ere etxerako. Migel harrobietan aritzen zen lanean, eta peoi ere bai. Antoniok Monte Igeldon ere lan egin izan zuen. Gerora, Migel Aiestaran Koro Aiestaranekin ezkondu zen.

Gaur egun, baserriaren jabea zen Galarraga familiakoen ondorengoak bizi dira bertan. Etxea berritu zuten eta orain bi anaia bizi dira, bakoitza bere familiarekin.

Iturria: Ana Mari Santamarta Aiestaran