Arrizulo
Arrizulo harrobia izan zen urte askoan. Baserria 1832koa dela azaltzen da Donostiako toponimian. Inguruan basoa zuen, gaztainondo ugarikoa. 1864an, Urdaindegui edo Arrizulo izenez ere aipatzen da.
Jose Joakin Lizarazu eta Damasa Garmendia bizi izan ziren Arrizulon, beren seme-alabekin, XX. mendearen erdialdera arte. Zazpi seme-alaba izan zituzten: Jose Joakin, Joxe, Pedro Mari, Jose Mari, Nartziso, Juan Mari eta Mañu Lizarazu Garmendia.
Etxean behi bat edo beste izaten zuten eta dozena bat ardi. Ardi-esnearekin gazta egiten zuten. Arto-irinez, berriz, taloak; talo asko jaten zuten. Gaztaina ere asko zen inguruan, eta urte guztirako biltzen zuten, morkots eta guzti. Gela bat bete gaztaina izaten zuten. Morkotsa eta guzti bilduta, ongi kontserbatzen zen. Arbia eta erremolatxa ere jaten zuten.
Jose Joakin asko ibiltzen zen arrokan; lapak, lanpernak eta muxar asko etxeratzen zituen. Dinamita ere erabiltzen zuen arrainak harrapatzeko, nahiz eta debekatuta egon. Arrainak lehertu egiten ziren eta ur-azalera atera. Batzuetan, igerian zekien lagunen bat ere eramaten zuen, arrainak biltzen laguntzeko. Eta guardia zibilek behin baino gehiagotan eraman zuten kuartelera; herriko kalabozoan ere egon zen.
Mañu, zazpi edo zortzi urte zituela, oin utsik joaten zen egunero Arrizuloko basora bere ardiekin. Egurra bildu, sua egin eta horrela pasatzen zuen eguna. Amarekin arroketara ere askotan jaisten zen, eta harkaitzetik harkaitzera ibiltzen zen saltoka, oinutsik, ahuntzen antzera, nahiz eta amak errieta askotan egin. Patrikan beti labana eta txiskeroa izaten zituen.
1946an bota egin zituzten Arrizulotik, eta familia osoa sakabanatu egin zen. Aita Iruin baserrira joan zen; ama, Antiguako Erregezaintza kalera, seme batekin; eta Mañu, hamar urte zituela, Ondazarte baserrira, neskame.
Gerora, Guadalajarako Peñalver herri txikiko bikote bat etorri zen bizitzera, guarda moduan: Gabriel eta Karmen. Bi seme izan zituzten: Jose Maria eta Anjel. Haietako bat Igeldoko eskolan ibili zen. Bikotea haien lagun baten bitartez etorri zen: Igeldon eztia saltzen ibiltzen zen Gregorio Sanz. Arrizuloko nagusiek baserrian norbait bizitzea nahi zutenez, Gregoriori esan zioten, eta honek bere herriko familia hori ekarri zuen. Gregorio etxez etxe ibiltzen zen eztia saltzen, barrika bat bizkarrean hartuta (mielero esaten zioten Igeldon). Arrizuloko nagusiak Añorgako baserri batean bizi ziren eta Gregoriori erosten zioten eztia. Nagusiak frantsesak ziren; gizona itsua eta besamotza zen, gerrako elbarria.
Baserriaren inguruan, ura ateratzeko 17 metroko zuloa dago (buzera), ura jasotzeko. Gaur egun ere bertan segitzen du.
Karobi bat ere badago. Karea egiten zuten han; baina besterik ez dakigu ezer hari buruz.
Gerra garaiko historia duen zulo bat dago, eta ermita bat ere bai. Hainbat urtez Falangeko gazteak etortzen ziren, beren zapi eta guzti, jardunaldiak egitera. Gerora erori egin zen baserria.
Ezeiza Sarasola familiak erosi zuen finka 1990. urte inguruan, eta etxe berria egin zuten, gaur egunean ezagutzen duguna. Kutxa zen aurreko jabea, haurrentzako kolonia bat jartzeko asmoz erosi zuen.
Baso handia dauka, 165.000 metro ingurukoa gutxi gorabehera. 10.000 bat zuhaitz daude, mota desberdinetakoak: pinuak, gaztainak, haritzak…