Bekoetxeberri
Baserri honen lehen aipamena 1854koa da. Lapabiderako bidean dago, itsas izkinan. Donostiako toponimian azaltzen denaren arabera, hasiera batean beste izen bat zuen: Zankardegui-Azpikoa. Gaur egunean Bekoetxeberri izenez da ezaguna. Baserriak zelai ugari ditu, baina haietako batzuk nahiko aldapatsuak dira.
Baserriaren lehenbiziko nagusia Joxe Zubeldia izan zen. Baserria bi garai desberdinetan eraiki zen. Orduan eman zen izenaren aldaketa, bigarren aldiz eraiki zenean, eta Bekoetxeberri izena eman zioten.
Joxe Zubeldiaren ondoren, Jose Manuel Zubeldia Etxabe eta Frantziska Gabilondo Aldanondo bikotea azaltzen da; Idiazabaldik etorriak. Jose Manuel harrobian aritzen zen lanean, enkargatu moduan, eta Frantziska emazteak dinamita ekartzen zion harrobiko lanerako eta, horrez gain, emagin-lanetan aritzen zen baserriz baserri emakume haurdunei erditzeko garaian laguntzen. Ez zuten seme- alabarik izan, eta Rosa hartu zuten alabatzat, Fraisorotik ekarrita.
Rosa Goisoro Beloka Frantzisko Urruzmendi Enbil usurbildarrarekin ezkondu eta hamar seme- alaba izan zituzten: Pakita, Manuel, Pepita, Maritxu, Joxe, Juanito, Zelestino, Luis, Pako eta Jesus Urruzmendi Goisoro.
Garai hartan, ukuiluan, abere asko zeuzkaten: hiru idi, asto handi bat eta zortzi bat esne-behi, beren txekorrekin. Geroago, beste bi asto ere izan zituzten. Baratzeko lan asko egiten zuten, besteak beste: tomatea, babarruna, letxugak, porruak, tipulak, patatak... Zazpi patata zaku ereitera ere iritsi ziren. Belar-lanak ere egiten zituzten, negurako 14 belar-meta inguru altxatzen zituzten urtero. Arroketara ez ziren askotan joaten, Aste Santuan lapak biltzera bai. Ehizean egitea ere gustuko zuten. Garai hartan koneju eta erbi ugari omen ziren eta haiek harrapatzen ibiltzen ziren. Baita paseko usotan, eta neguan hegabera, birigarro eta oilagorretan.
Rosaren garaian hasi ziren astoarekin kalera jaisten baserriko produktuak saltzera. San Martingo azokara joaten ziren, eta etxez etxe ere asko saltzen zuten. Bide batez, esnea utzi eta txerri-jana jasotzen zuten. Maritxu alabak lagundu zion amari, 1956ra arte. Gerora, Pako eta Jesus hasi ziren, Bentalegreraino gauzak igotzen. Txandaka aritzen ziren, aste batean bata eta bestean bestea.
Ganadua, Habana baserriaren azpialdean zegoen iturrira eramaten zuten ur edatera; eta gobada egitera, berriz, Juandegi azpiko iturrira joaten ziren. Jesus gogoratzen da, eskolara bidean, arropa-fardoak igotzen zituztela iturriraino, gero han amak garbitzeko.
Seme-alaba gehienak batera eta bestera joan ziren bizitzera, eta Manuel, Pako eta Jesus anaiak gelditu ziren baserrian. Pakok Antiguako garagardotegian egiten zuen lan, eta Jesusek, berriz, Lasarteko Michelinen. Manuel, berriz, Aristondo baserriko Lutxi Iraolarekin ezkondu zen, eta hiru seme-alaba izan zituzten: Arantxa, Joxe eta Miren Urruzmendi Iraola. Garai hartan ere baserrian antzeko lanetan aritzen ziren, bolada batean ganadu gehiago ere izan zuten. Eta Pako eta Jesusek ere laguntzen zieten baserriko zereginetan.
Gaur egun, Pako eta Jesus anaiak bizi dira baserrian, hiru ilobekin. Etxerako, baratza pixka bat egiten dute; eta sasiak garbitzeko, behor pare bat daukate, eta asto bat ere bai.
Iturria: Jesus Urruzmendi Goisoro