Edukira joan

Borda

Wikibookstik

Borda baserriaren lehen aipamena 1839. urtean azaltzen da, Eraunzetaborda izenez. Jose Frantzisko Iraola Martikorena, Praxku, Arkaitza baserrian bizi izan zen; Josefa Usategi Etxebesterekin ezkonduta, Borda baserrira aldatu ziren. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Lehenbiziko biak umetan hil ziren, eta ez dugu haien izenen berri jakin. Hauek dira ondorengo seiak: Iñaxi, Kontxa, Joakin, Bernardo, Nati eta Maritxu Iraola Usategi. Maritxu ere umetan hil zen; eta Joakin eta Nati, berriz, gazte zirela.

Baserrian abere asko zen: zortzi bat behi, txekorrak, idiak, astoa eta oiloak. Soroa, berriz, askorik ez, eta gainera aldapatsua. Baserriaren eskuin aldean, iturri bat zegoen; etxerako ura bertatik hartzen zuten, gobada egin ere bertan. Behiak Erauntzeta baserrirako bidean zegoen errekara eramaten zituzten ur edatera. Praxku auzolanean aritzen zen inguruko baserrietan, soroko lanak egiten. Erauntzeta Txiki baserriaren parean ere bazuten terrenoa. Handik gora makina bat belar-fardo bizkarrean ekarria zen Praxku. Josefa, berriz, Donostiara joaten zen egunero, esnea eta barazkiak saltzera, etxean zuten asto handi batek lagunduta. Fruta ere dezente izaten zuten, batez ere udarea eta sagarra.

Baserrian, hasiera batean, Ignazia, Bernardo eta Kontxa gelditu ziren. Bernardo ezkondu eta Usurbilera joan zen bizitzera. Kontxa, berriz, moja, Astigarragara. Baserrian Iñaxi gelditu zen. Artikula Handiko Tomas Telleria Gorostegirekin ezkonduta, lau seme-alaba izan zituzten: Arantxa, Lourdes, Nekane eta Joxan Telleria Iraola.

1976. urtean baserria saldu eta Usurbilera joan ziren bizitzera. Gerora, Xanti Zubillaga eta Pepita Azpillaga jarri ziren Bordan bizitzen, beren seme-alabekin. Zazpi izan zituzten: Bakartxo, Jon, Mari Jose, Edurne, Axier, Iker eta Agurtzane. Familia honek ere ganadu asko izan zuen. Tamalez, baserria erre eta alde egin behar izan zuten handik. Hasiera batean, Etxe Nagusin jarri ziren, denbora batez. Gerora, Zumarragara aldatu ziren.

Gaur egun, baserria erorita dago, eta egoera txarrean.