Edukira joan

Borda Berri

Wikibookstik

Borda Berri baserriaren lehenengo aipamena 1811. urtekoa da. Jose Mari Iraolaren familiarena zen. Haren ama Balbina Insausti Beasain aldeko Matxinbentatik etorri zen Eraunzeta baserrian bizitzera, bere anaiekin. Borda baserriko Antonio Azurza Usategirekin ezkondu eta 1922an etorri ziren biak Borda Berrira bizitzera, beren bi seme-alabekin batera. Gerora, Borda Berrin bizi zirela, beste hiru seme-alaba izan zituzten: Rosa, Emili eta Alejandro.

Baserria zaharra zen oso: leihoak kristalik gabe, teilatua puskatuta, eta urik ez eta argirik ere ez. Beheko alde guztia ukuilua zen. Goiko aldean, berriz, gelak eta sukaldea zeuden.

Antonio Azurza Usategik harrobian egiten zuen lan, eta oso gazte hil zen. Balbina alargun geratu zen, lau seme- alabekin. Bere anaia batek behia oparitu zion. Baserrian erlojurik ez zegoenez, Balbinak zerura begiratuz kalkulatu behar izaten zuen zer ordu zen. Lan asko eginda, txerria eta astoa izatea lortu zuen. Astoarekin egunero Antiguara jaisten zen esnea banatzera; han, txerri-jana biltzen zuen, etxeko txerria gizentzeko.

Balbina Insaustik, 1946an, alokairua ordaintzen zuen. Jose Mari Iraolak baserria saldu nahi zuen, baina Balbinak, dirurik ez zuenez, alokairuan jarraitu zuen 1970era arte. Gaiztarrotarrei baserriaren inguruko terrenoak saldu zizkieten. Baserria ere saldu nahi zuen, baina Balbinak ez zuen onartu. Baserria salduz gero, ez zuela terrenoak saltzen utziko. Azkenean, Balbinari saldu zion eta Rosa Azurza Insausti maiorazkoaren izenean geratu zen.

Borda Berri Txikin piztutako sute baten ondorioz, baserri erdia erori egin zen. Auzolanean herriak lagundu zuen konpontzen, materiala anaia batek ekarri zuen.

Rosa Azurza Insausti Ekogor baserriko Patxi Lizarralderekin ezkondu zen. Honek, 1947an, Antiguako Lizarriturri lantegian egiten zuen lan. Etxean hiruzpalau ganadu-buru zituzten: txerria, oiloa, astoa... Rosa bere astoarekin Bretxako merkatura jaisten zen, esnea eta barazkiak saltzera; eta etxerakoan, txerri-jana etxeratzen zuen.

Gudamendi aldera ere makina bat buelta eginak dira, esnea eta barazkiak eramatera. Goizeko sei eta erdietarako joaten ziren. Emili ere makina bat buelta egina da, autoa hartu eta Ibaetako errotara joaten zen irina egitera, eta etxerakoan, ote pila bat ekartzen zuen, sutarako.

Alejandrok 18 urte bete zituenean, bere bila etorri eta gerrara eraman zuten, urrutira. Fronteko lehen lerroan ibili zen, ametrailadorarekin. Gerra ostean, Cervezas El Leon enpresan egin zuen lan. Gudamendin proiektu bat zeukatela-eta, bertan lan egiteko eskatu zioten. Eraikina egiten ari zirenei ur freskoa eramatea zen bere eginkizuna. Pintxe deitzen zioten. Azkenean, ezizenarekin gelditu zen.Gerora, usoen tiradetarako janaria ematen egin zuen lan.

Emilik jostun-lanak egiten zituen. Jendeak telak ekarri eta Emilik neurriak hartzen zituen, soinekoak, trajeak eta bestelako arropak egiteko.

Emili Azurza Beteluko Bartolo Baldarekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten Alex eta Migel Anjel Balda Azurza. Urte batzuk ‘Eulalia Enean’ bizitzen egon eta gero, Borda Berrira itzuli ziren senar-emazteak.

Iturria: Amalia Mujika Insausti