Edukira joan

Burdinolaren historia/Burdina mitoetan eta elezaharretan

Wikibookstik

Mariren adats "siderala"

[aldatu]
Mariren adatsa: Euskal Herria, izadiaren edozein fenomenoren aurrean sentikor beha­tzailea izan denez, baditu gai horiei buruz­ko bere elezaharrak. Aipa di­tzagun Aiz­korriko Dama deituari buruz­ko elezahar bi­txiak: udaz­keneko gauetan, Aketegiko hai­tzulotik irten eta, argi distira­tsuz eta adats kolore­tsu luzea eraku­tsiz, Murumendin edota Anbotoko bere gordelekuetara joaten den Damaren kontakizuna.

Astronomia eta geologia alorretan onartutzat ematen da, gaur egun, Lurrean aurkitu den lehen burdina purua (meteoritoa) goietatik eroritako izar-aerolitoak izan zirela, «sideritos» deritzatenak. Sidero hitza grezieratik eta ondoren latinetik dator; gauza bi adierazten ditu, burdin eta izar. Bien lotura da siderurgia hitza, hau da, burdina ateratzeko eta lantzeko jarduera.

Azaroko edozein gauetan ortzi aldera begiratzearekin soilik, izar samalda batek lurraren orbita zeharkatzen duen urtaro horretan, burdinazko materialak eta metalezko beste batzuk ikusiko ditugu; eta zer dira? Lurrak bere joanean bidez aurkitu eta bere erakarmenez behera etorrarazten dituen zatiak, aerolitoak dira, eta argitsu eta margo harrigarriez ortzitik erortzen dira. Oso antzinatik ezagutzen da fenomeno hori, eta harrigarria zenez, ipuin eta elezahar ugari sortzeko bide eman du.

Euskal Herria, izadiaren edozein fenomenoren aurrean sentikor behatzailea izan denez, baditu gai horiei buruzko bere elezaharrak. Aipa ditzagun Aizkorriko Dama deituari buruzko elezahar bitxiak: udazkeneko gauetan, Aketegiko haitzulotik irten eta, argi distiratsuz eta adats koloretsu luzea erakutsiz, Murumendin edota Anbotoko bere gordelekuetara joaten den Damaren kontakizuna.

Gauza jakina da adatsen margo gorri eta esmeralda berde biziak, batez ere, aerolitoa lurraren atmosferan abiadura handian sartuz egiten duen urraduratik sortuak direla, eta zenbait puskatan zatitzean, haren deskonposizioan metal oxido margodunak sortzen dituela. Hain zuzen ere, 1954an eman genuen aerolito horietako baten erorketaren berri zehatza, Gipuzkoako mendi batetik udazkeneko egunsenti aurretik ikusi genuena.

Euskal Herriko elezaharretan gauza bera dira Mari, Dama eta Señora. Jose Migel Barandiaran jaunak bere azterketa etnografiko sakonetan era askotako elezaharrak atera ditu argitara: Mariri, emakumezko jainkosari, dagozkionak, zeina ortzian batetik bestera baitabil, gona gorriz jantzirik, suz inguratua. Horrez gain esaten duenez, Mari deritzon jainkosa beste elezahar askoren eta sinesgai ugariren jatorrikoa da, beste lurralde batzuetakoen antzekoa.

Pirinioetako elezahar mitikoak

[aldatu]

Sar gaitezen Euskal Herriko meatzaritzaren historia aztertzera, etnologiak eskaintzen dituzten elezaharrez baliaturik. Horien artean badira idazle greziar eta erromatar batzuen aitorpenak, iberiar penintsulari dagozkionak, eta, bereizik, baita hainbat aipu bibliko ere.

Idazteunak, gizadiaren antzinako kondairarik osoenetakoa denez, bere generoan sarrera luze eta zehatzean (Hasiera, 4,22 eta hur.) honela dio: «Selak, berriz, Tubak-Qayin sortu zuen, tupikizko eta burdinazko tresna zorrotz guztiak lantzen dituztenen aita».

Idazteunaren zati honi dagokionez, Garibai gipuzkoar historialariak bere Compendio Historial liburuan, Joseforen aitorpenak iturritzat harturik, dio: «Tubalcayn siendo fortísimo varón, comenzó a guerrear las gentes y buscó el arte de fundir y labrar el hierro».

Posidoniok, K. a. 135 urte aldera Sirian jaio zenak, honela dio iberiar penintsulari buruz: Pirinio mendien izenak, sua esan nahi du grezieraz; sekulako sute izugarri baten bidez mendi-erraietako burdinki ugari urturik, burdinazko ibaiak zabaldu ziran iberiar penintsulan barrena eta horretatik datorkie Pirinio su-izena.

Diodoro Sikulok, Estrabonen garai berekoak, zehatzago adierazten du, sute hori gertatu zenean, Pirinio inguruetako biztanleek ez zutela urre eta zilarraren baliorik ezagutzen.

Esan dezagun gertaera bitxi gisa, Mari izeneko numen horrek eman zigula lehenengo pista, 1961ean, Urnietako mendietan Marizulo izeneko haitzuloa aurkitzeko eta ondoren Barandiaran, Altuna eta Ataurirekin elkarlanean burutu genituen hango ikerketak egiteko. Han aurkitutako aztarnen aldirik zaharrena Brontze Aroa da.

Herensugea

[aldatu]

Elezahar hori bera badugu zorionez Euskal Herrian bertan ere, aldaketa batzuk gorabehera. Elezahar horretan ere aipatzen da Pirinioetako (Auñamendiko) burdina, Bertako biztanle euskaldunek borroka egin behar izaten zutela, Auñamendi edo Pirinio mendien gainean, udazkeneko gauetan agertzen zen herensugearen aurka, eta honen itxura, «Hidra» izeneko izar-multzoaren antzekoa zela.

Wentworth Websteren Basque legends, collected chiefly in the Labourd liburuan, aurreko mendearen azkenetan argitaraturik dator elezahar hori. Honela dio:

«Erensugea edo zazpi buruko sugea, piztitzar izugarri aundia zan; bere burua Bigorre’ko mendi-muturrean jartzen zuan, lepoa Bareges aldean, gorputza, Luz, Saint Sauveaur eta Gedres aranetan etzinda, eta buztana Gabarnie’ko arruan kiribilduta. Iru illabetetik bein ¡aten zuan; bere aoko atsaren indar utsez irentsi oi zituan artalde osoak, sorgorturik lo gelditu arte. Akabatu aal izateko, mendietako burdin guztia bildu zuten gizonek eta baso guztietako egurrez sekulako sua egin zuten, burdina urtzeko; orrela gertuturik, zai egon ziran esnatu arte, autzak edo eztar-zuloa zabaldu bezain laister, burdin urtua irentsi zezan».

Lurralde horietako mapa eta planoak ikusiz, eta izar-sailen ortzi-mapak aztertuz, gure aurreko arbasoek Pirinio mendietako gertakaria zernola ikusiko zuketen adierazi nahi izan dugu, batez ere udazkenaren aurrenetako gauetan, «Hidra» edo «Erensuge» izar-saila gainean zegoelarik.

Pirinioetako ikuspegi honetan, «Pic de Ger» ageri da, gaur Zuberoa den euskal lurretatik kilometro gutxira, Sortalderantz. Kontu ziurra da, beraz, antzinako aldi haietan delako Herensugearen elezaharrak dioen lekuan euskaraz mintzatzen ziren.

Grezieraz eta latinez Hidra hitzak, uretako suge adierazten du eta euskaraz, Azkuek dionez, Erensuge eta Herensuge hitzek suge edo piztitzarra adierazten dute.

Antzina-antzinako euskal elezahar hau, ezin ukatu, etnologia mailako aztarrenik onenetako bat dugu, batez ere mundu guztiko burdingintzaren kondairari dagokionez; eta behar bada, bera dugu lehenengo mitologia-aztarna, irudi eta sineskerien bidez, baina burdingintzaren hasiera adierazten diguna: burdin mea eta egur-ikatzaren bidez burdina lortzen zutenekoa.

Gorago azaldu dugun izarren gertakari hori, Auñamendi edo Pirinio aldeko mendi eta haranetan ikusten zirenak, udazkenaren hasieran eta gaueko lehen orduetan gerta zitekeen; horregatik, esan daiteke, elezahar hori ahoz aho bizirik gorde duten euskal leinuak, Neolito Aroko edo indoeuropearraren aurreko aldietan trashumantzian ibili ohi ziran artzain-herriengandik iritsi zaigula.

Azkuek dionez, Arrasaten (Gipuzkoa) errementari edo burdin arotz batek erail omen zuen Herensugea, aurrez sutegian goriturik zeukan burdin hagaz.

Barandiaranek bere Lan Guztiak bilduman, Erensugea aipatzen duen haietan esaten digu euskal mitologian badela izen bereko jainko bat, suge itxurakoa; elezaharren alorrean, tankera askotako beste batzuk biltzen zaizkiola eta haietako jakin batzuk antzinako hainbat sistema mitologikotan azaltzen direla. Arrasateko piztitzarrarena ere transkribatzen du, alde handirik gabe.