Edukira joan

Burdinolaren historia/Burdinola hidraulikoak. Iraultza teknologiko bat

Wikibookstik

Zeharrolak

[aldatu]
Gurpil hidraulikoa edo turtuki besoduna, ardatz horizontalarekin.

Noiz arte iraun zuten Euskal Herriko mendietan eta, batez ere, Gipuzkoakoetan lehenengo labe edo haizeolak?

Artxibategietan jasotako agiriek, eta historialariek transkribaturik azaltzen diren beste batzuek lagunduko dute ezagutzen ez dena argitzen.

Antzina-antzinako euskaldunek gauez begiak Pirinioetako mendi garaietara jasotzean, haizeola edo labetxoetako su argitsu etengabeak ikusten zituzten, burdina ateratzeko prozesuan pizten baitziren, izarrak bailiran.

Baina, azken etapa hau iritsi zenean, betirako itzali ziren argitxo haiek. Amaitua zen euskal meatzaritza eta burdingintza emankor eta luzearen goiztiria!

Bitartean, finkatuak ziren ibaiertzetan burdinola hidrauliko edo zeharrola berri haiek, beren gailu mekaniko bitxi, paramentu handi, harlangaitzezko obra, presa, ubide, gabi eta guzti. Eta hau dena XIII. mendean gertatu zen.

Hastera zihoan Euskal Herrian bere berpizkunde metalurgikoa eta energia hidraulikoren aroa. Handik aurrera olagizonen lana askoz eramangarriagoa izango zen. Burdinoletako gabiak zein hauspoak izadiko elementurik nagusienak mugiaraziko zituen, gurpil hidraulikoek eraginda ibiliko baitziren, gizona gidari eta zuzentzaile zutela.

Handik aurrera herri osoko ibarretan entzungo ziren agoa gori haiek haserrez jotzean mazoak sortutako oihar#tzunak, eta XVII. mendearen erdial#dera burdina-ekoizpenak, hemen landuak eta manufakturatuak, munduko herrialdeetan hedatuko ziren.

Bestetik, argi eta garbi gelditu da gainera, delako «ferrerías masuqueras» hauek gure Herrian XIII. eta XIV. mendera bitartean iraun zutela; hain zuzen ere, urez abiarazitako burdinola hidraulikoak ibaiertzetan kokatzen hasi ziren arte. XIX. mendearen azkenera bitartean hauetatik atera zen burdina, Pirinioetako burdinola edo forja kataluniarrak deituriko prozedura metalurgikoaren bidez.

Oiartzungo burdinolen albisteak

[aldatu]

Alfontso XI.a erregeak Oiartzungo burdinolen forua 1328an eman zien Oiartzungo eta Irun-Uranzuko olagizonei.

Agiri horretan –bide batez, esan dezagun oso luzea zela– ez da agertzen burdinola «masuqueras» delakoen aipamenik. Aldiz, baditu uren ondoan dauden burdinolen gurpilei buruzko oharrak, baita burdinola hauen presen gainean egindako lanen erreferentziak eta abar ere. Honek egiaztatzen du Oiartzun aldean, Aiako Haitzaren inguruetan alegia, XIV. mendean burdina ateratzeko prozedurak hobeak zirela Gipuzkoako Goierrin erabiltzen zituztenak baino.

Berezitasun honetan, izan ote zuen eraginik gaur egun berretsia den aurreko mendeetan erromatartzeak, itsas ondoko lurralde hartan? Luiz Uranzuk, bere Menaqueros y ferrones lanean, Irungo Eskolamendi deitzen den mendi baten aipamena egitean, Eskuola-mendi esku olaren sinonimoa dela esaten du.

Europaren mailan

[aldatu]

Espezialitate honetako lan alemaniar baten arabera, gurpil hidraulikozko burdinolak (Eisenmühlen) Europaren erdialdean eta iparraldean XII. eta XIV. mende artean azaldu ziren, hortaz, euskal metalurgia Europako aurreratuenen mailan zegoela adieraziz.

Energia Hidraulikoaren Aroan, gurpila edo turbina hidraulikoa azaltzearekin batera sartu zen Europa. Handik aurrera Euskal Pirinioetako ibaietako urak eraginkorki baliatuko ziren burdinola berrien eragingailu mekaniko gisa, presa txikien bidez urtegietara bildu eta, desnibel handi bat irabazteko, harlangaitzezko ubideetatik barrena bideraturik.

Amaitua zen gure olagizon zailduen antzinako artisautza prozeduran burdina ateratzeko modua eta aroa eta, handik aurrera, askoz ere eramangarriagoa bilakatu zen lan neketsu hura.

Burdinola hidraulikoen izenak

[aldatu]

Bere ibilbide guztian Euskal Herriko iraganeko jarduera industriala ikertuko bagenu, zalantzarik gabe hitz adierazgarri ugari aurkituko genuke. Hala, esate baterako:

  • Euskal ola hitza, (ohola) zura izateaz gainera, normalean, lan zehatz bat egiten edo lantzen deneko lekua adierazten du, harri-ola (harria lantzen den lekua), Loiola (buztina lantzen den lekua) eta abar; baina euskal sustrai hau, antzinatik, ia erabat burdinolaren adierari, burdina egiteari edo lantzeari zegokiona da.
  • Era berean, azalpen nabarmenez eratorri dira deitura hauek: barrenola, azpikola, plazaola, amasola, belaunzaola, renteriola, segurola, aldaola, bengolea, goikolea, olalde, goenola, etab.
  • Eta beste hainbat elementu kasuan kasukoak, langai eta beste ezaugarri batzuei aplikaturik aurkitzen ditugu izenok: gabiola, mantxola, aizeola, gentilola, agorrola, arrabiola, olaxo, olazar eta olaberri.

Urola bailaran bazen olanagusi zeritzan burdinola bat.

Gure Herrian finkatutako burdinola guztien izen edo deituren artetik ola erroa dutenak ehuneko hogeita hamabost bat izango dira.

Burdinolen goraldia

[aldatu]

Antzinatik, hiru izan ziren funtsezko arrazoi nagusiak, Mendebaldeko Pirinioetako burdinolak burdingintza eta altzairugintzan nazioarteko rankingaren buruan zazpi mendeetan zehar egoten lagundu zutenak, erdialdeko eta iparreko herriekin lehian.

  • Lehen elementua Euskal Herria Pirinioen mendebaldean, paleozoiko eta kretaziko aroetako esparru mineralizatu handiaren barruan kokatua egotea izan zen, eraikitze eta garapenean lagungarria. Bere baitan hartuz:
    • Bizkaian Somorrostro eta Triano aldea
    • Gipuzkoan Aiako Haitza, Zerain, Mutiloa eta Arrasateko mendiak.
    • Araban, honen iparraldea
    • Nafarroan, ipar-ekialdea, denak ere oxido eta karbonato egiturako burdin mineraletan oso aberats diren mea-zainekin.
  • Bigarren elementua, Euskal Herriak euri prezipitazio handiak izaten dituenetakoa izateak baso#aberastasunean modu berezian lagundu izatea; batez ere, pago, haritz eta gaztaina barietateak, burdinoletan burdin mineralaren murrizketan eta forjaketako sutegietan erabiliko den egur-ikatz ezin hobea lortzeko zuhaitz aproposak.
  • Hirugarren elementua, burdinolen garapenean aldekoa, honen ibai#sare berezi eta baliotsua izango litzateke. Tertziarioaren amaieran, Pirinioetako zoru-harrotzeen fenomeno geologikoek, eta geroagoko eurite handiak dituen lurralde honetako bal#din#tza klimatikoek eragindako pitzadura eta erosio handiek, ia etengabeko ibilguan, emari txikiko eta desnibel handiko ibai ugari sorrarazi izana.

Burdinolen amaiera

[aldatu]

XIX. mendearen hasieran burdinolak desagertzen hasi ziren eta, mendea bukatzerako, ez zen jada bakarren bat besterik gelditzen.

Burdinolak erabat desagertzeko arrazoirik nagusienak hauek izan ziren:

  • Labeak berotzeko behar zen egur-ikatza egiteko landatuak ziren basoak etengabe eta neurrigabe moztea.
  • Behar ekonomikoek eraginda, burdina eta altzairua ateratzeko burdingintzan harrikatza erabiltzen hasi izana.
  • Burdin oxidoz aberatsak ziren meategi-haztegiak agortu izana.
  • Ibaien goi-ibarretako arroa estuetan garraiorako zailtasunak.
  • Totxoak edo arrobioak egiteko labe garaiak kokatu izana, eta
  • beste kontrako baldintza zenbait.