Edukira joan

Burdinolaren historia/Mugarriak burdin lanketaren historian

Wikibookstik

Historiaurrea

[aldatu]

Burdin Aroa Euskal Herrian K. a. 600. urtean hasi zen gutxi gorabehera. Kultura hau, ziur asko, zelta edo indoeuropar jatorriko herriek ekarria da, hauetako asko Pirinio mendien mendebaletik gure herrira sartu zirenean. Metalurgiaren historian onartzen da K. a. 1500. urte aldera, indoeuroparren artean, kalibeak izan zirela munduan lehenengoak meatzetatik burdina ateratzen. Hauek beren herritik, Armeniatik, hedatu zituzten bai Ekialdera, bai Mendebaldera euren ezagupenak. Hala, ia milurteko bat behar izan zuen Europako alderdi honetara iristeko.

K. a. 430. urtean, Jenofonte izeneko greziar historialari eta jeneralak, bere Anábasis «Hamar milen espedizioa» izeneko eskuizkribuan deskribatzen du kalibeen herritik igarotzerakoan izandako gorabehera asko, besteak beste, «hauetako gehienak burdin minerala ateratzen jarduten zutela» esanaz.

Burdina lantzeko prozesu metalurgikoa kobrea eta eztainua lantzeko baino askoz zailagoa eta konplexuagoa zen, batez ere ikatz geruzen arteko minerala ateratzeko labeetan 1.130 graduko berotasuna iristeko zituzten zailtasunengatik.

Erremintak eta armak egiteko burdin forjagarria lortzeak, berriz, oraindik ere zailtasun handiagoak zituen. Beharbada hauxe izan zen historiaurrean kobrea eta eztainuaren kulturako izendapenak burdinarena baino lehenagokoak izatearen arrazoia.

Burdin Aroa

[aldatu]

Euskal Herriak, bertakoek edo Pirinioen mendebaldekoek, burdin aroaren hasiera arte harri industrian jarduten zuen, harrizko erremintak edo armak egiten. Ezagutzen zuen eskuz landutako zeramika, baina, ez ordea hanka bidezko tornu bertikala. Artzaintza zen orduko jarduera nagusia. Ezagunak zaizkigun haitzulo batzuetan bizi zen, baina agian baita kanpoan ere, etxoletan, arrastorik gelditu ez den arren.

Herri honek bere hildakoak berezko haitzuloen barruan lurperatzeko ohitura zaharrarekin jarraitzen bazuen ere, gehienak Euskal Herrian arrasto ugari ditugun trikuharrietan sartzen zituen.

Burdin Aroaren barruan, paleontologia eta industriari dagozkien elementu kulturalak orain artean aztarnategietan agertu dira, gehienak behealdean edo hegoan, material arkeologiko ugarirekin.

Meatzaritza Aiako Harrian

[aldatu]
Antzinako erromatar meategietako meazuloak.

Gipuzkoan ipar-ekialdean dago Aiako Harri esparrua eta haren ingurunea, gune mugatu samar batean, probintziako beste antzinako meatze-ustiapenetatik isolaturik.

Mendi hau geologikoki, Paleozoiko Aroko maila eta formazioetan, Gipuzkoako antzinakoena da, eta burdin minerala, metalezko aldean geruzen barneko zuloetan irregularki pilatutako jalkin-deposituetan aurkitzen da. Gure herriko beste meatze-esparru batzuetan bezala, osagairik nagusiena sideratoa edo burdin karbonatoa da, deposituak azalerara hurbildu ahala eguraldi oxidatzaileak hematite bilakatua.

Halako mineralizazio aberatseko alderdi hau, zati batean Nafarroan sartzen dena, geologikoki paleozoikoko maila permikoak dituen zirkulu baten barruan dago kokaturik, eta, gehienbat Jurasiko eta Kretazeo mailako lur gainean dagoen probintziaren gainerako alderdietan ez bezalako formazioa du.

Kretazeo mailako meatzeguneei dagokienez, litekeena da lehen aipatutako probintziako Paleozoiko lurretan kokatutako eskualdetako ustiapenaren ondorengo alditan ere burdin minerala ateratzen jarraitzea.

Harrespilen eremua

[aldatu]

Oso kontuan hartzekoa da aipatutako Paleozoiko Aroko multzo geologiko horretan kokatuak diren muinoetan baizik ez egotea harrespilak, harrizko zirkuluz eratutako monumentu megalitikoak, hain zuzen ere, inguru honetako antzinako meatze-ustiaketak dauden horretan.

Era berean, esanguratsua da aipatutako meatze-gunea eta harrespilena amaitzen den lekua, hegoaldetik, Leizaran ibaiak mugaturik egotea.

Guzti honek pentsarazten du harrespilen garaiko kultura antzinako meatze-ustiapenekin loturik egon daitekeela, gure herrian.

Zabalago landua dugu harrespilak burdin aroko kulturekin lotzen zitueneko gai hau bera, 1956.ean, burdin meatzaritzari buruz, argitaratu genuen lan batean.

Ikusten denez, txikia da historiaurrearen ekarpena, iluntasunetik irtenda, euskal burdingintzaren egunsentian sartu ahal izateko.

Protohistoria-Antzinaroa

[aldatu]

Metalurgia Iberian

[aldatu]

Gure protohistorian sartzera goaz orain, bereziki herri iberiar eta espainiarrei buruz, geografo, historialari eta poeta greziar eta latinoen eskutik honaino kontatzen dutena ekarriz. Kontuan har dezagun, lehen garai haietan eta askoz beranduago ere, nabarmen gailentzen zela Euskal Herrian meatzaritza, burdinaren industria eta burdina lantzea, bereziki Bizkaian eta Gipuzkoan, penintsulako beste eskualde eta herrietakoen aldean.

Polibio-k, K.a. 205. urteko greziar historialariak, zeltiberiarrei buruz hitz egiterakoan honela zioen: oso saiatuak dira lanean; ezpatak egiten, berriz, galiarrak eta erromatarrak baino abilagoak. K.a. 60. urteko Strabon greziarrak bere Geographika sonatuan zioenez, iberiar penintsulan kobrea, urrea, zilarra eta burdina asko zen eta munduko beste inon ez zen haren antzekorik. Diodoro Siculo-k meatzeak ustiatzeko putzuak eta galeriak irekitzeko erak deskribatzeaz gain, lana zein gogorra zen kontatzen zuen, eta lan horretan erabiltzen ziren esklaboak nola hiltzen ziren, nekearen nekez.

Zeltiberiarrei buruzko aipamenean, haien ezpaten bikaintasuna eta ospea azpimarratzen zituen; berak zioenez, lurperatuta edukitzeko ohituratik zetorren hau, hala egiten baitzuten, harik eta herdoilak burdinaren alderik bigunena jan eta gogorrena eta puruena besterik gelditzen zen arte. Gure ikuspegitik, fantasia bat dirudien arren, badu bere oinarria altzairua lortzeko joan den mendera arte Europako lantegi metalurgiko askotan erabilitako prozedura honek, eta gure herrian galdaketaren dekarburazioa edo zementazio oxidatzaile izenez ezagutzen denak. Tacitok, zeltiberiarrez hitz egiterakoan, zehaztasunez zioen haiek beren armak gorputzen proportziokoak zituztela eta, batez ere, bi ahoko ezpatak erabiltzen zituztela, hain gogorrak eta gozo finekoak, non, golpe batez, edozein ezkutu bitan ebaki zezaketen. Philon-ek, K.a. III. mendean gai bertsuez idatzi zuenak, zeltiberiarren armak goraipatu egin zituen, eta hauek egiteko prozedura deskribatzen du. Honela frogatzen zen ezpaten kalitatea: eskuineko eskuaz eskutokiari heltzen zitzaion eta ezkerrekoaz ezpata-muturrari, eta buru gainean xafla laua ezarriz, bi muturretatik sorbalda ukitzeraino tiratzen zitzaion; ondoren, bat-batean ezpata askatuta, airera salto egiten zuen lehenagoko forma itzuliz.

Delako deskribapen hau metalurgiaren historian garrantzi handikoa da, hauxe izango baita, izan ere, makurdura bidezko materialen erresistentzia-frogari dagokion lehenengo saioa, agian.

Garai hartako kontakizunetatik ezagutzen dugu zeltiberiarren ezpatak bi motatakoak zirela eta gerora erromatarrek hartu zituztela:

  • «Falkata» zuen izena batek eta igitai bat bezain okerra zen,
  • eta «spata» zen bestea, eskulekuan arranoaren burua zuelarik. Honen izena gorde da gure euskaran eta, jakina denez, mila urteko «ezpata-dantzaren» borrokako oroigarria da berau.

Plinioren zehaztapen teknikoak

[aldatu]

Lehen aipatu dugun Plinioren lanaren kapitulu batean, metal asko lortzeko prozedurak deskribatzen dira. Litekeena da historialari handi hauxe izatea metalurgiari buruz teknikoki hitz egiten duen lehenengoa. Honela dio, besteak beste:

  • burdinaren kalitatea, mineralaren eta bat-egite prozesuan erabiltzen den airearen araberakoa izango dela; batzuetan biguna, berunaren antzekoa irtengo dela, eta beste batzuetan hauskorra.
  • biguna gertatzen denean, gurpilak eta hiltzeak egiteko erabiltzen dela
  • eta, hauskorra denean, oinetako armadurak egiteko.
  • emaitza labealdiaren baitan ere badagoela –dio Pliniok–, baina alderik handiena uretan dagoela, alegia, txingarturik dagoela sartu behar delako.

Gaurkoak diruditen ohartarazpen bereziekin amaitzen du Pliniok, honela azaltzen du zehazki:

  • erremintak, oliotan gozatu behar direla eta ez uretan, era honetan ez omen diraeta hain hauskorrak.
  • zorroztarria erabiltzekotan olioa edo ura erabiltzeko gomendioa ere egiten du.

Pirinioei buruzko aipuak

[aldatu]

Euskal metalurgikoei, gure herriko historiaz arduratzen direnei, Pliinoren azalpenetan alderdi erakargarri bat zaie Pirinioei buruz hark bi alditan egiten duen aipamena. Bere III. liburuko IV. kapitulutik ateratako zati hauetako batean honela dio:

"...Tarragonatik Olarsongo erribera bitarteko zabalerara hirurehun eta zazpi (milia); eta Pirinioetako erroetatik, bi itsasoren erdian, ziri modura estutzen denera...."

Ez dago zalantzarik «Olarson-go erribera» esatean Oiartzungo ingurunea eta Oarsoko arroa aipatzen dela, Pirinioen azken muturrean dagoena, alegia. Bigarren aipamena, geografia eta meatze gisa duen garrantziagatik ezaguna denak, honela dio:

"... A la parte marítima de Cantabria, que es veñada del mar Occeano, ay un monte de grandisima altura, y parece cosa increíble, que todo es de esta materia (hierro), como diximos tratando del circuito del Occeano." (XXXIV. liburua XIV. kap.).

Nahiz eta onartua dagoen Plinioren aipamen hau Somorrostroko (Triano) mendietako meatze-esparru aberatsari buruzkoa dela, kontuan hartzen bada Irunen berriki indusketetan egin diren aurkikuntzak eta «monte de grandísima altura» delakoaren xehetasuna, litekeena da historialari erromatarrak «Aiako Harria» mendiari buruz esana izatea ere. Izan ere, ez dezagun ahantz mendi honen kotak Somorrostrokoen aldean askoz garaiagoak direla, eta, gainera, alde hartako burdin meatzeen ustiaketa, azken aldera erromatarrek zilar eta urre bila egindakoa baino lehenagokoa.

Erdi Aroa

[aldatu]

Aurrera doa burdin meatzeen eta industriaren egunsenti luzea; mendeak aurrera egin ahala gure garaietara hurbilduz, penintsula berriro gertatuko da inbaditurik, bat bestearen atzetik bi zibilizazio desberdinez: bisigodoez eta arabiarrez. Baina, oraingoan, herri inbaditzaile hauek, euren kultura-maila handiaren arrastoak utzi zituzten hauek, ez dute apenas ekarpenik egiten penintsulan eta Euskal Herrian erabiltzen jarraitzen ziren bertakoen metalgintzako lan-metodoaren eransgarri.

Bisigodoak eta arabiarrak

[aldatu]

Oso urriak dira bisigodoek utzi dizkiguten burdinazko gauzakiak eta indusketetan azaltzen diren apurrak ez dute ia berritasunik agertzen. Beren numismatika da metala lantzen duten atzerapen teknikoaren ezaugarri bat. Hargintzan, aldiz, langile handiak izan ziren eta lan egiteko modu berri, miresgarri eta soil bat sortu zuten.

Arabiarrak, beren armak egiteko erabili izan zutenaz gain, badirudi ez zirela burdina zaleak izan; ez ziren hartaz behar baino gehiago baliatzen eta euren meskitak eta jauregiak egiteko normalean marmola, zeramikazko materialak eta zura erabiltzen zituzten. Forja lanetan ere ez zuten praktikarik, ordurako kristau-erresumetan oso erabilia bazen ere. Bestalde, altzairu gainean damaskinatuak egiten oso iaioak ziren, eta era guztietako sarrailagintza artistikoaren akabera ona ikusita, badirudi lima oso ondo menderatzen zutela.

Gipuzkoa eta Euskal Herria

[aldatu]

Ikus dezagun orain Goi Erdi Aroan zer jazotzen zen Euskal Herriko mendi-ibarretan, eta Gipuzkoan bereziki.

Iritsi zaizkigun berrien arabera, ziur jotzen da oso antzina-antzinatik gogor lan egiten zela meatzeetan eta burdina urtzen eta galdatzen, eta hauxe zela bertako biztanleen jarduerarik nagusiena. Egiazta ditzagun, hortaz, joan diren XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako historialari gipuzkoarrek beren lanetan gure probintziako meatzaritza eta burdingintzaren jatorriaz hitz egiten duten zatietan, hain zuzen ere, ibarretako ibaiertzetan sistema elektrikoez eragindako burdinolak jarri ziren garaien aurreko lanetan.

Etxabek 1607. urte aldera honela dio bere Discursos liburuan. (XIV. kap., 11. zk.).

...Con otros infinitos que sería cansancio referirlos todos los más de las cuales fueron casas de fundición, donde a mano se labraba el hierro y no con la curiosidad y fuerza del agua con que en nuestro siglo se usa con tantas ventajas y provecho e cuya granjería bajaron a las riberas de los ríos....

A. Larramendik, antza denez, 1756an idatzi zuen bere Corografía lanetik atera dugu:

...Las ferrerías antiguas estaban en los montes de que son señales claras los montones de escorias y cepa que se encuentran en ellos. No podrían ser oficinas en que se trabajase mucho hierro, faltándolos los ingenios y amaños de hoy o si éstos se suplían a fuerza de brazos, eran entonces los ferrones de aguante inmenso que no pudieran tener los de este siglo.

Fueron poco a poco bajándose las ferrerías y se establecieron en parajes donde podrían servirse del agua para sus ingenios y desde entonces se llamaron las ferrerías de los montes «agarrolas» o fererrías en seco y sin agua a diferencia de las nuevas que se llamaron «zearrolas» o ferrerías de agua. No se salte fijamente ni el inventor de esta idea, y el tiempo en que se empezó a practicar. Lo cierto es que no vinieron los extranjeros hacer bajar las ferrerías de los montes y plantarlas cerca de los ríos o arroyos crecidos y que dieron en esta especie, los mismos naturales y que ellos y no otros han ido adelantando después acá este arte, con sola su práctica y experiencia....

Azkenik, eta burdingintzaren antzinatasun-auzia erabakitzeko, 1956an argitaratu genuen lan batetik, hurrengo kapituluan, ondorengo zati hau deskribatuko dugu. Nolakoak ziren, mendi gainetan kokatu eta Garibaik zioen modura «a fuerça de braços soplando, y no con el instrumento y ruedas de agua» funtzionatzen zuten gure herriko burdinolak edo antzinako labeak?