Denontzat Mesede
Gaur egun baserria dagoen lekuan, 1900. urte inguruan txabola edo borda bat zegoen, bere aterpearekin. Idatzi zaharretan, baserriaren lehen aipamena 1943. urtean azaltzen da. Pixkana-pixkana, zenbait obra eginez etxea handitzen joan ziren; azkenean, lau etxebizitza osatu zituzten. Donostiako toponimiaren arabera, 1995. urtean azaltzen da lehen aldiz izen honekin: Denontzat mesede. Argi dugu baserria zaharragoa dela, baina izen honekin urte horretakoa da topatu dugun lehen datua.
Baserriaren aurretik zegoen borda aterpea zenez, baserriaren ondoko bidetik pasatzen zen jende asko gelditzen zen atseden hartzen eta, eguraldi txarra zenean, baita aterpetzen ere. Denek aipatzen zuten aterpeak mesede handia egiten ziela, hortik sortu zen baserriari Denontzat Mesede izena emateko ideia.
Kontxa Ugartek gogoan du gerra garaian etxe inguruan tankeak ibiltzen zirela, soldaduz beteta, Mendizorrotzetik herri aldera tiroak jotzen. Noiznahi etortzen ziren etxera, eta harrapatzen zuten guz- tia jan. Eskaileretan jarrita, errosarioa errezatzen zuten; nafar batzuek, euska- raz. Maria Insausti amona harriturik egoten zen haiei begira.
Topatu dugun lehenbiziko jabea Benita Garin da, Plazaetxe baserrikoa. Geroago, Axurriki baserriko Antonio Ugarte Esnal eta Borda Berri Txikiko Maria Insausti Oria senar-emazteek erosi zuten baserria. Mariaren ama, Rosa Oria, alargun gelditu zenean Matxinbentatik Erauntzeta baserrira etorri zen bizitzera, seme-alaba guztiekin. Maria alaba Antoniorekin ezkondu zenean, hasieran Borda Berri Txiki baserrian jarri ziren bizitzen. Geroago etorri ziren Denontzat Mesedera. Bost seme-alaba izan zituzten: Juanito, Isidro, Kontxa, Joxe eta Juan Bautista Ugarte Insausti.
Antonio eta Mariak ukuiluan sei bat behi izan zituzten, eta beste hainbat txekor, baita oilo batzuk ere. Baratza pixka bat egiten zuten, batez ere etxerako. Baratzeko lanaz Maria arduratzen zen gehien bat. Antoniok Donostiako udalarentzat lan egiten zuen, kaminero moduan. Mariaren ahizpa Balbina Borda Berri baserrian bizi zen. Bertan asto bat zuten, eta Maria Balbinarengana joaten zen, marmitan esnea hartuta; gero biak elkarrekin jaisten ziren Antiguara, astoarekin esnea etxez etxe saltzera; eta bueltan txerri-jana ekartzen zuten. Gobada egitera Erasoenebaserriko iturrira joaten ziren. Etxe inguruan aska bat zegoen, eta tarteka bertan aritzen ziren. Etxerako ura Din-Din eta Etumeko iturrietatik ekartzen zuten.
Seme-alaba batzuk kanpora joan ziren bizitzera; eta Juanito, Kontxa eta Jose baserrian gelditu ziren, etxebizitza banatan. Juanito Ugarte Insausti eta Ganbaretxe baserriko Pakita Huegun ezkondu eta hiru alaba izan zituzten: Miren, Lourdes eta Mari Jose Ugarte Huegun. Juanitok garagardotegian lan egiten zuen.
Kontxa Ugarte Insausti Arritxulo baserriko Joxe Lizarazu Garmendiarekin ezkondu zen; eta hiru seme-alaba izan zituzten: Kontxi, Josetxo eta Ixiar Ugarte Lizarazu. Josetxo gaztetan hil zen arrokan. Kontxa Gudamendin aritzen zen garbiketa-lanak egiten. Joxe, berriz, gidari moduan kamioiarekin, Garmendia enpresan. Josek izugarrizko afizioa zuen arrokara jaisteko; lanera joan aurretik, goizean goiz, arrantza egitera jotzen zuen arrokara eta lupiaren bat edo beste harrapatuta etxeratzen zen. Ogitarteko bat hartu eta bidean erdia janez joaten zen lanera, beste erdia bazkaritarako gordeta.
Joxe Ugarte Insausti Murgil baserriko Karmen Zapirainekin ezkondu zen. Lau seme-alaba jaio ziren: Iñaki, Jose Luis, Imanol eta Igone Ugarte Zapirain. Jose igeltsero aritzen zen eta Karmen etxeko lanaz arduratzen zen.
Isidro Ugarte Insausti Monte Igeldon automobilentzako sarreran dagoen langaren ondoko etxean bizi izan zen, bere emazte Axun Azurzarekin. Alaba bat izan zuten: Koro Ugarte Azurza. Igeldoko jolas parke ezaguneko sarreran egiten zuten lan senide guztiek, jendeari kobratzen. Juan Bautista Ugarte Insausti Kontsuelo Aldalurrekin ezkondu zen. Hasiera batean, baserrian bertan bizi izan ziren; han zirela, bi seme-alaba izan zituzten: Jaione eta Xabier Ugarte Aldalur. Gero, Lasartera joan ziren bizitzera. Juanek Michelin lantegian lan egin zuen.
Gaur egun, familia bakoitzaren ondorengoek jarraitzen dute etxebizitza bakoitzean bizitzen.