Edukira joan

Deskripzioa

Wikibookstik

DEFINIZIOA

Bloke logikoa berroigeta zortzi piezaz osaturik dagoen joko didaktikoa da. Haurren logika - matematikoa lantzeko balio duena. Joko honen piezak egur nahiz plastikozkoak izan daitezke eta haurrak manipulatzeko errazak dira. Lau aldagai ezberdin bereizi behar dira :

1- Kolorea: Gorria, urdina eta horia.

2- Forma: Hirukia, borobila, laukia edo laukizuzena.

3- Tamaina: Handia edo txikia.

4-Lodiera: Lodia edo mehea.


Bloke logikoen bidez haurren arrazonamendu logikoa bultza dezakegu. Eta hauek manipulatuz hainbat kontzeptu matematiko eskura ditzakete gaztetxoenek. Bloke logikoekin jolasean, pieza bakoitzak duen itxura (fisikoa) ezagutuko dute haurrek; esate baterako eskutan dutena borobil hori bat dena edota hiruki gorri bat denaz jabetzeko baliagarria izan daiteke.Honetaz gain, blokeen arteko alderaketak ere egiteko gai dira; batzuk kolore berdinekoak izan arren, forma edo tamain edo lodiera ezberdina dutela behatuz.


HELBURUAK

1- Pieza bakoitza ezagutu eta izendatzeko gai izatea.

2- Piezen aldagai ezberdinak ezagutu eta bereizteko gai izatea.

3- Irizpide ezberdinei erreparatuz (kolorea, forma, tamaina edota lodiera) blokeak sailkatzeko gai izatea.

4- Blokeen arteko alderaketak egitea; berdintasun eta ezberdintasunetaz jabetzeko.

5- Ezaugarri edo arau jakin batzuei atxikiz serieak egiteko gai izatea.

6- Egokitasun erlazioak ezartzea.

7.- Ezezko esaldien ulermena lortzea.

8- Arrazonamendu logikoa garatzea.

9- Joko-arautuen hasiera.

10- Memoritatzeko estrategietan trebatzea.


BLOKE LOGIKOAK GELAN ERABILTZEKO ORIENTABIDEAK

- Gela bakoitzean bloke logiko bat baino gehiago egotea lagungarria da. Haur guztiek aldi berean lan egin ahal izateko. Material ezberdinetakoak izan daitezke hauek, era honetan haurrek bloke logikoen aniztasuna ezagutu ahalko dutelarik.

- Bakarkako nahiz taldekako jarduerak burutu behar ditugu bloke logikoekin. Lan indibidualak umeak nahi ditugun kontzeptuak bereganatu dituela ziurtatzeko balio dute. Taldean aritzean direnean aldiz, elkarlana bultzatzeaz gain, egozentrismoa gainditzen laguntzen diegu. Talde jolasak konpetitiboak bihur daitezke, haurrek erronka soilik euren buruarekin izatea ahaleginduko gara, haien ezagutzak areagotzeko asmoz.

- Haurrek era librean bloke logikoak manipulatzeko astia izan behar dute. Esperimentazioaz gauza asko ikasten baitute.

- Haurren akatsak ez ditu irakasleak zuzenduko. Haurra bera bere akatsetaz konturatzea edota gainontzeko ikasleak zuzentzea bideratuko du irakasleak; galderak eginez, besteek egin dutena behatuz...

- Irakasleak era egokian izendatuko ditu blokeak, hala ere, hasieran ez diogu garrantzi gehiegi emango haurrek blokeak ondo izendatzeari.

- Aukeratzen ditugun jardueren zailtasun maila areagotuz joango da era orekatu batean; jarduera errazetatik gero eta jarduera konplexuagoak burutuko dituzte. Hala ere, noizean behin haientzako ezaguna edo erraza den jardueraren bat proposatzea garrantzitsua da, galduta sentitu ez daitezen.

- Kontzeptu bat lantzeko jarduera ugari egin behar ditugu, jarduera bakarra ez da nahikoa izango. Esate baterako bloke logikoen lodieraren aldagaia landu nahi badugu, blokeen lodiera oinarri gisa duen jarduera multzo bat proposatu behar diegu ikasleei.

- Haur bakoitzaren ikaskuntza prozesua ezberdina da, eta beraz haur bakoitzaren beharretara egokituko ditugu jarduera guztiak.