Edukira joan

Ekogor

Wikibookstik
(Ecogormaior(e)tik birzuzenduta)

Baserri honen lehen aipamena, Donostiako toponimiaren arabera, 1512. urtekoa da, eta Hecogor izenarekin azaltzen da. 1776an, berriz, Ecogormaior izenez eta, gerora, beste izen batzuekin ere bai.

Baserriaren lehenengo nagusi moduan, Joanes de Ecogora aipatzen da, 1512. urtean. Merkataria zen Joanes. Haren semea ere aipatzen da: Joanes de Ecorza. Santiago-bidea baserri ondotik pasatzen zen, eta merkatu funtzioa betetzen zuen.

1795ean, Juan Jose Berridi Zialzeta oriotarra eta Katalina Erauntzetamurgil igeldoarra senar-emazteak azaltzen dira baserriaren historian. Bost seme-alaba izan zituzten.

1840. urtean, Jose Ignazio Berridi eta Manuela Kamino usurbildarra senar-emazteak bizi izan ziren Ekogorren. Lau seme-alaba izan zituzten. 1875ean, seme haietako bat azaltzen da: Nikolas Berridi Kamino. Nikolas Paulina Zelaiarekin ezkondu zen eta zazpi seme-alaba izan zituzten. Gerora, Maria Pilar Berridi Zelaia, bertako alaba, Garinen jaiotako Jose Lizarralde Usabiagarekin ezkondu zen. Joxe bederatzi urterekin etorri zen, edo ekarri zuten, harrobian lan egitera, laguntzaile moduan. Maria Pilarrek zortzi seme-alaba izan zituen: Ignazio, Paulina, Esteban, Maddalen, Juan, Patxi, Pantxika eta Maria Luisa Lizarralde Berridi. 1912. urtean, Donostiako Irigoien eta Landa familiari erosi zioten baserria.

Ignazio eta Esteban anaiak, umeak zirela, Igarako eskolatik etxerako bidean zihoazela, ur-kolpe handi batek jo eta eraman egin zituen arrastan. Inguruko batzuen laguntzaz, Esteban errekatik ateratzea lortu zuten; baina Ignazio ito- ta topatu zuten Ondarretako tenisaren parean.

Gainerako seme-alabak batera eta bestera sakabanatuta, Esteban Lizarralde Berridi gelditu zen baserrian. Maria Pilar Mitxelena Mendizabalekin ezkonduta, lau seme-alaba izan zituzten: Esteban, Pilar, Kattalin eta Joseba Lizarralde Mitxelena.

Esteban aitaren garaiko lehen urteetan bederatzi esne-behi izan zituzten; gerora, Estebanek baserrian jarraitu zuenez, behi gehiago jarri zituzten. Esteban semea Felipa Arruabarrena Lekuonarekin ezkondu zen. Garai hartan, bi idi pare eta 30 esne-behi izan zituzten baserrian. Esteban gazterik hil zen eta, horren ondorioz, kendu egin zuten ganadua. Donostian hartzaile asko zuten, eta esnea, barazki eta fruta asko saltzen zuten. Sagarra eta melokotoia izaten zuten, batez ere. 60.000 kilo sagar biltzera iritsi izan ziren. Ibaetan garai hartan sei sagardotegi ere baziren, eta sagar asko haiei saltzen zieten. Baserrian tolarea zuten eta sagardoa bertan egiten zuten. Garai hartan, jendea xianbrerarekin etortzen zen sagardotegira, jatekoa etxetik ekarrita.

600 litroko bukoiak ere bazituzten, eta Donostiako kaira eramaten zituzten arrantzaleentzat. Patroiak agintzen zien zenbat ‘bedeinkatu’ behar zuten sagardoa, alegia zenbat ur erantsi behar zioten. Batzuetan, arrantzaleak ere joaten ziren baserrira laguntzera, sagardoa egin eta dastatzera.

Gudamendiren goiko aldetik Sorgin erreka jaisten da; ganadua errekara eramaten zuten, ur edatera. Etxean ere bazuten aska, gobada-harria eta guzti (goharria); bertan garbitzen zuten etxeko arropa. Estebanen ondoren, Joseba gelditu zen baserrian, seme gazteena. Pilar Huizirekin ezkondu eta bi seme izan zituzten. Baserria berritu egin zuten; eta gaur egun ere haiek segitzen dute bertan bizitzen, beren familiarekin.

Ekogor baserria Ibaeta eta Igara arteko mugaldean dago, kokatuta, eta bertakoak igeldoar sentitu izan dira.