Edukira joan

Egiluze

Wikibookstik

Baserria Igeldoko mendebaldean dago; haren lurrek muga egiten dute Oriorekin. Iranguren eta Egiluze erreken arteko zelaitxo batean eraiki zen XIX. mendean. Zubeldia-Sarasua sendia bizi zen han. Haien seme bat, Zelestino, Biorreta baserrira ezkondu zen. Hainbat urtez etxea hutsik eta utzita egon eta, gero, 1989tik okupatuta dago.

Ez da ospe oneko etxea izan Egiluze, etxe horretara bizitzera joaten ziren baserritarrek ahal bezain laster alde egiten zuten bertatik. Horren ondorioz, ez omen da inoiz inor bertan hil. Lur mutur horretan dena da latza eta traketsa: Zakarro izenez ezagutzen da ingurua. Ibaetako aiton bati entzuna da: “Egiluzen ahuntzak ere ez dira zuzen ibiltzen”.

Azken urteetan, baina, oso aparte zegoen leku lasai hura orain ohiko pasabide bihurtu da, eta jendetza hartzen du egunero. Batetik, Donostiatik Oriora doan GR121 ibilbidea Egiluze azpitik igarotzen da eta hamaika oinezko ibiltari pasa ohi da bertatik, udan batez ere. Bestalde, Buztinzuri bidetik Lusarbe baserrirantz doan bidexka, kostaldeko Donejakue bidearen zatia izanik, erromes askok erabiltzen du eta bide hori Egiluze baserriaren goialdetik igarotzen da.

Egiluze baserri azpiko arrokei Ur Berdea deitzen zaie, Egiluze eta Iranguren erreketatik itsasora doan ur gezak harrian sortzen dituen alga berdeek ematen diote izena. Itsaslabar ugari dago inguru horretan, arriskutsuak bezain erakargarriak. Egiluze baserriaren inguruak, bestalde, naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du: Txilardiak, otadiak, haltzadiak, ameztiak eta hariztiak aurki daitezke, besteak beste, inguru horretan.