Erreroenea
Donostiako toponimiaren arabera, baserriaren lehen aipamena 1934koa da, eta Herreria izenez azaltzen da. Herriaren irteeran kokatuta dago, Melilla edo Xerraiene baserriaren ondoan; eta bi alturako eraikina da.
Santos Aranguren eta Iriarte baserriko Teresa Arrutik erosi zuten, ezkondu ondorenean. Seme bat izan zuten: Zelestino Aranguren Arruti. Etxearen goiko solairuan etxebizitza zegoen. Haren aldamenean, gela txiki bat; semeak han zorrozten zituen harrobietatik ekartzen zizkioten lanabesak. Beheko pisuan ukuilua zuten eta behi bat edo beste izaten zuten. Paradako izeneko zezen handi bat ere bazuten, eta inguruko baserrietatik behiak ekartzen zizkioten estaldu zitzan.
Inguruko harrobietatik ere egunero ekartzen zizkioten Santosi lanabesak zorrozteko: pikatxoia, zizelak... Ate ondoan uzten zizkioten eta hurrengo egunerako prest izaten zituen guztiak, ondo zorroztuta.
Zelestino Aranguren Arruti semea Bizkaiko Murueta herriko Maria Begoña Eskibelekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuten: Maitere Aranguren Eskibel. Zelestinok Donostiako Gas fabrikan egiten zuen lan, eta udan, batez ere abuztuan, Gudamendiko tiropitxonean, enkargatu moduan. Maria Begoña, berriz, gaztetan, ezkon aurretik, neskame aritu zen, hiru bat urtez Gudamendin; garai hartan Kamio baserrian egiten zuen lo. Maria Begoña, bizkaitarra izanik, gogoratzen da nola gerra-garaian Gernikan soldadu italiarrak ezagutu zituen.
Gaur egun ere hantxe bizi da Maria Begoña Eskibel, alabarekin eta haren familiarekin. 2022ko maiatzaren 8an 100 urte bete zituen. Baserri moduan, baratza pixka bat egiten dute etxerako.
Iturria: Iñaki Aizpurua Aranguren