Esperanto/Sarrera

Wikibookstik

Zer da esperantoa?[aldatu]

Esperantoa munduko pertsona guztiek elkarrekin komunikatzeko asmatutako hizkuntza bat da. Ez da herrialde edota talde etniko batena; neutrala eta munudko hizkuntza aniztasuna errespetatzen du.

Jatorria[aldatu]

Ludwig Zamenhof

Esperantozko oinarrizko hitz eta arauak L.L. Zamenhofek proposatu zituen, XIX. mendearen bukaeran. Urte gutxiren buruan, jendea ikasten hasi eta mundu osoko komunitate bat sortu zen horren inguruan. Ordutik hona, beste edozein hizkuntzaren moduan erabili izan da esperantoa. Nahiz eta beharrezkoa denean hitz berriak sortzen diren, hizkuntzaren egitura bera aldatu gabe mantentzen da, L.L. Zamenhof-ek idatzitako Fundamento de Esperanto liburuan adierazi bezala.

Ezaugarriak[aldatu]

Esperantoak egitura oso erregularra du. Hitzak, askotan, aurrizkitzat edo atzizkitzat beste hitz batzuk batuaz sortzen dira; horrela, txikiagoa da ikasi beharreko hitz kopurua. Hizkuntzaren fonetika oso sinplea da: idazkeratik jakin daiteke zehazki zein den ahoskera, eta alderantziz, ahoskeratik jakin daiteke zehazki zein den idazkera.

Esperantozko hitz gehienak, hizkuntza latindar, germaniko eta eslabikoeako hitzen antzekoak dira. Hala ere, esperantoa ez da hizkuntza horien nahasketa, hizkuntza originala baizik. Zenbait ikuspegitatik, esperantoaren egiturak Europaz kanpoko hizkuntzen itxura handiagoa du, Europako hizkuntzena baino.

Zergatik ikasi beharko nuke esperantoz?[aldatu]

  • Esperantoa oso erabilgarria da komunikazio neutralerako, eta ez du hizkuntza naturalik ordezten. Bestela esanda, ez du etnia, hizkuntza edo kultura jakin baten alde egiten; aitzitik, hizkuntza eta etnia berekoak ez diren gizabanakoen arteko komunikabide neutrala da. Eskubide berdintasuna, tolerantzia eta benetako internazionalismoa bultzatzen ditu. Hori ederki nabari da esperantozko hitzaldietan, liburuetan, aldizkarietan, musikan eta Interneteko edukietan, bai eta familia bizitzan ere.
  • Harremanetarako tresna da, bereziki gazteentzat: atzerriko etxeetan gonbidatu gisa egonaldiak eginez zuzeneko harremana izan daitezke hango kulturekin, nazioarteko jaialdietan ondo pasatu, hainbat gaitako mintegietan jakintza eskuratu, atzerriko hizkuntzekin harremanetan jarri, haiei buruz gehiago ikasi...
  • Esperantoa oso era ona da kanpo hizkuntzak ikasten hasteko. Esperantoa beste ezein hizkuntzatatik ez datorrenez, arauak sinpleak eta gutxi dira, konjugazioa ez da existitzen, eta ez dago buruz ikasi beharreko salbuespenik; hori dela eta, ikasle gazteek beste hizkuntza batzuk ikaste aldera eman dezaketen lehen pausua izan daiteke. Izan ere, esperantoa hizkuntza propedeutikoa da, hots, esperantoa ikasita, gero errazago ikasten da beste edozein hizkuntza. Halaxe erakutsi dute egin diren ikerketek, Zeelanda berrian,[1] Ameriketako Estatu Batuetan,[2][3][4] Alemanian,[5] Italian[6] eta Australian.[7]

Zer egin dezaket esperantoarekin?[aldatu]

Bide asko daude esperantoa erabiltzeko. Imajina ezazu zeure burua, motxila lepoan duzula mundua ezagutzen. Pasporta Servo-rekin, tokian tokiko biztanleekin egon zintezke (1350 etxe baino gehiago, 89 herrialdetan), pertsona horiek beren etxean dohainik ostatatzen baitituzte esperanto hiztunak. Ostalariak mundu osoko jendea ezagutzeko aukera du, eta bidaiariek doako ostatua.

Esperantozaleak biltzen dituen Universala Kongreso izeneko biltzarrak 2000-3000 pertsona inguru biltzen ditu urtero eta batzar txikiagoak ere ospatzen dira, horietako batzuk gazteentzat [1], [2], [3]. Batzar horiek oso interesgarriak izaten dira munduko beste jende asko ezagutzeko aukera ematen dutelako bereziki. Horietan, esperantoaz ikasi eta sakontzeaz gainera, musika emanaldiak, dantzaldiak eta festak ere ospatzen dira giro ezin hobean.

Esperantoa zure etxetik eroso-eroso ere erabil zenezake, Interneti esker. Foroak, txat gelak, edota eztabaida zerrendak ere erabil zenitzake bertako ikuspuntuaz jabetzeko. Herrialde exotikoetan bizi direnen pentsamendu sakon eta egunerokoaz jabetu zintezke, euren blogak irakurriz. MP3 artxiboak jaistea esperientzia desberdina da esperantoarekin, esperantozko musika sortzen duten kulturen aniztasunagatik. Esperantozko wikipedia aberatsa ere baduzu. Zure interesak edonolakoak izanik ere, ziur zuretzako zerbait izango dela esperantoz.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Txostena: Enciklopedio de Esperanto entziklopediako artikulua (I. liburukia, 436. orrialdea), esperantoaren balio pedagogikoari buruzkoa.
  2. Txostena: Christian Rudmick, The Wellesley College Danish-Esperanto experiment.
  3. Txostena: Edward Thorndike, Language Learning. Bureau of Publications of Teachers College, 1933. Interlingua.org
  4. Helen S. Eaton, "The Educational Value of an Artificial Language." The Modern Language Journal, 12. zenbakia, 87-94. orrialdeak (1927). Blackwellpublishing.com
  5. "Laborkonferencoj: Interlingvistiko en Scienco kaj Klerigo" izenburuarekin Paderborn hirian urtero azaroan egiten diren bileretako protokoloak (lan biltzarra: Interlinguistics in Science and Education). Paderborn hiriko Pedagogia Zibernetikoko Erakundearengandik eskura daitezke.
  6. Ikerlana. (Esperanto izenarekin ezaguna den) Nazioarteko Hizkuntzaren Batzordea, Ministerio arteko Dekretua, 1993ko apirilaren 29koa / urriaren 5ekoa, Italiako Irakazkuntza Publikoko Ministerioa.
  7. Ikerlana. Monash Unibertsitateko EKPAROLI proiektuaren orri nagusia.