Edukira joan

Errezeta-liburua/Etxean eginiko espagetiak barazkiekin

Wikibookstik

Etxean eginiko espagetiak barazkiekin[1]

Osagaiak

[aldatu]

Lau pertsonarentzako osagaiak:

  • 400 g pasta fresko
  • Kuia txiki bat
  • 250 g txanpinoi
  • Ziazerba sorta bat
  • Bi baratxuri ale
  • Bi tomate heldu
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Piper hauts beltza
  • Parmegiano gazta

Pausoak

[aldatu]

Aurreko atalean, pasta freskoa etxean nola egin ikasi genuen. Orain, pasta hori oinarri hartuta plater goxo bat prestatuko dugu.

Lehenik, kuia txiki bat garbitu, eta puska txikietan moztu. Gauza bera egin txanpinoi eta baratxuriekin ere. Zartagin zabal batean oliba olio zorrotada bat jarri, eta beroa dagoenean, baratxuria bota; eta, segidan, kuia txiki eta txanpinoi pusketak. Su bizian hiru bat minutuz erregosi.

Bitarte horretan, tomateak zuritu eta haziak kendu. Ondoren, puska txikitan moztu, eta jarraian zartaginera gehitu. Ziazerba garbitu, eta zartaginera bota. Gatza bota, eta piper beltz hautsa ere bai. Guztia nahastu, eta sua moteldu. Hamar bat minutuz su motelean mantendu.

Espagetiak egosteko, lapiko handi bat urez bete, eta gatz dezente gehitu. Su bizian berotzen jarri, eta irakiten hastean, espagetiak gehitu. Jarraian, sardexka baten laguntzaz, espagetiei buelta pare bat eman, elkarrekin itsats ez daitezen. Bi minutu nahikoa izango dira pasta egosteko. Beraz, berehala atera, eta ura ongi kendu.

Espagetiak plateretan banatu, eta zartaginean prestatu dugun barazki nahaskia, koilara baten laguntzaz, espagetien gainean jarri. Bukatzeko, parmegiano gazta gainetik xehatu, eta oliba olio zorrotada batez busti.

Erreferentziak

[aldatu]