Etxeberri
Baserri honen lehen aipamena 1625ean azaltzen da. Badakigu baserri hau oso zaharra dela, oso aspaldikoa. Echeberria izenarekin azaltzen da, lehenengo aipamenean. Haren jabe moduan, Joxe de Aristeguieta y Bengoechea, eta ondoren Leonzio Aristeguieta y Bengoechea semea.
Ondoren, Markos eta Jose Joakin Aristeguieta Istiarte anaiak azaltzen dira. Haiek dira bertako nagusiak. Baserri inguruan bazuten zelai eta soro puska bat, eta herrian eta beste leku batzuetan ere bazituzten lursailak, beren izenean.
Kontatzen dutenaren arabera, gerra garaian familia bat etorri zen Azpeititik eta bertan egon ziren bizitzen errentan. Anjel Alberdi eta Ignazia Arruti ziren senar-emazteak eta zortzi seme-alaba izan zituzten: Juanito, Anjel, Patxi, Itziar, Kristina, Joakin, Jose eta Maritxu Alberdi Arruti. Anjel semea hargin lanetan aritzen zen Jose Mari Iraolarekin batera. Juanito, berriz, Jehovaren Lekukoen komunitateko kidea zen, eta gotzain izendatu zuten.
Seme-alaba guztiak batera eta bestera sakabanatu ziren, eta baserrira Balda anaiak hasi ziren etortzen, artzain lanean. Betelutik etortzen ziren, negua bertan pasatzera. 200 bat ardi zituzten, eta ardi-esnearekin mami asko egiten zuten. Balda anaiak hainbat urtez etorri ziren baserri honetara. Geroago, Bengoetxe baserrira joan ziren.
Gerora, Aristegieta anaiek saldu egin zieten baserria Marisol Vegerano Odriozola eta Migel Elustondori.
Marisolek Donostiako udaletxean lan egiten zuen, idazkari lanean aritzen zen. Bost hizkuntza hitz egiten zituen. Animalien Babeserako elkartearen lehendakaria zen, eta etxe inguruan katu pila bat izaten zituen. Migel, berriz, boxeoan ibili zen zenbait urtez, eta baita itsasontzien armadore ere. Urte askoan izan zuen bizitza itsasoan.
Marisol eta Migel hil zirenean, beren iloba batzuek jaso zuten baserria herentzian, eta haiek saldu egin zuten. Gaur egun, beste batzuk bizi dira bertan