Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora/Erromatarren etorrera
Testuingurua
[aldatu]Erromatarrak gure herrian
[aldatu]Erromatarrak Iberiar penintsulan k. a. III. mendean sartuak ziren dagoeneko gerra punikoak zirela-eta. Hurrengo hamarkadetan Hispaniako lurraldeak hartze hau areagotzen joan zen eta I.go menderako Ebro erdialdeko sakanera eta Baskoniara iritsi zen, modu bizian iritsi ere, Sertorio eta Ponpeioren arteko gerratea zela eta. “Ebro iparraldeko” herriei buruz antzinako geografoek, besteak beste, Estrabon, Pomponio Mela, Plinio eta Claudio Ptolomeok eta Tito Livio, Salustio eta Julio Zesar historialariak, eta Silio Itálico poetak esaten digunetik atera dadaiteke, Ebro ibarretik barrena edo Zeltiberia zeharkatuz, erromatar legioak Baskonia aldera hurbildu zirenean, herri bat aurkitu zutela lau tributan banaturik, Autrigoiak, Karistioak, Barduloak eta Baskoiak izenez ezagutuak; gure aroa baino lehenagoko azken milurtekoan zehar Penintsulan sartuz joan ziren indoeuropar hizkuntzako jendeak ekarritako eragina baldin bazuten ere, berauen sustraiak guztiz definigarriak zirela.
Bilakaera baten faseak
[aldatu]Euskal Herrian erromatarren sarrerako lehen fasea ekialdetik eta hegoaldetik gertatu zen, K. a. II. mendeko lehen bi hamarkadetan. Sempronio Graco, Ziteriorreko Gobernari (K.a. 180. urtean) izendatu zutelarik, lurraldea baketuz igo zen Betikatik Zeltikara, Baskoniako mugera iritsi eta Gracchurris (Alfaro) sortu zuen, beranduago –inperio garaian– Baskoiekin bat egingo zuen hiria.
Bigarren fasea, Euskal Herriaren uren banalerroaren hegoaldetik eman zen, Hispania Ziteriorrean Sertorio eta Ponpeioren arteko kanpaina militar batean, K. a. 76‑72ren artean, Kantauri aldeko iparralderantz erromatarren balioen lehen foku hedapena sortu zelarik. Arerioen gudarosteari eusteko muga kokatzeko, Ebro ibarreko bere erasoaldian, Sertoriok itunak sinatu zituen tribu batzuekin eta aurre egin zien beste batzuei; Baskoien lurraldea zeharkatu zuen eta Beroiak eta Autrigoiak eraso zituen. Ponpeiok berriz, 76‑75eko negua Pirinioak eta Ebro artean pasa zuen Sertorioren joan etorriak zaintzen; hurrengo urtean bere kuartela baskoien lurraldean kokatu eta Ponpaelo sortu zuen, lehendik existitzen zuen oppidum baten gainean; garrantzi estrategia zuen, Pirinioetako igarobidea ziurtatzen baitzuen.
Hirugarren fasea Akitanian gertatu zen, K. a. 56an, P. Craso, Zesarren ordezkoak hegoaldeko Galiarren eskualde hura menperatzeko zenbait kanpaina hasi zituenean, bertan Augustoren aldira arte erreboltarien gotorlekuei eutsi egin zitzaien, Baskonia Iparraldean, K. a. 27‑26 ean, Mesala Corbinoren esku-hartzea eraginez eta baita gerora Augusto beraren etorrera ere, K. a. 26‑24an, atzerapenik gabe Kantabriar gerrateak hasteko.
Hiru aldi hauek erromatarren sarrerako fasetzat hartu behar dira. Baina bistakoa da, gure aroaren lehen mendeetan Erromatarren Inperioaren historiako gorabeherek badutela eraginik Erromak harturiko lurraldeetan, eta aldaketak ematen dira beren aztarnategietan eta horren ondorioz baita zenbatekoan, izaeran eta gure arkeologiari eragingo dieten datuen kalitatean ere.
Eraikuntzak eta komunikabideak
[aldatu]Erromatarren garaiko aztarna arkeologikoek diotenez, Augustoren Inperioaz geroztik, flabiar dinastiaz geroztik batez ere, Erromak bereganaturiko lurren balio geoestrategiko eta ekonomikoaren ezaguera hartzen duela eta Hispania Iparraldean kokatu eta bertatik giza baliabideak zein material baliabideak ateratzea erabaki zuela. Horrela adierazten zaigu kostaldeko zenbait herrik, Galiarekin Erromak izango zituen salerosketako ainguratoki gisa, izan zuen eginkizunaren garrantzia: Flavióbriga (Castro Urdiales), Foruan Gernikako itsasadarra, eta Bidasoako estuarioa (Oiasso), Bizkaiko Somorrostro eta Gipuzkoako Arditurri, bertako meatzeei irteera emanez.
Historialarien idatziak irakurriz eta arkeologia aztarnak begiratuz ondorio honetara iristen gara berehala, alegia, erasotzaileen presio militar eta politikoei gogor egin gabe, Baskoniak erraz eman zuela amore, zati batean bederen, uren banalerroaren marraz azpialdeko hegoalde eta sortaldean, gainerako hispainiar[1] geografian oso garatua zegoen erromanizazio ibilbidearekin elkartuz. Sortaldetik K. a. II. mendearen ondoren, erromatarren baimenarekin –eta senatugintzako baskoien laguntzaren sari modura seguruenik– Baskoien mugitze bat gertatu zen Suessetarren lurraldeetan barrena Jazetaniaren hegoaldean, gaur egun Bortziriak deritzon eskualdea, eungo toponimiak adierazten digunez.
Okupaturiko lurraldea kanpokoarekin lotzeko eta tropen eta beste edozein ondasunen ibilbidea errazteko, komunikazio-bideak sortuz joan ziren, eta bereziki Asturica Augusta (Astorga) Burdigalarekin (Bordele) iparraldetik eta Tarracorekin (Tarragona) sortaldetik elkartuko zituen galtzadak eraiki ziren.[2]
Nafarroako hegoaldean, Pompaeloz gainera, beste hirigune hauek kokatu ziren: Veleira/Iruña, Gasteiztik gertu, Andelos (Andion), Kara (Santakara), Irunberri (Lumbier) eta Cascantum (Cascante); aipatu ere egin gabe, besteak beste, Olite (harresidun hiria) eta Santa Cris-eko (Eslaba) kokalekuak, zeinaren aztarnategitik kapitelak, harroinak eta zutabeen fusteak, eta beste monumentuzko zenbait aztarna atera diren; oraindik beren kokalekuak identifikatu ez diren idatzizko iturrietatik jasotako beste hiri eta oppidak gogoratu gabe.[3]
Eskuartean darabilgun gai honetarako garrantzi handia izan zuten beste etxondo eta hiribilduak ere izan ziren, hiriburu eta udalerriez gain, arkeologoen lanak argitara ateratzen dituenak, esaterako, Cabriana, Ledea, Faltzes eta abar.
Beranduagoan (III. eta IV. mendeetan) Iparraldean erromatar gudamutil taldea sortuko da Lapurdum‑en (Baiona).
Hiribilduen artean batzuk (Faltzes, Funes, Villafranca eta Arellano) nekazarien ustiategi handiak izan ziren, gainerako etxondo edo hiribildu txikiagoentzat erakarguneak.
Erromatarren eraikuntza guztiak salerosketa harremanak erraztu zizkieten galtzada ala bigarren mailako auzo-bideetatik elkartuz joan ziren.[4] “Batetik, lekurik txikienetakoak beren emaitzak trukatzera hiribildu handietara joaten ziren eta, hauek berriz, era berean, hirietara bilduko ziren komunikazio-bideetan zehar”.[5]
Gogora dezagun arkeologoen datuak lekuko ditugula, ez soilik Bizkaiko Forua, Aloria, Lekeitio eta abarretan, baita Araban ere, Iruña, Atxa, eta abarretan izan baitziren metalgintzako lantegiak, eta zenbait aztarnategietan burdin zatiak azaldu dira eraikuntzetarako nahiz eguneroko bizitzarako beharrezko ziren objektuak lantzen zituzten lekuetan.[6]
Erromanizazioa: eragile geografiakoak eta kultur eragileak
[aldatu]Historialariak, erromanizazioak ekimen transkulturatzailean, Baskonian, gainerako Penintsulan izan zuen bizitasuna ez izatearen eta euskal eskualde guztietan sakontasun bera ez iristearen auziak eztabaida-iturri dira.
Ekimen hau ez zen hasi K. a. I. mendearen bigarren erdira arte. Hegoaldeko eskualdean, hain zuzen ere, “ager Vasconum”-ak Leiretik, Irunberri, Iruñea eta Arakil pasa eta Arabako lautadan sartzen den marratik hegoaldera baizik ez zuen jardun. Penintsulako herrietatik, Erromak bere gudarosterako soldadu laguntzaileak atera zituen, eta euskal tribuetatik Barduloen delako cohorte fiel hura atera zen, militar agiriek eta hilarrietako idatziek diotenez[7].
Kronologia
[aldatu]Ager populazioaren kronologiari buruz, esan dezakegu, aztarnategian zeltiberiarren aztarna argiak eta errepublika aldiari dagozkionak gutxi batzuk baldin badira ere, gehientsuenak (hauetatik guztietatik erdiak baino gehiago) K.a. mendearen erdi aldetik K. o. II. mendearen azkenera arte hartzen duen kronologia dutela.
Inperiopeko aldia askoz adierazpide gutxiagokoa da; Nafarroan, bederen, ez da aldi horretako zortzi aztarnategi besterik. Populazioan jaitsiera nabarmen bat gertatua izango zen K. o. IV. eta V. mende bitartean, inperioko dinastiaren ezegonkortasun-arazoengatik eta frankoek nahiz alemanek buruturiko razziak zirela-eta hain eztabaidatua zen krisiak Inperio (235‑268) osoari eragin ziolako. Gerora, bagauda izeneko gertakaria izan zen ezegonkortasun-giroa eragin zuena.
Historialariak normalean ados daude, Baskoniako bi eskualdeen arteko desberdintasun geografiko eta ekonomikoa erabakitzailea izateaz gainera, banaketa espiritualaren puntu bat ere izan zela, Erromako kultura baskoien lurralde osoan era berdinean ez sartzearen arrazoia hau izango zelarik. Agian, desberdintze honetan eragina izango zuten giro geografiaren ezaugarrietan, hainbat gertaera pilatzeak: orografia malkartsua, klima oso gogorra eta abar. Baskonia iparraldean erromatarren zabalkunderako benetako eragozpen izan ziren.[8]
Dena den ezin esan daiteke saltus vasconumeko lurrek erromatarrentzat garrantzirik izan ez zutenik, alde hauetara, Arditurri eta Somorrostroko mehatzeen bila etorri baitziren eta esan dugun moduan, mineralen eraldatzeko eta gazigintzako lantegiak ere izan baitziren –Getari eta Lapurdi– Kantauriko zerrenda guztian. Ezin ahaztuko ditugu kostaldeko kastroak, Ebro eta Dueroko kulturarekin elkartuko zuen salerosketa-sarea, Tarraco‑Oiasso eta Pisoraca‑Flaviobriga bideek trazaturiko ibilbideak zituztenak, nahiz eta badirudien erromatarren aurreko bizimodu tradizionaletan ez zutela aldaketa handiegirik eragin delako lotura horiek.
Erantsi dezagun, itsaspeko arkeologia berrienak eta Gipuzkoako portuetako azken aurkikuntzek azaltzen dutenaren arabera K. o. I.go mendetik aurrera euskal kostaldeko erromanizazioan via marisek izan zuen garrantzia. Via maris honek lehen mailako garrantzia izango zuen, kultur eta giza baliabideei sarbidea emateko Erromak gure lurraldearekin izandako lehenengo harreman-une haietan. Kabotajeko nabigazioa erabiliko zuten material-osagaiak garraiatzeko, hala nola, mehatze eta harrobietako materialak, nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizpenak eta itsasoko baliabideak. Halaber, kultur korronteen iragaiteko. Gogora ditzagun kostaldeko kokaleku nagusiek zuten posizio estrategikoa, hasi Asunetik eta Bidasoa bitartean: Santoña, Flaviobriga, Bermeo, Portuondo, Forua, Lekeitio, Getaria, Zarautz, Donostia, Oiasso.[9]
Bi herri, bi kultura
[aldatu]Dena den, Lacarra historialariari ere ez zaio arrazoirik falta inperioko garaia bitartean Erromatarrez okupaturiko Baskonian bi herri eta bi kultura elkarrekin bizi zirela dioenean: bata, arrotza, kanpokoa, erromatarren zibilizazioaren fintasuna berekin zeramakiena; bestea, berriz, berrikuntza hauekiko iragangaitza, hizkuntzaren eta egitura ekonomikoaren hesiez bereizia dena.[10]
Beste ingurigiro bat Euskal Herrian
[aldatu]Erromatarren hiriak eta beren hirigintza
[aldatu]Erromatarren garaiko Euskal Herriko artearen historian ezer ezin esan dezakegu euskaldun dei diezaiokegun arkitektura eta hirigintza bati buruz, zeren eta erromatarren jatorrizko arkitekturaren lekuko dira gelditu zaizkigun hirigune aurriak, horien azpian bertakoen geruza ia erabat ezkutaturik egongo delakoan.
Historia horrek dakiena laburtzetik hasi beharko luke, hau da, erasotzaileek eraiki zituzten hiriez eta beren antolakuntzez. Delako poleis horiek zenbat ziren jakitea bada zerbait. Berrien arabera, Plinio eta C.Ptolomeok emaniko zenbakien artean bada desberdintasunik, Karistioen lurraldean hiru hiri baziren, Barduloen artean zortzi bizi ziren, eta Baskoien artean, hamasei. Beroien lurraldean kokaturikoak sartuz gero 36ra iritsiko lirateke. Horrez gainera, ezer gutxi dakigu delako hirigune horien hirigintzari buruz, gainerako erromatarren ereduen aurrean kontrajarrita bereizgarri izan zitezkeenei buruz.
Kasik civitates horiek guztiak, nahiz gehien axola zaizkigun villae‑ak, gaur egun Nafarroa den lurraldean daude eta zehatzago esanda ager vascorum aldean. Bistakoak diren arrazoiengatik, alderdi hau erromanizatu zen lehenik, eguraldia eta zituen baldintza geomorfologikoengatik, gizonaren kokamenerako eta erromatarren laborantzarako nahiz bide sare garrantzizko bat eraikitzeko egokiena bera baitzen.
Horregatik, eskualde horretan, hirigune-aztarnategi ugari izanik ere, hirigintzako kokapenari buruzko jakingarri askorik ez da azaldu, zeren eta egungo herrietan, hedaduraz bederen, ezin baitira agin miaketa arkeologiak.
Hainbat garaitan eta hainbat arrazoirengatik harresiz inguraturiko herriak dira gehienetan eta ez beti babes-helburuagatik, baita elkartearen izen onagatik ere. Indusketa kontu hauek bukatzeko, esan dezagun Nafarroako lurraldeetan Pompaelo, Karaeta Andelos eta Gipuzkoan Irungo hiriak 12 eta 18 hektarea bitarteko hedadura izan zezaketela eta kasu bakoitzean lurraldearen topografiari egokituriko egitasmo ortogonal bati erantzuten ziola.
Hirien planoak azaleratu dituzte indusketa arkeologiakoek:
- Pompaelon K.o. I.go mendeko Macellum edo azoka herrikoia azpimarratu behar da, enparantza irudikatu behar den tokia, kardo eta decumanus maximus artean zegoen bidegurutzean kokaturikoa.[11]
- Caran indusketak lagundu du decumanus maximusa aurkitzen, lauzadura onez eta errekak zeharkatzeko ohiko harpausoak dituena.
- Andelosen, decumanus maximusez gain –haren inguruan kokatu izan zen hiria–, Inperioko hiri erromatarren antolaketa orokorrari erantzuten dien egitura eta antolamendua duten hainbat kale ezagutu dira. Galtzada nagusi honen luzerak hiriaren bi sarrerak edo irteerak erakusten ditu.
Arkeologiak, probintzietako hiri hauetan eskuraturiko arrastorik nabarmenenak, Erroman bertan bezalaxe, herrigintzako lanei dagozkienak direla ere erakusten du: azoka, bainuetxe, uren hornikuntza eta beste eraikuntza.
- Horrela bada, ikusgarria da Andelosen aurkituriko multzoa: presa, ur-depositua, ubidea, castellum aquaea, ninfeoak eta bainuetxe herrikoiak.
- Irunen, Santiago kalearen azpiko aurkikuntza berriek, luzeran 600 m eta zabaleran 300‑400 m dituen kokaleku batean, 15‑20 bat hektareatako zabalera bat estaliz, portua eta beste eraikuntzak nabarmendu dituzte.
Iruña
[aldatu]Iruña da Arabako erromatar kokalekurik garrantzizkoena. Gasteiztik hamaika kilometrotara dago, Zadorra ibaiaren adar batez inguratua. Claudio Ptolomeok bere Geogrephica‑n aipatzen duen antzinako Veleia da.
Hainbat mendetan okupaturiko leku honetan arkeologiak, erromatarren aurreko bere historiaren hainbat aldiri dagozkien zenbait okupazio maila aurkitu ditu.
Brontze Aroko eta Burdin Aroko beste bi maila sakonagokoen gaineko hirugarren aztarnategi bategatik gertatzen da gaur egun gure Herrian ezaguna, gure arkeologoen artean erromatarren oppidumaren ezaugarriak dituen adibide garbia.
Kilometro eta erdi duen bere ingurune ikusgarri baten barruan, ostilamenduzko eta apaingarri pertsonaleko objektu ugari atera da lurpetik, gaur egun Arabako Arkeologia Museoan ikusgai direnak eta Inperio batean gotortu zuten lehen civitas izan zitekeen honek, halako harresitzarra izanagatik, biztanleria militarra baino gehiago biztanleria herritar arrunta izan zuelako ustea da nagusi. Gauza jakina da, K. o. III. mendean aldakortasun sozial eta ekonomikoagatik hirigune guztiak gotortzeko garapen-politika eman zela Inperio osoan.
Veleiako harresia K. o. III. mende bukaeran edo IV.aren hasieran, ongi uztarturiko harlandu handi eta berrerabilitako materialez eraikia izan behar zuen, gutxi gorabehera luzeran 450 m-ra eta altueran 8 m-ra erraz irits litekeena.
Arkeologiako datuek ez dute behar besteko oinarria ematen hiriaren plano zehatzari buruzko informazioa edukitzeko, nahiz eta baiezta daitekeen funtsean kokamen ortogonala zuela. Hiriaren birpopulatzeak IV. eta V. mendeetan ingurunearen murriztea eta aurreko eraikinen eraistea ekarri zuen, eta handik ateratako materiala harresiaren zati batzuk osatzeko erabili ziren.[12]
Iruñako oppidumak harresiaz gainera, arkitektura multzoak badu Astorgatik Bordelerako galtzadan kokaturiko hirigune nagusi horren garapen artistikoaren berri ematen duen eraikuntza eta edergarritako zenbait osagai:
- kono ebaki baten formazko kapitel txiki bat arrabaz apaindua;
- zenbait etxebizitza janzteko erabiltzen ziren zolen errematerako marmol moldurak;
- apaindutako ala margoturiko adreilu puskak, eta abar.
Inperioko probintzietako arte erromatarraren historialariek lan esparru zabala dute, bai hirietako kokalekuetakoa, bai ager vascorumen aurkituz joan diren nekazal herri ugarietakoa. Baina, bertako biztanleriaren espiritu sortzailea miatu nahi lukeen ikertzaile batek lanerako zein oinarri eskain dezake, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko arkeologia ikusmirak eskaintzen duen nahasmena kontutan harturik, lehendik bertakoen, indoeuroparren eta zeltiberiarren kultur pilaketak direla-eta?
Mosaikoak
[aldatu]Hirietako mosaikoak
[aldatu]Euskal lurrean erromatarren eraikuntzako eta etxebizitzetako lehen gaia harria zen, hareharria edo kareharria. Egurrak, sabaietako armazoia egiteko balio zuen. Zoruak mosaikoz estaltzen zituzten –hauetako asko aurkitu zituzten, eta aurkitu gabe askoz gehiago geratu dira– eta hormak marmolez janzten zituzten edo sarriagotan baita iztuku margotuez ere, Andelos, Kara, Pompaelo eta beste hiri askotan jakin ahal izan den bezala.
Cascante
[aldatu]Cascanten –zelten hirian, gerora baskonizatua izan zenean– aurkituriko aztarnek, gaur egun Nafarroako Museoan daudenak, herrian erromatarrak egon zireneko lekukorik zaharrenak dira, K. a. 70‑50. urtekoak, beharbada. Horma paraleloen bidez mugaturiko hiru gela dira, harlandu handiez eraikitako horma baten elkarzutak; menditxoaren pean kokaturik zeuden etxe hauek, aldapari eusteko balio zuen horma zen hau.
Zoru Hexagonalak
[aldatu]Geletan zola mosaikodun bat aurkitu da opus signinumekoa txuri beltzeko marrazkiduna, apaingarri soilak: geletako batean 10‑12 mm-ko teselek hexagono ebakitzaileak diseinatuz, eta erronbo erregular marrak sortzen dituzte; bestean berriz, erroseta eskematiko baten itxura duen marrazki ttipi bat osatzen dute.[13]
Kara
[aldatu]Kara hiria, egungo Santakara, garrantzizkoaren zenbait arkitekturazko aztarna ezagutzen zen 1969.az geroztik. Ondorengo miaketa batean (1974‑1975) I.go Burdin Aroa eta K. o. I.go mende arteko kronologia segida bat agertu zen. 1994. ean berriz, ibilbideren baten osagaiak izaniko harlandu ugari. Decumanus zolatu baten zati bat ere azaldu da, harri losa handiz zorua emana eta beronen ondoan solairu angeluzuzen ala karratuko etxe hondarrak.
Orokorrean gutxi dira artelanezkoak bezala jo daitezkeen eraikin osagaiak: oinarriren bat, Augustoren garaiko lantegi italikoetatik ateratakoen antza duen zenbait kapitel korintio, lanketa ederrekoak. Zoritxarrez, gelak zoruan zituzten teselak ez dira kontserbatu.
Pompaelo
[aldatu]Pompaelon, bere izena eman zion jeneral erromatarrak ezarritako gotorlekuan XIX. mendeaz geroztik eginiko indusketetan, erromatarrak iritsi baino lehenago bertakoen oppiduma zenaren arrastoak azaldu dira. Indusketak, Artzapezpikutegi inguruan eta beste toki estrategikoetan burutu ziren; hain zuzen ere, azken urte hauetan zaharberritze lanak direla-eta katedralean bertan gauzatu direnetan. Estratigrafiako segida I.go Burdin Aro eta K. o. V. mende artean kokatzen da.
Harresiko mosaikoa
[aldatu]Lehen erromatar aldi hartatik, K. a. I. mendetik, ez da ia artistikotzat jo daitekeen aztarnarik geratu. Nafarroako Museora pasa dira harresiko mosaiko sonatua osatzen duten bi zatiak; tesela zuri beltzekoak, zati batean bi dorre eta bestean dorre bat eta ate bat dituen bloke handiz osaturiko harresi almenaduna adierazten dute. Ohiko gai hau, Hispania barruan nahiz kanpoan, dokumentazio asko duen gaia da; eta hiriaren enblema edo sinbolotzat hartua izan behar du.
Hipokanpoaren mosaikoa
[aldatu]Iruñeko zoruko bigarren mosaiko bat figuratiboa da; hipokanpo baten irudiarekin (mitologiako animalia) dago apaindua, gai hau ere oso landua dago bai erromatarren Espainian eta handik kanpo ere. Geometria eta lorez eginiko mosaiko zati ugari dago.[14]
Teseo eta minotauroaren mosaikoa
[aldatu]Baina, antzinako Pompaelotik Nafarroako Museoak gordetzen duen bikainena Teseo eta minotauroa deritzon mosaikoa da. Seguruenik, K. o. II. mendeko zati txiki bat da, (1,05 x 1,60 m ) tesela beltz eta zuriak, beste margo okre, gris eta gorriz nahasian dituena.
Mitologiako gaia adierazten du, eta Plinio naturalistaren iritziz mosaikoen egileentzat gertakaririk gustukoena zen: Minotauroa eta greziar heroiaren arteko borroka. Dirudienez inperioko arteak nahiago zituen mitologiako heroien eszenak, jainko-jainkosenak baino. Irudiei dinamismo izugarri bat ematen jakin du artistak, gorpuzkeraren leialtasuna gordeaz, bi borrokalarien zangoak ahal den gehiena zabalaraziz. Greziar heroiak Minotauroari bere adar batetik heltzen dio eta eskuineko besoa jasota dauka, Perifetes erraldoiari kendu zion mazoa –gaur egun galdua du– eskuan zuela. Kretako labirintoa ere agertzen deneko zoru baten erdiko zatia da; eszena hau inguratzen duten zirkuluen zati txiki bat ikusten da, zeren eta eskuineko aldean tesela beltzen ilera bikoitzaren bigarren zirkulua eten egiten da eta angelu zuzena eginez eskuinetara jotzen du.
Andelos
[aldatu]Nafarroako Andion herria, antzina Andelos izanikoa, Mendigorriatik gertu eta Argaren eskuinaldean dagoena, 1941z geroztik behin eta berriz miatu da. Blas Taracenak opus signinum zoruak eta K. a. I.go mende eta K.o. IV. mende arteko beste hainbat material ezagutu zituen. Ondorengo behin eta berrizko indusketek lekuaren estratigrafiazko garapena ezagutzen lagundu dute, I.go Burdin Arotik hasi eta K. o. II. menderaino hedatzen den ur-bilketa eta gordetzearekin zerikusia duen azpiegitura garrantzizkoa erakutsiz.
Bakoren garipenaren mosaikoa. 1986.ean mosaiko bat aurkitu zen –gaur egun Nafarroako Museoan dago–, margo neutroz eginiko teselaz marraztua, gaur egun gurpila bat besterik ikusten ez zaion gurdi baten gainean Indiatik garaile itzultzen den mitologiako Bakoren garaipena adieraziz.
Bako txuri beltzeko landare-irudiz eta irudi geometrikoz inguratua dago, baina, bere irudiaren esku ezkerra besterik ez da ageri, hau oso finki landua, erdiko behatzean eta erakuslean eraztunak eta cantharus bat uhaletik duela, bere ahalmen jainkotiarra adieraziz. Lagun duen beste irudi bati ez zaio burua besterik geratzen; gorputz biluziaren zati bat sumatzen da klamide muturra airean mugituz.
Mitologiako kontaketaren arabera, gurdia bi panterek eramaten dute. Bati ia gorputz osoa ikusten zaio zeharka eta burua aurretik.
Piztien aurrean, Pan, artzain bizimodu eta dionisiakoa duen greziar jainkoa altxatzen da. Ahuntz-hankak eta gorputzaren azpialdea larruz estalia eta bizkarra biluzik ageri zaio. Bere kopetatik bi adar luze eta zorrotz irteten dira eta eskuineko eskuz zigor indartsu bat astintzen du panterak zirikatuz. Bigarren mailan Bakante baten irudi zati bat ikus daiteke eta eskuineko goiko zatian musivarius‑aren izenpea denaren hizki batzuk. Eszena osoa, kordoiez eta huntz hostoak daramatzan erroleozko mendel batez inguratua dago. Angeluak kraterraz okupatuak daude.
M Anjeles Mezquirizen ustez, tradizioko helinistikoko mosaiko bat dugu hau, zalantzarik gabe, gustu erromatarrean burutua dagoen arren. Sala triklinar bat zen zoladura, ohatzeak jartzeko, U egiturako zuri-beltzezko gune batean. Mosaikoaren azpiko geruzan aurkituriko arkeologia aztarnek, K. o. I.go mendean burutu zeneko data jartzeko agiriak eman dizkigu”.[15]
Erromatarren hiribilduetako mosaikoak
[aldatu]Hiriguneen aztarnetatik populazio nekazaria deritzonera joanez gero, arte historialaria harritzen duen lehenengo gauza da hainbeste eta hain desberdinak diren kokaleku erromatarren aurkikuntza. Gaur egungo Nafarroan soilik 250 kokaleku nabarmendu dira eta ugaritasun honek eraman ditu arkeologoak tipologia bat finkatzera.[16] Guk, gure aldetik, erakusketa hau laburtu egingo dugu hiribilduetan aurkiturikoetan baino ez baikara oinarrituko.
Kabriana
[aldatu]Arabako lurraldean izan ziren erromatar herri hauetan ezagunena, zalantzarik gabe, Kabrianakoa da, gaur egun Komunion deritzonaren inguruan. Miranda de Ebro iparraldean, 3 km‑tara, dago kokatua aztarnategia. Litekeena da, Asturika‑Burdigala ibilbideko bizitegia, iturri latinoek adierazten duten Deobriga han izatea. Aurriak, XVIII. mendean azaldu baziren ere, indusketak XIX. mendean gauzatu ziren eta nahikoa terra sigillata eta zeramika arrunt eta beirazko ontziren bat ere aurkitu zen. Duela gutxi, 1970‑1972 artean, berriro hasi ziren indusketak eta bere emaitzak, K. o. I.go eta II.go mendeetan hiribildua bizirik izan zeneko arrastoak ekarri zituen, gerora sute batek errea izan zela eta III eta IV. mendeetan berriro eskuratuak.
Mosaikoetako marrazkiak
[aldatu]Bere zoladurak mosaiko ederrez apainduak egonak ziren eta Lorentzo del Prestamero akademikoak XVIII. mendean ikusi eta deskribatuak izan ziren, eta marraztu, data jarri eta sinatu, berriz, Aranberriko Balentinek egin zuen 1794. urtean. Marrazki hauek, Madrileko Historia Akademian daude jasorik gaur egun. Oraintsu, J. C. Elorzak burutu zituen indusketa kanpinetan zoladura horietako bi puska aurkitu ziren, bietako bat oso zahartua. Baina, delako mosaiko horien ezagupenik handiena Historiako Akademian jasorik diren marrazkiei esker dugu. Berauetan azaltzen denez zortzi mosaiko bederen opus tessellatum‑ezkoak ziren, txuri beltzezkoak, gehienetan motibo geometrikoak eta landareki eskematizatuez agertzen direnak, hala nola, piñaburu, greka, Diana ehiztariaren irudi bat eta lau urtaroen adierazpenak.[17]
Mosaikoen oso deskribapen zehatza, beren aurkitzaile Prestamerok egin eta 1802.ean Historia eta Geografia Hiztegiak argitaratu zuena transkribatzeak merezi du: “Mosaikoen artean, gorputz erdirainoko lau emakumeek urtaro bakoitzari dagokion ezaugarriez, adierazten dituzten lau urtaroak, eta bi grifo dituena nabarmentzen da, dena gustu hobereneko grekaz apainduriko sei karratuetan banatuak daude eta zoladura guztian grazi ederrean gurutzatuak. Harritxoz eginiko mosaiko honen osagaiak marmol beltz, berde eta zuriak eta buztin egosizko beste gorri eta horiak ziren. Beste zoladurak, ertzetatik doazen grekaz gainera, erdi erdian Diana ehiztariaren irudiarekin karratu handi bat zuen, arkua ezkerreko eskuan eta eskuineko sorbaldaren gainean geziz beteriko karkaj‑atik gezi bat eskuineko eskuaz hartuaz.
Jainkosaren soineko zati bat, atze aldean geratua, kristaltxo urdin eta berdezkoa zen; oinetakoak berriz, aurrealdean zintzilik zuen korapilo seguruz, berna gainean lotzen zen sandalia antzeko bota ala galtzerdia zirudien. Jainkosaren atzetik oreina, galgan edo uhaletik arrastan lurretik zuela...”.[18] Cea Bermudez mosaiko hauetaz eta Prestameroren txostenaz mintzo da eta berriro ere bere Sumario de las antigüedades romanas que hay en España... (1832) delakoan deskribatzen du.
Nafarroako mosaikoak
[aldatu]Erromatarren mosaikorik gehienak eta hobekien zainduenak Nafarroan aurki ditzakegu. Hauetako batzuk, gerora eginiko eraikuntzez tapaturik daudenak, gehienetan errepublikar garaikoak dira. Miaketek gaur egun ez digute soilik eraikuntzen forma eta antolaketa ezagutarazten, baita beren langintza eta egunerokotasunari buruzko hainbat xehetasun ere: ardoa noiz eta nola egin eta aleak noiz eta nola biltzen zituzten, besteak beste.
Ledea
[aldatu]Ledea hiribilduko lehen aldiko mosaikoak Goi‑Inperio aldiari dagozkionak dira. Irunberriko arroilaren aurrez aurre kokaturiko benetako pentzea den hiribildu aberats eta garrantzizko honetatik, zeramika klasiko, metalezko eta beirazko ostilamendu ugari atera da lurpetik. Peristiloko zoladurak eta gela dotoreak, Lacioren hirietan sarritan ematen ziren edergarri gaiak erakusten zituzten mosaiko eder eta erromatarren jatorrikoez estaltzen ziren. Aldi askotakoak daude, II. mendetik IV. erakoak. Gai geometriko ak, askotariko margo ugariak gailentzen dira: hedeak, erronboak, izarrak, hexagonoak, zirkulu ebakitzaileak, esbastikak, xake-itxurakoak..., eta Blas Taracenaren[19] lehen txostenen ondoren, xehetasun osoz deskribatu ditu egiturei eta teknikei buruz M A. Mezquirizek.[20]
Irudien konposaketak ez dira falta, nahiz eta oso zahartuak izan, Bakoren garaipenaren moduko mitologiako jazoera den honetan, Andionen aurkiturikoan ez bezala, ikusten dena baino gehiago asmatu behar da. Bakoren mitoa ezagutzen duenak, panterek tiraka daramaten gurdiaren irudikapena egin dezake, hauetako baten atzealdeko zati bat besterik ez baita ikusten. Eszenaren erdiko zatia galdua dago eta aurrealdean zaldi, satiro eta bakante baten hanka muturrak ezagutzea lor daiteke. Eszena, goiko eta beheko aldetan saskigintzako bi zerrendez mugatua dago, irudi geometrikodunak eta hauek guztiak kordoi batez inguratuak. Erdiko eszenaren eta zerrenda zabalenaren margoak, gorria, horia eta beltza dira.
Ramalete
[aldatu]Tuterako Ramalete hiribildutik datoz gaur egun Nafarroako Museoan jasorik dauden hainbat mosaiko. Berebiziko etxalde honetako jaunak zoladurazko zenbait gela eta IV. mendekoa izan daitekeen hipokaustoz beroturiko ur-berotegi bat zeukan. Zoladurako mosaiko horietan lore uztaiak eta antzeko gaiak ugari dira, baita izurde baten irudi estilizatua ere.
Dulcitiusen mosaikoa
[aldatu]Etxalde garrantzizko honen zoladura estaltzen duten mosaikoen artean 8. zenbakiko gelak berebiziko arreta merezi du, baskoien lurraldean gaur egun arte aurkitu direnetan handienetakoa delako. Oktogonala da, gelaren egiturari egokiturikoa zalantzarik gabe. Ardatza 7,35 mm‑koa da eta 8 x 10 mm‑ko tesela txuri beltzez eta baita 8 mm‑ko beste margo ugarikoez ere (grisa, gorria, okrea, berde eta horia) dago eraikia. Honi, IV. mendea baino harantzago ez doan antzinatasuna ematen zaio.
Angelu bakoitzean ikusten diren landareetatik jaiotzen diren erroleo landarekiek ixten dute konposaketa. Ingurune horren barruan gurutzatzen diren hosto berde eta gorrizko lore uztai batez osaturiko biribil handi bat dago, erdian dominatzar bat beste zortzi txikiagoak inguruan dituela. Erdiko dominatzarrak ehiztari zaldun bat –etxaldeko nagusia ziur asko– adierazten du, orein eme bati gezi bat sartu dion unean besoa garaile jasoz. Zaldun buruaren bi aldetan banaturiko idatzi batek gorde digu bere izena: DULCITIUS.
Ehiza-kinkan dominusa adierazpen modu hau etxaldeko nagusiaren aginpide eta handitasunaren berri emateko izaten zen, batasun itxi bat izateko joera zuena, bai ekonomian, gizartean, legedietan, erlijioan eta bestetan.[21] Estilistikari dagokionez, Ekialde hurbileko eragina izan zezaketela esan izan da. Dena dela, paisaia, klasiko eta ilusionista izaeratik aparte dago, zuhaitz eta landare eskema soilak ditu eta artistaren maisutasuna eta arrakasta gauzatu da, eszenaren bizitasun izugarria profilez eta siluetaz adierazten jakitean.
Kantharosen mosaikoa
[aldatu]Etxalde beraren, (5 znb.) beste bizitoki bateko zoladura, 8 mm‑ko teseladun mosaiko ederrez estalia dago eta enbleman 5 eta 6 mm‑ko oso margo ugariz: zuria, beltza, grisa, okrea, horia, laranja, gorria, arrosa, berdea eta urdin kolorezkoaz. Gelan, landarez hornituriko soto mosaikodun batean zehar sartzen zen.
Gela estaltzen duen mosaikoak, bi metro baino gehiagotako alderdia duen karratu bat osatzen du. Oinarri lauki baten aginean, karratu, triangelu eta paralelogramozko geometriko konposaketa duen zerrenda batek inguratzen du. Txandaka esbastika egitura hartzen duen lokarrizko motibo batek osatzen du alorra. Kontu handiz eta apainketa aberatsago batez landu den mosaikoaren zatia da enblema eta, era berean, bi alderdiz osatua dago: kanpoaldekoa adar-ugaritasun eta hostotza gurutzatuez osaturiko zerrenda zabal bat da txori eta mahatsondoaren hostoak tartekaturik dituena; barrualdekoa berriz, koroa modura lore‑uztaiaz inguraturiko karratu bat da. Tarteak osatzeko fruituz betetako saskiak ikus daitezke eta lore‑uztaiaren barrualdean kantharos handi bat bi heldulekuetatik putti egodunak dituela; haien ertzean bi uso makurtzen diren. Badirudi adierazpen honi zorte onaren zentzua eman behar zaiola.[22]
Arronitz/Arellano
[aldatu]Nafarroako arte historialariari ez zaio kexatzea baino geratzen Arronitzen‑Arellanon aurkitu zen mosaikoa ez delako Nafarroan geratu. Haren berriren bat izan zuten, 1882. urtean jada, eta gerora Fidel Fita eta José Ramón Mélidak ikertua izan zen. Taracena eta Vazquéz de Pardak (1945) buruturiko laginek etxalde garrantzizko bat zenaren ziurtasuna ekarri zuten. Nekazari etxaldean berezkoak diren, ardoa egiteko tokia, pilaketarako biltegiak, zanpaketako gelak, cortinale eta fumariuma, biltegi karratu handi bat, ukuilua eta morroientzako bizitokia aurkitu dira berriki. Haitzetako pintura zati batzuez eta mosaiko sonatuaz aparte, etxeko santutegi txiki bat ere aurkitu da –bi aldare tauroboliko eta erritoetako azpil bat–, oso zainduak gorde diren leihoetako burdin sareak, dominus[23] baten presentzia adierazi nahi duela badiruditenak. Kanporaturiko guztiarengatik, K. o. I.go mendetik V. mendera bitarteko segida kronologikoa baieztatzen da.
Bederatzi musen mosaikoa
[aldatu]Gure ikuspuntutik bederen, zalantzarik gabe, oktogonala den gela baten zoladura da deigarriena, ardatzez 4,90 m‑koa dena. Oktogono honetan diseinaturiko bederatzi zatikietan dauden irudiak interpretatzen jakin zuen Augusto Fernandéz Avilések.
Bederatzi musen mosaikoaz ari gara, zenbait gorabehera zirela medio, Madrileko Arkeologia Museoan gelditu ziren kokatuta. Ia guztiz desagertua da 1,66 m‑ko erdiko dominatzarra, zaldi baten atzealdeko laurden bat besterik ez delarik gorde. Oktogonoaren konposaketa guztia kanpoko ertzean lotua dago, zinta gurutzatuez apainduriko eta neurriz 0,20 m dituen zerrenda batez. Honen eta dominatzarraren tartean trapezoide formako bederatzi zati daude, bakoitzean, gizonezko maisu bat lagun duela, musa bat azaltzen da eta gainean etxalde baten eskema. Zati bakoitzean adierazitako etxalde hauek ematen diguten egitura ugariengatik eta figuren jantzien xehetasunengatik, mosaiko hau esanahi berezikoa da eta historialarientzat aparteko garrantzia du.[24]
Beste hiribildu batzuk
[aldatu]Mosaikoen sail hau ezin bukatuko dugu Villafrancako Alesbesen azaldutakoen aipamen bat bederen egin gabe, non tesela beltz, zuri, okre eta gorriez diseinaturik agertzen diren geometria- eta landare-gaiak.
Zoritxarrez, beste nekazari-etxaldeetan zegoen arkitekturazko apainketa eta arte balioa zuen ia guztia galdu egin da ager vasconum‑en: San Esteban eta Los Villares de Falceskoetan, Funesko aztarnategian, Xabierko Gaztelukoan, Sadako Villa del Cerrao‑koan, Unxeko San Martingo Santa Kurutzen, Gillipienzon, Mues‑en, Irunberrin eta abar.
Hala ere, Arronitzeko eta Ledeako El Ramalete baskoien hiribilduek, Hispaniako gainerako beste hiribilduetakoen aldean ez dute meriturik falta, ez kanpoko Behe Inperioko hiribildu gehienetako mosaiko eta hirigintzagatik, ez beren jabeek maila on bat iritsi izanaren lekukoa izateagatik”.[25]
Formen eta estilistikaren aldizkakotasuna
[aldatu]Erromatarren garaiko mosaikoetatik ikusten jardun duguna laburtuz, egitura eta estiloaren ikusmoldearen arabera, hiru garai aipa daitezke.
- Mosaikorik zaharrenak, errepublikar garaitik Seberoak arterainokoak, sarritan opus signinum‑ekoak dira Pompaelo, Kara eta Andelosen aurkiturikoak, esate baterako, egitura aldetik soiltasun handia azaltzen dute eta tesela zuri-beltzez eginak dira.
- Beranduago tetrarkiaren agintepean, jauntxoak beren lursailetara joaten ziren bizitzera eta, Nafarroan, beste hainbat tokitan bezala, etxaldeak margo ugaritasun aberatsezko mosaikoez edertzen zituzten, esaterako, Tuterako Ramaleten eta Liebanan ikusten ditugun moduan.
- Azkenik, Behe Inperioan, III. mendeko krisia gainditurik, mosaikoek irudizko eszena ugari eskaintzen dute: ehizak, mitologiako gertakariak, eta abar, hauetan ekialdekoen eragina ikusten da eta agian zuzenagoa da afrikarrena.[26]
Arkeologia gaur egun
[aldatu]Arkeologiak Baskonian eta egungo Nafarroan batez ere, zeruertz zabal baten ikusmira dauka. Benetan izan zenarekin alderatuta, arkitekturan eta hirigintzan batez ere, oso gutxi da aurkitu dena. Gabezia horren kontrastean, handia da hiri eta etxaldeetako aztarnategietan lurpetik ateratzen joan den etxeko gauzen ostilamenduen ugaritasuna eta kalitatea.
Horma‑marrazkien aztarnak
[aldatu]Gaur egun erraza zaigu ulertzea erromatarren garaiko apaingarritako marrazkigintzaren lagin batzuk, bai Baskonian nahiz beste Penintsula eta Inperioko beste hainbat lekutan, mosaikoetan erabilitako teknikari esker, gaur egun arte iraun duela ulertzea alegia, eta baita labarretako marrazkigintzari buruz ezin aritua ere, aztarnak gutxi direlako.
Arabako lurraldean hormetako marrazkigintza Iruña/Veleia eta Cabriana eta Arkaya herrietako bezala finkatu izanak ziurtatzen digu, marrazki hauek gela batzuetako sabaiak, hormak eta zokaloak apaintzen zituztela, gutxienez. Tenplea zen teknikarik erabiliena. Sabaiak, ertzetan lerrokada zuzenak marraztuak zituzten kasetoi karratuez apaintzen ziren, zerrenda modura zirkulu zentrokideak ziren erdiko lore handia inguratuz gordean zutela. Angelu guneetan hosto hiru-gingildunak margotzen ziren, lirioak eta zenbait irudi geometriko; margotuak izaten ziren eta gorria eta beltza zen nabariena. Zokaloetan ere erabiltzen ziren margoa horiek. Hormetako inongo apainketetan ez da giza irudirik edo jada ezagunak ditugun mosaikoetako edo antzeko eszenarik agertzen.[27]
Eskultura ondarrak
[aldatu]Eskulturak
[aldatu]Erromatarren garaiko hargintzaren ikerketak Penintsulan, edo zehatzago esateko, Euskal Herrian aurkiturikoak, bertakoen ukitu garbia ikusten uzten du batzuetan erliebe eta hilarrietan tailaturiko irudi eta formetan. Baina, bistakoa den bezala, delako lan gehienetan latin kulturaren fintasunak izaten dira ageriko.
Izan ere, aldare, hilarri eta eskulturaren ikerketa antroponimikoak badirudi garbi uzten duela harri idatzi gehienek, erromatarren urtebetetzeko idatziez kanpo, bertakoen sustrai garbia dutenak direla: Illuna, Aitea, Vinunburu, Aituneo, Belteson (?), eta abar.[28]
Esan beharrekoa da, halaber, erromatarren jainkotasun oso ugarien ondoan, hispaniako inspirazioei eginiko zenbait eskaintza ere aurkitu dela, esaterako, Belisto, Elortzak dioen bezala, euskarazko Beltz‑etik ez badator behintzat, Tullonio iberiarra, edo guztiz bertakoak, Matribus Useis, batzuek, euskal Uxuakin alderatzen dutena.
Oraingoz behintzat, arkeologiak eskaintzen dituen oharren arabera, antroponimiak ziurtatua duen kultura erasotzailea eta erasotuaren arteko sinbiosia edo kutsuaz gainera, euskal kutsukotzat jotzen eta ezagut ditzakegunak ez dira asko, bai formen eta egituren alorrean nahiz eduki eta ikonografiazkoetan.
Eskultura lanei buruz berriz, garbia da ezin diezaiokegula euskal artea izenik eman, baizik eta artea Euskal Herrian.
Emakumezkoen eskultura
[aldatu]Iruñatik datorren marmol zuriz landutako emakumezko eskulturari, hasera batean Gran Herculanesaren kopiatzat hartu zenari eta gerora Zeres, Fortuna eta Livia, eta abarren ordezkotzat bezala hartu denari, batzuk I.go mendeko data eman diote eta beste batzuk, Juan Carlos Elortzak esaterako, “Orante” izendatuz, II. mende lehen erdiko helenistiko pieza bezala sailkatzen dute.
Thorakato soin‑enborra
[aldatu]Iruñako oppidumetik bertatik datorrena da Gasteizko Museoko thoracato soin‑enborra izenekoa ere, Madrilgo Lazaro Galdiano Museoan dagoen originalaren igeltsuzko kopia da berau, aurrekoaren garai bertsuko lana.[29] Bertako artearen inongo arrastorik ezin igar daiteke delako eskulturetan.
Gizon argazkia
[aldatu]Lehen inperio aldikoa den eta Carenses (Santakara) antzinako hiri hondarretan berriki aurkituriko marmol zuriz eginiko 24 cm-ko gizon-argazkia.
Soin‑enbor handia
[aldatu]Zangozan 1965ean aurkituriko 80 cm-ko gorputz‑enbor handian, Balil‑ek dokumentu zoragarriez idatzitako artikuluan, Artemis ehizako jainkosa dela ezagutzen du, eta II. mendekoa izan daiteke.[30]
Togaduna
[aldatu]1895.ean Iruñan aurkitu eta ziur asko Flabios‑en garaikoa den eta inongo jainkosa ez dena, baizik eta soinekoaren bi aldetako bueloak eusten dituen togadun bat adierazten duen brontze handia.
Satiro koparia
[aldatu]Xabierko Gaztelutik Nafarroako Museora pasa zen brontzezko txikia.
Brontzezko estatuatxoa
[aldatu]Gaur egun non den ezagutzen ez dugun arren, Errenterian aurkiturikoa.
Bestelakoak
[aldatu]Pieza hauek denak espirituz nahiz formaz oso dira erromatarrak, beste hauen antzera:
- Kastiliskarreko sarkofago ederra, IV. mendeko kristau sarkofagoen adibide jatorra den hau, esate baterako, Hispaniara kanpotik ekarritako erromatarren lantegi bateko emaitza dena, zalantzarik gabe.[31]
- Aizkorriko erromatarren aldarea.
- Euskal lurralde osoan, baita erromanizatu gabeko guneetan ere, lurpetik atera diren txanponak.
Hilarriak eta oroitarriak
[aldatu]Latinezkoen fintasuna eta bertan jaiotakoen kutsua
[aldatu]Gure hautaketa metodologikoak mugatzen gaitu Baskonia erromanizatuaren hondar haietatik arte balio garbia dutenak baino ez azpimarratzera, eta arkeologoak aske uzten gaitu, lerro hauetan grabatu soilen alorrean aurkitzen ari diren objektu interesgarri eta baliotsuen aipamen numismatiko eta epigrafikoak egiteko, betiere, esanahi estetiko bat duten zeinu, sinbolo eta irudien ondoan agertzen ez badira. Erromatarrek, beren hildakoenganako oroigarriak uzteko eta oroitzapena biziagotzeko edo beren jainkotasun zibil nahiz etxekoei eskaintzak egiteko aldareak eraikitzeko landu ohi zuten harria. Pertsonaia ospetsuen ohoretan, oroitzapenezko grabatuak dituzten hilarri eta oroitarriak dira. Sarritan, landu zituen eskuaren sen artistikoaren lekuko dira.
Zorionez iritsi dira guganaino hilarri batzuk, landutako tailaren zakartasunagatik bertan jaiotako norbaiten eskuak egina direla diruditenak. Sumatzekoa denez, aurkitu diren hilarri gehienak Araba eta Nafarroako lurraldeetan daude. Isurialde atlantikoan topaturikoetan nabarmenak dira landare-irudi eta apaingarri geometrikoak, eta gurutzea oso sarri azaltzen da. Hau dela eta, behartuak gaude Euskal Herriaren kristautze goiztiarraren arazoa berriro aipatzera; dena den, arazo hau, arte ikonografian dituen eraginagatik, beste kapitulu batean azalduko dugu.
Zaldunaren irudia hilarrietan
[aldatu]Hilarrietan grabaturiko gaien alorrari dagokionean, has gaitezen, batez ere zaldunak irudikatzen dituzten hilarrietatik. Caro Barojak honi dagokionez zera esan du, euskaldunak zaldiarekiko eta zaldi kontutan duen abilezia, arbasoen artean ekonomian nahiz erlijioan zaldiak izan zuen funtzioarekin lotu daitekeela, alegia.
Andrearriagako hilarria
[aldatu]Gaur egun, Donostiako San Telmo Museoan dagoen Oiartzungo Andrearriaga hilarri ezagunaren grabatu batean zaldun irudi oso zakar bat ageri da –VABELTESONIS (?)– honek zeregin handia eman die epigrafialariei eta Inazio Barandiaranek izen horretan VAL (erius) BELTESONIS ulertu du, garai honetan jada, hasia zen bertakoen izendegia latinaren eraginaren zantzuak ematen. Arkeologo honek hilarriaren izaerakotzat jotzen du oroitarria eta Augustoren garaian landutzat jotzen du. Ezer gutxi esan daiteke haur-marrazkiz adierazitako zaldi irudiaz. Urbiolako hilarria. Euskal jatorriko beste bi oroitarri azaltzen dira Donostiako San Telmo Museoan, eta hauetan bertako artista baten eskua ikus daiteke.
Bata, Urbiolatik ekarritakoa, goialdean aurrez aurreko hiru irudi angeluzuzen erakusten ditu batean sarturik, baina zangoak eta profila eskuin aldera begira dituela. Belaunerainoko tunika dute soinean eta sorbaldaz besarkatzen dira. Irudien gainean geratzen den tarte estuan bi mailu ikusten dira –ertz bakoitzean, bana– eta baita ezagutzen ez diren beste bi gauza ere. Konposizio osoaren ertza denean, zutikako lantza bat dago eskuin aldean, eta bi lau‑hankako –zaldiak, agian?– azpian.
Bearingo hilarria
[aldatu]Beste oroitarria, Lizarrako Bearindik ekarritakoak bere erdialdean, erdiko irudiari markoarena egiteko balio dion tenplete baten eskema du; aurrez aurre jarritako gizon bat, belaunetarainoko tunikaz jantzia, ezkerraldean makila edo lantza bat daramana; bere sorbalda gainean ilgorako bi ilargi ikusten dira. Erdi‑erdiko gaiaren inguruan zortzi zirkuko doaz; behealdean berriz, paleografoek horrela deskribatu dituzten hitzak:
D (i i s) M (anibus) FI (lio) SUI P (ecunia) S (ua) P (lus) M (inus)A (nnorum)VII LEO.
Gure aroko I.go eta III. mende arteko data eman dute.
Zaldunaren hilarria
[aldatu]Iruñan, Gasteizko Museoan, lurpetik ateratako zaldunaren oroitarria dago; mota honetako irudikapenen artean garrantzi handia duenetako bat da marrazkiak duen adierazpen-indarragatik; oso fina den ebaki-marraren bidez, bilutsik eta lantzaz armatua eta erasorako keinua duen zaldunaren irudia da. Bere adierazpide biziagatik Iparraldeko iberiar kulturako beste antzeko irudikapenen parean jartzekoa litzateke; baina, Gratiniano Nietoren ustez, “azterketa sakon batek agerian jartzen du gerrariaren irudiak duen ekialdeko ukitua, Ebro sakanean zehar sar zitekeen honaino eta bertako batek marra-irudikapena erabiliz irudia gauzatu”. Arkeologo berak azpimarratzen du gerrariak daraman lantza-motak zelten jatorria iradokitzen duela, eta K. a. II. mendearen azkenaldian Iruñan kokatu eta bertan jaioetakoez pentsarazten du.
Markizko erliebea
[aldatu]Markizko kobazulo artifizialeko haitz batean aurkituriko erliebeak aipamen berezi bat merezi du, bi irudi zakar dira: bata, oinezkoa –1,30 m-ko altuera duena– eta zaldizkoa bestea, Elortzaren ustez galiarren jatorriko jainkotasuna den Epona, II. eta IV. mendeen artean Inperioan hedatu zen zalduneriaren herri jainkosaren deboziozko eskale baten –zaldizainen bat, agian– irudikapen gisa ulertu behar dena.[32]
Pertsona-taldeak dituzten hilarriak
[aldatu]Zenbait pertsona irudi –bi, hiru edo gehiago–, gainean idazkun bat dutela, baldin badute behintzat, multzo berezi bat osa daiteke, karratu barruan eskematikoki ildoz diseinatu eta zalantzarik gabe hileta-izaera duten oroitarri hauekin.
Narbaxako hilarria
[aldatu]Arabako Narbaxatik datorren oroitarri batek bi pertsonaia irudikatzen ditu, gizona eta andrea, biak makiladunak; situla izan daitekeen gauza karratu bat daramate bien artean. Bi irudien artean ilgora bat dago. Oroitarria inguratzen duen ebakizko gurutzaduren greka apaingarri baten arrastoak gorde ditu, baina bere oinean azaltzen zen idazkuna galdu egin du.
Kanpezuko hilarria
[aldatu]Santa Kurutze Kanpezutik zetorren oroitarri baten idazkuna ere desagertu egin da. Alaka taila teknikaz lorturiko apaingarri geometrikoen lauki bat darama oroitarriak. Hiru zerrendetan zatitua dago saila: goienean ilgora bat dago; azpian, D M hizkiak, eta, nabarmendutako zirkuluan, sei hostotako erroseta bat; eskuineko alderdian, agian, antzeko beste bat izango zen; erdiko zerrenda zabalean hiru pertsonaia daude irudikaturik: hauetako bi dira bakoitzak bere ondoan azkon bi dutenak. Azpiko zerrendan joango zen galdutako idazkuna.
Iruñako hilarria
[aldatu]Iruña/Veleiatik Arabako museoan datorren oroitarri batean arkuteria baten azpian irudikaturik daude bi giza irudi oso eskematiko, hondo zanpatuzko teknikaz landuak: burua disko lau batez adierazia, begiak sudurra eta belarriak erakutsi nahi luketen ebakiez. Azpian dago idazkuna: D M AUNNIA SECUNDIANA.
Beste irudikapenak dituzten hilarriak
[aldatu]Kontrastako hilarriak
[aldatu]Kontrastan ermita bateko horman sartuta zenbait oroitarri ikus daiteke, eskaintza idazkunekin. Horietako bik erradio okerretako gurpilak dituzte, eta jakina denez hispaniar‑erromatar oroitarrietan sarritan eman ohi den eguzkiaren sinboloa da.
Okarizko hilarriak
[aldatu]Okaritzen oso bi oroitarri deigarri gordetzen dira, ez idazkunagatik, ezin irakurrizkoak baitira gaur egun, baizik eta beren apaingarriengatik. Batek zezena eta nekazaritzako zenbait tresna ditu.
Marko Senpronioren hilarria
[aldatu]Marko Senpronio izeneko bati eskainia da eta landaretza-apaingarri eder baten artean, orein bat eta beste animalia bat azaltzen dira.
Durrumako hilarria
[aldatu]Durruma Donemiliagako oroitarria elizako horman sartua dago. Hostoez eta hiru orrazez apaindua dago, agian hiru emakumeei eskainia delako.[33]
Galdakaoko hilarria
[aldatu]Hauekin zerikusirik baduela uste izan bada ere, Bilboko Arkeologia Museoan jasoa den Galdakaoko oroitarriak ez dirudi eskola berekoa denik. Lauki baten barruan, erliebe lauez hiru irudi azaltzen dira: ezkerraldekoa, gizonezko pertsonaia biluzi bat, haur bat ziur asko; erdiko pertsonaia askoz bikainagoa da eta tunika motz bat darama; eskuinaldekoa erdi ezabatua dago, baina bere tunika luzea dela eta emakumea dela esan daiteke.
Hilarri sinbolodunak
[aldatu]Ilgora bezalako sinboloz apainduriko oroitarrien aparteko multzoa osa daiteke. Halakoen esanahia aztertu du Garcia Bellidok. Arabar eskualdean ilgora hau batzuetan baino ez da azaltzen eta bestetan erradioak dituen disko, erradio okerreko gurpil, erroseta eta abarri loturik.
Erradioak dituzten edo beren artean ebakitzaile diren zirkuluak Erdi Aroko euskal arte sailean azalduko dira gerora, esaterako, kutxetan eta bataiarrietan, Ormaiztegin eta Zaldibian, adibidez.
Era berean gamma-gurutze edo esbastika gure herriko tradizioan bereziki sendotuko da, haren balio arketipiko eta unibertsala zuzentasunez aipatu izan baita.
Nafarroako hilarriak
[aldatu]Igar daitekeen bezala, Nafarroa hegoaldean agertzen dira erromatarren oroitarri gehienak eta, ondoen gordeak izateaz gainera, arte kalitaterik onenetarikoak dira.
Porcius Felixen hilarria
[aldatu]Zarrakazteluko aztarnategitik atera eta Nafarroako Museoan gorderik den oroitarri bat, Porcius Felix izeneko 70 urtekoari eskainia da. Idazkuna, ia trapezoidala den gorpuzki prismatiko baten erdialdean kokatua dago. Bere zirkuluerdi-formako burualdeari sei hostotako erroseta bat egokitzen zaio, eta honen azpian bi erroseten artean ilgora bat ikusten da. Idazkunaren azpian, angeluzuzen baten barruan hiru ilgora azaltzen dira eta hauen azpian arku soila.
Agilarko hilarria
[aldatu]Hilarri baten zatia ekarria da Kodesko Agilarretik. Gainaldean M (=Manibus) hizkia ageri da, bera Manes‑ei sagaraturiko irudikapena, eta zanpaturiko horma‑irudi batean sarturik bi emakume irudi zutik –eta hirugarren baten zatia– hirurak elkarri eskuak emanda.
Beste hilarriak
[aldatu]Kodesko Agilar eta Marañon‑eko lurralde horretan, egungo Nafarroa eta Araba arteko mugan, eta erromatar garaian Barduloak izan zireneko lurralde horretan, espiritu bera arnasten duten zenbait hilarri aurkitu da: ia zehaztu gabeko gorputz eta jantziak dituzten irudiak dira; buru batzuetan ezin daitezke igar begiak, sudurra eta ahoa. Irudiak aurrez aurre agertzen dira, arkuen azpian batzuetan, soineko motzez jantziak eta eskutik helduta. Aleren batean, irudi bat beste batetik orraze batez bereizita geratzen da; beste batean irudi eta irudi artean triangelu bat ageri da, epigrafiako tartekatze normal moduan.
Gastiaingo hilarriak
[aldatu]Arte kalitaterik handienekoak Gastiaingo San Sebastian ermitatik datozenak dira –aurkikuntza epigrafikoetan Nafarroako gunerik garrantzizkoenetakoa izatera iritsi den ermita da. Hilarri hauek, normalean, animalia irudiak dituzte, zezenak, oreinak, buruz buru jarritako hegaztiak, betiere, hileta esanahiarekin.
Buturrako hilarria
[aldatu]Gastiaingo sail honetako oroitarririk ederrena –Nafarroako Museoan, 1946 an sartu zen– Buturra, delako Viriato baten alabari eskainia dago. Behealdean kokaturiko bi pitxarretatik jaiotzen diren mahatsondo-hostoz eta mahats-mordoz hasi eta goialdean aldare baten buruz buru bukatzen den zerrenda apainak inguratzen du, lau zatitan banaturiko angeluzuzen bat: garaienak, ultra zirkuluerdi-formako arku batez osaturiko hilobi-zulo bat du, zutabez eutsia; hilobi-zulo horren erdia okupatzen du eserita dagoen emakumeak, orrazeak alde banatan dituela; goialdeko tarteetan errosetak eta kardak daude, erritozko siglen ondoan D (i i s) M (anibus); behealdekoetan bi patera daude. Goialdeko horren azpian tabula ansata erako idazkuna dago:
AN (n) IA BUTURRA VIRIATIFILIA AN (norum) XXX H (IC) S (ita).
Behe aldetik, bi zuhaitzen artean metopa bat okupatuz, eskuinaldera biraturik dagoen abelgorri baten irudia dago. Azkenik, beheko solairuan, hosto askotako lore bat daukan disko bat darama, eta alde banatan erradio okerreko gurpilak eta kraterrak. Multzo osoaren adierazgarri da konposizio-sen ederra.
M Junius Paternusen hilarria
[aldatu]Museo berean jasoa eta data bera duen beste oroitarri baten jatorria du eta eskaintza batekin dago. Aurrekoan bezala, mahatsondo-hostoak eta mordoak eta goialdean buruz buru aldarean bukatzen duten zerrenda ederrez apaindurik eta inguratua dago. Barruan bi sail ikusten dira: Bata zabala, zirkulu horzdun baten barruan ezkerrera biratzen diren erradio okerrak dituen gurpila. Horren azpian bi hegazti eta mahats-mordo bat, eta bi aldetara kraterrak eta patenak. Behealdean azaltzen da idazpurua, bi lerrotan eta baketa handi mehe batez inguratua:
M (arcus) JUNIUS PATERNUS CANTABRI FILIUS AN (norum) XXX
Begien bistakoa da osorik ez dagoen oroitarri bat dela. Azpialdeko zati bat galdua du, Fidel Fita historialariaren ustez, zaldun baten irudiz apaindua zegoen.
Argi eta garbi ikusi izan da oroitarri hauen ezaugarri diren osagai formal gehienak –erliebe ia laua, ebaketa eta marrazki zaletasuna, eta abar– bertakoen ala zelten tradizioan sendo oinarriturikoak diruditela, honen gainean erromanizazioak bere irudigintza naturalistagoaren zaletasuna sartzean, eragin erabakitzailea burutu zuelarik.[34]
Bestalde, ikonografia aldetik oso mediterraneoak diren mahatsondoak, huntzak, koroak eta kultur helburuen agerpena baieztatzen bada ere, bertakoen tradizioan ongi sustraituriko gai arketipikoak behin eta berriz azaltzen dira: zirkulua, ilgora, arkuak eta zenbait animalia sinboliko.
Nafarroa eta Aragoi aldeko hilarriak
[aldatu]Jose E. Urangak bederatzi hilarri sailkatu zituen, guztiz erromanizatua zegoen Nafarroa eta Aragoi arteko lurraldean, zalantzarik gabe jatorrizko izaera zuen zezenaren gurtzaren seinaletzat jo zuena berak. Hilarri hauetako batzuetan zezenaren irudia izarren zeinuak ondoan dituztela ageri dira: eguzki biribila eta ilgora. Uranga konturatu zen, zezenaren gurtza utzi izanda ere, Nafarroako Erdi Aroko artearen hainbat irudikapenetan oroitzapen inkontzienteek iraun egin zutela: Iratxeko harburutxoek, Iruñeko katedraleko mentsulek eta kapitelek, besteak beste.
Hainbat irudi
[aldatu]Beste oroitarri batzuk, eskaintzako idazkunak edo giza irudiak, batzuetan zaldizkoak, edo animalienak eta baita ezagutu ezinezko zeinuak dituztenak ere, Villatuerta, Lerga, Eslaba eta abarretan azaldu dira eta A. Marcos Pous eta R.Garcia Serranok aztertu dituzte hauetako batzuk. Ikerlari horiek penaz esan izan dute ikerketa ikonografikoa, artistikoa eta sinbolikoa ez dela epigrafiaren ikerketa mailan egon, hau izan baita orain artean arkeologoen arreta guztia erakarri duena; aldi berean, geografia eremuen arabera sailkatzeko, oroitarrien antzekotasunak aurkitzea garrantzizkoa dela azpimarratu dute.
Arkuteria marrazkietan
[aldatu]Iruña/Veleiako oppidumetik datozenak eta irudi eskematikoak dituztelako aurrekoen antza dutenak dira marrazkietan arkuteria duten oroitarri batzuk. Aipaturiko arkuen esanahia hiletetakoa dela pentsatzen da, baina ez da aho batekoa jakitunen iritzia. Zeruko ateak al dira? Hildakoaren etxekoak? Garcia Bellido eta beste batzuen ustez, ez dira ate modura hartu behar, zubi-arku modura baizik. Hainbat kasutan, Iruñakoan esaterako, ultra zirkuluerdi-formakoak dira arku hauek.
Aurrez aurreko irudi geldi eta oso eskematikoak dituzten kantabriar sakaneko oroitarriak, Milagros Estebanek bere funtsezko lanean, Euskal Herri atlantikoaren erromanizazioari buruzkoan, aditzera ematen duen oroitarri gutxi horiek aipatzeari ez diogu helduko, arte mailan balio gutxikoak baitira.[35]
Ostilamenduak eta zeramikak
[aldatu]Arkeologoak konturatu dira Euskal Herriko alderdi erromanizatuetan aurkituz joan diren eskulangintzako aztarna txikiak, besteak beste, soina apaintzekoak, edergarriak, soineko zatiak lotzeko orratzak, orrazkerako orratzak, eta abar Hispania eta Galiako beste lantegietatik datozenen estilo berekoak direla. Langaia gehienetan hezurra bada ere, ugari dira marfilezko, zilarrezko eta brontzezkoak; urrezkoak, berriz, oso gutxi.
Gauza bera esan daiteke gure hilerrietan eta beste aztarnategietatik argitara ekarri diren edalontziez ere.
Zeramikak
[aldatu]Bildutako ontzi gehienak, gure herritik kanpo ezagunak diren hainbat motatakoak dira: hispaniar sigillata, galiarpeko sigillata, zeramika arruntak. Bertako zeramika arrunt modura sailka daitekeen horretan, bertako jatorriaren izaerazkoa dena zehazteko zailtasunak ditugu.
Iruña/Beleiako aztarnategia
[aldatu]Arabako Iruña/Beleiako azpiko mailetan aurkituriko bertako zeramikaz esan daiteke, azalera distiratsukoa, pareta lodikoa, orean mika ugarikoa, ebaki edo behatz marraz ederturiko kimu nabarmenduez apainduriko hau, erromatarren aurrekoa dela eta Europa erdialdeko ezaugarriak dituela; baina, –Maluquerrek dioenez– gertakari hau ez da azaldu behar jende berrien etorrerak eragindakoa denik, herri indoeuropar hiztunen kultur eragindakoa baizik.
Santa Elenako aztarnategia
[aldatu]Bidasoaren itsasoratzean, 1971ean Jaime Rodriguez Salísek eginiko indusketek, eta, gerora Santa Elena ermitapean, 1973an, 80 m baino ez askoz gehiagotan, jarraiturikoak ustekabeko ondorioak eman zituzten: Irunek, Pompaelo eta Veleia lotzen dituen mugako hiri modura duen garrantziaren ziurtasuna, “euskaran, hiru kokaleku hauek izan duten hiri izaeraren garrantziaz: Irun‑Iruña: hiria”[36] baieztatzea. Santa Elenako aztarnategitik guztira 106 hil-kutxa bildu ziren, bertako zeramikaren hainbat egitura dutenak, torneatu gabeak.[37] Junkaleko Santa Marian, hiri aldeko indusketak ere, ondorio bikainak eta hispaniar, galiarpeko eta aretina sigillata mostra ugari eman zituzten. Hauen artean, bai denboraz –K. a. I.go mendeko azken bi herenetan– eta bai espazioaz, Pirinio atlantiko aldean aurkituriko oso mugaturiko mota bat geratzen da, eta ez da ez Iruñan ez Iruñean azaltzen.[38]
Ponpaeloko aztarnategia
[aldatu]Ponpaeloko hondarretan, aldizka eta sistematikoki buruturiko indusketek, antzinako Iruñean bizituriko Inperioko hainbat aldiei dagokien geruza desberdinen arabera, katalogatzen joan diren ehunka zeramika puska atera dituzte argitara, eta ondoan azaldu zaizkien txanponengatik ziurtasunez ezagut daitekeen kronologia dute.[39]
Garairik antzinakoenetik, kokaleku ponpeiarrena, alegia, –beste nonbait kokatua izango zen hirigunea– bertako emaitzen gainetik jartzen da galiar sigillata. Zatiren batzuetan eltzegileen izenpeak agertzen dira: Iulius, Nomus. Calus, Corius... Honek guztiak Galia hegoaldearekin salerosketa indartsu baten presentzia egiaztatzen du, eta ohiko portua Baskoniako Irunen izango zuen merkataritza horrek. Aitzitik, geruza horretan aurkituriko hispaniar sigillata urriak garbi erakusten du langintza hau bere hastapenetan zela. Aretina sigillata eta I.go mendeko beste mota batzuen zatien ondoan argizulo kiribilak eta Tiberioren garaiko beirazko ontziak azaldu dira.
Flabiosen garaian, I.go mendean, hispaniar sigillata ugaritzen hasia dela ikusten da eta galiar sigillata bai egitetik nahiz salerosketatik alde batera saihestua dela. T.S.H. moldeen aurkikuntzak sinestarazten du langintza mota honetako lantegiak badirela II. mendeaz geroztik Iruñean. Beirazko botila batzuk azaltzen dira, halaber, I.go mendearen lehen erdiko data dutenak.
Cardoko lauzaduraren aurkikuntzak, I.go eta III. mende artekoak, hiriko auzo honen berrikuntza adierazten du. Erromatarren hiriko geruzarik berrienean, suntsituta utziko zuen sute baten aztarna nabarmenen ondoan, zeramika ugari topatu da, eta ez antzinako T.S.H.koa, baita beranduagoko erak iragartzen dituzten beste batzuk ere.
Estetika alderdia
[aldatu]Zeramika, soilik ikuspegi estetikotik begiratuz gero, arte “txikiago” bat izanik, moten deskribapena, materia, teknika, egitura, bernizadura, margoak eta apainketa ugarien araberako azterketa egiten ez gara geldituko, horretan jakitun direnen antzera. Nahikoa izan dezagun, ugaritasun horren izaera, egituren edertasuna eta bereziki, oso sarritan geometrikoak diren zirkuluak, galloiak, gurutzeak eta bestez gainera, gutxi-asko estilizatuak diren landare eta animalien formakoak begiratzearekin.[40] Araba eta Nafarroako zenbait herritan ere ez dira falta, giza irudiz apainduriko terra sigillatazko arrastoak.
Gehigarri modura esan dezagun, zeramika ale ugariez gainera, antzinako Pompaeloko miaketek arkeologoaren eta historialariaren arreta erakartzen duten metalezko, hezurrezko eta beirazko gauza asko eman dituela.
La Custodiako aztarnategia
[aldatu]Nafarroa hego‑sartaldeko lurraldeetan egin diren aurkikuntzetan garrantzi berezia dute Bianako La Custodiako erromatarren aurreko herrixkakoak, hain zuzen ere.
Orratz batzuez gainera, arkeologoaren eta historialariaren arreta zirikatzen dute brontzezko sei tesera, hauetako lau idazkun iberiarrez grabatuak, zerri, behi eta zezen-forma dutenak, eta urtuak, erromatarren aurreko herrien beren arteko edo erromatarrekiko harrera onezko itunen enblematzat hartzen direnak. Txerri hauetako batzuk sen estetiko handiz egituratuak daude, espresionismo eskematiko eta karikatura alderako joera dutenak, ongi nabarmendutako mutturra, belarri nimiñoak eta hanka mutur zorrotz eta motzak dituztela, nahita moldaturiko desitxuratzeak eginaz.[41]
La Granjako aztarnategia
[aldatu]Bianatik gertuko alderdi bereko erromatarren beste kokapenetan giza irudiz apaindurikoak izateagatik oso garrantzizkoak diren zeramika aztarnak atera dira.[42]
Logroño‑Mendabia errepidearen hegoaldeko soro batean, La Granja deritzon tokian, ore gorriztaz eginiko tegulen eta teilen ondoan, itxura askotako apaingarriak zituzten sigillata zeramika zati ugari kanporatu zen; batzuk ore bikainekoak, zurigorri kolorekoak eta berniza oso distiratsukoak, gai apaingarri askorekin; giza iruditxo biluziak eta oparotasunaren adarra dutela, ehiza-eszenak eta Eros bat nabarmentzen dira. Badira, izan, zakur eta hegazti, untxiak... eta landare nahiz forma geometriakoak: errosetak, lirioak, palma-itxurako irudiak eta zirkuluak.
Honako hau nekazari-etxalde baten kokapenenari dagokiona izango zen, gure aroko I.go mendean finka daitekeena, eta IV. mendera arte iraungo zuena.
Soto Galindoko Aztarnategia
[aldatu]La Granjako kokapenetik kilometro gutxira, El Soto Galindon, zeramika hondarrak aurkitu dira, azaldu berri ditugunen antzeko apaingarriekin. Hemen ere gaiak oso ugariak dira: larrugorriko gizon-iruditxoak, gerrariak eta zaldunak, ezagutzen zailak diren ugaztun eta hegaztiak, huntz-uztaiak, palma-itxurako irudiak, zenbait hostotako errosetak, zirkulu gaiak nagusi dituzten irudi geometrikoak.
Uraldeko Aztarnategia
[aldatu]Arabako herri batzuetan eginiko indusketek antzeko zerbait eskaini digute. Trebiñuko Uraldeko aztarnategian adibidez, sigillata zeramika ugari aurkitu da galiarpeko gaiez apainduak, baita giza irudiz ere, metopadas izeneko zeramiken estilokoak, angeluzuzen edertuen artean, metopas eta beste bereizgarritako marra bertikal trazu soilekoekin txandakatuak direlako. Sarritan delako apaingarri zerrenda hauek, konposaketa-sen jakintsuz jartzen dira beste gai geometriko soilen gainean, estetikazko gustu zoragarri bat erakutsiz.[43]
Karastako aztarnategia
[aldatu]Araban, Caicedo Sopeñako Karastan[44] eskuraturiko zeramikez eta, “ager vasconum” beste erromatar kokaleku askoren aipamenarekin batera, zalantzarik gabe errepikatu egin beharko da, arkeologoen lan txalogarria laguntzen jarraitzen bada.
Brontzeak
[aldatu]Bertako arte euskaldunaren isiltasunak, erromatarren kultura ahaltsuak hein handi batean bereganatua duenaren nolabaiteko isiltasunak, horrela jarraituko du zenbait mendetan zehar. Iruñeko hilerrian aurkituriko gauzak, badirudi, gehienak VI. eta VII. mendeetan kokatu behar direla; beraz, orduan frankoen eta bisigotikoen nagusigo aldikoak direla esan behar da eta ez erromatar berantiarrak.
Erreferentziak
[aldatu]- ↑ Baskoniaren erromanizazio gertakaria, ager vasconum-ari, Ebro ibarrari dagokionez, hainbat idazlek asko azterturikoa izan da. Iparraldeko isurialdekoa, uren banalerroaren gainaldekoa gutxiago ikertua izan da. Alderdi honetatik funtsezkoa iruditzen zaigu Milagros Estebanen doktorego-tesia: El País Vasco Atlántico en la época romana. (Donostia, 1990). Irakurleak lan honetan Euskal Herriaren “erromanizazioaren” gai orokorrak eskaintzen dituen zenbait alderdiri buruzko oso bibliografia osatua aurki dezake. Lan honen laburpen bat, egileak berak idatzirikoa, erromatarren baloreen irradiazio aldeak, beren eragin bideak eta Goi Inperioan horrek Gipuzkoan ukituenak izaniko eremuak azalduz, ikus daiteke Aproximación a la Guipúzcoa de los primeros siglos de nuestra Era. “Munibe” 42an, 1990, 337-344 or., eta El poblamiento de época romana en Guipúzcoa. Nazioarteko lehen mahai-ingurua Euskal herriaren erromanizazioari buruz. “Isturitze” 8, 1997, 53-73 or. Bestalde, jakitea komeni da erromanizazio hitza bazterrean uzten hasia dela berriki, okerreko zentzuz ulertzera iritsi delako, horrekin erromatar erasotzaileen aldetik eman ez zen kultur inposaketaren, hala nola, hizkuntza, erlijioa, eta abarren indarrezko inposaketa ulertu nahi bada bederen. Cf. R. SYME, “Rome and the Nations”. Roman Papers. IV, (Oxford 1988) 64. or. Xabier ARTZEren aipamena. “Vascones y romanos”. “VI. Antzinakotasunari buruzko jardunaldiak”. (Donostian 1999), 1. or.
- ↑ J. C. Elorzaren ustez, bi bide zabal hauek zenbait adarrek lotzen zituzten, Aguraindik Kanpezuko Santa Gurutzera Angostina eta Errioxatik igaroz zihoana edo Kaskantetik Santakara eta Iruñetik igaroaz Oiassoraino iristen zena. Kantabrialdeko isurialdeari eta gure aroko lehen mendeetako komunikabide ezkutukoei dagokionez garrantzizkoa da erromatar galtzada eta bere adarrak eta “trashumantziako bide” eta beste bide susmagarrien artean ikustekorik izan zuten aztertzea. Ikusi, gai honi buruz Milagros Estebanen ondorioak, El País Vasco Atlántico.., 61-147. or.
- ↑ Iturriek aipaturiko herri batzuk ez dira aurkitu Baskoien lurraldean, hala nola, Mouscaria, Ergouia, Aracilus, Bitouris eta Curnonion; eta Barduloenean (egungo Gipuzkoa) Pliniok zenbait oppida aipatzen du, hots, Morogi, Menosca, Vesperies, zeinaren kokalekuak ez diren oraindik ezagutu.
- ↑ Mª Anjeles MAGALLON BOTAYA, “La red viaria romana en el País Vasco”. Lehen Nazioarteko mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruz. “Isturitze” 8an, 1997, 207-233. or.
- ↑ Mª Luisa GARCIA GARCIA, “El poblamiento en época romana en Navarra: Banaketa-sistemak eta kokaleku-ereduak. Lehen Nazioarteko Mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruzkoa. Isturitze 8an, 1997, 89. or.
- ↑ E. GIL. ZIBILAGA, “El instrumental metálico de época romana en Álava. Testimonio de actividades domésticas y profesionales”. Lehen Nazioarteko Mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruz. Isturitze 9an, 1997, 535-563. or.
- ↑ A. GARCIA Y BELLIDO, “Los Vascos en el ejército romano”. Fontes Linguae Vasconum 1ean, 1, 1969, 97-107.or. “Vasconum lectae a Galba cohortes”i buruz ere hitz egiten du Tácitok ere. (Hist. IV, 33).
- ↑ Mª Luisa GARCIA GARCIA, 76. or.
- ↑ Ana MARTINEZ SALCEDO, “La cultura material de época romana en Bizkaia. Testimonios en torno a la actividad económica”. Lehen Nazioarteko Mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruz. Isturitze 9an, 1997, 577. or.
- ↑ J. M LACARRA, Historia política del Reino de Navarra. Iruñea 1972, I, libk. 16. or.
- ↑ “Erromatarren azokak bezala, Pompaelokoak arkudun atari angeluzuzen bat du tabernae baten hondarrak eta zoru karratua duen eraikina sarrera zabala eta habeak aurrean dituela, cella modura jainkotasun babesleentzat gordea seguruenik. Delako tholos-ik ez du baina, berunezko tutu batzuek iturri baten izaera erakusten dute”. Mª Luisa GARCIA GARCIA, O.c., 79-80. or.
- ↑ Veleiako harresiari buruzkoa, ikusi Aitor IRIARTE, “La muralla tardorromana de Iruña/Veleia”. Lehen Nazioarteko mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruz. Isturitze 9an, 1997, 699-733. or. Idazleak, harresiaren “berreraikuntza”ren ikus-irakasbidezko proposamen bat egiten du.
- ↑ Mª Anjeles MEZQUIRIZ, Descubrimiento de pavimento de opus signinum en Cascante. On Jose Esteban Urangaren omenetan. Iruñea, 1971, 277-292. or. Ikusi halaber, Recientes hallazgos de arkeologia romana en Navarra. “Letras de Deusto”n 1972, maiatza- abuztua, 261-173. or.
- ↑ Mª Anjeles MEZQUIRIZ, “Diversos tipos de pavimentos romanos hallados en las excavaciones de Pamplona”. L. D. Vean, 1973, 115-116. or. Ikusi halaber, J. M BLAZQUEZ eta M A. MEZQUIRIZ, Mosaicos romanos de Navarra. (Madril, 1985) 53-60. or.
- ↑ Mª A. MEZQUIRIZ, Museo de Navarra. Nafarroako Gobern., (Iruñea, 1989) 39. or.
- ↑ Erromatarren populatzeari buruzko bere lanean, Mª Luisa GARCIAk (O.c. 86. or. eta hur.) zortzi motatakoak bereizten ditu: vici, villae, baserriak, aterpeak, militar egiturak, bainu-etxe iturriak, mehatzeak eta kobazuloak.
- ↑ “Los mosaicos de la villa romana de Liédana”. P.V. XVII, 1956, 37, 62. znb., 9-35. or.; ikusi J. M BLAZQUEZ-M A. MEZQUIRIZ, a.c., 25-52. or.
- ↑ Arabako Arkeologia institutoa: “Excavaciones en el siglo XVIII en el yacimiento romano de Cabriana (Comunión, Álava)”. E. A. A. 10ean, 1981, 307-308. or.
- ↑ B. TARACENA, “La villa romana de Liédana” II. P.V. XI, 31ean, 1950, 9-40. or.
- ↑ “Los mosaicos de la villa romana de Liédana (Navarra)” P.V. 62an, 1956, 9-35. or., 30 lamina baino gehiago.
- ↑ J.M BLAZQUEZ, “Arte y sociedad de los mosaicos romanos en Navarra”. Primer Congreso General de Historia de Navarra II, 307-337. or.
- ↑ M A. MEZQUIRIZ, Museo de Navarra, 37. or.
- ↑ A. FERNANDEZ AVILES, “El mosaico de las Musas de Arróniz y su restauración en el Museo Arqueológico Nacional”. A.E.A. XVIIIan, 1945, 342-350. or.
- ↑ M A. MEZQUIRIZ, ”La villa romana de “Las Musas” en Arellano”. T.A.N. 10, 1991-1992, 444-445. or.; T.A.N. 11, 1993-1994, 55-100. or.
- ↑ J.M BLAZQUEZ, O.c., 327. or.
- ↑ J.M BLAZQUEZ, Ibidem
- ↑ I. FILLOY, E. GIL, A. IRIARTE, “La pintura mural romana en Navarra. Estado de la cuestión”. Primer Coloquio de pintura mural romana en España-n. (Valentzia 1992), 107-113. or.
- ↑ Euskal Herri atlantikoko erromanizazio eta linguistikaren egoerari buruz, ikusi M ESTEBAN, O.c., 224-262. or. Arabari dagokionez, ikusi Mª Lourdes ALBERTOS, “Álava prerromana y romana. Estudio lingüistico”. E.A.A. 1970, 107-223. or.
- ↑ J.C. ELORTZA, “La escultura “thoracata” de Iruña”. E. A. A. 5ean, 1972, 195-207. or.
- ↑ J.C. LABEAGA, “Cartas arqueológicas del término municipal de Sangüesa (Navarra)”. Trabajos de Arqueología Navarra 6an, 1987, 7-106. or.
- ↑ H. SCHLUNK, “El sarcófago de Castiliscar y los sarcófagos paleocristianos españoles de la primera mitad del siglo IV”. P.V. 28an, 1947, 305-353. or.
- ↑ J.C. ELORZA, “Un posible centro de culto a Epona en la provincia de Álava”. E.A.A. IV an, (Gasteiz 1976),187-193. or; A. LLANOS, “En torno al bajorrelieve de Marquinez (Álava)”. E.A.A. 2 an, (Gasteiz, 1967), 187-193. or.
- ↑ Lurralde honetako oroitarri erromatarren deskribapen osatu samarra ikusi, J.C. ELORTZAren, “Estelas romanas en la provincia de Álava”. E.A.A. IVean, 1970, 235-250. or.
- ↑ F. MARCO SIMON, “Las estelas decoradas de la época romana en Navarra”. Trabajos de Arqueología Navarra I, 1979, 205-250. or.
- ↑ M ESTEBAN, El País Vasco Atlántico en época romana. (Donostia ) 1990, 403-425. or. Ikusi haaber A. MARCOS POUS eta R. GARCIA SERRANO, “Un grupo unitario de estelas funerarias de época romana con centro en Aguilar de Codés (Navarra)”. II Semana de Antropología Vasca. (Bilbo 1976) 369-380. or.; A. RODRIGUEZ COLMENERO eta M C. CARREÑO, “Epigrafía vizcaína. Revisión. Nuevas aportaciones. Interpretación histórica”. Kobie 11n, 1981, 81-163. or.
- ↑ M URTEAGA ARTIGAS, “Reconstrucción del paisaje urbano de Guipuzcoa”. “Antigua-n”. VI Jornadas sobre la Antigüedad. 1999, 24-31. or.
- ↑ I. BARANDIARAN, “Irun romano”. Munibe, XXVan, 1973, 19-28. or.; J. RODRIGUEZ SALIS, “Romanización en el Bidasoa. Datos para su estudio”. II Semana de Antropología Vasca. (Bilbo, 1973), 363-366. or.
- ↑ Bildutako hainbeste zeramikek (14.000ren bat zati), Arditurri mehatze barrutiaren halako hedapenaz harturiko ziurtasunak, Irungo Santio kalearen azpialdean berriki (1992) aurkituriko erromatarren kaia eta portu egiturak eta bertan bildutako milaka gauzak, Oiasso erabateko erromatar hiria izan zela pentsatzera bultzatzen du. Bestalde, Gipuzkoako lurralde osoan zehar banaturik dauden arrasto erromatarrek behartzen gaituzte gure herrian erromatarrak izan zirenari buruzko planteamendu berriak egitera.
- ↑ Mª A. MEZQUIRIZ, Pompaelo I.an IV. geruza, 30 eta 45. or. ; V. geruza, 30 eta 64. or., VII. geruza, 20 eta 95. or.
- ↑ Mª A. MEZQUIRIZ, Pompaelo I, (Iruñea 1958), passim; Pompaelo II, (Iruñea 1978) 39-49. or.
- ↑ J. C. LABEAGA, Los broches de cinturón en el poblado de la Custodia, Viana (Navarra). “Trabajos de Arqueología Navarra” 10, 1991-1992, 317-336. or.; J.C. LABEAGA eta J. UNTERMANN, Las téseras del poblado prerromano de la Custodia, Viana (Navarra). Epigrafia eta lingüistikako deskribapena. “Trabajos de Arqueología Navarra” 11, 1993-1994, 45-53. or.
- ↑ Juan Cruz LABEAGA, “Los enclaves romanos junto al Ebro. Viana (Navarra)”. Lehen Nazioarteko Mahai-ingurua Euskal Herriaren Erromanizazioari buruz. Isturitze 8, 1997, 175-185. or.
- ↑ I. FILLOY eta E. GIL, “Intervenciones arqueológicas en el valle de Uralde, Condado de Treviño”. E.A.A. 17an, 1970, 7-36. or.
- ↑ I. FILLOY, “Memoria de la 1ª campaña de sondeos estratigráficos en el yacimiento de Carasta (Caicedo Sopeña, Álava)”. E.A.A. 17an, 1990, 7-36. or.
Bibliografia
[aldatu]- ALBERTO, M L.: “Álava prerromana y romana. Estudio lingüístico”. A.A.I. 4an, 1970, Gasteiz, 107‑233. or.
- ALTADILL, J.: “De red geographica‑historica: vias y vestigios romanos en Navarra”. Homenaje a C. Etxegaray‑en. (Donostia, 1928) 466. or eta hur.
- ARCE MARTINEZ, J.: “Conflictos entre paganismo y cristianismo”. P.V. 32an, 1971, 245‑255. or.
- ARCE, J.: “Vascones y romanos”. Antiguan. Antzinateari buruzko Jardunaldiak. (Donostia, 1999).
- BARAIBAR, F. de: “Álava durante la dominación romana: las ruinas de Iruña. El Atene‑n. Gasteiz.
- BARANDIARAN, I.: Guipúzcoa en la Edad Antigüa. Protohistoria y romanización. Donostia, 1973.
- BARANDIARAN, I.: “Irún romano”. Munibe 25ean. 1973. Donostia. 19‑28. or.
- BLAZQUEZ, A., SANCHEZ, ALBORNOZ, C., “Vias romanas de Briviesca a Pamplona y de Briviesca a Zaragoza”. NJSEA‑an, (Madril, 1917) 4‑14. or.
- BLAZQUEZ, J. M : “Arte y sociedad de los mosaicos romanos en Navarra. Primer congreso General de Historia de Navarra, 2, Comunicaciones, 1986, 307‑337. or.
- BLAZQUEZ, J.M : “Los vascos y sus vecinos en las fuentes literarias griegas y romanas de la antigüedad”. MALUQUER DE MOTES (Ed.)ean: IV Symposium de Prehistoria Peninsular. (Iruñea, 1966) 177‑205. or.
- BLAZQUEZ, J. M : “Mosaicos de Comunión (Álava). Grifoak. Urtaroak. Diana. II Congreso Mundial Vasco, (Donostia, 1988), 234‑252. or.
- BLAZQUEZ, J. M , MEZQUIRIZ, Mª. A.: Mosaicos romanos de Navarra. (Madril, 1985).
- CARO BAROJA, J.: Los pueblos del Norte de la Peíinsula Ibérica. Donostia, (berrargt. 1972).
- ESTEBAN DELGADO, M : El País Vasco Atlántico en época romana. (Donostia, 1990).
- ESTEBAN DELGADO, M : “Acerca de la época romana en el País Vasco atlántico. Método y resultados de una investigación”. Munibe, 41ean, 1991.
- ESTEBAN DELGADO, M : “Aproximación a la Guipúzcoa de los primeros siglos de nuestra era”. Munibe 42an, 1992, 337‑344. or.
- ESTEBAN DELGADO, M : “El poblamiento de época romana en Gipuzkoa. Primer Coloquio Intern. sobre la romanización de Euskal Herria”. Isturitz 8an, 53‑57. or.
- ELORZA, Juan C.: “La romanización del País Vasco. Historia del País Vasco‑n. (Donostia 1978) I, libk., 7‑16. or.
- FERNANDEZ, Mª C.: Villas romanas en España. (Madrid, 1982).
- FERNANDEZ AVILES, A.: “El mosaico de las Musas de Arroniz y su restauración en el Museo Arqueológico Nacional”. A.E.A. 18an, 1945, 342‑350. or.
- FILLOY NIEVA, Idoia: “Memoria de la primera campaña de sondeos estratigráficos en el yacimiento de Carasta (Caicedo Sopeña, Álava)”. A.A.I. 17an, 1990, 7‑36. or.
- FILLOY NIEVA, I., GIL ZUBILLAGA,E.: “Intervenciones arqueológicas en el yacimiento de Uralde (Condado de Treviño)” A.A.I. 18an, 1993, 101‑339. or.
- GARCIA GARCIA, Mª Anjeles, “El poblamiento en época romana en Navarra: Sistemas de distribución y modelos de asentamientos”. Primer Coloquo Intern. Sobre la Romanización de Euskal Herria. Isturitz 8an, 1997, 75‑110. or.
- GERMAN DE PAMPLONA, Fr.: “Los límites de la Vasconia Hispanorromana Peninsular y sus variaciones en la época Imperial”. Problemas de Prehistoria y Etnologia Vascas. IV Symposium de Prehistoria Peninsular, (Iruñea, 1966), 288. or. eta hu.
- GIL ZUBILLAGA,E.: “La romanización en Álava”. Munibe 42an, 1990, 327‑336. or.
- GIL ZUBILLAGA, E.: “El instrumento metálico de época romana en Álava. Testimonio de actividades domésticas y profesionales”. Primer Coloquio Intern. Sobre la romaniación de Euskal Herria. Isturitz 9an, 1997, 535‑563. or.
- GONZALEZ RODRIGUEZ Mª C.: “Indigenas y romanos en el territorio del País Vasco actual”. II Congreso Mundial Vasco.(Donostia, 1988), I libk. 143‑162. or.
- IRIARTE, A.: “La muralla tardorromana de Iruña/Veleia”. Primer coloquio Intern. Sobre la Romanización de Euskal Herria. Isturitz 9an, 1977, 699‑733. or.
- LABEAGA, J. C.: “Los broches de cinturón en el poblado de la Custodia, Viana (Navarra)”. Trabajos de arqueología Navarra 10, 1991‑ -1992, 317‑336. or.
- LABEAGA, J. C.: “Los enclaves romanos junto al Ebro. Viana (Navarra)”. Primer Coloquio Intern. Sobre la Romanización de Euskal Herria. Isturitz 8an, 1997, 175‑185. or.
- LABEAGA, J. C. y J. UNTERMANN, “Los téseras del poblado prerromano de la Custodia, Viena (Navarra). Descripción epigráfica y lingüística”. Trabajos de Arqueología Navarra 11ean, 1993‑1994, 45‑53. or.
- LARRAÑAGA ELORZA, K.: “El hecho urbano antiguo en Euskal Herria y en su entorno circumpirenaico. Apuntes y consideraciones”. Cuadernos de sección. Historia y Geografía 21, 1993, 11‑42. or.
- LOZA LONGARAN, R.: “La incorporación al mundo romano”. Álava en sus manos‑en, 3. libk. Gasteiz, 41‑72. or.
- LLANOS A.: “La romanización de Álava. Elementos arqueológicos”. II Semana Internacional de Antrropología Vasca. (Bilbo, 1973).
- MAGALLON BOTAYA, Mª Anjeles: “La red viaria romana en el País Vasco”. Primer Coloquio Intern. Sobre la romanización de Euskal Herria. Isturitz 8an 1997, 207‑233. or.
- MAÑARIKUA, A.: “Fuentes literarias de Epoca Romana acerca del Puablo Vasco”. II Semana Intern. De Antropología Vasca. D.I. XX. libk. 46, 1972.
- MAÑARIKUA, A.: “Fuentes literarias de época romana acerca del Pueblo Vasco”. Segunda Semana de Antropología Vasca. (Bilbo, 1973) 273‑291.or.
- MAÑARIKUA, A.: La Romanización del País Vasco. Bilbo 1972, 221. or eta hu.
- MAECO SIMON, Las estelas decoradas de época romana en Navarra. “Travajos de Arqueología Navarra” 1, 1979, 205‑250. or.
- MARCOS, A.: “La romanización en Navarra (Avance provisional)”. II Semana Internacional de Antropología Vasca. (Bilbo, 1973), 311‑315. or.
- MARCOS POUS, A. y GARCIA SERRANO, R.: “Un grupo unitario de estelas funerarias de época romana con centro en Aguilar de Codés”. II Semana Intern. De Antropología Vasca‑an, 369‑380. or.
- MARTINEZ SALCEDO, Ana: “La cultura material de época romana en Bizkaia. Testimonios en torno a la actividad económica”. Primer coloquio intern. Sobre la Romanización de Euskal Herria. Isturitz 9, 1997, 565‑578. or.
- MEZQUIRIZ, Mª A.: Las excavaciones estratigráficas de Pompaelo I. Campaña de 1956. (Iruñea 1958); Pompaelo II. (Iruñea, 1978).
- MEZQUIRIZ, Mª A.: “Materiales procedentes del yacimiento romano de Andión”. P.V. 18‑79.ean, Iruñea 1960, 57‑67. or.
- MEZQUIRIZ, Mª A.: “Las excavaciones de la villa romana de Falces (Navarra)”. P.V. 122‑123. Iruñea, 1971, 49‑76. or.
- MEZQUIRIZ, Mª A.: “Descubrimiento de oavimentos opus signium en Cascante (Navarra)”. Homenaje a J.E. Uranga. (Iruñea, 1971), 277‑283. or.
- MEZQUIRIZ, Mª A.: “La Arqueología histótica en época romana en Navarra”. Munibe 42an, 1990.
- MEZQUIRIZ, Mª A.: El territorio de Navarra durante los siglos de influencia romana. (Donostia, 1991).
- MEZQUIRIZ, Mª A.: “La villa romana de “Las Musas” en Arellano”. Trabajos de Arqueología Navarra 11ean, 1993‑1994, 55‑100. or.
- NIETO, G.: El Oppidum de Iruña (Álava). (Gasteiz, 1958).
- RODRIGUEZ SALIS, J.: “Romanización en el Bidasoa. Datos para un estudio”. Semana de Antropología Vasca. (Bilbo, 1973), 363‑366. or.
- SANCHEZ ALBORNOZ, C.: “Divisiones tribales y administrativas del solar del País Vasco y sus vecindades en la época romana”. B.R.A.H. 95ean. Vascos y Navarros en su primera historia‑n berregina. (Madril, 1974), 15‑40. or.
- SANTOS YANGUAS, J.: “Conquista y ordenación del territorio de Álaba por los romanos en época altoimperial”. Formación de Álava‑n. 650 aniversario del Pacto de Arriaga (1332‑1982). (Gasteiz, 1984), 447‑466. or.
- SANTOS YANGUAS, J.: “El poblamiento romano en el área de Autrigones, Corintios, Vardulos y Vascones. Estado actual de la investigación y perspectivas”. II Congreso Mundial Vasco‑n, (Donostia, 1988), I libk., 217‑234. or.
- SAYAS, J. J.: “El poblamiento romano en territorio vascón”. Veleia I‑ean, 1984, 289‑310. or.
- SAYAS, J. J.: “Indoeuropeos y vascones en territorio vascón”. Verleia 2‑3.ean, (Gasteiz 1985‑86), 399‑420. or.
- SAYAS, J. J.: Los Vascones y el poder romano. Asimilación y resistencia a ala romanización en el Norte de Hispania. (Donostia, 1984).
- SAYAS, J. J.: Los vascos en la antigüedad. Catedra Ed. (Madril, 1994).
- SEGURA MUNGIA, S.: Mil años de historia vasca a través de la literatura greco‑latina. De Aníbal a Carlomagno. Deustuko Unibertsitatea Argitl., (Bilbo, 1977).
- SCHULTEN, A.: “Las referencias sobre los vascones hasta el año 800 d. C.” La Gran Enciclopedia Vasca, XVIII. libk., (Bilbo, 1971) 225. or. eta hu.
- TARACENA, B., VAZQUEZ DE PRADA, L.: “Excavaciones en Navarra” P.V. VII.ean, 24 znb., 1946,413‑469. or.
- TOBIE, J. L.: “Fouilles romaines à Saint Jean le Vieux”. Bulletin du Musée Basque”, 34.ean, 1966, 146‑164. or.
- TOBIE, J. L.: “La mansio d´Imus Pyrenaeus.(St. Jean le Vieux, Pyr. Atlantiques). Apport à l´étude des relations transpyrénénnes sous l´Empire Romain”. II Semana Intern. de Antropología Vasca. (Bilbo, 1971).
- TOBIE, J. L.: “Le Pays Basque Nord et la Romanisation (1er. Siècle a. J.C. 3ème siècle a J.C. Bulletin du MuséeBasque 95.ean, 1982, 1‑36. or.
- TORRES, M : “Los mosaicos descubiertos en el siglo XVIII en la villa de Cabriana Álava)”. A.A.I. 10ean, 1981, 311‑340. or.
- VALLESPI PEREZ, E.: “Hipótesis de trabajo sobre sustrato arqueológico de la romanización del País Vasco meridional (Álava y Navarra)”. II Semana Intern. de Antropología Vasca. D.I. 46. libk.an (Bilbo, 1972), 273‑282. or.
- URTEAGA, M : “Reconstrucción del paisaje urbano de Gipuzkoa”.Antigua‑n, VI Jornadas sobre la Antigüedad, (Donostia, 1999), 24‑31. or.
- Z.E.: “Primer Coloquio Intern. sobre Romanización en Euskal Herria”. Isturitz saileko 2 liburu, 8 eta 9 znb. (Bertan 17 hitzaldi eta 25 jakinarazpen azaltzen dira) Eusko Ikaskuntza, 1999, 934 orrialde.