Edukira joan

Euskal Artearen historia (I): Historiaurretik erromanikora/Sarrera

Wikibookstik

Duela hogei urte, Euskal Herriko arteari buruz­ko elkarlan bati hi­tzaurrea egiten ari nin­tzaiola, nire buruari galdegin nion zen­tzurik ba ote zuen bi hitz hauek elkar­tzeak: artea eta euskalduna.

Gure herriko artearen historiari buruzko lehen ahalegin haren ondoren ez dira gu­txi galdera bera nahiko aurrez aurre eginaz azaldu diren liburu eta aldiz­kariak. Ondorioa beti etsigarria izan da. Puntu honetan eta beste askotan euskaldunak iri­tzi berekoak izatea ezinez­koa dela onartu behar da.

Orain­tsu arte euskal artearen historiaren kon­tzeptua arraza ideiaren abiapuntutik osatu behar zela pen­tsa­tzen zuenik ez da falta izan. Eragile etnikoek, euskal izaera ikertu, aztertu eta defini­tzerakoan erabaki­tzaile izan behar zuten. Euskal artistengan arrazaren eraginari buruz hitz egin zuten idazle serioek, besteak beste, Juan de la Encina, Karmelo Etxegarai eta Tomas Elorrietak, joan den mendearen lehen hamar­kadetan. Etniaren nagusitasuna giroan arnasten zen garaiak ziren, nahiz eta ez zen onar­tzen Gobineau Kondeak arraza desberdintasunari buruz­ zuen ikusmolde fundamentalista, nazismo germaniarraren amets gai­tzesgarriak baz­katuko zituena.

Baina, argi dago arraza baten osagaietan, badenaren, izango denaren edo gizonak egingo duenaren arrazoi, froga edo interpretazioak, metodologikoki hu­tsean salto egitea suposa­tzen duela. Arraza kon­tzeptua argi eta garbi defini badaiteke ere, nahitaez sor­tzen da iluntasunaren eta nahasmenduaren arriskua, historiari eta zehaz­kiago euskal herriaren historiari atxikiriko zen­tzu zehatz bat eman nahi zaionean. Horrela ulertu ahal izateko, aski da historiaurretik hasi eta Pirinioen babeseko biztanleek jarraian nozituriko akultura­zioaren oinarriz­ko ezagutza izatea. Ez da erraza, kanporik zetorren herri-uholdeen aurrean gure geografiako eskualde bakoi­tzean etnia sinbiosiak zein mailatako indarra izan zuen zehaztea. Egia da, bai, oso desberdina izan zela gure herriko hainbat ibarretan. Orain­tsu arte gure biztanleriaren artera iritsi den immigrazioa eransten badiogu, ezin zehaztua gertatuko zaigu gure kasuan arraza hi­tzak adieraz dezakeena. Ondorioz, delako prin­tzipio horrek gure ahalegin historikoaren alorra muga­tzeko ez digu balio.

Bestalde, nabarmena da euskal izenlagunak muga­tzen duen zehaztasuna ez dela parekagarria espainiar artearen historiarekin edo italiar arteak duen esanahiarekin. Edozein irakurleren­tzat, delako izenlagunek gaur egungo estatu edo elkarte politikoek okupaturiko Espainia edo Italia izeneko herrialdeen erreferen­tzi argi eta zeha­tza dute. Eztabaidagarria irudituko zaigu, baina hor dago jazoera: espainiarrik ez da harri­tzen ARS HISPANIAE sailak kapitulu bat eskain­tzean bisigodoen arteari, eta Milango edo Siziliako uniber­tsitateko edozein ikasleri bistakoa deri­tzo Andre Chantel‑ek bere Italiako Artean Ravennako bizan­tziar arteari buruz­ko kapitulu bat sar­tzea. Onar dezagun, iriz­pide politiko hori har­tzeko oztoporik ez dagoela aipaturiko adibideetan, baina jarrera hori gure kasuan askoz onartezinagoa izango li­tzateke. Arrazoi politikoetan oinarri­tzeak ez luke zen­tzurik –gertakari gisa, eskubide gisa, nahiz borondatez­ko nahi gisa erabili–; jakina den bezala, koroa bakar baten menpean, Nafarroako Antso Nagusiaren menpean elkarturik behin baino egon ez ziren lurraldeetako artearen azter­keta bateratua egiteak.

Zenbaiti atsegin zaion bezala, proposa genezake, en­tzumen modernoari gustagarriago gertatuko zaiolakoan, etnia kon­tzeptua kulturarenarekin lotzea edo baita identifika­tzea ere. Hain zuzen ere, sarritan hitz egiten da etniak kulturarekin duen loturaz, Euskal Herriko erroak, jatorria, garapena eta gizon-emakumeei dagozkien zen­tzu guztiak azter­tzeko orduan kontuan eduki beharre­ko osagai moduan. Herri baten kultur nortasunaren ikuspunturik, helburu honekin neurtu izan da berez­ko hiz­kun­tzaren jabe izateak duen garran­tzia, eta bereziki euskararen kasuan, hiz­kun­tza hain desberdina denean. Baina, aztergai honen ikuspuntua ere ezin defenda daiteke oztopo sendorik gabe. Gure inkestatik kanpo utzi behar­ko genituz­ke dagoeneko “lingua navarrorum” ohoragarria hitz egiten ez den eskualdeak? Iraganera begira­tuz gero, eta artearen historia egin nahi dugunez, hain zuzen ere, euskaldunen herriaren mugak mugikorrak izan direla historiak berak erakusten digu, etengabe atzera eginez. Aragoin, Errioxan eta Gaztelan, filologoek kontu handiz bildu eta azter­tzen dituzten euskal izenak bilatzen aritu da toponimia; hain juxtu, milurtekoetan atzera eginez, itsasoak gure estuarioetan pilatu dituen iktiolito eta numulito horiekin paleontologoek egiten duten moduan.

Zailtasunak areagotu egiten dira kultura-kon­tzeptua errealitate hain zeha­tzeko euskal hiz­kun­tza horretara muga­tzen ez bada; baldin eta euskal kulturaren osagai erabaki­tzailea izatea nahi bada, zenbai­tek euskal nortasuna deritzon hori. Ezin uka baitaiteke kultura, edozein herri historikoren kultura delarik ere, bera dela historia, hau da, mugimendu eta aldaketa.

Astakeria li­tzateke euskal izaera betiereko esen­tzia ia platoniko gisa har­tzea. Zeren, gizonak, zioen Ortegak, Dilthley‑ri jarraituz, “ez du izaerarik, historia du; zeren, historia, izate baten osagaiez eta erabatekotasunez, mugimendu eta aldaketa” da. Voltaire bera ere horretaz kontura­tzen hasi zen, historialariaren eginkizunari buruz­ko bere hausnar­ketetan, aholku ematen ziolarik gertaera txikien pasadizoz­ko alderdiak alde batera utzi eta hel zekiola ohiturak eta mugimendu politiko, sozial eta ekonomiko handiak azter­tzeari, baina betiere fenomeno dinamiko moduan begiratuz: “Les changements dans les moeurs et dans les lois seront enfin son grand projet”.

Iriz­pidea etniko eta kulturala, Juan de la Encinak defenda­tzen zuen moduan, zen­tzu oso zehatz batez har­tzen bada, eta, batez ere, herri baten kultura osagai dinamikoen mul­tzo gisa uler­tzen bada, nire ustez historialariaren­tzat estimulagarri eta oso emankor izan daiteke, az­ken batean, garai bakoi­tzean euskal artearen ezaugarrien trazuak arro­tzen saia­tzea. Erromanikoa eta gotikoa gizarte kristauren adieraz­pide diren aldetik, bere ideologia, bere kultura eta mende jakinetako bere historiaren baldin­tza sozioekonomiko gisa ikasi baditugu, a priori ez da ikusten inolako arrazoirik trazu jakin ba­tzuetako komunitate izaera mende luzeetan eraku­tsi duten giza taldeen arte historia baliogabe­tzeko. Herri baten benetako arte historia egiteak bere ezaugarrien bata bestearekiko zen­tzua argi­tzea eska­tzen du, hau da, gu­txi-asko iraunkorrak eta sakonak diren ezaugarriena, beti historikoak izan behar badute ere, bizi­tzako beste alorretan kanpora­tzen direnak: familiako ohituretan, gizarteko ohituretan, erlijioz­ko ohituretan, politikoki bere burua goberna­tzeko eran eta abarretan, betiere, herri guztien kultur izaera aldakorra dela, ukaezin gisa onartuz.

Artearen historialari baten­tzat, gai honi hel­tzerakoan, arazorik gu­txiena ematen duen jarrera metodologikoa lanaren esparrua zehaztea izaten da, geografiak eskain­tzen dion errealitate saihestezin eta aldaezinean oinarri­tzen baita. Euskal artearen baliokidea Euskal Herriko artea edo Artea Euskal Herrian li­tzateke. Hain zuzen ere, Herri hi­tzak erreferen­tzia topologikoa, in recto tarteka­tzen duela dirudi. Euskal artea, zen­tzu honetan, gaur egun Euskal Herri esaten diogunaren mugen barruan historikoki egiten edo koka­tzen denari deritzo. Zehaztapen honek, lehen begiratu batean, kalterik gu­txiena dakarrena eta politikoki berotasun txikiena pizten duena dirudien arren, ez du kon­tzeptuetan aho batezko adostasunik, baldin eta kontuan har­tzen bada, mendeetan zehar lur hauetako mugak eta askok Euskal Herria esaten diogun jende taldeak beti berak ez direla izan.

Hala ere, ez dugu fundamentalistak izan nahi arazorik gu­txiena eskain dezakeela dirudien metodo honen aplikapenean. Baliagarri deri­tzogu, iriz­pide kulturalista hau erabat ez bazter­tzea, betiere, euskal kultura eta identitatea kon­tzeptuak ez mitifika­tzearren. Claudio Sánchez Albornoz historialaria euskal herriari buruz ari zen honako hau ida­tzi zuenean, “herrien idiosinkrasia, mendera ezinez­ko tenperamentua eta harengandik sor­tzen diren joera eta ohitura nagusiak ia batere aldatu gabe irauten dute, aldien aldaketa sakonetan zehar; eta txinpart bat aski izaten da, erabat itzali gabeko suteak bizteko. Herri batean nahikoa izaten da lehendik historian emanak izan diren gertakarien an­tzekoak sor­tzeko, bere nolakotasun, sen, zaletasun eta ohitura zaharrak esnatzeko”.[1]

Sánchez Albornozen antzera, izaera nazionalista leporatu ezin zain arte historialariak, edozein ikerlari zin­tzok, ez baitira euskaldunak izatez, “euskal gotikoaz” hitz egiterakoan, XVI. mendearen bigarren erdialdeko ar­kitekturaren euskal kera hori bereizten duten ezaugarrien interpretazio bat emateko tentazioa izango du, arrazoiz­ko tentazioa gainera. Arte kritikariak XX. mende hasieran euskal pintura batez hitz ­egiten hasten direnean, eta ez kontraesanik gabe, edo 50eko hamar­kadan, gure lurreko eskultore taldea nazioarteko estimuaren eszenatokira irten eta “euskal eskolaren” bere proiektua aldarrika­tzen ikustean, bistakoa da historialariak gertakari hauei arretaz begiratu eta arrazoi objektiboak aztertu nahi dituela eta ez esa­nahi handirik gabeko gertakari modura gu­txiestea.[2]

Jakinaren gainean gaude, gure iragan historikoaren arte emai­tzetan euskaldun­tzat har daitekeena finkatuko lukeen trazuen bilaketan, zuhurtasun handiz ibili behar dela. Lehenik eta behin, alderdi tekniko, estilistiko edo edukieraz­koen arabera trazuak aztertzean, elkarrekikotasunik baden egiaztatu behar­ko li­tzateke. Bigarrenik, frogatu egin behar­ko li­tzateke –batez ere, osagaien artean alderaketak egiteko denbora-tarteak jarduera sozial urri bat eskain­tzen duenean– trazu horiek objetiboki zeha­tzak diren eta behar adinako iraupenik duten. Az­kenik, inkesta egin behar­ko li­tzateke, delako trazu estetikoen eta garai bereko euskal kulturaren beste ezaugarrien arteko ahaide­tze semantikoa begiratuz.

Jarrera guztiz zientifiko batek bul­tzatu zituen gure antropologoak, Juan Mª Apellaniz eta Jesus Altuna, Madeleine aldiko animalien kontaketa sail handiaren barruan, Ekaingo zaldi bikainen trazu bereizgarriak begiratu eta az­pimarra­tzera. Baina, ezer gu­txirako ditugu haien ondorioak euskal arte plastikaren ezaugarriak ematerakoan, zeren eta badirudi Eneolito garaira arte ez zela osatu gerora euskal gizona deritzon gizaki mota ere.

Iri­tsiko ote gara –galdegiten nion neure buruari duela urte ba­tzuk– Gastiaingo hilarrian, Berdungo zeramika arruntetan edo Iruñeko nekropoli karolingioetako orra­tzetan euskal ha­tsa suma­tzera? Gaur gaur­koz eran­tzuna ezez­koan dago. Baina, horregatik ez da bidegabekoa gure galdera.

Euskal ikonografian sumatu dira –gure ku­txatan, ateburuetan, inpostetan edo bataiarrietan ikus daitez­ke– badirela irmotasunez azal­tzen diren zenbait irudi figuratibo eta geometriko. Baina, marraz­kiak Euskal Herritik oso urruti dauden beste alderdietan ere azal­tzen dira eta ar­ketipo uniber­tsalei eran­tzuten diela esan daiteke. Beraz, ikus ote daite­ke irudi horietan euskal eskulangileak delako diseinuei ematen zien ñabardurarik edo berezitasunik? Litekeena da indar subjektiboren batek eraginiko baiez­ko eran­tzun bat jasotzea, eta ez erantzun kritiko bat.

Garai historiko zeha­tzeko artearen aurrean, historialariarentzat era honetako galderak gero eta premiaz­koagoak izan daitezke, eta testuinguru historiko zehatz bati buruz bildu daitekeen agiri ida­tziak zenbat eta ugariagoak izan, orduan eta premiaz­koagoak. Liebanako Dohatsua deri­tzan monjeak, VIII. eta IX. mende artean, bere ikuskari apokaliptikoei forma harrigarria eman zien, eta estilo bat sortu zuen –ida­tzi, forma eta margo–, eta zenbait mendeetan sartalde kristau osoko Dohatsu sonatuen artean zabaldu ziren. Euskal historialari batek jakin nahiko luke bi mende beranduago monje batek bere baitatik eta euskal jatorrikoa izan zitekeenetik zer jarri zuen Saint Sever sur‑l‘Adour santutegi sonatuko idazmahaian eskuida­tzi ospe­tsua kopia­tzean, bere miniatura zoragarriak “Stephanus Garcia Placidus” izenez izenpetu zituenean, edo zer jarri zuen euskararen eta Gaztelako erroman­tzeen arragoa izan zen Donemiliaga Kukula deritzan errioxar santutegian gorderiko eskuida­tzien marraz­kilariak.

Euskaldunak al ziren Antso Nagusiaren ondorengoek, XI. mende erdian, Loarrera, gazteluko elizaren kupula zoragarria eraiki­tzera eraman zituzten harginak? Euskalduna al zen, “San Juan de la Peñako Maisua” edo “Iruñeko Klaustroko Maisua”? Eta hala baziren, beren euskaldun sentiberatasunetik geratu al zen ezer ar­ku haien lerroetan eta kapiteletako fauna eta floran irudikaturik? Horregatik, derrigorrez­ko galdera bat dator­kigu gogora: zien­tzialari bat lanean jar­tzeko adinako garran­tzia ba ote du gai honek, artearen, nahiz kulturako beste alderdi guztien globalizazioa saihestezina dirudien garaiotan?

Euskal Artearen benetako historialari bat honek eta honen an­tzeko beste galderek zirika dezakete. Eta zirikadura gero eta larriago eta garaiezinago egiten da gure ondare historikoaren alor bakoi­tzean, diakronikoki eta geografikoki hitz eginda, historia guztiz zorrotz, azter­tzaile eta deskriba­tzailea jada buru­tzen ari dela ikusten dugunean.

Euskal artearen historiaz ezin has naiteke idazten, duela urte ba­tzuk jada egin nuen oinarriz­ko ohar bat egin gabe. Euskal Herria gaur egun neurriz txiki den herri bat da, geografia txiki samarra duen herria. Bestalde, nahiz eta milaka urtetako izaera duen, Euskal Herriaren denbora historikoa berria da dataz. Iragan horren historialariak dokumentu urriak ditu, beste herrialdetakoekin alderatuz. Beraz, hain misterio­tsua den herri baten iker­keta zailagoa gerta­tzen da, duela gutxira arte beste kultur iker­keta estetikoetan erabili diren kon­tzeptu eta metodoekin heldu nahi badiogu. Zin­tzotasunari zor, ezin gaitez­ke bat etorri, duela urte asko ez dela, “euskaldunok pen­tsamendu eta balio plastikoak sor­tzeko eta zabal­tzeko jenio hilez­korra goien-graduan dugula” pen­tsa­tzen zutenen baikortasun suharrarekin.[3]

Artea, sartaldeko zibilizazioan bost mendeetan oinarrituriko artea, bere zentzu zorrotz eta zeha­tzean har­tzen badugu, ezinbestekoa dugu gure gabeziaren aitormen zin­tzo eta apala, eta bat-bateko sentimendu honen susmoa, euskal herriaren benetako Literaturaren eta Artearen Historia ezin eraiki izanaren eta eraiki nahi ez izatearen oinarrian dago.

Orain­tsu arte, oso hedatua zegoen iri­tzia zen euskalduna ez zela poeta eta ez zegoela inolako euskal literaturarik, betiere, literatura kultu eta ida­tzia uler­tzen bai­tzen literaturaz. Literatur kon­tzeptu estu hau utzi eta gure erroman­tzeen eta ber­tsolarien etorria baloratu behar izan dugu konturatu ahal izateko badela euskal literatura bat, beste edozeinek haina balio duena.

Hemen ikusi nahi dugun arte plastikoekin an­tzeko zerbait gerta dakiguke. Euskal arteak eskulangin­tzan hartu du mila urteetako bizia eta errealitatea. Euskaldunaren sormen plastikoa egunoroko bizimoduari loturik dago. Mende askotan sormen ahalegin honek gogor egin dio, beste herrietan bezala, jarduera bi­txi bat, pribilegioz­koa, ia esoterikoa eta bizi­tzan fun­tsez­ko esperien­tziatik at legokeen zerbait bilaka­tzeari, Euskal Herrian hain sustraitua izan den familia eta gizarte bizi­tza horretatik bereiziriko ezaugarriak izateari.

Txueca Goitiak Errenazimentua Euskal Herrian gaiari buruz­ko bere iker­keta hastean, iradokizun hau ida­tzi zuen: Baskoniaren benetako estiloa sakona, oinarriz­koa eta jatorriz­koa da; paisaia baten, arraza baten eta gizarte baten barruan dago ida­tzirik; Floren­tzian bezala, ez da jeinu-buru ba­tzuen oinarri gainetan finka­tzen. Ez da Historia, Izaera baizik.

Gaur egun, teknologiaren garapen zorabiagarriak eraginiko kultur krisialdi batean murgilduta gaudelarik, badira historiaren filosofo eta artistak, arteak bizi­tzarekin uztartu behar direla diotenak. Eta hain zuzen ere, lanbidez ertilari diren askok egun ez digute lanez hitz egiten bizipenez baizik. Bizipenean bila­tzen da artea; egunoroko gauzen artean koka­tzen da. Bizipen estetikoak ordez­ka­tzen du objektu estetikoa. Espazioak ordez­ka­tzen du objektua. Hirigileak eraikitzailea. Artea ekologia bihur­tzen da. Eta Marchall McLuhan soziologo ezagunak umorez idatz dezake: “Artea da zerorrek egin dezakezun guztia”. Eta horrelako isekarik gabe beste askok esaten du: “Edozer izan daiteke artea” (R. Rauschenberg).

Alegia, Errenazimendu garaian hasitako abentura handia sartaldean ixtean, jenioekiko gur­tza amai­tzean, arte esanahiak garai batean bezala, berriro ere, bizi­tzarekin bat egiteko bere profilak ezabatu egiten dituela ziurta­tzean kontura­tzen gara egunorokoa sakonki bizi­tzearen bizipenarekin, euskaldunak ia ez duela bere estetikaren filosofia aldatu beharrik, euskaldunaren jarduerak ez duela bizi­tzara eta egunerokotasunera itzuli beharrik, ez bai­ta jarduera horretatik inoiz irten.

Tradizionalki euskaldunaren eragingarritasun plastikoa bizi­tzari loturik egon izan da... eta herio­tzari. Euskaldunak bere artea zertu zuen ateburuak, hilarriak, ku­txak, uztarriak, katiluak eta argizaiolak lan­tze horretan, haize-orra­tzak, aldabak, sarrailak eta bere guru­tzeak burdinez lan­tzean.

Nire hausnar­ketak honetaraino ekarriz kontura­tzen naiz Euskal Herrian artearen historia konta­tzeak agian izan dezakeela zen­tzurik, aldi berean, Euskal Artearen historia ezagu­tzen lagunduko dudala ppentsatuz.

Oharrak

[aldatu]
  1. “En torno a los origenes del feudalismo”. 1942, III, 61-65. or. Vascos y navarros en su primera historia lanean berrargitaraua (Madrilen 1974) 222. or.
  2. Gure mendeko pinturaren “euskal eskola” bati buruz hain eztabaidatua izandako gaia; ikusi K. M Barañano, J. Gonzalez de Durana eta J. Juaristik, Arte en el Pais Vasco (Madril 1987) 12. or. eta beste. Euskal artearen historiaren laburpen hau idatzi dutenek arrazoi izan dezakete euskal artearen ikusmolde goresgarri eta kritiko guzti horretan ezer asko ez dagoela historia zehatzetik esatean, baina bai “bertako azoketako aginduek babesturiko kazetari mitikoaren ikusmoldetik”.
  3. Horrela pentsatzen zuten La trama del arte vasco, Juan de la Encina-ren argitaldariek, (Bilbo 1920). Berrinp. Faksimile edizioa Arte Ederretako Museoak (Bilbo 1998).