Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Herriz herri/Kuartango

Wikibookstik
Kuartango
Administrazioa
Estatu burujabeEspainia
AutonomiaEuskal Autonomia Erkidegoa
ProbintziaAraba
Arabako eskualdeaAñanako kuadrilla
Alkatea Eduardo Fernández de Pinedo González
Izen ofiziala Kuartango
Posta kodea 01430
Herriburua Kuartango
Geografia
Koordenatuak 42° 53′ 10″ N, 2° 55′ 39″ W / 42.8862°N,2.9275°W / 42.8862; -2.9275Koordenatuak: 42° 53′ 10″ N, 2° 55′ 39″ W / 42.8862°N,2.9275°W / 42.8862; -2.9275
Map
Azalera 84.39 km²
Altuera 580 m
Mugakideak Erriberagoitia, Gaubea, Amurrio, Urkabustaiz, Zuia, Gasteiz, Iruña Oka eta Berberana
Demografia
Biztanleria 401 bizt. (2023)
Dentsitatea 4,75 bizt/km²
kuartango.eus

Kuartango Euskal Herriko udalerri bat da, Arabako mendebaldekoa. 401 biztanle ditu.

Ezagutu

[aldatu]

Kuartango Arabako mendebaldeko udalerri bat da; Añanako kuadrillako eta Arabako Ibarren eskualdeko udalerrien artetik, iparraldekoena. Gasteiztik 28 bat kilometro mendebaldera dago.

Baia ibaiak eta haren eskuineko zenbait adarrek eratutako haran batean dago udalerria; eskuineko ibaiadar horietatik handiena Vadillo da. Baiak iparretik hegora zeharkatzen du Kuartango, eta Baiaren mendebaldean dago udalerriko lur gehiena. Harana hiru mendilerrok mugatzen dute: Badaiakoak, ekialdean; Arkamukoak, hego-mendebaldean; eta Gibijokoak, iparraldean. Hegoaldean, berriz, Tetxa haitzarteak banatzen ditu lehen bi mendilerro horiek, eta haranera sartzeko bide nagusia da gizakiarentzat. Baiaren mendebaldean dauden Kuartangoko lurren erdialdean dago Marinda mendia (982 m), eta ia udalerri osotik ikusten da haren gaina;[1] hala ere, tontorrik garaiena Repico da (1.188 m), Kuartangoko mendebaldean kokatua, Arkamu mendilerroan.

Udalerriaren ipar-mendebaldeko muturrean dago Nerbioi ibaiaren ur jauzi ikusgarria.[1] Kuartangoko lurretatik Amurriokoetara jauzi egiten du, ezkerraldean Burgosko lurrak dituela.

Duen kokalekuagatik, Kuartangok trantsizioko klima, landaredia eta fauna ditu, eremu atlantikoaren eta eragin mediterraneo-kontinentaleko lautaden artean. Beraz, Kuartangoko klima klima atlantikoaren eta klima mediterraneoaren artekoa da.

Udalerri batean, hamar kontzeju eta hogei herri

[aldatu]

Hamar kontzejutan antolatutako hogei herrik osatzen dute Kuartangoko udalerria (biztanle kopuruak 2017ko erroldakoak dira):[2]

Kuartangoko hamar kontzejuak eta kontzeju bakoitzeko herriak
  • Andako kontzejua
    • Anda (36 biztanle)
    • Andagoia (25 biztanle)
    • Katadiano (2 biztanle)
  • Aprikanoko kontzejua
    • Aprikano (15 biztanle)
  • Etxabarriko kontzejua
    • Etxabarri (20 biztanle)
    • Tortura (1 biztanle)
  • Jokanoko kontzejua
    • Jokano (36 biztanle)
  • Lunako kontzejua
    • Artxua (8 biztanle)
    • Arriano (10 biztanle)
    • Gillarte (6 biztanle)
    • Luna (14 biztanle)
  • Marindako kontzejua
    • Iñurrieta (1 biztanle)
    • Marinda (1 biztanle)
    • Santa Eulalia/Ondokolanda (11 biztanle)
    • Urbina Basabe (2 biztanle)
    • Villamanca (8 biztanle)
  • Sendadianoko kontzejua
    • Sendadiano (23 biztanle)
  • Urbina Ezako kontzejua
    • Urbina Eza (16 biztanle)
  • Uribarriko kontzejua
    • Uribarri (11 biztanle)
  • Zuhatzuko kontzejua
    • Zuhatzu, udalerriko herriburua (156 biztanle).

Zer ikusi

[aldatu]
Eskolunbeko Andre Mariaren —Kuartangoko zaindariaren— irudia, XIV. mendekoa.[3]
Urbina Basabeko dorrea Erdi Arokoa da.
San Sebastian eliza, Artxuako parrokia eliza, XIII. eta XIV. mendeen artean eraikia.
  • Katadianoko lau trikuharrik osatzen duten multzoa.
  • Hirutasun Santuaren baseliza: Gillartetik gertu dago, haitzulo baten sarreran. Historiaurretik gurtzako toki izana da ura darion haitzulo hori, segur aski uraren eta emankortasunaren gurtzari lotuta. Baselizaren aipamenik zaharrena XVI. mendekoa da; zehazki, 1546koa.[4]
  • Andagosteko guduaren arkeologia aztarnategia: bertakoek mendean hartu zuten 1.200 - 1.800 bitarte erromatar soldaduk osaturiko armada bat, borroka gogor batean, K.a. 38. urtearen inguruan.
  • Urbina Basabeko dorrea, Urbina Basabe herrian kokatua: beste eraikin baten gainean eraiki zuten, XII. mendearen bukaeran, San Pedro izeneko eliza monasterioa. Tenpluari atxikitako defentsarako dorreak eta ondoan dauden garrantzi gutxiagoko beste eraikin batzuek osatzen dute multzoa. 1458. urtean hartu zuen gaur egungo itxura, eta XVI. mendearen hasieran egungo kanpai horma exentua eraiki zioten, Kuartangoko haranean dauden beste hainbaten antzekoa.[5] Gaur egun, Urbina Basabeko dorrean dago Andagosteko guduaren interpretazio zentroa.
  • San Pedro eliza: Zuhatzuko herriguneko lekurik garaienean eraiki zuten, XIII. mendean.[6][7] Eliza erromanikoa da. Bataiarri nabarmena du, Aprikanoko eta Marindako bataiarriekin batera multzo interesgarria osatzen duena.[7]
  • San Sebastian eliza: Artxuako parrokia eliza, XV. mendekoa, Kuartangoko estilo erromanikoan egina.[8][9]
  • Eskolunbeko Andre Mariaren santutegia, Katadianotik gertu kokatua. 1541. urtean bukatu zituzten santutegia eraikitzeko lanak. Bi sarbide dituen harrizko harresi batek inguratzen du. Iparraldeko sarbideak arku erdizirkularra du. Alboko eraikin bat du: ermitauaren bizilekua. Ermitaua arduratzen zen santutegia zaintzeaz eta herritarrek santutegirako emandako limosnak biltzeaz. Santutegia bera burualde zuzeneko habearte bakarrekoa da, ganga gotiko berantiarrekin.[3]
Korua 1544. urtekoa da. Erretaula nagusia, berriz, Arabako elementu plateresko garrantzitsuenetako bat da. 1565-1567 bitartean egin zuten Juan Aiala gasteiztar eskultoreak eta Jeronimo Nogueras urduñar eskultoreak. 1999. urtetik, kultura ondasun izendatuta dago, monumentu sailkapenarekin, eta geroztik berritu egin dute. Oraindik eusten dio XVI. mendeko polikromiaren zati handi bati, urre kolorea nagusi izanik. Andre Mariari eskainitako santutegia denez, irudi nagusiek haren bizitzako gertaerak islatzen dituzte: deikundea, ikustaldia, zeruratzea, lokartzea, Jesusen jaiotza eta agerkundea. Erdiko nitxoan, Andre Mariaren tailua dago, aingeruek koroatzen dutela. Apaingarri osagarriak ugariak eta preziosistak dira.[3]
Alboetako erretaulak geroagokoak dira, XVIII. mendearen azken laurdenekoak. Zuriz margotuta daude, haitzurdinaren itxura emateko. Ezkerreko erretaulak Eskolunbeko Andre Mariaren irudia dauka, Erdi Arokoa (XIV. mendekoa), alboan gurasoak dituela: San Joakim eta Santa Ana.[3]
Antzina, Eskolunbeko Andre Mariaren irudia erretaula nagusiaren erdigunean zegoen. Alboko erretaula horretara jaitsi zuten irudia jantziz eta bitxiz apaintzeko ohitura zegoen garaian, errazago jantzi eta edertu ahal izateko. Duela hamarkada batzuk arte, jantzita egoten zen; baina gaur egun jatorrizko tailua ikus daiteke.[3]
  • Kuartangoko bainuetxea, Zuhatzun. Kuartangoko udaletxearen eta Baia ibaiaren ondoan dago. XIX. mendearen bukaeran eraiki zuten, hor dagoen Iturri Beltzari darion ur sufretsua sendagarritzat erabiltzeko.[10] Bainuetxeari esker, tren geltokia ere jarri zuten Zuhatzun.[11] 6000 metro koadro[11] dituen etxe handi horretan dute egoitza, gaur egun, Kuartangoko sagardotegiak[12] eta Ekotarriko kontserba ekologikoen enpresak.[13] Gainera, eraikin horren beste alde batzuk (urteen joanean hondatu direnak) konpontzeko eta jarduera gehiago sartzeko lanean ari da Kuartangoko Udala.[14]

Zer egin?

[aldatu]

Ibilbideak

[aldatu]


Non jan

[aldatu]
Kuartangoko bainuetxeko sarrera nagusia, 2018. urtean. Eraikin berean, sarrera horren ezkerraldean dago Kuartangoko sagardotegia.


Lo egin

[aldatu]
  • Maribel baserria, Kuartangoko hegoaldean dagoen Aprikano herrian. XV. mendeko postetxea da, Baia ibaiaren ertzean kokatua. Birentzako 5 gela ditu, komunarekin, telebistarekin eta ile lehorgailuarekin. Gosariak, bazkariak eta afariak, bertako plater tipikoekin eta etxeko gozogintzarekin. Likoreak eta infusioak egiten dituzte, baserri horretako lorategi botanikoko landareekin. Minigolf eta cricket zelaiak ditu.
  • Lunaetxea, Kuartangoko mendebaldean dagoen Luna herrian. Etxe osoa alokatzen dute. Zortzi lagunentzako tokia, bost logelatan. Zazpi ohe eta hiru bainugela ditu.

Zer ikusi ondoren

[aldatu]

Ikus, gainera

[aldatu]

Kanpo estekak

[aldatu]

Erreferentziak

[aldatu]
  1. 1,0 1,1 Arabako Foru Aldundia. (2010). Araba herriz herri. Arabako Foru Aldundia, 82 or..
  2. «Herriak» Kuartango.eus . Noiz kontsultatua: 2020-03-02.
  3. 3,0 3,1 3,2 3,3 3,4 Eskolunbeko Andre Mariaren Santutegiko argibide panela, landatur.com.
  4. González de Langarica Ruiz de Gauna, Alberto. (1990). «Ermitas de Cuartango (I). Santuario de la Stma. Trinidad» Anuario de Eusko Folklorearen Urtekaria (Eusko Ikaskuntza): 103-147 . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  5. «Urbina Basabeko dorrea» Kuartangoko Udalaren webgunea . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  6. Telleria Sarriegi, Etor; Ajamil, Francisco Javier. (2011). «Iglesia de San Pedro (Zuazo de Kuartango)» Arkeoikuska: Investigación arqueológica (2011): 103–105 ISSN 0213-8921 . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  7. 7,0 7,1 «Zuhatzu Kuartango» Kuartangoko Udalaren webgunea . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  8. «Artxuako San Sebastian eliza» Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistema (Eusko Jaurlaritza) . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  9. «Agindua, 2012ko apirilaren 17koa, Kultura sailburuarena, Artxuako (Kuartango, Araba) San Sebastian Eliza, Kultura Ondasun gisa, Monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.», Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 94. zenbakia, 2012ko maiatzaren 15a.
  10. Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Kuartangoko urak, sendagarri» Alea.eus 2018-05-07 . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  11. 11,0 11,1 Salgado, Ion. (2016-10-21). «Zuhatzuko bainuetxea» GAUR8 2016-10-22 . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  12. Kuartangoko sagardotegiaren webgunea.
  13. Ekotarriko enpresaren webgunea.
  14. «Kuartangoko bainuetxea» Kuartangoko Udalaren webgunea . Noiz kontsultatua: 2020-04-01.