Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Adarraren deia isiltzeko arriskua
Adarraren deia isiltzeko arriskua | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Zaila |
Lekuak | Alonsotegi, Azordoiaga, Landetxea, Muñagane landa, Biderdi, Ganekogorta, Gongedako lepoa, Oro atsedenlekua |
Distantzia | 21 km. 4 ordu eta 45 mn. |
Ingurunea | Bizkaiko Jaurerriko batzarkideei adarra joz eta sua eginez dei egiten zitzaien Erdi Aroan, besteak beste, Ganekogortatik. |
Abiapuntua | Alonsotegiko tren geltokia |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Bizkaiko Jaurerriko batzarkideei adarra joz eta sua eginez dei egiten zitzaien Erdi Aroan, besteak beste, Ganekogortatik. Jarri asmo duten parke eolikoak kolokan jarriko du bertako lasaitasuna. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Ganekogortak, Gorbeia, Oiz, Sollube eta Kolitzarekin batera, deiadar mendien boskotea osatzen zuen Erdi Aroan. Gailur horietatik Bizkaiko Jaurerriko batzarkideei dei egiten zitzaien, sua eginez eta adarra joz. Garai haietako komunikazio bitxi hura ezagutarazteko hasi ziren 2004. urtean Deiadar-Mendien Eguna antolatzen. Horrela, udaberrian, mendizaleak nahiz ohitura zaharren maitaleak bost mendi horietara igotzen dira, adarra jotzera.
Egun, zoritxarrez, mendeetako bakea eta lasaitasuna kolokan daude, Ganekogorta mendigunean ezarri nahi duten parke eolikoa dela eta. 2011ko urriaren 27an Bilbo, Gueñes, Alonsotegi, Arrankudiaga eta Arrigorriagako udalek (Bizkaia), Okondokoarekin (Araba) batera, Eolicas de Euskadi enpresan egindako proiektua —12 haize errota, horrek dakarren guztiarekin— bertan behera uzteko eskatu zuten. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak berak ere alegazioak aurkeztu zituen, babestu beharreko alderdi naturalean parkeak ekarriko lukeen suntsipenarengatik. Ea etorkizuneko belaunaldiek bortxatu gabeko Ganekogorta ezagutzeko aukera duten.
Mendi lerden honi egingo diogu bisita oraingoan, eta horretarako Irauregiko (Alonsotegi, Bizkaia) tren geltokitik abiatuko gara. Bertako plazatxoan San Antolin eliza dugu. Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatu ostean, zuzen joko dugu, errepideraino. Igarotakoan, behera eta eskumara joango gara, Errota kalean barrena. Behin Azordoiaga auzoan, ezkerretik jarraituko dugu, aurrez aurreko aldats pikoa bueltan erabiliko baitugu. Zementuak eroso eramango gaitu gorantz, leun hasieran eta tarteka gogorrago, betiere ezkerrean mantenduz.
Biderditik Ganekogortara
[aldatu]Hasi eta ordubetera, gutxi gorabehera, landetxera heltzeaz bat, eskuinetik segituko dugu, apur bat jaitsiz. Bide nagusiarekin bat une oro, ordu erdian bizpahiru minutuz beheratuko gara, leun, lehenengoan ezkerrera sartuko garela, elurzuloak adierazten dituen bide seinalearekin bat. Hamabost bat minutu beharko dugu Pagasarritik, Pastorekortatik eta Ganekotik datozen bideekin elkartzeko.
Eskumari emango diogu (HM), harik eta Muñagane landan garen arte. Argindar dorrean, zuzen igoko gara, eskuineko pista leunagoa bada ere. Gora heltzeaz bat, hurrengo argindar dorreraino segituko dugu, Ganekogortarantz garamatzan bide nabariari muzin eginda. Hego-mendebalderantz igoko gara, eta hogei minutu betetzeke, Biderdin izango gara (872 m, buzoia). Ikuspegi ederra bertakoa, batez ere zain daukagun Ganekogorta hurkoa. Txiri-txiri ibiliko gara falta zaigun tartean, aldatsak eskatuko baitigu.
Ganekogorta —998 metro, informazio mahaia, erpina eta buzoia, erpinean bertan— mendiko gailurretik begiztatuko ditugu, besteak beste, Gorobel mendilerroa, Ordunteko gainak, Durangaldea, Gorbeialdea eta kostaldeko mendiak. Merezi dugun mokadua hartutakoan, goiko aldeari eutsiko diogu hamar bat minutuz. Antenaren osteko lepotxoan eskumara joko dugu (IM), mendibide nabarmenean behera, Gongedako leporaino. Eskuinetik jarraituko dugu orduantxe, beherantz (IE). Legar pistarekin elkartzean, ezkerrera egingo dugu (M), apur bat igoz. Ordu laurden baten bueltan, bide nagusia alboratuko dugu, eskuinera eta behera sartuz (I). Tartea bukatutakoan, eskumara joango gara (E), hurrengo elkargune bietan ezkerrera egingo dugula. Hemendik eta Oro atsedenlekuraino ez zaigu zalantzarik agertuko, kartelak baitaude. Hogei bat minutu gehiago nahikoa izango zaigu abiapuntura iristeko.