Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aitzorrotz, Nafarroako Erresumaren gaztelua
Aitzorrotz, Nafarroako Erresumaren gaztelua | |
---|---|
Herrialdea | Gipuzkoa |
Zailtasuna | Erraza |
Lekuak | Leintz Gatzaga, Dorletako santutegia, Olaun, Aitzorrotz |
Distantzia | 11 km. 3 ordu. |
Ingurunea | Leintz Gatzaga herriko sekretuak deskubritu, Gatz Museoa eta Dorletako santutegia bisitatu, eta Debagoieneko talaia paregabea den Aitzorrotzera igo gara, inguruaz gozatuz. |
Abiapuntua | Leintz Gatzaga |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Leintz Gatzaga herriko sekretuak deskubritu, Gatz Museoa eta Dorletako santutegia bisitatu, eta Debagoieneko talaia paregabe den Aitzorrotzera igo gara, inguruaz gozatuz. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Gipuzkoako hego-mendebaldeko muturrean, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan dago Leintz Gatzaga. Herri txiki horretan eman diogu hasiera gaurko ibilaldiari, eta hara, Maltzaga eta Gasteiz}lotzen dituen AP-1 autobidean Eskoriatzako irteera hartu eta herria inguratu ondoren, Leintz Gatzagara doan errepidea hartuz iritsi gara.
Leintz Gatzaga Erdi Aroko herria da, 1331n lortu baitzuen hiri gutuna Alfontso XI.a Gaztelako erregearen eskutik. 1374tik aurrera, eta 120 urte luzez, Oñatiko Gebara kondearen mende egon zen, 1496an Gipuzkoako Batzar Nagusietan eserlekua berreskuratu zuen arte.
Hirigunearen edertasunak garai bateko ospea eta bizimodua irudikatzen ditu. Erdi Aroko hirigunearen ezaugarriak ditu Leintz Gatzagak, eta herrian sartzeko zeuden zazpi ateetatik gaur egun bost ikus daitezke, harresiarekin batera. Hirigunean ilaratan antolatutako etxeen artean, San Millan eliza eta as de copas deritzon hamabi tutuko iturria daude. Bere izenak garbi erakusten duen bezala, Leintz Gatzaga jarduera ekonomiko jakin baten inguruan sortu zen: gatzaren industriaren inguruan, alegia. Mende askotan, bizitzaz gain, aberastasuna ere ekarri zion jarduera horrek, eta horrexek ekarri zuen hiribilduaren sorrera. Herritik gertu, Dorletako santutegia dago. Garai batean herriaren eta gatzaren produkzioaren babesteko erromatarrek eraikitako gaztelua, Donejakue bideko erromesen ostatu bihurtu zen ondoren.
PR-Gi 36ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraituz, lehen metroak aldapan behera bete ditugu, eta, eskailera batzuk jaitsi ondoren, puntu erdiko zubiaren gainetik Deba ibaia gainditu dugu Bengoerreka atsedengunera heldu aurretik. Lurrezko bideari jarraituz Santa Columba ermitaren ondora iritsi gara. Gertu dago gatzaren museoa.
Gatz museoa
[aldatu]Mende askotan, gatza izan da Leintz Gatzagako bizigarria. Urre zuria deitu izan zaio, herria sortzeaz gain izena ere eman baitzion. Gatz iturria herritik 250 metrora dago, garai batean herria eta gatz produkzioa zaintzeko erromatarrek eraiki zuten Dorletaren ondoan —egun santutegia da—. Leintz Gatzagak duen klima hotz eta hezeagatik, ezinezkoa egiten zitzaion gatza lortzeko beste zenbait lekutan erabiltzen zuten lurrinketa sistema erabiltzea, eta bakarrik suaren bidez ur gazia berotu, likidoa lurrindu eta gatza ateratzen zuten.
Gaur egun, herriak bere iragana gogoratu eta museo monografiko bat zabalik du. Museoak gatzaren ustiapenaren bilakaera erakusten du, eta mineral horrek izan duen garrantzia ulertzen laguntzen du, Burdin Aroan hasi eta 1972ra arte, itsasoko gatzaren lehiak ixtera bultzatu zuen arte. Museoak lau garaitan banatzen du gatzaren ustiapenaren historia: Burdin Aroa, XVI. mendeko dorlak, XVIII. mendeko putzupada gurpila eta XX. mendeko industria aroa. Hor, ibilbideak PR-Gi 37arekin bat egiten du Dorletaraino. Aldapa labur eta pikoak berehala utzi gaitu santutegiaren ondoan. Bertako Ama Birjina txirrindularien zaindaria da.
Aitzorrotz
[aldatu]Santutegia atzean utzi, eta ibilbidea bitan banatzen da: eskuin aldetik Deba ibaiaren sorburura joango ginateke (PR-Gi 37), eta ezker aldetik Aitzorrotzera. Azken horri heldu eta lehen maldak gainditu ostean, Olaun Beheko baserriaren azpi aldetik igaro gara. Gi-627 errepidearen azpitik pasa, eta porlanezko pistatik Olaun Erdiko eta Goikora heldu gara. Gaztainondo eta haritzen artean bete ditugu hurrengo metroak. Artabila baserria ezker aldera utzita, bide seinaleek erakusten diguten norabidean aurrera jo dugu. Bide zabala eta erosoak bidegurutze baten aurrean utzi gaitu eta bertan norabide desberdinak erakusten dituzten metalezko seinaleak.
Gertu dugu helmuga. Lurrezko pistatik berehala gara Leintz bailara menderatzen duen tontorraren oinean. Ondo zaindutako bidetik XVI. mendeko Santa Kurtz ermitara igo gara, eta aztarnategi baten arrastoak ikusi ditugu. Erdi Aroko materiala aurkitu dute bertan, eta Nafarroako Erresumaren gaztelua izan zenaren lekuan ermita dago orain, bertatik igarotzen baitzen defentsa lerroetako bat. 1200. urtean Gipuzkoa Gaztelara pasa zenean, gipuzkoarrek gaztelua Alfontso VII.ari eman zioten. Maiatzeko lehen igandean erromeria izaten da. Abiapuntura bide beretik itzuli gara.
-
Kartela
-
Nafarroako bandera ermitan.
-
Kutxa.
-
Gazteluaren azalpena
-
Uraskaren azalpena
-
Gazteluko Uraska
-
Urkulluko uharka, ipar-ekialdea
-
ikuspegia tontorretik, ekialdea
-
ikuspegia tontorretik,hegoaldea
-
Tontorreko ermita gaztelua
-
Gorbeialdea mendebaldean
-
ikuspegia tontorretik, ipar-mendebaldea
-
Anboto mendia Aitzorrotz menditik, ipar-mendebaldea
-
Mendebaldeko ikuspegia
-
Aitzorrotz, Nafarroako gaztelua