Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aitzulo, leize ikusgarria

Wikibookstik
Jump to navigation Jump to search
Aitzulo, leize ikusgarria
Ibilbide honen argazkiak igo
Aitzulo leize ikusgarria.jpg
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Star icon containing star icon.svgStar icon containing star icon.svg Erraza
Lekuak Orkatzategi, Ametzueta, Iruaitz
Distantzia 8 kilometro
Ingurunea Araozko lurretan, Orkatzategi mendiaren magalean dago Aitzulo, haizeak eta urak zizelkatutako leize ikusgarri bezain txundigarria. Naturaren opari aparta da. Oñati.
Abiapuntua Araotz
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Araozko lurretan, Orkatzategi mendiaren magalean dago Aitzulo, haizeak eta urak zizelkatutako leize ikusgarri bezain txundigarria. Naturaren opari aparta da. [1]

Ibilbidea[aldatu]

Araotzera heldu aurretik (Oñati, Gipuzkoa), Jaturabeko urtegiaren ondotik pasa eta nekazaritza giroko ingurune batean murgildu garela sumatzen da. Atzean Arrikrutzeko leizeak utzi, eta Sandailiko haitzuloa dagoen ingurutik pasa gara. Denbora apur bat izanez gero, merezi du Sandaili edo San Eliasko haitzuloa bisitatu eta elezaharrek eta antzinako sinesmenek zer dioten gogora ekartzea. Gertu dira eskalatzaile gazteak eta hasiberriak trebatzeko paretak. Berehala heldu gara Araotzera, aditu batzuen ustez, Lope Agirre esploratzaile eta konkistatzaile euskaldunaren jaioterrira, hain zuzen ere.

Automobila aparkatu, eta Elizalde auzoan dagoen elizaren ondoan eman diogu hasiera gaurko ibilaldi samur honi. Errepidetik gorantz egin, eta berehala heldu gara Aizkorbe baserriaren ondoan dagoen ondo zaindutako ikuztegira. Bide asfaltatuak lurrezko pista bati lekua utzi, eta berehala iritsi gara lehen bidegurutzera. Ezker aldetik Andarto aldera zuzentzen dena baztertu, eta eskuinekoari heldu diogu. Basoa zeharkatzen duen pista zabalean zehar erraz irabazi dugu altuera, eta ordu erdi pasatxo bete dugunerako, bertako biztanleek Txirikillaleku izenez ezagutzen duten ingurura iritsi gara. Gertu ikusi dugu Ugastegiko Santa Krutzeko ermita, eta desnibel txiki bat gaindu ostean, bertara igo gara. Baseliza hori 1835ean eraiki zuten, eta, garai batean, maiatzaren 3an ospatzen den Santa Krutz egunean, etxeak eta aziendak ekaitzetatik babesteko konjurua egin ohi zen. Talaia bikain horretan denbora tartetxo bat hartu dugu gure mendean hedatzen den paisaiaz gozatzeko, mendiaren magalean barreiatzen diren baserri eta zelaiei so.

Baseliza atzean utzi, lepora itzuli, eta Orkatzategi aldera jo dugu, bide nabarmenari jarraituz. Linatzako tumuluaren ondotik pasa, eta gas kanalizazioaren paraleloan marrazten den pistatik Urtapotoluetako trikuharri eroriaren ondora iritsi gara. Iruaitzeko gailurrera doan bidexka ezker aldera utzi dugu. Bide leuna pixkanaka gogortzen hasi da, eta gailurrera gerturatzen goazen heinean, abiadura moteldu behar izan dugu, azken aldapa motza baina bizia da eta. Arnasa estutu eta iritsi gara gailurrera. Merezi izan du ahaleginak, gaurko gure bigarren postala osatzeko hamaika osagarri aurkitu baitugu. Mendia hemen bukatzen dela dirudi, Urkulu aldera guztia amilduko balitz bezala, eta horren inguruan herriak, auzoak eta baserriak barreiaturik. Nolako gozamena! Motxilak lurrean laga, eta talaia paregabe honetatik gertuko zein urrutiko paraje eta mendiak identifikatzen igaro ditugu hurrengo minutuak.

Abiapuntura itzultzeko ordua iritsi da, eta motxilak bizkarreratu eta maldan behera jarri gara. Berehala iritsi gara Aitzgaineko —Araozta ere esaten zaio— urtegi txikiaren ondora. Izen bera duen tumulua ere bertan ikusi dugu. Hemendik aurrera uraren ibilbidearen (PR-GI 102) bide seinale zuri eta horiei jarraitu diegu Aitzulora heltzeko. Xenda estu batek kobazuloaren atariraino eraman gaitu, eta harri eta zur geratu gara haizeak eta urak zizelkatu dituzten forma bereziak ikustean. Geologiaren kapritxoa den hori euskal geografian aurki daitekeen leku magiko eta berezienetako bat da. Kareharrizko arrokan irekitako arku desberdinen segidaren amaieran, arku handi batek haranaren amildegirantz gonbidatzen zaitu. Isilean eman ditugu hurrengo minutuak.

Barruko bazterrak arakatu ostean, naturaren katedral horretatik atera, bidera itzuli, eta, markei jarraituz, borda baten ondotik igaro, pinudiaren ondotik jaitsi eta Zubia auzoraino heldu gara. Xenda eroso batek errepidean utzi eta Ugaran auzorantz jo dugu. Erreka bazterrean dagoen ikuztegiaren ondotik pasa, eta aldapa motz baina piko batek Araozko San Migel elizaren atarian utzi gaitu.

Erreferentziak[aldatu]

  1. Berriatik hartua