Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Aloñako gailurrak

Wikibookstik
Aloñako gailurrak
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erdikoa
Lekuak Urteagain, Belauko, Gorgomendi, Aloña, Botreaitz, Arkaitz, Iriti-aitz, Kurtzezar
Distantzia 11,8 km. 3 ordu eta 50 mn.
Ingurunea Aizkorriren senide txikia da Aloñako mendilerroko gailur multzoa, Oñatiko Urteagain auzoan hasi eta Biozkorniako leporaino hedatzen da. Bost tontorrek osatzen dute.
Abiapuntua Urteagain jatetxea (Oñati)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Aizkorriren senide txikia da Aloñako mendilerroko gailur multzoa, Oñatiko Urteagain auzoan hasi eta Biozkorniako leporaino hedatzen da. Bost tontorrek osatzen dute. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Aloña-Aizkorri-Aratz gailur multzoak Euskal Herrian dagoen paisaiarik ederrenetakoa marrazten du, bai Gipuzkoatik bai Arabatik begiratuta. Kareharrizko gailur malkartsuz osaturik dago, eta horien magaletan larrez betetako lautadak daude. Aloñako gailurrak ez dira 1.500 metrora iristen, eta Aizkorri auzokidearenak baino ezezagunagoak izan arren, mendilerro eder hori osatzen duten bost tontorrek beren ikuspegirik ederrena eskaintzen dute Oñati aldera amiltzen diren mila metroko hormetan. Aloña, Aloñamendi edo Gorgomendi da ezagunena, baina gertu aurkituko ditugu Arkaitz, Botreaitz, Kurtzezar eta Belaukoko tontor harkaiztsuak eta erakargarriak. Horiek guztiak lotzen dituen ibilbideak lagunduko digu ingurune hori aurkitzen eta handik ikus daitekeen inguruaz gozatzen.

Gorgomendi

[aldatu]

Oñatiko (Gipuzkoa) Urteagain jatetxearen aurreko aldean dagoen aparkalekuko ezkerraldetik ateratzen den porlanezko pista utzita, harrizkoari helduko diogu aldats gogorrari ekinez. Pinudian murgildu eta gero, bidegurutze batean eskuinaldera joko dugu, eta pista bateraino igoko gara. Txabolak gure ezkerrean lagata, basotik atera eta ekarritako bidea utziko dugu, eta ezkerretik ateratzen den xenda segituko. Aldapa pikoak lehen izerdi tantak sortuko dizkigu, eta aurrez aurre dugun Belauko tontor aldera zuzenduko gara urratsez urrats. Gailurraren inguruan hainbat borda eta aterpe pribatu daude. Metro batzuk gehiago igo beharko ditugu aurrerago ikusiko dugun antenaren ondora iristeko.

Amildegitik babesten gaituen harresia lagun, eskuinera Arantzazurantz doan pista zabala utzi —itzulera bertatik egingo dugu— eta aurrez aurre dugun Gorgomendi gailurrera iristeko dugun 300 metroko desnibelari aurre egingo diogu. Belarrezko tapiz gozoak ibilera leundu eta erraztu egiten du, eta, ohartu orduko, burdinazko gurutze erraldoiaren ondoan izango gara. Leon XIII.a aita santuak, mende berriaren sarrera ospatzeko mendien gailurretan gurutzeak jartzea gomendatu zuen, eta, horrela, Aloñako gurutze hori 1901eko urriaren 13an inauguratu zuten, hesi batez inguraturik. Gurutzearekin batera, antena txiki batek eta gutunontziak osatzen dute belarrezko tontorraren postala. Ibilbidearekin segi aurretik, merezi du talaia eder horretatik dagoen ikuspegiaz gozatzea, gertu eta urruti marrazten diren mendi ezagunen profila identifikatzen eta horien magaletan barreiatzen diren herri eta baserriak seinalatzen. Hortik aurrera, soroa desagertuko da, eta harkaitza nagusituko. Inguru horietako informazio zehatza eta aberatsa Aloñako lagunen blogean aurkituko dugu —gurutzearen historia, konponketak, ospakizunak, Aloña literaturan, mitologia, gizakiaren aztarnak eta abar—.

Arkaitz

[aldatu]

Amildegia ezkerraldean dugula, denbora gutxi beharko dugu Kurtzezarreko tontorrera igotzeko, eta, segidan, harkaitz artean marrazten den zidorretik lepo txiki batera jaits,i eta berriro metro batzuk igo; Botraitzeko gailurra zapalduko dugu orduan. Aloñako mendien artean altuena da, eta, izenak adierazten duen moduan, Putreen haitza litzateke; Araozko hormetan bizi diren putre askok inguru horietan aurkitzen omen dute janaria. Gailurra atzean utzi, eta Haitzarretako lepo aldera jaisten hasiko gara. Jaitsiera kontu handiz egin behar da bidea hautsia da eta. Lepora jaitsi orduko, Arkaitzeko tontorrera igotzen hasiko gara ipar-ekialdeko aurpegitik, han aurkituko dugu igoerarik samurrena. Berehala izango gara Aloña mendilerroko azken mendiaren gailurrean.

Aizkorriko mendiak beste baterako utzita, abiapuntura itzultzeko Haitzarretako lepora jaitsiko gara berriro. Duruko zelaiak eta bordak dauden ingurura jaisten hasi, eta erraz iritsiko gara Belauko aldera doan pista zabalera. Bide erosotik joz, Gomiztegiko artzain eskolara jaisten den pista ezkerrera utzi, eta Iriti-Aitz borden ondora ailegatuko gara. Bide leunak Gorgomendira igotzeko azken aldaparen ondora eramango gaitu, eta Belaukora igotzeko erabili dugun bidearekin bat egingo dugu. Azken zatia, berriz, gorakoan erabilitako bidean barna beteko dugu.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua