Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Alonsotegiko kortak eta meategiak
Alonsotegiko kortak eta meategiak | |
---|---|
Herrialdea | Bizkaia |
Zailtasuna | Erdikoa |
Lekuak | Alonsotegi, Azordoiaga, Ordaola, Pilipaondoko lepoa, Zamaia, Zamaiako meategia, Oro parkea |
Distantzia | 15 km. 4 ordu. |
Ingurunea | Artzaintzaren kulturari lotuta, korta biribilak egokitu ziren behiala Alonsotegiko parajean, Bizkaian. Meatzaritzaren arrasto nabarmenak ere ikusi ahal dira ibilbide honetan zehar. |
Abiapuntua | Alonsotegi |
Informazioaren iturria | Lehenengo informazio iturria |
Artzaintzaren kulturari lotuta, korta biribilak egokitu ziren behiala Alonsotegiko parajean, Bizkaian. Meatzaritzaren arrasto nabarmenak ere ikusi ahal dira ibilbide honetan zehar. [1]
Ibilbidea
[aldatu]Kortak edo saroiak ugariak izan ziren Euskal Herriko basoetan. Adituek esaten dute aspaldiko egiturok herri basoetan egokitzen zirela biribiltasun osoz. Betiere ganaduari bazka bermatze aldera, saroietako zuhaitzak ebaki, eta larre zabal batez janzten zuten ingurua. Itxurari dagokionez, zabalera handiko zirkulu mugatuak izaten ziren. Biribil batzuek austerritza edo mugarria erakutsi ohi zuten eremuaren erdian; zirkunferentzia handia mugatzeko, haatik, hainbat baztermugarri altxatu ohi zituzten. Alabaina, kortok eraldatu egin ziren XV. mendetik aurrera, eta nekazaritza eta abeltzaintza uztartzeko plaza ezin hobeak izan ziren.
Saroi batzuk ikusteko aukera izango dugu ibilbide honetan zehar, baita zirkulu horietako batzuk zeharkatzeko ere. Gaur egun, pinuek hartu dute larrearen lekua, eta, hori dela eta, aireko argazkiak beharrezkoak bide dira biribil geometrikoaz hobeki jabetzeko.
Azordoiagatik gora
[aldatu]Alonsotegiko osasun zentroaren inguruan hasiko dugu Ganekogortako magaletara eramango gaituen ibilbidea (Alonsotegi, Bizkaia). Trafiko seinaleari jarraituta, Azordoiaga auzorantz egingo ditugu lehen urratsak, asfaltotik. Eskola parean, ezkerrera jo, eta auzoa zeharkatuko dugu alderik alde, ibaiaren paraleloan. Pagasarrira doan bidean aurrera egingo dugu, beraz, PR-BI 100 kodea duen zidorrari men eginda.
Aldapa batzuk igaro eta gero, Artibaiko auzora doan bidea bazter egin, eta Ordaola nekazari etxerantz abiatuko gara. Pinudiak hartuko gaitu laster. Gora egin ahala, XIX. mendean meatzari nekaezinek modelatutako paisaia bat ikusteko abagunea baliatuko dugu; izan ere, Alonsotegiko zoko-mokoak zulatzen langile franko ibili ziren su eta gar, mineral desiratua azaleratzeko.
Ordaolaren eskuinaldetik igaro, eta, erreka ondora doan bidea bazter eginda, aurrerapausoak egingo ditugu, hartxintxarrezko bidetik. Ganeta tontor parean, errekasto baten gainetik igaro, eta pinudian barrena gidatuko gaitu basabide zabalak. Gero, behera doan bideari muzin eginda, sestra kurbari eutsiko diogu. Hari elektrikoaren habearen ondoko bidebanatzean, Pagasarri eta elur zuloak bisitatzeko aukera emango digu zidor balizatuak. Bisita ederra izanagatik ere, beste une baterako lagako dugu. Haren ordez, eskuinetik jarraituko dugu, Zamaiako gandorrean ikusiko dugun ebakidura susmagarrirantz.
Kortak eta meategiak
[aldatu]Koskorra izeneko tontorrera doan bidea alde batera utziko dugu laster, eta bide nagusitik jarraituko. Pinudia atzean utzi dugularik, inguruko kortak edo saroiak ikusteko parada ezin hobea izango dugu. Behialako egitura berezi horien inguruko informazioa eskainiko digu propio jarritako argibide taula batek. Zehar-zehar eramango gaitu bideak segidan, eta Artibako auzora jaisteko bidea ikusiko dugu Pilipaondo lepoan. Aukera interesgarri hura baztertuta, ezkerretik jarraituko dugu guk, Zamaiako meategiko ebakidura aldera. Goratasuna galtzen hasiko gara bizkor. Basabidetik irten gabe, Zamaiako ekialdeko magal karstikoa korritzen hasiko gara. Pinudian sartzeko zorian gaudela, baina, Zamaiako arraildura handia ikustera igo gaitezke ezkerretik doan basabidetik. Bestela, goratasuna galtzen segitu, eta, Somo auzora doazen bideei muzin eginda, aldatsean behera jarraituko dugu. Gaztainondoak eta haritz amerikarrak hazten diren lekuan, eskuinera egin, eta Oro iturriraino lagunduko digun basabideari eutsiko diogu tinko. Platanoek ederturiko paisaian barrena aurrera egin ostean, Azordoiaga auzora helduko gara.