Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Ameikutzetik Arnora

Wikibookstik
Ameikutzetik Arnora
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Gipuzkoa
Zailtasuna Erraza
Lekuak Mendaro, Sahatzu Goikoa, Arnoate, Ameikutz, Arno, Ormola
Distantzia 10 km. 3 ordu eta 15 mn.
Ingurunea Kareharrizko mendi puska honen magalak Kantauri aldeko artez osatutako baso trinkoek betetzen dituzte.
Abiapuntua Sahatzu Goikoa (Mendaro)
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

Kareharrizko mendi puska honen magalak Kantauri aldeko artez osatutako baso trinkoek betetzen dituzte. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Arno mendigunea Gipuzkoako ipar-ekialdean dago, Mendaro eta Mutriku herrien artean. Mendigunea Bizkaiko lurretan sartu arren, tontorrak Gipuzkoako lurretan altxatzen dira. Kantauri aldeko artez osatutako baso trinkoek betetzen dituzte kareharrizko mendi puska horren magalak, eta Iberiar penintsulako mota horretako zuhaitzez osatutako baso masa handienetako bat da.

Mendarotik autoz igoko garaSahatzu Behekoa eta Sahatzu Goikoa baserrien ondora, eta azken honen ondoan utziko dugu autoa. Baserria atzean lagata, PR-Gi 43ari dagozkion bide seinale zuri eta horiek erakutsiko digute hartu beharreko bidea. Ezkerraldetik jaisten den belarrezko pista zabaletik pixkanaka altuera galduz joango gara, pinudian murgilduz. Ataka pare bat gainditu ostean, beheko aldean Idiazabal baserria ikusiko dugu. Porlanezko pistara atera, eta Potzueta baserri aldera igotzen hasiko gara, eta, aurrera segituz, erraz helduko gara Arnoate baserriaren ondora. Baserri eder horren ondoan, karobi bat eta latsarri bat ikusteko aukera izango dugu. Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko muga egiten duen toki horretan, zenbait bide elkartzen dira: GR 121 ?Gipuzkoako itzulia?, Donejakue bidea eta PR-Gi 43koak.

Gure ibilbidearekin jarraitzeko, baserriari bizkarra eman, eta seinale zuri-gorri-horiek erakutsiko digute aukeratu beharreko bide zuzena. Lurrezko pistatik altuera irabaziz jarraituko dugu, eta kilometro bat pasatxo beharko dugu Ameikutzeko lepora igotzeko. Hainbat bide seinale erakusten dituen egurrezko hesolaren ondoan, Ameikutzeko estela harrigarria ikusiko dugu. Kareharrian landuak dituen gurutze bikoitzak eta erdian duen astro itxurako biribil batek esanahi misteriotsua ematen dio. Arno aldera doan pista zabaletik aurrera egingo dugu, eta, bidegurutze batera ailegatzean, harri batean marka zuri-gorriak eta Arno idatzita dagoen bidetik aurrera jarraituko dugu, artadian marrazten den xendan barrena. GR 121 eta Mutrikuko itzuliaren PR-Gi 22aren markek lagunduko digute Zazpileizeta leporaino iristen. Han, bide balizatua utzi, eta ezkerraldetik ateratzen den xendatik erraz iritsiko gara Arnoko gurutzearen ondora, euskal kostaldearen talaia paregabera. Gurutzea, buzoia, ikurrina eta independentzia jartzen duen estela gorria dira tontorraren osagaiak.

Etorritako bidetik metro batzuk atzera egin, eta, berehala, gure ezkerretik jaisten den xenda nabarmenetik Elgoibarko Morkaiko mendi taldearen aterpera iritsiko gara. Galbaixogainetik datorren bidetik jaisten hasiko gara, eta, berrehunen bat metro jaitsi orduko, eskuinetik artadian sartzen den xenda zaharra bilatuko dugu. Bide zahar horrek Arnoren magala zeharkatzen du, eta harri eta zuhaitzen enborretan margotutako marra gorriz balizaturik dago. Artaditik ateratzean, porlanezko pista zabal batekin egingo dugu topo, eta, pista horri jarraituz, Ormolako putzuaren ondora igoko gara.

Abiapuntura heltzeko, PR-Gi 43aren bide seinale zuri eta horiek erakutsiko diguten norabidean segituko dugu. Kanpanzar mendiaren magaletik, borda baten ondotik pasatuko gara, leize-zulo sakon bat eskuinera utziko dugu, eta, pinudian sartu orduko, bidea zabalduko zaigu. Sigi-sagan, azkeneko maldatxoa gainditu, eta berehala iritsiko gara Sahatzu Goikoa baserriaren ondora. Hantxe amaituko dugu ibilbidea.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua