Edukira joan

Euskal Herriko bidaia-gida/Ibilbideak/Andaberdeko naturgunea

Wikibookstik
Andaberdeko naturgunea
Ibilbide honen argazkiak igo
Herrialdea Araba
Zailtasuna Erraza
Lekuak Bastida, San Andres de Muga komentua, Andaberde, Solaguen
Distantzia 11,5 km. 2 ordu eta 30 mn.
Ingurunea San Andres komentuaren aztarnategi arkeologikoa bisitatu, eta Ebroko basoa eta Andaberdeko bazterra ezagutzera abiatuko gara.
Abiapuntua Bastida
Informazioaren iturria Lehenengo informazio iturria

San Andres komentuaren aztarnategi arkeologikoa bisitatu ondoren, Ebroko basoa eta Andaberdeko bazterra ezagutzera abiatuko gara, Bastida abiapuntu eta helmuga dugula. [1]

Ibilbidea

[aldatu]

Arabako Errioxan Bastida dago eta bertan emango diogu hasiera ibilbideari. Jatorrena jatetxearen aurreko aparkaleku zabalean utziko dugu autoa. Oinez jada, Diputazioa etorbideari eutsi, eta Guardiarantz hiruzpalau minutu egingo ditugu. Bastidatik irten aurretik, ordea, Zaldivar upelategiak dioen seinale ondora iritsitakoan, eskuinetik abiarazten den Manuel Quintano kalean aurrera egingo dugu. Vircio bidean gaude. Vista Alegre eraikuntza eremuaren albotik igaroko gara laster. Ondoren, betiere Calzada hiribideari men eginez, Bastidatik datorren pistarekin topatuko gara. Noranzkoa aldatu gabe, baita Soto Bidearekin bat egiteko xedez ere, hegoaldera egingo dugu. Gertuko bidebanatzean, eskuinera hartu eta, parketxo baten ertzetik igarota, San Andres de Muga aztarnategi arkeologikora iritsiko gara. Azken hilabeteotako lanen ondorioz azaleratutako hondakinak XV. mendean monje frantziskotarren esku jarritako komentuarenak dira. Inguruko tenplurik hoberenetarikoa izan omen zen hura, harik eta karlistaldietako liskarrek eraikinaren hondamendia ekarri zuten arte.

Andaberdeko zabalgunea

[aldatu]

Errepide estuari jarraituta, goratasuna galtzen hasi, eta Bastidako ibar basora iritsiko gara. Ebro ibaiaren ondoko makaldira iritsi baino lehen, hiru bide ikusiko ditugu: Ajoste errekastoa gurutzatuta, Larra bidea dago eta eskuinetik aldats gora abiarazten da; Bastidako ibar basora eta aspaldiko zentral elektrikora doanak ezkerretik jarraitzen du, aukera interesgarria dela Ebro gogoko duten hegaztiak bistaratzeko; azkenik, aurrez aurre, Andaberdeko bazterra helburu duen bidea ikusiko dugu. Azken horri jarraituko diogu, GR 99 Ebro Bideko tinda zuri-gorriak gogaide.

Ibaia ezkerrean daramagula, ikusmenari opari otzana emateaz batera, paseo goxoan jarraituko dugu. GR 99 zidorrak eskuinera egiten duen bidebanatzera iritsiko gara segituan. Bertan ibilbide luzeko trazadurari jarraitzea posiblea bada ere, Andaberdeko parajera hurbiltzeko asmoz ibai ondoko zidorrari tinko helduko diogu. Abandonatuta dauden legar hobietara iritsiko gara berehalakoan. Zabalgune handirantz soa luzatuz, behialako paisaia imajinatzea erraza zaigu; izan ere, Ebro ibaiak egiten duen meandro legartsuan gaude eta bazterrotan metatutako errekarriak beste eginkizun batzuen mesedetan jarri zituzten aspaldi. Ondorioak bistan dira: paisaia desordenatua eta, zuloak eta bihurguneak aprobetxatuz, zaborra eta hamaika hondakin.

Andaberdeko eremu harritsuak, haatik, natur ondare oparoa maskaratzen du Eusko Jaurlaritzaren ekimenez 2002an abiarazitako ikerketa baten arabera. Negu partean, batez ere euri-jasa handien ondorioz Ebro ibaiak gainezka egiten duelarik, urmaelei tartea ematen zaie zabalgune horretan. Uretako landare eta faunarentzat paradisu bilakatzen da orduan; ibiltari gutxi hartzen ditueneko naturgune bitxia dela, beste hitzetan. Mauremys leprosa apoarmatu korrontezalea edo ur gezetako dortoka ohiko bisitaria dugu Andaberdekoan. Haren presentziak pozik egoteko arrazoiak ematen baditu ere, kezkatzeko gogoeta ere dakarkigu: apoarmatu inbaditzaileen ugalketa biziak bertako populazioari (europarra eta korrontezalea) atzera bueltarik gabeko ordezkatzea dakarkio apurka-apurka (Eusko Jaurlaritza, 2009).

Ajosteko sakana

[aldatu]

Andaberdetik irteteko bi aukera ditugu: lehena, GR 99 zidorra dagoen tokiraino itzuli eta, Ebro bidea lagun, Solaguen deritzan parajera atera; bigarrena, ibaiaren eta mahastien arteko pasilloan aurrera egin, zabalgunea burutik buru zeharkatu eta, hegoaldea inguratzen duen pistara iritsita, Solaguengo bideari ekin. Nolanahi ere, Mendigurinako muinoak sorrarazten duen estuguneraino bideratuko gaitu bideak. Harrizko borda baten ondotik igaro eta metro gutxira, eskuinera hartu eta asfaltozko bideari ekinez, Larrara bideari ekingo diogu. Ezkerrera egingo dugu lepoan eta, Solaguen bidea gogaide, Bastidarantz jarraituko dugu goratasunik galdu gabe. 1965 inskripzioa duen etxola atzean utzi eta ondoko bidebanatzean, ezkerrera jo eta, Solaguen bideari eutsiz, Ajosteko sakanerantz zuzenduko ditugu pausuak. Errekasto gainetik igaro eta igoera xumea egin ostean, Harora doan errepidera irtengo gara. Espaloitik jarraituta, zirkuitu honi amaiera jartzeko Bastida herri xarmantera iritsiko gara.

Erreferentziak

[aldatu]
  1. Berriatik hartua